33. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUÑIGA

Ordenantza, Hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko
eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Zuñigako Udalak, 2017ko abenduaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen udal ordenantzan (2018ko 44. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 2an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zuñigan, 2019ko urtarrilaren 16an.–Alkate udalburua, Pedro María Oteiza Díaz.

ORDENANTZA, HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

Erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4.ean eta 29.ean, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12.ean eta 100.ean ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Zuñigako Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dituzketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu, eta bere eginkizun hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Zuñigako Udalaren hilerrian ehortziak izateko eskubidea izanen dute baldintza hauetariko bat betetzen dutenek:

a) Heriotza gertatzen denetik gutxienez ere 9 hilabete lehenago Zuñigako Udalean erroldaturiko bizilagunek.

b) Zuñigako seme-alabek. Ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zuñigako seme-alabak dira Zuñigako Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zuñigan izan zutela frogatzen dutenak.

c) Aurreko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta lehen graduko ahaideek.

d) Aitzineko kasuetan egon gabe ere, Zuñigako Udalaren hilerrian ehortziak izan nahi duten guztiek.

Hilerriaren erabilera

5. artikulua. Hilerria Udalak erabakitzen dituen orduetan egonen da zabalik, urte sasoi bakoitzaren ezaugarrien arabera.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura eginen ditu. Alkatetzari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

7. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

8. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan atera daitezke:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, erabat hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan. Ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi ateratzen eta lekualdatzen ahal da, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik batere aterako, epaile batek manatu ezean.

9. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxaren ordez berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

10. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko, bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar den liburuetan.

11. artikulua. Hilotza ateratzeko baimena idatziz eskatu beharko diote interesdunek Udalari, zeinak horretarako eguna eta ordua finkatuko baititu.

12. artikulua. Hilerriko lurra ehorzketak egiteko baizik ez da erabiliko.

13. artikulua. Hilobien tokia eta lur erauzketa gastuak Zuñigako Udalaren bizkar izanen dira. Hobiak ireki eta ixtea subjektu pasiboaren bizkar izanen da.

14. artikulua. Ehorzteko erretzen diren hilotzen errautsek zeramikazko kutxatila edo ontzietan egon beharko dute.

15. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direnean.

d) Kolunbarioei dagokienez, 30 urteko emakida bukatzeagatik.

Apaindura eta garbitasuna

16. artikulua. (Osoko Bilkuraren 2015eko abuztuaren 7ko erabakiak indargabetua).

17. artikulua. Lauki edo hobiak lurrez edo belarrez estalirik egonen dira; debeku da lauzak paratzea eta orobat edozein motatako fabrika-obra.

18. artikulua. Udalak, horretarako, komenigarri iruditzen zaizkion ikuskapenak egiten ahalko ditu; laukia baldintza desegokietan egonez gero, haren erabiltzaileei jakinaraziko die, 10 egun naturaleko epean tokia txukun dezaten.

19. artikulua. Betetzen ez bada, Udalak titularra zehatuko du, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. tituluari jarraituz, eta zein den kasua, behar diren garbiketa-lanak egiten ahalko ditu titularraren ordez eta haren kontura, Ordezko betearazpenen tasak eta betearazteko aginduenak arautzen dituen udal ordenantzari jarraituz (2008ko 152. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa). (Osoko Bilkurak 2015eko abuztuaren 7an erabakitako testu berria).

20. artikulua. Debekatua dago edozein landare mota jartzea. (Osoko Bilkurak 2015eko abuztuaren 7an erabakitako testu berria).

21. artikulua. Kolunbarioen estetika gordetzearren, ateetan jartzen diren plakek berdin-berdinak izan behar dute, bai tamainan, bai plakaren eta letraren kolorean.

Tasak hilerrian zerbitzu egiteagatik

22. artikulua. Zerga-egitatea honako zerbitzu hauek egitea da:

a) Ehorzketak.

b) Hobitik ateratzea.

c) Hilerriko beste lan batzuk.

23. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak izan.

24. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

25. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude. Tasak kobratzean, bi ehorzketa edo gehiago balira bezala kontatuko dira.

26. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta beste batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

27. artikulua. Erabilera pribatiboaren aitzin ordaindu beharko dira tasak, salbu eta ezintasun arrazoitua baldin bada, orduan dagokion tarifaren ordainarazpena eginen baita.

28. artikulua. Tasa horiek Zuñigako Udalak eguneratzen ahalko ditu osoko bilkuran bilduta; bestela, urtero igotzen direla ulertuko da, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera.

29. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan, alor honetan indarra duen legeriari eta bereziki hilotzen gaineko osasun arauen gainekoari jarraituko zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–Egun ehortzirik daudenak errespetatuko dira, harik eta Udalak ordenantzaren 4. artikulua betetzeko beharra ikusten duen arte. Artikulu hori bete behar den aldiro, lehentasuna emanen zaio laukiak edo hobiak libratzeari, arau honen arabera:

a) Lurperaturik 10 urte baino gehiago dutenak, beren familiek udal katastroan jabetzarik ez badute. Horien artean, lehentasuna izanen dute ehortzirik denbora gehien dutenek.

b) Udal katastroaren arabera jabetzak izanik, laukia edo hobia erabili gabe denbora gehien dutenak, izanik azken ehortziak egoera horretan dauden guztien arteko antzinatasunik handiena.

Ordenantza honen aitzinetik egindako adjudikazioetako egoerak erregulatzeko interesa duten guztiek adjudikazioa eskatu beharko dute, udal honek erregistro bat sor dezan emandako esleipenekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten udal arau eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. ERANSKINA

Tasak

1.–Ehorzketak:

a) Heriotza gertatzen denetik gutxienez ere 9 hilabete lehenago Zuñigako Udalean erroldaturiko bizilagunek: 1.000 euro eta zerbitzu egiten duen enpresak finkatzen duen kostua.

b) Zuñigako seme-alabek (ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zuñigako seme-alabak dira Zuñigako Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zuñigan izan zutela frogatzen dutenak): 1.000 euro eta zerbitzu egiten duen enpresak finkatutako kostua.

c) Aitzineko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta lehen graduko ahaideek: 1.000 euro eta zerbitzu egiten duen enpresak finkatutako kostua.

d) Aitzineko kasuetan egon gabe ere, Zuñigako hilerrian ehortziak izan nahi duten guztiek: 1.000 euro eta zerbitzu egiten duen enpresak finkatutako kostua.

2.–Hobitik ateratzea:

Hilerriko hilobi guztietarako: 1.000 euro.

3.–Kolunbarioak, gorpuzki erraustuen ontziak gordetzeko:

a) Heriotza gertatzen denetik gutxienez ere 9 hilabete lehenago Zuñigako Udalean erroldaturiko bizilagunek: 100 euro.

b) Zuñigako seme-alabek (ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zuñigako seme-alabak dira Zuñigako Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zuñigan izan zutela frogatzen dutenak): 300 euro.

c) Aitzineko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta lehen graduko ahaideek: 300 euro.

d) Aitzineko kasuetan egon gabe ere, Zuñigako hilerrian ehortziak izan nahi duten guztiek: 500 euro.

II. ERANSKINA

Heriotza estaltzen duen asegururik ez dutenendako dirulaguntzak:

a) Heriotza gertatzen denetik gutxienez ere 9 hilabete lehenago Zuñigako Udalean erroldaturiko bizilagunek: tasaren %100, zerbitzu egiten duen enpresak finkatzen duen kostua kenduta.

b) Zuñigako seme-alabek (ordenantza honen aplikazioari dagokionez, Zuñigako seme-alabak dira Zuñigako Erregistro Zibilean jaiotzaren inskripzioa egina dutela frogatzen dutenak edo beren lehen bizilekua eta erroldatzea Zuñigan izan zutela frogatzen dutenak): tasaren %50, zerbitzu egiten duen enpresak finkatzen duen kostua kenduta.

c) Aitzineko baldintzetariko bat betetzen dutenen ezkontide eta lehen graduko ahaideek: tasaren %50, zerbitzu egiten duen enpresak finkatzen duen kostua kenduta.

d) Dirulaguntza horiek jaso ahal izateko, Zuñigako Udalean aurkeztu beharko da, heriotzaren ondoko hiru hilabeteko epean, heriotza aseguruen kontratuen ziurtagiri originala, Justizia Ministerioak emana.

Iragarkiaren kodea: L1900693