2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Laburpena, Tuterako ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko, merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzen 2019ko deialdiarena
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). DDBN (identifikazioa): 434958.
a) Tuterako Udalak hiriaren ekonomia eta enpresen jarduera sustatzea da ordenantza honen xedea. Horretarako, Tuteran enplegua eta ekintzailetza sustatu eta eta enpresen lehiakortasuna hobetu nahi dira, baita merkataritzako lokalak berritu, eraberritu eta irekitzea ere, laguntza hauen bidez:
–Enpresa jarduera berriak sortzeko laguntzak (1. lerroa).
–Enplegua sustatzeko laguntzak (2. lerroa).
–Tuterako hirian merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzak (3. lerroa).
–Jada dauden enpresen eta saltokien lehiakortasuna hobetzeko laguntzak (4. lerroa).
b) Onuradunek bete beharreko baldintzak:
1. Onuradun izateko betebehar eta baldintza orokorrak (lau lerroetan aplikatzekoak):
a) Lantokia Tuterako udal-mugartean izan beharko dute pertsona fisikoek edo juridikoek.
b) Bai dirulaguntza eskatzeko unean, bai dirulaguntzaren gainerako likidazioa egiteko unean, halakorik bada, Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta Tuterako Udalarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte. Betebehar hori betetzen ez bada, dirulaguntza erabat ukatuko da.
c) Dagozkion udal lizentziak izatea edo horiek lortzeko prozedura hastea eskatu izana.
d) Ordenantza honetan araututako laguntza programa eta lerro bakoitzerako ezarri diren baldintza espezifikoak betetzea.
e) Lerro bakoitzean ezarritako epean, diruz lagundutako enpresa-proiektu edo kontratuak mantentzea.
f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarreren berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, diru publikoa zertan erabili den frogatu baino lehen.
2. 1. lerroaren betebehar eta baldintza espezifikoak (ekintzailetza): enpresa onuradunak ekimen berriak izanen dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Enpresako titularrek (bazkide guztiek, baldin eta erakunde eskatzailea sozietatea bada) ezin dute diruz lagunduko den jarduera ekonomikoan beren kontura aritu izan, berdin bakarka zein sozietate bateko kide izanik, diruz lagunduko den jarduera martxan jarri aurreko azken 3 urteetan, eta Tuterako udal-mugartearen barruan.
b) Enpresak juridikoki sortu berriak izanen dira, ez da onartuko aldez aurretik existitzen den jarduera baten handitzea, ez eta lehendik existitzen diren enpresen antzeko jarduera gauzatzen duten delegazioak irekitzea, ezta enpresa juridikoki aldatzea ere.
c) Tuterako Udalaren ekonomia-jardueren gaineko zergan alta hartzea, aurreko urteko urriaren 1etik abian den urteko irailaren 30era bitartean.
d) Behar diren obra lizentziak, kasuan kasuko jarduera egiteko beharrezkoak direnak (jarduera sailkatuena edo irekitzekoa) eta ekonomia-jardueren gaineko zerga eskatu eta ordaindu izana.
e) Proiektuaren bideragarritasun txostena izatea, bai teknikoa bai ekonomiko-finantzarioa.
f) Proiektuari 12 hilabetez eustea, EJZko hasierako altatik aurrera; bestela, litekeena da dirulaguntza aldatu edo itzuli behar izatea. (Enpresa jarduera 12 hilabete baino gutxiagoko epean itxiz gero, enpresa onuradunak itxiera horren berri eman beharko dio Udalari, eta bildutako dirulaguntza itzuli, jarduera gelditzen den egunetik 12 hilabete bete arteko denboraren araberako heinean, jardueran gutxienez ere 9 hilabetez ari izan bada).
g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak eta fakturak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jardueren xede izaten ahal diren bitartean.
3. 2. lerroaren betebehar eta baldintza espezifikoak (enplegua sustatzea):
a) Langabezian dauden pertsonak kontratatuko dira, baldin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribatuak egon badira, gutxienez, hilabete batez, etenaldirik gabe, eta kontratua egin aurre-aurretik.
b) 30 urte baino gutxiago edo 45 urte baino gehiago izateko baldintza diruz lagundutako lan-harremana hasten den egunean bete beharko da.
c) Dirulaguntza kontratu mugagabeetarako eskatzen bada, langile berriak kontratatzean modu garbian handitu behar da onuradunaren plantilla finkoa eta guztizko plantilla, kontratazioa egin aurreko sei hilabeteetan enpresan izan den batez besteko plantilla oinarri hartuta. Dirulaguntza aldi baterako kontratazioak egiteko eskatzen bada, guztizko plantilla handitu beharko da, arestian adierazitako epea oinarri hartuta.
d) Enpresak langileak mantendu beharko ditu, lan kontratu bakoitzean ezarritako epeak iraun bitartean. (Kontratatu den pertsonak enpresan baja egiten badu, baldintza berak betetzen dituen beste pertsona batek ordezkatu beharko du, baldintza beretan ordezkatu ere. Horretarako, hilabeteko epea izanen da bajaren dataz geroztik, eta Tuterako Merkataritza, Industria eta Enplegu Departamentuari horren berri eman beharko zaio, gehienez ere 15 egunean, kontratu berriaren dataz geroztik).
e) Kontratazio mugagabearen kasuan, aurreko 24 hilabeteetan enpresa berean lan-harreman mugagaberik izan ez duten langabeak kontratatzen ahal dira.
f) Aldi baterako kontratazioaren kasuan, kontratua sinatu aurreko urtebetean enpresarekin lan-harremanik izan ez duten langileak kontratatzen ahal dira.
g) Dirulaguntza onarturik eta deialdiak dirulaguntzaren %25 jasotzeko ezarritako epea iraganik, onuradunak kontratuaren ondoriozko nomina guztien kopiak aurkeztu beharko ditu, baita haien ordainagirien ziurtagiriak ere.
4. 3. lerroaren betebehar eta baldintza espezifikoak (merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzea): baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko, sozietate irregular eta pertsona juridikoek eskatzen ahal dute dirulaguntza:
a) EJZren ondoko multzoetariko batean dagoen establezimendu baten titularra izatea, edo behin betiko ebazpenaren tenorean izatea, jarduera berria bada:
–64. multzoa: elikagaien, edarien eta tabakoaren txikizkako merkataritza establezimendu iraunkorretan.
–65. multzoa: elikagaiak ez diren produktu industrialen txikizkako merkataritza establezimendu iraunkorretan.
–671. taldea: jatetxe zerbitzuak.
–672. taldea: kafetegi zerbitzuak.
–673. taldea: janaridun eta janari gabeko kafetegi eta taberna zerbitzuak.
–676. taldea: txokolate-denda, izozki-denda eta hortxata-dendetako zerbitzuak.
–755. taldea: bidaia agentziak.
–9331. epigrafea: irakaskuntza, ibilgailuak gidatzen.
–9332. epigrafea: atzerriko ikastaro eta ikasketen sustapena.
–9339. epigrafea: irakaskuntzako beste jarduera batzuk.
–945. taldea: albaitaritzako kontsultak eta klinikak.
–97. multzoa: zerbitzu pertsonalak.
Oharra: aurretik deskribatu epigrafeez gainera, Tuterako Alde Zaharrean diruz lagungarriak izanen dira sormen eta kultura industrien sektoreko negozioak ere, Erribera Aldeko Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren planarekin bat etorriz.
b) Onuradun bakoitzak elkartze batean edo berak bakarrik eskaera egiteagatik jaso dezake dirulaguntza, baina ez proiektu beragatik, salbu eta dirulaguntzak lerro ezberdinetakoak badira.
c) Jarduera berria izanez gero, enpresa ekimenari buruzko txostena egin izana eta EJZn alta emanda egotea dirulaguntzaren behin betiko ebazpenaren tenorean.
d) Bere betebehar fiskalak eguneratuak izatea, hala Gizarte Segurantzarekikoak nola Nafarroako Gobernuarekikoak eta Tuterako Udalarekikoak, dirulaguntza eskatzeko tenorean. Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
e) Behar diren obra lizentziak eskatu izana (nahitaezkoa, kasu guztietan) eta orobat kasuan kasuko jardueran aritzeko aginduzkoak direnak. Eskatzen den gutxieneko inbertsioa (3.000 euro) kalkulatzeko kontuan hartuko diren kontzeptu eta zenbatekoak Tuterako Udalean tramitatutako obra-lizentzian aitortutakoak izanen dira.
f) Gehienez ere 10 langile izatea.
g) Tuterako bizitegitarako hirigunean kokatuta egotea (baztertuak izanen dira hiriaren aldirietako poligonoetan ezartzen diren saltokiak). Establezimendu berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, diruz lagungarria den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta merkataritza jarduera horrek izan beharko du saltegi horretako jarduera ekonomiko nagusia. Dirulaguntza eskatzen duen enpresak egindako lanek ez dute dirulaguntzarik jasoko, ezta onuradunari loturiko enpresa edo entitateek egindakoek ere.
h) Dirulaguntzaren xede den lokalean merkataritza jarduera mantentzea 12 hilabetez, tokiko gobernu batzarrean dirulaguntza ematea erabaki denetik; dirulaguntza itzuli edo aldatzen ahalko da itxiera ezinbestean gertatzen ez bada. 12 hilabeteak iraganik, baldintzak bete izanaren frogagiriak eskatzen ahalko ditu Udalak.
5. 4. lerroaren betebehar eta baldintza espezifikoak (merkataritzako enpresen lehiakortasuna hobetzea): dirulaguntza eskatu ahalko dute Tuterako EJZn alta emanda dauden eta jarduera bertan garatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak.
c) Oinarri arautzaileak: Dirulaguntzen Base Nazionalean eta Udalaren webgunean (http://www.tudela.es/docs/ordenanzas/no-fiscales/ordenanza-de-ayudas-al-emprendimiento-fomento-del-empleo-renovacion-reforma-y-apertura-de-locales-comerciales-en-tudela-y-mejora-de-la-competitividad-empresarial-2019%20con-anexos.pdf), eta Tuterako Udalaren industriako bulegoetan (Plaza Vieja, 1; Tutera 31500). Honako helbide honetan ere eska daitezke: industria@tudela.es (telefonoa: 948417114).
d) Zenbatekoa: 150.000 euro, 2019ko aurrekontua behin betiko onestearen mendean.
e) Eskabideak aurkezteko epea: eskabideak aurkezteko epea eskaria egiten den urteko azaroaren 15ean bukatuko da, hura jaieguna izan ezik, orduan hurrengo egun baliodunean izanen baita.
Tuteran, 2019ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.
Iragarkiaren kodea: L1900642