2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LARRAUN
Larraungo Udalerrian ezkontza zibilak eta hildakoen agurrak edo omenaldi zibilak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena
Larraungo Udalak, 2018ko irailaren 11n egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Larraungo Udalerrian ezkontza zibilak eta hildakoen agurrak edo omenaldi zibilak arautzen dituen ordenantza.
2018ko 216. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 8an, eta Udalaren iragarki oholean argitaratu ondoan, amaitu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.
Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen dira aldatutako artikuluak.
Larraunen, 2019ko ilbeltzaren 10ean.–Alkatea, José Javier Barberena Etxarri.
LARRAUNGO UDALERRIAN EZKONTZA ZIBILAK ETA HILDAKOEN ALDEKO AGURRAK EDO OMENALDI ZIBILAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
ATARIKOA
Erakundeek gizarte ez-konfesional bateko pertsonen eta komunitateen askatasun ideologikoa eta erlijiosoa bermatu behar dute, aukera berdintasuna eskainiz. Era berean, badakigu ideologia, erlijio eta kulturaren aldetik aniztasun handiko gizartea dela gurea, eta gizarte anitz honetan bere ohitura eta ekitaldi sozialak adierazteko modua aldatzen ari dela etengabe.
Gaur egungo gizartean ezinbestekoa da ezkontza zein hildakoen aldeko hileta edo omenaldi zibilak egiteko aukera ematea, erlijiorik gabe bizitzea hautatu duten pertsonen omenez ospakizun duin eta pertsonalak egin ahal izateko, zenduaren bizitza-ikuskeraren arabera, alegia.
Gure gizartean, eta geure herrian bertan, erlijio desberdinek beren hildakoei agur esateko ospakizun liturgikoetarako toki edo tenpluak dituzten moduan, Larraungo Udalari dagokio egunetik egunera handitzen ari den eskaera sozial bati erantzutea.
Beraz, ordenantza honen helburua da arautzea, alde batetik Larraungo udalerriko ezkontza zibilen ospakizunak, eta bestetik familia, lagun, erakunde edota entitateek beren hildakoei egindako omenaldi edo azken agurrak.
I. TITULUA
Ezkontza zibilak
I. KAPITULUA
Prozeduraren hasiera
1. artikulua.
Herritar guztiek, Larraungo udalerrian erroldaturik egon edo ez, eskatu ahal diote Alkatetzari ezkontza zibilak egitea.
Eskaerak zeremonia egiteko egunaren eta orduaren erreserba baizik ez du ekartzen; horregatik, Larraungo Udalak ezkontza zibila egin ahal izateko nahitaezko baldintza izanen da lehenago titularrek organo judizial eskudunaren (Erregistro Zibila, bake epaile etab.) aldeko auto irmoa lortzea, Kode Zibilean ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen espedientea aldez aurretik haren aitzinean tramitatuta.
Eskaera, Larraungo Udalak horretarako duen inprimakian bete beharko dira; baldintza guztiak bete ondoren, inprimakia Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, ezkontza egiteko finkaturiko eguna baino hilabete lehenago gutxienez.
Eguna, ordua eta lokalaren erreserbak eskabideak aurkeztu diren ordena aintzat izanik eginen dira. Udalak lokal horien erabilerari dagokionez dituen premien arabera emanen da baimena, ordenantza honen 3. artikuluan xedatuarekin bat.
Alkatetzaren ebazpen baten bidez baimenduko dira eguna eta ordua, baita ezkontza zibila egitea zein zinegotziren eskutan utziko den, hala eginen balitz.
2. artikulua.
Ezkontza egiteko ordutegi finkorik egonen ez bada ere, ezkontza ospakizuna eginen duen alkate edota zinegotziarekin adostu beharrekoa izanen da.
3. artikulua.
Ezkontza zibilak egiteko Udalak jarri duen lehentasunezko tokia udaletxeko batzar aretoa. Areto hori okupaturik balego, beste toki bat utziko litzateke ezkontzen direnen eskura; bestela beste egun batean egiteko aukera izanen dute. Ezohikotasunez, beste udal instalazio bat edo instalazio publiko bat erabili liteke, alkateak propio hala onartzen badu eta behar diren eskaerak eginak badaude.
Ezkontzarako ez-ohiko altzariak beharko balira (aulkiak, mahaiak...), eskaera idatziz egingo da.
Udal jarduera dela eta edo aurreikusi gabeko beste arrazoiren bat dela eta, ezin bada finkaturiko egun eta orduan ezkontza egin, ezkontzen direnei horren berri emanen zaie, Alkatetzarekin aurretik ados jarrita, hura egiteko ordua, eguna edo tokia aldatzeko.
II. KAPITULUA
Zeremonia nola gauzatuko den
4. artikulua.
Zeremonia alkateak zuzenduko du, edo zinegotziren baten batek, haren eskutan utzi bada; horiek, ezkontzen direnekin hitz eginda, askatasun osoa izanen dute nola gauzatuko den finkatzeko. Hala ere, ezkontza zibilak legeak ematen dizkion ondorioak izan ditzan, nahitaezkoa izanen da Kode Zibileko artikuluak irakurtzea.
5. artikulua.
Ekitaldia jasota gera dadin, ezkontzen direnek, lekukoek, alkateak edo zinegotziak, ezkontza egin izanari dagokion akta sinatuko dute, horretarako jasotzen dena.
II. TITULUA
Hileta zibilak
I. KAPITULUA
Prozeduraren hasiera
6. artikulua.
Araudi honen helburua da hildakoen aldeko hileta eta omenaldi zibiletarako Larraungo Udalaren baimena arautzea, eta baita ere lokalen eta espazio publikoen erabilera.
7. artikulua.
Alkatetzak emanen du hileta edo omenaldi zibiletarako gordetako tokiak erabiltzeko baimena, betiere Larraungo Udaleko Udal Erregistroan eskaera egiten duen pertsona edo senideak bidali beharreko dokumentazioa jaso ondoren.
II. KAPITULUA
Prozedurari hasiera ematea
8. artikulua.
Hileta edo omenaldi zibilak egiteko eskaerak erregistro bidez idatziz egin beharko dira, Udalak zuzendutako eskarian. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legeak ezarritakoaren arabera (azaroaren 26ko 30/1992 legea).
9. artikulua.
Hileta eta omenaldi zibilen eskaerak berehalakotasun printzipioaren arabera tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen duelako, eta horiek ebazteko eskumena duen pertsonari bidaliko zaizkio.
10. artikulua.
Eskaeran honakoak agertu beharko dira:
a) Ospakizunerako baimena eskatzen duen pertsonaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa.
b) Hildako pertsonaren izen-abizenak.
c) Adierazi egin beharko da hileta edo omenaldi zibila zein egun eta ordutan egin nahiko litzatekeen, eta lehentasunez non egin nahiko luketen.
d) Eskabidearen lekua eta data.
e) Eskaera egin duenaren sinadura edo, haren nahia benetakoa den froga, horretarako edozein bide erabilita.
f) Ekitaldiaren laburpena eta beharrak. Eskatzaileak aretoan dauden baliabideak erabili ahal izanen ditu. Bestelako baliabiderik behar izanez gero, norberaren kontura izanen dira, eta Udalaren baimena beharko da horiek erabiltzeko.
h) Administrazioak, ahal duen neurrian, kontuan izanen ditu eskabidean lehenetsitako lekua, eguna eta ordua, betiere eskabideak aurkeztu diren ordena aintzat izanik. Ezohiko kasuetan aldatu ahal izanen da ordena hori, baina betiere arrazoitu egin beharko da aldaketa.
11. artikulua.
Eskaerak aurreko artikuluak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo derrigorrezko dokumentuak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen edo ondoren.
III. KAPITULUA
Prozedura bideratzea
12. artikulua.
Alkatetzak zehaztuko du hileta edo omenaldi zibila zein leku, egun eta ordutan eginen den. Ahal den neurrian eskatzaileek lehenetsitako egun eta orduen ordena kontuan izanik zehaztuko dira. Ezin bada eskatzailearen nahia lehenetsi behar bezala arrazoituta egon beharko da eta eskaera egin dutenekin hitz egin beharko da eskatu dutenarekiko egon den aldaketari buruz.
13. artikulua.
Eskaera ikusita, Alkatetzak edo berak ordezko izendatzen duen zinegotzigoak erabakiko du hileta edo omenaldi zibila Udalaren zein lokaletan eginen den; normalean Udaletxeko batzar aretoan.
Hileta edo omenaldi bakoitzean erabiliko den lokala zehazterakoan, kontuan izanen da aukeratutako egun eta ordutegiarekin lokal horietan normalean egiten diren jardueretan ez dela eragozpenik sortu behar. Aretoa aukeratzerakoan kontuan hartuko da, baita ere, lokal bakoitzak zenbateko aforoa duen.
14. artikulua.
Hileta eta omenaldi zibilak astelehenetik igandera ospatu ahal izanen dira. Hiletetan ezin izango da gorputza bertan eduki.
III. TITULUA
Eskatzailearen betebeharrak
15. artikulua.
Eskatzailearen betebeharra da ezkontza, hileta eta omenaldi zibiletan udalaren aretoak egoera onean mantentzea.
Bestalde, baimendutako pertsona izanen da Udalaren aretoetan sor daitezkeen kalteen arduraduna, eta bere gain hartu beharko ditu eragindako kalteen gastuak.
16. artikulua.
Debekatuta dago arroza eta antzekoak botatzea udal-eraikinen barnean, estalopean zein inguruetan, arriskutsua izan baitdaiteke. Betebehar hori betetzen ez bada, Udala ez da batere erantzulea izanen. Beraz, horren ondorioz istripurik edo gisakorik gertatzen bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute, eskaeran jasorik geldituko baita arau horien berri dutela eta horiek hertsiki betetzeko hitza ematen dutela.
Udalaren barnea erabiltzearen ondorioz edo baldintza hauek ez betetzearen ondorioz kalterik egiten bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute; Udalak haiei pasatzen ahalko die konponketen kostua, baita, hala behar badu, udal barnea beren lehengora itzultzeko lanen kostua ere, aitzinetik behar den espedientea irekita; hartan, hamar eguneko epea izanen da alegazioak egiteko.
17. artikulua.
Aretoa eskatu duen personaren ardurapean geratzen da lokalaren aforoa ez gainditzea, eta hori betetzen ez bada eta horren ondorioz istripurik edo gisakorik gertatzen bada, erantzunbeharra berak izanen du.
18. artikulua.
Utzitako lokala apaindu edo modu bereziren batean egokitu edo apaindu nahi bada, udal zerbitzuari garaiz eskatu eta jakinarazi beharko zaio, honek hartu beharreko erabakia har dezan. Tokiaren ezaugarriak beti errespetatu egin beharko dira, eta eskatzaileek ordaindu beharko dituzte lokala apaindu eta egokitzeak eragindako gastu guztiak, horrek eragin dezakeen garbitasun berezia barne.
Behin ekitaldia amaituta ezin izango da apaingarri edo arrastorik utzi (loreak, konfetia, paperak...) ez barruan, ez kanpoan, eta lokala zegoen moduan utzi beharko da.
Interesduna arduratuko da, ekitaldia ospatzeko zerbitzu eta egokitzapen osagarriez. Dena dela, Larraungo Udalak zerbitzu horiek ikuskatu ahal izanen ditu.
19. artikulua.
Araudi honetan aurreikusi gabeko gainerako guztian udal arduradunen aginduak bete beharko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Larraungo Udaleko Alkateari baimena ematen zaio araudi hau aplikatzeko beharrezko diren jarduketa guztiak egin ditzan.
AZKEN XEDAPENA
Araudi hau indarrean sartuko da behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunean eta Udalbatzak espresuki aldatu edo indargabetzen duen arte egonen da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L1900613