2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FALTZES
2019rako aldaketa ordenantza fiskaletako tarifetan.
Behin betiko onespena
Udalak, 2018ko azaroaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen 2019ko ekitaldirako tarifen aldaketak, jarraian agertzen diren ordenantza fiskaletan.
Aldaketa horien hasierako onespena 2018ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 21ean, eta 30 egun balioduneko epea inork erreklamaziorik egin gabe iragan denez, behin betiko onetsirik gelditu dira, eta 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, testua osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
FALTZESKO UDALAREN EREMU
PUBLIKOAREN ORDENANTZA
51. artikulua.
1. Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 600 eurorainoko isunak ezarriko dizkie Alkatetzak eta, gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den maneran, garbiketa eta konponketa gastuen ordaina eta, hala behar badu, salaketa aurkez daiteke agintari judizial eskudunaren aurrean.
2. Enpresek edo entitateek egindako arau-hausteak zehatzen ahalko dira, eta haien gain uzten ahal dira, baita ere, sortutako gastuak eta dagozkien ordezko betearazpenak, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako legeei jarraikiz.
UDAL ORDENANTZA, ANIMALIA ARRISKUGARRIAK ETA BESTELAKOAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA
9. artikulua. Zehapenak.
50/1999 Legean ezarritako arau-hausteak eta ordenantza honetakoak 100 eurotik 600 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
–Arau-hauste arinak 100 eurotik 200 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
–Arau-hauste larriak 100 eurotik 300 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
–Arau-hauste oso larriak 100 eurotik 600 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
Erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.
Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:
–Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.
–Irabazi asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.
–Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.
Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.
ORDENANTZA, PASABIDEAK ARAUTZEN DITUENA
3.1.1 artikulua.
Pasabideak gau eta egunekoak baizik ez dira izanen. Ibilgailuak 24 orduz pasatu ahalko dira gau eta eguneko pasabideetan barna, eta debeku da ibilgailuak galtzadan aparkatzea, salbu eta pasabidearen titularrarenak eta berarekin batera erroldan ageri diren pertsonenak baldin badira; horretarako, aldez aurretik Udalak aparkatzeko eskubidea ematen duen txartela emanen du. Pasabidean aparkatzen den aldi oro, horretarako eskubidea ematen duen txartela jarri beharko da gidariaren aldean, kristalari itsatsita, ikusteko moduko tokian. Txartel horrek bertan agertzen diren pasabiderako eta ibilgailuarendako balioko du soilik. Zehapena ezarri ahalko da ibilgailua dagokion pasabidean aparkatzen bada txartela behar bezala jarri gabe, eta baita ere txartela beste edozein ibilgailutan erabiltzen bada.
Ibilgailuak pasabidearen aitzinean aparkatzea onartuko da, betiere gidaria ibilgailuan badago, pasabidea erabili behar denean ibilgailua lekuz aldatu ahal izateko.
Faltzesen, 2019ko otsailaren 5ean.–Alkate udalburua, Valentín García Olcoz.
Iragarkiaren kodea: L1901634