32. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

10/2019 FORU DEKRETUA, otsailaren 6koa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2019ko Berdinna Saria Alaiz Kolektiboari ematen diona.

Berdinna Sariaren xedea da nabarmentzea eta publikoki aintzatestea Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokaera. Saria urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren bidez sortu zen.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak urriaren 24an emandako 52/2018 Foru Aginduaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2019ko Berdinna Sariaren deialdia egin eta hura emateko oinarriak ezarri ziren.

Epaimahaiak, jasotako hautagaitzen artean, deialdian ageri diren irizpideei jarraikiz azterketa zorrotza egin ondoan, saria Alaiz Kolektiboari emateko proposamena egin du, ongi merezia duelakoan argi nabarmentzeagatik eta laguntza paregabea emateagatik Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean.

Hautagaitzaren ezin ukatuzko merituetatik, hauek dira nabarmentzekoak:

1962an eratu zenetik, elkarteak izan duen ibilbide luzea, 50 urte baino gehiago baitarama jardunean. Halaber, nabarmendu nahi da elkarteak izan duen bilakaera interesgarria. Izan ere, Eliza Katolikoaren inguruko mugimendu aurrerakoiei loturiko proiektu gisa jaio bazen ere, gaur egun elkarte akonfesional eta apolitikoa da, espiritu kritikoa garatzea helburu duena, mota guztietako eta askotariko esparruetako emakumeei irekia. Orobat, bilakabide osoan zehar, elkarteak ikuspegi feminista integratu du bere eguneroko zereginetan, emakumeak gizartean ahalduntzea sustatu baitu, etxeko eremura mugaturik zeuden garaian. Zentzu horretan, sortu zen unetik gaur arterainoko ibilbidean, garaiko definizio konbentzionalak eta genero arauak eraldatzeko espazioa izan da.

Kolektiboaren jardueren garrantziari dagokionez, nabarmentzekoa da azken urteetan ikuspegi eta erronka berriei heldu diela, hala nola emakumeen ahalduntzea, genero berdintasunaren alorrean prestakuntza ematea eta langileak trebatzea (emakumeak nahiz gizonak, feminitate eta maskulinitate eredu berriak sustatuz), eta esku-hartzeko proiektuak bultzatzea, egoera sozial ahulean dauden emakumeei zuzendurik. Hori guztia ahaztu gabe ibilbide guztian zehar egin dituen proiektuen aniztasuna eta garrantzia. Gainera, beste elkarte batzuei ere laguntza eman die, eta gutxiengo etnikoei nahiz emakume ijitoei buruzko ikerketak egin ditu.

Elkarteak Nafarroako gizartean duen oihartzunari eta eraginari dagokienez, berriz, garrantzitsua da azpimarratzea zein izan diren elkartearen ibilbidea eta bilakaera, Alaiz Kolektiboak iraganean nahiz orainaldian duen indarraren erakusgarri baitira. Hastapenean, sistemak emakumeei inposaturiko gabezia bidegabeez ohartzetik eta emakumeei laguntzeko erabakitik sortu zen. Horrela, emakumeak baloratu, eta prestakuntzarako eta elkargunerako espazioa eskaini zien, emakumeen arteko sarea sortuz eta aktibismo publiko eta komunitarioari bidea irekiz. Gaur egun, gainera, Alaiz Kolektiboa erreferentea da berdintasunaren arloko prestakuntzan, bai profesionalendako, bai neska-mutil nahiz gizon-emakumeendako.

Nafarroarekin lotura duen elkartea da, bertan egiten baititu jarduera guztiak.

Azkenik, zenbait sostengu-gutun aurkeztu ditu hautagaitzarekin batera, Alaiz Kolektiboaren proiektuetan lankidetzan aritutako pertsonek, esparru ugaritako profesionalek eta elkartearen proiektuetan parte hartu dutenek idatziak. Horiek guztiek dute garrantzia, eta hautagaitzak gizartean duen babesaren eta haren eraginaren adierazgarri dira. Aipagarria da gutun horiek jatorri ezberdinetakoak direla, eta hainbatetan islatzen dela Alaiz Kolektiboak haiendako eduki duen pisua.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko otsailaren 6an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. 2019ko Berdinna Saria Alaiz Kolektiboari ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2019ko otsailaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1901907