32. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

9/2019 FORU DEKRETUA, otsailaren 6koa, Juan José Salaberri Galbete jaunari Nafarroako Foruzaingoko Zerbitzu Goraipagarrien Plaka ematen diona, hil ondoren.

Juan José Salaberri Galbete, Nafarroako Foruzaingoko komisario nagusi eta Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Arloko buru zena, berez hil zen, bere bulegoan zegoela, 2018ko martxoaren 5ean, astelehenarekin. Aurreko asteburuan, urteko lehenengo Xabierraldiaren gaineko dispositibo poliziala zuzendu egin zuen bertatik bertara.

Ibilbide luzea izan zuen Foruzaingoan, 37 urte eman baitzituen zerbitzuan hainbat unitatetan. Polizia lanpostutik, mailaz maila igo ondoren, Foruzaingoan lanposturik gorena den komisario nagusi izatera ailegatu zen. Jarduneko buru izan zen hainbatetan, hala baitzegokion antzinatasuna zela-eta.

Guztizko dedikazioa izan zuen Foruzaingoarekiko bere ibilbide profesional osoan zehar, baina, bereziki, garrantzi handiko lanpostuetan aritu zenean, Atestatu Unitatearen sorreran hartu baitzuen parte. Hura izan zen Polizia Judizialaren egungo egituraren hazia. Heriotzak berak garbi adierazten ditu Foruzaingoarekiko konpromisoa eta zerbitzu publikorako grina: bere bulegoan gertatu zen, goizeko lehenbiziko orduetan eta Xabierraldiaren ardura zuzenean aritu ondoren, hori baita polizia zerbitzuaren ahalegin handia eskatzen duten jende-biltzeetako bat.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 70. artikuluak arautzen ditu aintzatespenak, ohoreak eta eskersariak emateko aurreikusitako kasuak, besteak beste antzinatasuna eta ibilbide profesionala, baina bereziki garrantzia eta dedikazio handiko zerbitzuak. Aipatu horiek eta heriotzaren inguruabarrak kontuan harturik, aintzatespen gorenaren merezidun da Juan José Salaberri Galbete.

Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduak, abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 89. artikuluan ezartzen du zenbait baldintza betetzen dituzten Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak saritu ahal izanen direla; baldintza horien artean aipagarriak dira, Kidegoari ospea ekartzen dion garrantzi profesionaleko zerbitzu bat zuzendu izatea edo lanbideko eginbeharrak betetzen gaitasuna eta jarduera erakutsi izatea.

Langileen Erregelamenduan arautzen dira eskersariak, eta honako hauek dira, kategoria baxuenetik altuenera: Pribatuki Esker Ona, Jendaurreko Esker Ona, Zerbitzu Goraipagarrien Domina eta Zerbitzu Goraipagarrien Plaka. Azken hori Nafarroako Foruzaingoko buru izan zen José Ignacio Sánchez Trueba jauna zenari eman zaio, ez beste inori.

Langileen Erregelamenduaren 92. artikuluak ezartzen ditu eskersariak ematen dituzten organo eskudunak, eta, horren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio Zerbitzu Goraipagarrien Plaka nori eman erabakitzea, kontseilari eskudunak proposaturik.

Eskaera egin da, Barneko zuzendari nagusiaren 2019ko otsailaren 1eko idazkiaren bidez. Foruzaingoko buruarekin adostu dela jasotzen da bertan, baita hark Foruzaingoko komisario nagusiekin eta gainerako komisarioekin hartutako aho batezko erabakia izan zela ere.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduaren 92. artikuluari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 12.3 artikuluan ezarritako eskumenak erabiliz, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko otsailaren 6an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Juan José Salaberri Galbete jaunari Foruzaingoko Zerbitzu Goraipagarrien Plaka ematea, hil ondoren.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Barne Zuzendaritza Nagusira eta Foruzaingoko Burutzara igortzea.

Iruñean, 2019ko otsailaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1901906