32. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

65E/2019 EBAZPENA, urriaren 24koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z-1 jarduketa-unitateari dagokion xehetasun-azterketaren aldaketa, Asistencia Clínica Universitaria de Navarra SAk sustatua.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 24an eman 842E/2018 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z-1 jarduketa-unitateari dagokion xehetasun-azterketaren aldaketa. Sustatzailea Asistencia Clínica Universitaria de Navarra SA da.

Ebazpen hori 2018ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 29an.

Ezarritako 20 eguneko epean, ez da haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Dokumentuak ez du aldaketarik izan hasiera batean onetsi zenetik. Hirigintza-antolamendu xehatuko determinazioak baizik ez ditu jasotzen, xehetasun-azterketa baten xede eta eskumen direnak. Bat dator Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren xedapenekin, baita “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialean jasotzen diren determinazioekin ere.

Xehetasun-azterketa hau onestea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 43.1.d) artikulua aplikatuz, udalez gaindiko plan sektorial bat garatzen duen tresna delako.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2019ko urtarrilaren 16ko txostena ikusirik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat, eta irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz (foru dekretu horren bidez ezarri zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa),

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z-1 jarduketa-unitateari dagokion xehetasun-azterketaren aldaketa. Sustatzailea Asistencia Clínica Universitaria de Navarra SA da.

2. Sustatzaileari adieraztea ezen, obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko dituela kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Ebazpen hau eta onetsitako agiria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 24an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Onetsitako araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1901183