1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
9E/2019 FORU AGINDUA, urtarrilaren 23koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Arangurengo Arau Subsidiarioen aldaketa, Mutiloako 1. poligonoko 438. eta 445. lurzatiei dagokiena. Sustatzailea Arangurengo Udala da.
Arangurengo Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, behin betiko onets dadin.
Ikusita aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea, betiere Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak ezarritako determinazioa kontuan hartuta.
Azaldutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuari jarraikiz,
AGINDU DUT:
1. Arangurengo Arau Subsidiarioen aldaketa, Mutiloako 1. poligonoko 438. eta 445. lurzatiei dagokiena, behin betiko onestea. Sustatzailea Arangurengo Udala da.
2. Arangurengo Udalari ohartaraztea katastroaren arabera, 1. poligonoko 437. lurzatia NUPena dela, eta haren urbanizazioa, baita lurzati horren iparreko bidearena ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren eremuan dagoela; eta departamentu honetan ez dagoela jasota urbanizazio hori posible egiten duen antolamendu xehatua ezartzen duen inolako espedienterik. Beaz, Udalak jarduera egokiak egin behar ditu jatorrizko egoerara itzultzeko edo egindako obrak erregularizatzeko, eta edozein kasutan Lurralde Antolamenduko Planak (3. LAP) ezartzen dituenak errespetatu beharko ditu, bereziki tresna horretan identifikatutako ibilbide interesgarria, urbanizatu den eremuarekin bat datorrena. Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuari dagokio lurraldearen antolamendurako tresnak tramitatzea, baita aldatzea ere.
3. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasuna kontrolatzen duen onespen honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Halaber, onetsitako hirigintza araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, edukia, dagokion udalak eskaturik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
4. Foru agindu hau Arangurengo Udalari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Ondare Zerbitzuko Ondarearen Kudeaketa Teknikoaren Atalari jakinaraztea, bere ondorioak sor ditzan.
5. Arangurengo Udalari gogoraraztea hirigintza arloko araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea nahitaezkoa dela.
6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2019ko urtarrilaren 23an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.
Iragarkiaren kodea: F1901026