30. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

7/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularrerako, 2019ko otsailaren 14an, 12:00etatik 16:00etara, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako enpresa batzordeak dei eginiko greba partziala dela eta.

2019ko urtarrilaren 29an, Garapen Ekonomikorako Departamentuko erregistroan, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako enpresa batzordeko buruak bidalitako idazki bat sartu zen. Enpresa hori Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularraren emakidaduna da. Idazki horren bidez, garraio zerbitzu horretan greba partzialerako deia jakinarazi zen, 2019ko otsailaren 14rako, 12:00etatik 16:00etara.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidea bateragarri egin behar da funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiari-garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etorrietarako aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da funtsezko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea besteak beste Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, grebarako deia dela eta, bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, gizarteko beste sektore batzuetan kalte eginen bailuke, garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, gizartearen interes orokorrei eginen litzaizkiekeen kalte larriez gainera, eta ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2019ko otsailaren 5ean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro elektroniko orokorrean sartu zen Iruñerriko Mankomunitateko buruak otsailaren 4an emandako 72/2019 Ebazpenaren helarazpena. Horren bidez, Garapen Ekonomikorako Departamentuari proposatzen zaio gutxieneko zerbitzuak ezartzea garraio zerbitzu horretan, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako enpresa batzordeak dei eginiko greba partziala dela eta. Izan ere, Iruñerriko erabiltzaile guztientzako hiriko garraio erregularraren titularra da Iruñerriko Mankomunitatea.

Aurreko aldietan, eskualdeko hiri garraioaren emakida duen enpresako enpresa batzordeak grebarako deiak egin dituenean, ondoko gutxieneko zerbitzuak ezarri dira, eta ebazpen horretan kontuan hartzeko modukotzat hartzen da:

–2004ko urtarrilean, urtarrilaren 12ko 10/2004 Foru Dekretuaren bidez %57ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren.

–2004ko martxoan, martxoaren 22ko 145/2004 Foru Dekretuaren bidez %57ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren abuztuaren 12ko 819/2001 epaiak deklaratu zuen zuzenbidearen araberakoak zirela.

–2007an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 26ko 88/2007 Foru Aginduaren bidez %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren uztailaren 3rako deitutako grebarako.

–2010ean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 29ko 47/2010 Foru Aginduaren bidez %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren uztailaren 21erako eta 28rako deitutako greba partzialerako.

–2013an, Sustapeneko kontseilariaren azaroaren 12ko 139/2013 Foru Aginduaren bidez %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren deitutako greba partzialerako. Hauek ziren grebaren egunak eta orduak: azaroaren 19an eta 21ean 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara, azaroaren 26an eta 28an 12:00etatik 16:00etara, eta azaroaren 18an, 20an, 25ean eta 27an mantentze eta garbiketa lanen zerbitzuan, 23:00etatik 01:00era.

–2013an, Sustapeneko kontseilariaren abenduaren 2ko 145/2013 Foru Aginduaren bidez %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren azaroaren 26rako deitutako grebarako.

–2016an, Garapen Ekonomikorako kontseilariaren abenduaren 13ko 254/2016 Foru Aginduaren bidez %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ziren abenduaren 16rako (9:00etatik 10:00etara) deitutako grebarako.

Halaber, aipatu ebazpenak garraio zerbitzu horren inguruabarrak baloratzen ditu. Jarraian azaltzen dira balorazio horren datu esanguratsuenak.

Eskualdeko hiri garraioa Iruñerriko 18 udalerrik osatzen duten eremu batean ematen da. Bertako bizilagunak Nafarroako erdiak baino gehixeago dira eta bertan daude ospitale nagusiak eta bi unibertsitateak. Eremu eta jarduera gune horiek guztiek joan-etorri asko sortzen dituzte egunean, eta joan-etorri horien ehuneko handi bat hiri garraio publikoan egiten da.

Greba horrek garraio zerbitzu horretan bakarrik izanen du eragina; hortaz, erabilera ez da gutxituko, izan ere garraio publikoko joan-etorriak egiteko arrazoiek beren horretan segituko baitute greban ere, greba orokor batean ez bezala.

Iruñerrian ez dago autobusaz gain bestelako hiri garraio kolektiborik (metroa, aldirietako trena, tranbia eta abar) aukera ematen duenik eskualdeko hiri garraioan egunero egiten diren joan-etorrietarako, eta hori oso kontuan hartu beharrekoa da greba honetako funtsezko zerbitzuak ezartzeko orduan. Taxi zerbitzua, bistan denez, ez da alternatiba bat, haren prezioa ez baita konparatzen ahal hiriko garraioarenarekin eta haien gaitasuna ez da inola ere aski joan-etorri jendetsuetarako (130.000 bidaiari lanegun batean, gutxi gorabehera).

Bestalde, kontuan izan behar da ordu tarte horretan garraio publikoan egiten diren bidaietatik 20.400 beste garraiobiderik (nor bere autoan edo beste batenean) ez duen jendeak egiten dituela eta, ondorioz, modu zuzenagoan jasanen dituztela egun horretako grebaren ondorioak.

Era berean, erabiltzaileei eman beharreko argibide egokiak kontuan hartu behar dira, edo, berdin dena, zehazten den zerbitzu mailak erabat ikusgai izan behar du.

Hiriko garraioaren erabilera garraio horri buruzko informazioaren menpe dago neurri handi batean. Izan ere, eskaintza erreala benetan dena baino txikiagoa bihurtzen ahal da, informazio eskuragarriaren arabera.

Hori bereziki garrantzitsua da gutxieneko zerbitzuak zehazterakoan, gutxi direnez, erabiltzailea “ezin daitekeelako geralekuan gelditu autobusaren zain” (maiztasun handiko zerbitzuetan ohiko portaera da hori), ordu zehatz eta ezagunetan joan beharra dago eta. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzu gisa zehazten den portzentajeak bermatu behar du autobus linea ezberdinak arrazoizko tarteetan iritsiko direla eta informazio hori ulergarria izanen dela.

Iruñerriko Mankomunitateko buruaren aipatu ebazpenean jasotzen dira eguneko zerbitzuan, lanegun arrunt batean, dauden eskaintzaren eta eskariaren ezaugarri nagusiak, grebaren deia 2019ko otsailaren 14ko ordu tarte jakin baterako baita.

Beraz, eskaintzari dagokionez, honako hau nabarmentzen da:

–Eguneko sareak 24 linea ditu: 20 erradial edo bitan erradial, 2 perimetral eta 2 zirkular.

Honela sailka daiteke eskaintza (laneguneko puntako ordu batean):

  • Handia: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 10 linea (2, 3, 4, 7, 8, 9, 12, 16, 18 eta 21).
  • Ertaina-handia: 15-20 minutuko tartea autobus batetik bestera: 8 linea (1, 5, 6, 11, 15, 17, 19 eta 20).
  • Txikia: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 6 linea (10, 14, 22, 23, 25 eta A).

Lanegun batean autobus kopuru hauek daude lanean:

  • Autobus finkoak, eguneko zerbitzu osoan dabiltzanak: 117.
  • Errefortzuko autobusak, puntako orduan bakarrik dabiltzanak: 6 inguru.
  • Erreserbako autobusak, matxuratzen diren finkoak edo errefortzuak ordezteko: 2.
  • Guztira: 125 inguru.

Eguneko zerbitzuan eskola eta lan egun baterako eskariari dagokionez, honako hau nabarmentzen da:

–Eskola eta lan egun batean 130.000 bidaiari daude, batez beste.

–Eskola eta lan egun baterako garraio-eskariak puntako hiru tarte ditu:

  • Goizeko puntako orduak: 6:30etik 9:30era; 10.000 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %18,6 inguru biltzen du.
  • Eguerdiko puntako orduak: 13:00etatik 15:30era; 12.150 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %19,9 inguru biltzen du.
  • Arratsaldeko puntako orduak: 17:00etatik 20:30era; 8.900 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %23,2 inguru biltzen du.

–Erabilera gutxieneko orduei (haraneko orduei) dagokienez, goizeko haraneko tarteak (9:30etik 13:00etara) erabilera txikiagoa du arratsaldekoa (15:30etik 17:00etara) baino.

–Hona hemen batez besteko lanegun batean bidaiatzeko arrazoiak, 2013ko azaroan Iruñerriko Hiri Garraioko erabiltzaileek betetako inkestatik erauziak eta ehunekotan emanak:

LANPOSTUA

IKASKETAK

KUDEAKETAK EGITEA

EROSKETAK

MEDIKUA, OSPITALEA

BESTELAKOAK

GUZTIRA

%38,3

%20,4

%13,2

%6,6

%6,3

%15,1

%100,00

Horren arabera, lana eta ikasketak (ikastetxea, unibertsitatea...) dira arrazoi nagusiak, bidaien %60 baitira eskualdeko hiri garraioko linea guztietan. Arrazoi medikoa gehituz gero, hiru arrazoiek garraio publikoan egindako joan-etorrien bi heren biltzen dute.

Egun tartearen arabera arrazoien banaketari dagokionez, lan eta ikasketengatik egindako joan-etorriak goizeko eta eguerdiko puntako orduetan biltzen dira batez ere, eta mediku eta ospitaleengatik egindakoak egunean zehar banatzen dira.

–Laneguneko bidaiarien %55ek ez dute bestelako garraiobiderik, aipatu inkestaren emaitzen arabera.

Aurrekoa kontuan hartuta, Iruñerriko Mankomunitateko buruaren ebazpenak gutxieneko zerbitzu hauek proposatzen ditu:

–Greba 12:00etatik 16:00etara dago deitua: hau da, gutxi gorabehera eguerdiko puntako orduen (13:00-15:30) inguruan. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu behar dira eguerdiko puntako orduen ezaugarriak. Puntako ordu horietatik kanpoko denbora (12:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 16:00etara) hain tarte txikia dira (lehena ordu bat, eta bigarrena ordu erdi), non ezin baita ezarri bestelako gutxieneko zerbitzurik, puntako orduetatik desberdina, zeren asko zailduko bailuke zerbitzua ezagutzea, erabili ahal izateko.

Horregatik denagatik, ebazpenak proposatzen du puntako orduen ezaugarriak kontuan hartzea gutxieneko zerbitzuak ezartzeko.

–Bidaien %60 baino gehixeago nahitaezkoak direnez (lana, ikasketak, medikua, etab.) eta puntako orduetan biltzen direnez, garai horretarako gutxieneko zerbitzua, ohiko zerbitzuaren portzentaje gisa definitua, neurri horretakoa izan beharko litzateke.

Portzentaje hori zehazteko, zerbitzu operatiboetan adierazita, beharrezkoak dira 72 autobus finko eta erreserbarako autobus bat, bai eta errefortzuko 2 ibilgailu ere. Kontuan hartuz lanegun batean 117 autobus finko gehi erreserbako 2 eta errefortzuko 6 autobus izaten direla, zehaztutako funtsezko zerbitzua lanegun bateko zerbitzuaren %60 izanen da.

Funtsezko zerbitzu hau jaiegunetakoa bezalakoa da 9 lineatan (2, 9, 12, 14, 15, 16, 18, 20 eta A), 9 lineatan jaiegunetakoa baino txikiagoa da (3, 5, 6, 7, 8, 10, 11, 19 eta 21) eta 6 lineatan handiagoa da (1, 4, 17, 22, 23 eta 25).

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. artikulua kontuan harturik, Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraio Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2019ko otsailaren 14rako, 12:00etatik 16:00etara, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako enpresa batzordeak dei eginiko grebak gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko ditu Iruñerriko hiriko bidaiari-garraio erregularrean:

–Ohiko lanegun bateko garraio zerbitzu normalaren %60. Portzentaje hori bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko da, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Garapen Ekonomikorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau eta eranskina Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresako enpresa batzordeari, Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresari eta Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko otsailaren 7an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

ERANSKINA

Gutxieneko zerbitzuak 2019ko otsailaren 14ko greban,
12:00etatik 16:00etara - Lanegunen %60

LINEA

OHIKO ZERBITZUA

LANEGUETAN

GUTXIENEKO ZERBITZUA

Autobus finkoak

Pasaera maiztasuna (min.)

Bidaia denbora (min.)

Ibilgailu kopurua

Pasaera maiztasuna (min.)

Bidaia
denbora (min.)

L-1

3

20

60

2

30

60

L-2

5

10

50

3

20

60

L-3

4

10

40

3

15

45

L-4

18

6

108

11

10

110

L-5

5

15

75

3

25

75

L-6

4

15

60

2

30

60

L-7

11

10

110

6

20

120

L-8

4

12

48

2

25

50

L-9

6

10

60

3

20

60

L-10

3

30

90

2

45

90

L-11

5

15

75

3

25

75

L-12

7

10

70

4

20

80

L-14

1

30

30

1

30

30

L-15

3

20

60

2

30

60

L-16

9

12

108

6

20

120

L-17

4

20

80

3

30

90

L-18

8

12

96

5

20

100

L-19

6

15

90

3

30

90

L-20

3

20

60

1

60

60

L-21

4

10

40

3

15

45

L-22

1

30

30

1

30

30

L-23

1

60

60

1

60

60

L-25

1

30

30

1

30

30

L-A

1

60

60

1

60

60

Erreserbak

2

1

Errefortzuak

6

2

GUZTIRA

125

75

Iragarkiaren kodea: F1901887