Iragarkia
29. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Larrialdi sozialeko laguntzak arautzen dituzten oinarriak. Onespena
Udaleko alkateak, 2018ko azaroaren 15ean, ebazpena eman zuen Larrialdi sozialeko laguntzak arautzen dituzten oinarriak onetsiz.
Tafallan, 2019ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, Arturo Goldaracena Asa.
OINARRI ARAUTZAILEAK, LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN TAFALLAKO PERTSONEI ETA/EDO FAMILIEI BANAKAKO EBALUAZIOAREN ARAUBIDEAN LAGUNTZA EKONOMIKOAK EMATEKO
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Nafarroako toki entitateen titulartasunpekoak direnak, gizarte zerbitzuetako sistema publikoaren oinarrizko unitatea dira, horretara heltzeko sarbidea eta herritarrengandik hurbilen dagoen maila.
Tafallako Gizarte Zerbitzuak duela 30 urte baino gehiago sortu ziren, eta urte hauetan zehar eratu egin dira zerbitzuen funtsa diren oinarrizko programak:
–Harrera eta orientabide sozialerako programa.
–Familietan esku-hartzeko programa.
–Gizarteratzeko programa.
–Menpekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko programa.
Horien guztien helburua da gizarte zerbitzuen arloko eskaerak aintzat hartzea, erantzuna emateko eta profesionalki babesteko norberaren eta/edo familiaren zailtasunak kudeatzean, ondoko hauen bidez: prestazio ekonomikoak, programak, zerbitzuak, baliabideak...
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen prestazio asko Nafarroako Gobernuaren bidez ematen dira. Baliabideak, zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak dira, besteak beste, eta Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Zorroan daude (69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, 2008ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 9an).
Halaber, Tafallako Udalaren OGZk Gizarte Zerbitzuen Zorroa prestatu zuen 2008ko bukaera aldean, eta 2008ko azaroaren 24an aurkeztu jendaurrean. Gizarte Zerbitzuetako Batzordeak onetsi zuen barneko dokumentu gisa 2009ko apirilaren 16an. Bertan jartzen dira laguntza eta prestazio batzuk, Nafarroako Gobernuak ezarritakoen osagarri, herriko kolektibo zaurgarrienen bizi kalitatea hobetzen laguntzen dutenak. Horrez gain, tokiko izaera dutenez, erantzun arinagoa emateko lagungarriak dira kasu askotan.
Aldi berean, behar berriak atzeman dira udaletako gizarte zerbitzuen garapenean, eta horregatik baliabideak eta prestazioak nahitaez egokitu edo sortu dira, eta halaber haien kudeaketa arindu da, kolektibo zaurgarrienek erabili ditzaten, gizarte-beharrei erantzuna ematearren.
Tafallako Udalak erantzuna ematen zien jada herriko zenbait familiaren egoera jakin batzuei, laguntza ekonomikoak edo gauzazko laguntzak emanez, zerbitzuak ordainduz... Horretarako, laguntzak eskuratzeko barruko irizpide batzuk ziren ezarrita, familientzako zerbitzuak eta baliabideak ematen dituzten beste zenbait entitaterekin landuak (Gurutze Gorria, Nafarroako Elikagaien Bankua eta Parrokiarteko Caritasekin, batez ere).
2015ean, Tafallako Udalak sinatu zuen hitzarmen instituzionala, Tokiko Gobernu Batzarrak urriaren 20an onetsia. Horren bidez, Tafallako kirol taldeek eta Udalaren “Miguel Indurain kiroldegiko” entitate kudeatzaileak konpromisoa hartu zuten kirol jardueretako kostuaren portzentaje bat diruz laguntzeko, Udaleko Gizarte Zerbitzuek proposatutako adingabeen kasuetan.
2015. urtetik planteatzen da barne irizpide horiek Tafallerria osoan bateratzea, Azkoien, Erriberri, Zarrakaztelu, Artaxoa eta Tafallako Gizarte Zerbitzuak bateratuz eta, hala, aldiro berrikusi eta eguneratu diren baremoak ezarri ziren.
“Gauzazko laguntzak” izeneko baremo sozioekonomiko horren xedea da ondoko hauetara heltzeko bidea ematea familia-unitateei: baliabide ekonomikoak, prestazio publikoak, elikagaiak, ikastetxeetako jantokiak, eskola-materiala, aisialdiko jarduerak, Cáritas bezalako beste baliabideetara bideratzea laguntza puntualetarako, etxebizitzaren oinarrizko hornidurak ordaintzea, alokairuak ordaintzea...
Urte batzuk dira jada Udalak partida ekonomikoak dituela gizarte-bazterketako egoera larriak onera ekartzen laguntzeko, haur eta nerabeekin batez ere. Horrez gain, beste mota batzuetako prestazioak ematen ditu, elikagaienak eta pertsonen eta familien bizi-beharretan laguntzekoak, gizarte-hezkuntzako arloan, norberaren garapenekoan eta prestakuntzakoan.
Eskaintzen diren dirulaguntzak, laguntzak eta baliabideak sustapen teknikatzat hartzen dira, bai eta Administrazioaren eta partikularren arteko elkarlanerako prozeduratzat ere, interes orokorreko jarduerak kudeatzeko honako arlo hauetan: gizarte-ekintza, lankidetza, pertsonen arteko eta herrien arteko elkartasuna, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola, aisialdia edo herritarren parte-hartzea. Zuzenbide estatu sozial eta demokratikoaren betebeharrak dira hauek guztiak, Tafallako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza orokorrean agertzen den bezala, zioen azalpenean hain zuzen ere.
Tafallako Udalak, 2016ko azaroaren 2an, hasiera batean onetsi zuen Dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra. Behin betiko argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2017ko otsailaren 13an, jarduera hau arautzen duen esparru juridiko gisa.
Oinarri arautzaile hauek dirulaguntzei dagozkie, larrialdi sozialeko egoeran dauden pertsona eta familia-unitateentzat. Asmoa dute gutxieneko bizi-baldintzei erantzutea eta horiek bermatzea beren ingurunean bertan, pertsonen funtsezko eta oinarrizko beharren arloan eta prebentzio, gizarte-integrazio eta/edo prestakuntzako eta gizarte-hezkuntzako beharretan ere.
Horretara behartzen dute ekonomia eta lan arloetako krisiaren ondorioek, urratu baitute pertsonen eta/edo familien gaitasuna oinarrizko beharrei aurre egiteko. Horregatik, beste toki entitate batzuetan bezala, Tafallako Udalak beharrezkotzat jo du aurrekontuko partidak sortzea, familientzako dirulaguntzen bidez, larrialdi sozialeko egoerak leuntzen arin laguntzeko. Egun dauden partida ekonomikoen osagarri dira.
Izan ere, Tafallako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren 3.1 artikuluan hura aplikatzeko eremu orokorra aipatzen da. Horrek hartzen ditu “gizarte-hezkuntza izaerako jarduerak eta zerbitzuak”. Eta 8.1 artikuluak zehazten ditu dirulaguntza jaso dezaketen arlo sozialak, hala nola: alokairuetarako sorospena, terapia-tratamenduan dagoen kiderik duten familientzako laguntza, prestakuntzarako laguntzak, larrialdi sozialeko egoeran dauden pertsona eta/edo familientzako laguntza ekonomikoak, eta prebentziorako, esku-hartzerako, laguntzarako, errehabilitaziorako, gizarteratzerako edo gizarte ongizatearen sustapenerako jarduerak, horien xede izanik familiak, haurrak eta nerabeak, adinekoak, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonak, etorkinak, etniak eta gizarte-bazterketako arriskuan dauden bestelako kolektiboak.
Oinarri arautzaile hauek, banakako ebaluazioaren araubidean laguntza ekonomikoak ematekoak, pertsona eta/edo familientzako aurrekontuko dirulaguntzei dagozkie.
Banakako ebaluazioaren prozedura hautatu da familia-unitateentzako dirulaguntzak direlako, eta helburua dutelako erantzutea premiazko beharrean edo egoera sozioekonomiko larrian dauden familia zaurgarriei. Hori dela eta, dirulaguntzak emango dira eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera, deialdi bakoitzeko aurrekontuko partida agortu arte.
Horregatik, oinarri hauen helburua da larrialdi sozialeko eta/edo prebentzio eta gizarteratze prozesuetako laguntzak kudeatzea, indarrean dagoen legeriari jarraituz. Laguntzak gabezia sozioekonomikoak dituztenentzako dira, oso zail baitute oinarrizko beharrak betetzea honako hauetan: etxebizitza eta horren oinarrizko hornidurak, nutrizioa, osasuna, hezkuntza, prestakuntza, norberaren garapena eta gizarteratzea.
1. Kontzeptua.
Oinarri arautzaile hauetako laguntzak norbanakoentzako edo familientzako prestazioak dira, larrialdi egoerak konpon eta/edo diru-sarrerak lor ditzaten, funtsezko beharrak betetzeko eta gizarte-bazterketako egoerak saihestu edo arintzearren.
Aipatu laguntzak xededunak eta enbargaezinak dira, eta zertarako eman diren, horretarako soilik erabiliko dira.
2. Familientzako prestazio ekonomikoen xedea eta helburua.
Oinarri hauek helburu dute Tafallako Udalaren laguntza ekonomikoak zehaztea eta arautzea, herriko lagun eta familia-unitateei emango zaizkienak, hain zuzen ere, gizarte-bazterketako egoerak prebenitu, saihestu edo arintzeko behar diren berariazko gastuei (arruntak edo bereziak) aurre egiteko baliabide ekonomiko aski ez dutenean.
Prestazio hauen bidez sortu nahi dira ekonomikoki laguntzeko tresnak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Gizarte Laneko egite profesionalaren osagarri, Tafallan bizi diren familientzat, ekonomiaren eta/edo gizarte eta osasunaren arloetan premia egiaztatuak izanik, gizarteratzeko eta normalizaziorako oinarrizko beharrei aurre egiteko zailtasun handiak badituzte.
Helburuak.
a) Hainbat inguruabarren ondorioz, ekonomiaren, lanaren, osasunaren, gizartearen, kulturaren eta abarren arloetan zailtasunak edo arazoak dituzten pertsonen edo familien oinarrizko premiak betetzen direla bermatzea, egoera horiek gizarte-bazterketa ekartzen baitute.
b) Gutxiengoetako edo kultur talde bereizietako pertsonak edo familiak gizarteratzen laguntzea.
c) Bazterketa egoeran eta/edo gatazkan dauden familietako adingabeak eskolaratzen eta gizarteratzen laguntzea.
d) Autonomiaren aldetik zailtasunak dituzten pertsonak beren etxeetan gelditu ahal izatea bermatzea.
e) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gizarteratzeko prestaturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.
f) Beste edozein jardueratan laguntzea, baldin eta bideratuta badago familien, haur eta nerabeen, adinekoen, emakumeen, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen, etorkinen, etnien eta baztertzeko arriskuan dauden beste talde batzuen arloko prebentziora, esku hartzera, laguntzara, errehabilitaziora, gizarteratzera edo gizarte ongizatearen sustapenera, eta, orobat, gabezia egoera larriak eta larrialdi sozialeko egoerak zaintzera.
Mota batzuetako laguntzak hartzen dira oinarrietan, aipatu helburua lortzearren.
3. Laguntza motak eta gehieneko zenbatekoa.
3.1.–Pertsonen eta/edo familien oinarrizko beharrak asetzea.
3.1.1.–Ostatua eta erkidegoa.
a) Honako hauek ordaintzeko: etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota, etxebizitza partekatuko gela, bestelako ostaturen bat (ostatu-etxea, hotela eta abar). Zor horiek ordaintzeko laguntzak urteko bi hilabetekorako izango dira gehienez.
b) Utzarazpenaren ondoren etxebizitza aldatzearen ondoriozko gastuak, batetik bestera igarotzea errazteko. Fidantza kontzeptua hartuko da kontuan, eta gehienez alokairuaren hilabeteko bat.
c) Etxebizitza baterako alokairuaren kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitokia bada, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean eta diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketari aurre egiteko. Fidantza kontzeptua hartuko da kontuan, eta gehienez alokairuaren hilabeteko bat.
d) Jabeen erkidegoaren kuotak ordaintzea. Gehienez urteko bi hilabeteko ordaintzeko izango dira.
3.1.2.–Etxebizitzaren oinarrizko hornidurak.
a) Argindarraren, gasaren eta uraren gastuak, besterik ez, betiere ohiko bizitokikoak. Ez dira hartuko internet edo telefono gastuak.
b) Energiaz hornitzeko kontratuen altak ohiko etxebizitzan.
Kontzeptu horien urteko gehieneko zenbatekoa OAEAP 1 da hilabeteko eta familia-unitate bakoitzeko, etxeko hornidurei dagokienez (argindarra, gasa eta ura).
Horniduren kontratuetan alta emateko, altaren kostua ordainduko da, oro har ezarritako gehienekoa aintzat hartua.
3.1.3.–Nutrizioa eta higienea.
a) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako). Ondoko taulan ezarritakoa da kontzeptu honengatik hartzen ahal den gehieneko laguntza; gehienez ere, lau hilabeteko dira urtean, oro har ezarritako gehieneko ekonomikoa aintzat hartuta:
FU-KO KIDE KOPURUA | GEHIENEKO ZENBATEKOAK |
Kide bat | OAEAParen %10 hilabeteko |
2 lagunendako | OAEAParen %15 hilabeteko |
3 lagunendako | OAEAParen %20 hilabeteko |
4 lagun edo gehiago | OAEAParen %25 hilabeteko |
3.1.4.–Osasunarekin ikusteko duten laguntzak.
a) Gaixotasunaren ondoriozko gastuak, lekualdatze edo egonaldi behartuek sortutako gastuen kasuetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak igorrita; edo osasun sistema publikoak ordaintzen ez duen farmaziako gastua; OAEAP 1 urtean, gehienez ere, pertsona bakoitzeko.
b) Norberaren funtzionamendu integraturako beharrezkoak diren elementuak eskuratzeko laguntzak; besteak beste, zentzumenei (entzumenari eta ikusmenari) lotutakoak eta aho-hortzetakoak. Gehienez ere OAEAParen %50 urteko eta pertsonako.
c) Errehabilitazio-zentroetan egotearen ondoriozko gastuak, terapiako tratamendutarako denean. Gehienez ere OAEAParen %100 urteko eta pertsonako.
3.2.–Haur eta nerabeen prebentzio, gizarteratze eta hezkuntzako beharrei erantzutea.
Gizarte Zerbitzuetako taldeak baloratuko du kontzeptu hauengatik laguntzarik eman behar ote zaien honelako egoeretan dauden familiei:
–Eskolatzeko adinean dauden adingabeak dauzkatenak.
–Gizartearen eta familiaren sostengurik ez dutenak, egoerari edo arazoei aurre egin ahal izateko.
–Beharrezkotzat jotzea normalizazioa eta sozializazioa erraztea esparru ez arautuan.
–Oinarri hauetako baremo ekonomikoaren barnean daudenak.
–Nafarroako Gobernuan prestazio hauek, enpresetako gizarte onurak edo bestelakoak eskatu dituztenak.
Laguntzak ondoko kontzeptuetarako emango dira, bidezko denean, betiere plaza hutsik bada eskatutako jardueran:
Dirulaguntza kalkulatzeko, zerbitzuaren edo jardueraren tasa orokorra hartuko da aintzat. Ez dira kontuan hartuko tasa orokorrarekin alderatuta deskontua duten tasa eta tarifak (familia ugariarenak, desgaitasuna duten pertsonenak...).
3.2.1.–Eskolarako materialak.
Kontuan harturik aparteko gastu hauek beharrezkoak direla gizarte- eta eskola-bazterketa saihesteko edo arintzeko, laguntza emango da horiei aurre egiteko zailtasunak izaten direnean ikasturtea hasita eskolatzeagatik edo gerora sortutako egoera batengatik, betiere helburu horretarako Tafallako ikastetxeek tramitatzen dituzten laguntzak -Udalaren OGZrekin koordinatutako gizarte entitateen bidez eta/edo Gurutze Gorriarenak- eskuratu ez badira.
Gehienez ere, honako zenbateko hauek izango dira urteko:
–Haur Hezkuntzan, gehienez ere OAEAParen %10 adingabeko eta urteko.
–Lehen Hezkuntzan, gehienez ere OAEAParen %20 adingabeko eta urteko.
–Bigarren Hezkuntzan, gehienez ere OAEAParen %40 adingabeko eta urteko.
Eskaerak baloratzean, eta laguntzaren zenbatzeari dagokionez, kontuan hartuko dira honako kontzeptu hauengatik beste erakunde batzuei eskatutako bekak.
3.2.2.–Tafallako Haur Eskola.
Honako hau da dirulaguntza: hileko kuoten %80, aintzat hartuta Haur Eskolako tarifarik baxuena (PFEZaren azkeneko aitorpenaren arabera zenbatua).
3.2.3.–Kirol jarduerak (Udalarenak, Erdialdeko Kirol Mankomunitatearenak eta kirol klubenak).
Kirol jarduera bakarra lagunduko da diruz adingabeko eta ikasturteko. 5 eta 17 urte bitarteko adingabeentzat izango dira.
Dirulaguntza jardueraren kostuaren %80 izango da.
–Kirol Patronatuak antolatutako kirol jardueretan, familiak jardueraren kostuaren %20 ematen du, eta Tafallako Udalak, berriz, %80.
–Tafallako kirol klubek edo “Miguel Indurain” udal kiroldegiaren enpresa kudeatzaileak antolatutako jardueretan:
- Familiak jardueraren %20 ematen du.
- Udalak jardueraren kostuaren %80 hartuko du bere gain. Kirol klubek edo “Miguel Indurain” kiroldegiaren entitate kudeatzaileak hartzen badute jardueraren kostuaren portzentaje bat, hori Tafallako Udalak bere gain hartzen duen %80 horretatik kenduko da.
- Klubeko abonamendua beharrezkoa bada “Miguel Indurain” Udalaren kiroldegian sartzeko, familiak ez du ordaindu beharko eta Tafallako Udalak lagunduko du diruz oso-osorik. Halaber, instalazioko entitate kudeatzaileak hartzen badu bere gain kostuaren portzentaje bat, hori kenduko zaio Udalak bere gain hartzen duen zenbatekoari.
3.2.4.–Txikilandia udal ludoteka.
Dirulaguntza urteko kuotaren kostuaren %80 izango da, 0 eta 12 urte bitarteko adingabeentzako.
3.2.5.–Udako igerilekuen txartela eta igeriketa ikastaroak.
Dirulaguntza udako sarbide arrunteko txartelaren kostuaren %80 izango da, eta familiak %20 ordainduko du. “Miguel Indurain” kiroldegiaren entitate kudeatzaileak hartzen badu bere gain txartelaren kostuaren portzentaje bat, hori Tafallako Udalak bere gain hartzen duen %80 horretatik kenduko da.
Honako hauek dira emateko irizpideak:
Udako igerilekuetan sartzeko:
–0 eta 17 urte bitarteko adingabeen familiak.
–10 urte baino gutxiagoko adingabeen familiei dagokienez, adingabea eta guraso bat lagunduko dira diruz.
–11 eta 17 urte bitarteko adingabeen familiei dagokienez, adingabea baino ez da diruz lagunduko.
–8 urtez beherako hiru seme/alaba dituzten familiei dagokienez, familia-unitateko bi heldu lagunduko dira diruz. Kasu honetan, ofizialki aitorturiko desgaitasuna duen adingabea bi balira bezala zenbatuko da.
3.2.6.–Tafallix hiri kanpalekua.
Jardueraren kostuaren %80 lagunduko da diruz 8 eta 14 urte bitarteko adingabeentzat.
3.2.7.–Jostailuen kanpaina Eguberrietan.
Urteroko deialdian finkatuko da dirulaguntza. Honek helburua du haur guztiek, gutxienez Eguberrietan, jostailu berri bat izatea.
0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izango da.
Familiek erosketa justifikatu beharko dute, faktura bidez. Hori aurkeztu behar dute dirulaguntza eman eta hurrengo hilabetean, betiere urteko abenduaren 15a baino lehen.
3.3.–Helduen prebentzio, gizarteratze eta prestakuntzako beharrei erantzuteko.
a) Isolamendu egoerei eta gizartean bazterturik gelditzeko arriskuko egoerei aurrea hartzeko laguntzak izango dira, Tafallan egiten diren kultur, kirol eta komunitate jardueretan parte hartzeko dirulaguntza emanez, betiere Udalaren jardueretan parte hartzea lehentasunezkoa izanik. Gehienez ere OAEAPren %25eko laguntza emango da, pertsonako eta urteko. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izango jardueraren kostua baino handiagoa.
b) Sostengu puntualak, hezkuntza jarduera arautu gabeetan eta/edo prestakuntzako jardueretan parte hartzeko, prestakuntza jasotzeko modu bakarra direnean. Gehienez ere OAEAPren %25 pertsonako eta urteko. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izango jardueraren kostua baino handiagoa.
3.4.–Zenbatekoa gehienez ere.
3.1 eta 3.3 apartatuetako dirulaguntzei dagokienez, jasotako guztien batura gehienez ere OAEAPren %125 izango da, familiako eta urteko.
3.2 puntuan sarturiko dirulaguntzek -haur eta nerabeentzako prebentzio eta sustapenekoak direnak- ez dute gehieneko zenbatekorik, baina laguntza bakoitzak gehieneko kopurua edo portzentaje bat du.
4. Bateragarritasuna.
Dirulaguntzetako kontzeptuak elkarren bateragarri eta osagarritzat jotzen dira, betiere horien baturak ez badu gainditzen oinarri hauen 3.4 puntuko urteko gehienekoa. Horrez gain, oinarrietan ezarritako betekizunak bete behar dira.
Ezin da eskatu laguntza bat besterik kontzeptu beragatik.
Emaniko zenbatekoak beste erakunde edo entitate batzuetako dirulaguntzen osagarri izan daitezke. Hala ere, ezin dira izan dirulaguntzaren kontzeptuaren benetako kostua baino handiagoak. Beste dirulaguntza bat lortuz gero, Udalaren Gizarte Zerbitzuei esan behar zaie hori aitortu eta 15 eguneko epean.
5. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonek eta/edo familia-unitateek jaso ditzakete laguntza hauek.
Baremo ekonomikoa ez da Udalaren prestazio ekonomikoak jasotzeko baldintza bakarra. Horren aurretik kontuan hartuko dira irizpide teknikoak (prebentzioa, sustapena, egokitasuna, presa edo gisakoak), Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariek ezarriak. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek, txosten arrazoitu baten bitartez, dirulaguntzak hartzeko salbuespenak proposa diezazkiokete Alkatetzari, betiere babesgabeko adingaberik bada familian.
Baldintzak:
a) Laguntza eskatzen duen pertsona edo familia-unitatea Tafallan erroldatuta dagoela frogatzea.
b) Tafallako Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko programaren batean egotea.
c) Behar adinako baliabide ekonomiko propiorik ez izatea eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea ezinbestean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko.
Balorazio irizpide hau ezarri da deialdi honetako laguntzak lortu ahal izateko:
FAMILIAREN DIRU-SARRERA GUZTIEN BATUKETA, ken ETXEBIZITZAREN HILABETEKO GASTUAK, ken GASTU KENGARRIAK = FAMILIAREN HILABETEKO AURREKONTUA |
FAMILIAREN HILABETEKO AURREKONTUA zati FAMILIA-UNITATEAREN KIDE KOPURUA = familiaren per capita errenta ERABILGARRIA |
EMANGO DA, HONAKO HAUEK BAINO GUTXIAGO BADA –OAEAParen %33 hileko per capita errenta ERABILGARRIko, 18 urte baino gehiagoko helduen familia-unitateetan –OAEAParen %35 hileko per capita errenta ERABILGARRIko, 17 urte baino gutxiagoko adingabeak dituzten familia-unitateetan. |
–Familia-unitateko kide guztien diru-sarrera guztiak hartuko dira kontuan, honako hauek barne: errenta salbuetsia eta dibortziatutako/banandutako gurasoek seme-alabei eman beharreko mantenu-pentsioak (ez dira kontuan hartuko helburu zehatz baterako laguntzak, ikasteko bekak, aparteko laguntzak...). Agiri bidez justifikatu behar da dena, diru-sarrerarik ez badago ere. Langabeen kasuan, derrigorrezkoa da EEZPn izena emana izatea. Aurreko hiru hilabeteetako diru-sarrerak hartuko dira kontuan, agiri bidez argi eta garbi justifikatuta.
–Etxebizitzako honako gastu hauek hartuko dira kontuan, aldez aurretik justifikatuta:
–Hipoteka: mugarik gabe.
–Alokairua: mugarik gabe.
–Hornidurak: argindarra, ura, gasa...: OAEAParen %30 hilabeteko, oro har.
Familia-unitate batzuk badaude etxebizitzan, haien artean banatuko da gastua, eta kontuan hartuko zaio familia-unitate bakoitzari dagokion deskontua. Esaterako, ez zaio kontuan hartuko dena bati eta ezer ez besteei, azken hauek gauzazko laguntzarik eskatzen ez badute ere.
–Aurreko 6 hilabeteetan ordaindutako hiru ordainagiri (alokairukoak edo hipotekakoak) justifikatuko dira.
–Bestelako gastu kengarritzat hartuko dira honako hauek:
- Gaixotasun metabolikoen ondoriozko gastuak, egunero berariazko elikadura eskatzen dutenean: OAEAParen %20.
- Gaixotasun kronikoen ondoriozko gastuak:
a) 30 km baino gehiagoko astean behingo lekualdatzeak eskatzen dituztenean: OAEAParen %20ko kenkaria zenbatetsia.
b) 29 km baino gutxiagoko lekualdatzeak eskatzen dituztenean, eta/edo 30 km baino gehiagokoak eta gutxienez hilean behin egitekoak direnean: OAEAParen %10eko kenkaria zenbatetsia.
Laguntza eskatzen duten familia-unitateek honako hau deklaratu beharko dute:
“Zin egiten dut, ez nik ez nire familia-unitateko inork, ez dugula OAEAP halako 9 baino gehiagoko kapital higigarririk.”
–14 hilabeteko urteko OAEAP zenbatzen da, eta ateratzen den hilekoaren zenbatekoari lotzen zaio.
6. Onuradunen eginbeharrak.
a) Udalaren Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, dirulaguntza hau eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin edo egoera hori hobetzeko bitarteko pertsonalak abian jar daitezen. Erabakiak ez betetzeak berarekin ekar dezake zehapenen araubidea abian jartzea (oinarri arautzaileen 10. puntua).
b) Organo emaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla frogatzea, Tafallako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan.
c) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinaraztea gauzatzen ari den esku-hartze sozialarekin loturik lortutako edozein laguntza. Jakin bezain laster emango da horren berri eta, nolanahi dela ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
d) Udalak dirulaguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza kontroleko lanei men egitea.
e) Jasotako laguntzarekin egindako gastua frogatzea, 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Aipatu justifikazioa faktura edo agiri baliokide bidez egin behar da, betiere egiaztatzen badute gastua egin dela eman zen horretarako, bai eta ordaindu dela ere. Horiek aurkezteko epea hilabetekoa izango da, laguntza ematen den egunetik hasita.
f) Itzuli beharreko funtsak itzuli. Itzuliko dira bidegabe jasotako zenbatekoak, bai eta aurreikusitako eta egindako gastu osoa frogatzen ez denean ere.
g) Onuradunek ez dute jasotako laguntzaren finantzazioa hedatu beharrik.
7. Prozedura.
Banakako ebaluazioaren prozedura erabiliko da. Hori hautatu da familia-unitateentzako dirulaguntzak direlako, helbururako egokiena delakoan. Izan ere, xede dute familia batzuen ahulezi egoerari erantzutea, egoera sozioekonomiko larrian dauden familiena hain zuzen. Laguntzak emango dira eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera, deialdi bakoitzeko aurrekontuko partida agortu arte.
7.1.–Eskaerak. Dokumentazioa.
Eskabidea Udalaren erregistro nagusian aurkeztuko da, ondoko agiri hauekin batera:
–Eskatzailearen eta familia-unitateko gainerako kideen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia*.
–Familia Liburuaren fotokopia*.
–Familia-unitateak urte horretan dituen diru-sarreren eta gastuen frogagiriak, etxebizitzari dagozkionenak eta bestelako gastu kengarrienak hain zuzen ere. Halakorik ez bada, horren gaineko zinpeko aitorpena. Familia-unitatearen egoera ekonomikoa frogatuko da eskabidea tramitatzerakoan. Aurkeztu beharreko agiriak oinarri hauen 5. puntuan zehazten dira.
–Laguntza oinarrizko eta presako zer premiatarako eskatzen den, horri loturiko aurrekontua(k) edo zorraren frogagiria.
–Laguntzaren eskaera zehatzerako beharrezkotzat jo litezkeen bestelako agiriak, aurreko ataletan jaso ez direnak.
–Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria, Tafallako Udalak emana (ofizioz egiaztatuko da familia-unitateko kide guztiena).
–Gizarte Zerbitzuko profesionalen iritziz laguntzak baloratzeko beharrezkoak diren agiriak.
–Salbu Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren espedientean azaltzen badira.
7.2.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
Oro har, eta aurrekontu-kontsignazioa egonez gero, eskaerak azaroaren 30era arte aurkeztu ahalko dira, organo eskudunak laguntzak eta dirulaguntzak deitu eta biharamunetik hasita. Udalak oinarri hauek onetsi eta gero sortuko da aipatu deialdia. Ez da epe hori erabiliko “Tafallix hiri kanpalekua” eta “Udako igerilekuen txartela eta igeriketa ikastaroak” izeneko jarduerekin, horien epeak zehaztuko baitira dagozkien deialdietan.
Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak (instrukzio-organo gisa) interesdunari eskatuko dio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aurretik ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan jasotakoarekin bat.
7.3.–Balorazioa, ebazpena, ebazpen epeak eta dirulaguntza ematea.
Dirulaguntza Alkatetzaren ebazpenaren bidez emanen da, Gizarte Zerbitzuetako teknikariek baloratu eta gero. Ez da balorazio batzordea sortu beharrik.
Ondoko hauek azalduko dira ebazpenean: emaniko zenbatekoa, kontzeptua, justifikatzeko epea eta era, bai eta jar daitezkeen errekurtsoak ere, oinarri hauen 12. puntuan ezarri direnak.
Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko aurrekontuetan ezarritako zenbatekoa.
Dirulaguntza ez da inolaz ere izanen dirulaguntzaren xede diren gastuak baino handiagoa. Aurreratutako zenbatekoak gastua baino handiagoak balira, onuradunak itzuli egin beharko luke horren gainetik jasotako zenbatekoa.
Dirulaguntza justifikatu zuten inguruabarrak aldatuz gero, ebazpena ere alda daiteke inguruabar berriei egokitzeko.
Dirulaguntza ebazteko epea 30 egun baliodunekoa izango da.
7.4.–Ordainketak eta gastua frogatzea.
Emateko ebazpenaren ondoren, prestazioa edo laguntza ordainduko da.
Gastuen fakturek edo ordainagiriek pertsona fisiko edo juridiko igorlearen oinarrizko datuak jaso beharko dituzte, horretan barne direla identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN), gastuen kontzeptuak zehazturik, eta horiei dagokien zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion atala barne, halakorik bada.
Halaber, pertsona fisiko edo juridiko igorlearen hartze-agiriko zigilua eta sinadura jaso beharko dituzte fakturek edo frogagiriek. Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, nahitaez.
Salbuespenezko kasuetan, Gizarte Ongizateko Arloak egindako txostena edo memoria aurkeztu ahal da fakturen ordez, Tafallako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren 18.3 artikuluan agertzen den bezala.
Horiek aurkezteko epea hilabetekoa izango da gehienez, dirulaguntza eman den egunetik hasita, betiere urteko abenduaren 30a gainditu gabe.
Onartutako laguntza bereziak aldi bakarrean ordainduko dira.
Orokorrean, laguntzaren hartzailea eskatzailea bera izango da.
7.5.–Berme neurriak.
Ez da berme neurririk eskatuko.
7.6.–Jarduera azpikontratatzeko aukera.
Banakako laguntzak direnez, ezin dira jarduerak azpikontratatu.
7.7.–Publizitaterako arauak.
Ematen diren dirulaguntzak ez dira argitaratuko, zeren, onuradunen datuak zabaltzea, dirulaguntzaren xedea dela-eta, pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Nafarroako Foru Administrazioari buruzko abenduko 15/2004 Foru Legearen 15.1b) artikuluan ezarri bezala.
7.8.–Kontabilitate erregistroa.
Laguntzak pertsonentzako eta/edo familientzako direnez, ez da kontabilitateko libururik eraman behar.
8. Pertsona fisiko eta/edo juridikoen lankidetza.
Prestazioa behar bezala erabiltzen dela bermatzearren, aukera izango da, salbuespenez, laguntzaren zenbatekoa pertsona fisiko edo/eta juridiko laguntzaileei ordaintzeko, laguntza hobeki erabili ahal izateko.
Laguntzaren dirua entitatean sartu ahal izateko, beharrezkoa da onuradunaren baimen espresa.
Hala bada, pertsona fisiko eta/edo juridikoek frogatu behar diote Udalari beren laguntzaren xede den kontzepturako ordainketa egin dutela. Hori egin dezakete dagozkion fakturen bidez edo ziurtagiri baten bidez, jarduera egin dela agertzen duena (zuzeneko zerbitzuen prestazioaren kasuan bezala, Tafallako kirol klubak, udako igerilekuetako txartela...).
9. Jasotako dirua itzuli beharra.
Tafallako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza orokorraren VI. kapituluko 23. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio. Horrek aipatzen duenaren arabera, araubideak dira Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamendua.
10. Zehapenak.
Tafallako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza orokorraren VI. kapituluko 24. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio. Horrek aipatzen duenaren arabera, araubideak dira Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamendua.
11.–Oinarri arautzaileen eta deialdiaren aurka jartzen ahal diren administrazio errekurtsoak.
Oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:
Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hau, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu, eta biharamunetik hasita zenbatuko da.
Iragarkiaren kodea: L1900389
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
