26. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

9/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deia egiten baita ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programarako, sare itunduko ikastetxe gehiago sar daitezen, eta ezartzen baitira programa hori emateko oinarriak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumak arautzen dituzten indarreko arauek (abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuak eta apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuak) ezartzen dute curriculumeko hizkuntza guztien ikaskuntza era bateratu eta koordinatuan eginen dela, ikaskuntza hori optimizatzeko. Halaber, curriculum arlo batzuk atzerriko hizkuntzetan irakasteko aukera aurreikusten dute, baina curriculumeko oinarrizko alderdietan aldaketarik sartu gabe.

Europan eleaniztasuna eta mugikortasuna sustatzeko politikaren esparruan, Hezkuntza Departamentuak atal elebidunen programaren deialdia egin ohi du, programa ezartzea eskatzen duten sare itunduko ikastetxeetan atzerriko hizkuntzen ikaskuntza bultzatzeko eta hobetzeko xedearekin, betiere ikastetxe horiek ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, urtarrilaren 17an, non proposatzen baitu ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programaren deialdia egitea, sare itunduko ikastetxe gehiago sar daitezen, eta oinarriak ezartzea programa horiek emateko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Atal elebidunen programaren deialdia egitea, sare itunduko ikastetxe gehiago sar daitezen, ebazpen honen 1. eranskinean ezarritako prozedurarekin bat.

2. Ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programa sare itunduko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan emateko oinarriak onestea, ebazpen honen 2. eranskinean datozenak.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikaziorako egintza administratiboen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Atzerriko Hizkuntzen Atalari eta Ikasketak Antolatzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 24an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Deialdia, ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programa ematea baimentzeko, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren sare itunduko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetarako

Lehenbiziko oinarria.–Xedeko ikastetxeak eta baldintzak.

1. Bigarren Hezkuntza ematen duten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren sare itunduko ikastetxe guztiek eskatzen ahalko dute atal elebidunen programa emateko baimena, deialdi honetan parte hartzea eskatzen badute eta haren baldintzak betetzen badituzte.

2. Atal elebidunen programa eman nahi duten ikastetxeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Plantillan izatea, gutxienez, hizkuntzaz bestelako arlo bateko irakasle bat bere irakasgaia dagokion atzerriko hizkuntzan emateko behar den hizkuntza-ziurtagiria duena –eranskin honetako bigarren oinarrian ezartzen dena–.

2.2. Atal elebidunerako proiektu bat egitea (4. eranskina), atal hori irakasteko aurreikusitako programazioa jasoko duena. Arlo hauek garatuko dira, kontuan hartuta ebazpen honen 2. eranskinean jasotzen diren oinarrietan ezarritakoa:

2.2.1. Atala ezartzeko lehenbiziko ikasturtea:

–Zer irakasgai emanen den/diren dagokion atzerriko hizkuntzan, eta zer neurritan, lehenbiziko ikasturtean.

–Atzerriko hizkuntzako berariazko edukien proposamena, hizkuntza horretan emanen diren irakasgaiekin loturik.

–Atal elebidunean irakatsiko duten irakasleen zerrenda, eta Atzerriko Hizkuntza ez beste irakasgaietako irakasleen hizkuntza-ziurtagiriak.

–Atalaren antolaketaren datuak: aurreikusten den ikasle kopurua, taldekatzeko modua, ordutegia eta irakasleen koordinazio bileretarako aurreikusitako egutegia.

–Programa emanen duten irakasleen prestakuntza beharrak, hizkuntzaren eta metodologiaren aldetik.

–Ikasturteko koordinatzailearen izena eta posta elektronikoaren helbidea.

2.2.2. Atal elebiduna etapako hurrengo ikasturteetan ezartzeko aurreikuspena (2019-2020 ikasturtetik aurrera):

–Zer irakasgai aurreikusten den atzerriko hizkuntzan ematea.

–Zer plantilla aurreikusi den atalean irakasteko.

–Etorkizunean atzerriko hizkuntzan irakatsiko duten ikastetxeko irakasleak akreditatzeko proposamena, beharrezkoa denean.

Bigarren oinarria.–Irakasleak.

C1 maila bezalako hizkuntza-eskakizuna badutela frogatu beharko dute atzerriko hizkuntzan ematen diren hizkuntzaz bestelako irakasgaietako irakasleek, martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduan adierazten den bezala.

Hirugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta dokumentazioa.

1. Baimena lortzeko eskaera (3. eranskina), ikastetxeko zuzendaritzak egina, eta hurrengo atalean aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko dira Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, otsailaren 20aren aurretik.

2. Eskabideei agiri hauek erantsi beharko zaizkie:

a) Atal elebidunaren proiektua, 2.2 puntuan aipatzen dena (4. eranskina).

b) Parte hartuko duten irakasleen datuak eta konpromisoa (5. eranskina).

c) Hizkuntza-maila egiaztatzeko agiriak.

Laugarren oinarria.–Hautapen Batzordea eta deialdiaren ebazpena.

1. Baimena lortzeko, Hezkuntza Departamentuak kide hauek izanen dituen Hautapen Batzordea eratuko du:

–Burua: Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Kideak: Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua eta Hezkuntza Departamentuko bi hizkuntza teknikari.

2. Baimena emateko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren koherentzia eta justifikazioa.

b) Programak duen bideragarritasuna, irakasleen aldetik eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzearen aldetik.

3. Ikastetxeko irakasleekin programari etapa osoan eustea berma dezaketen ikastetxeei soilik emanen zaie atal elebiduna irekitzeko baimena.

4. Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebatziko du deialdi hau, eta dagokion ebazpena emanen du.

Bosgarren oinarria.–Laguntza neurriak.

Hezkuntza Departamentuak aholku emanen du proiektua ezarri eta garatzeko, eta programaren jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu. Halaber, berariazko jarduerak sustatuko ditu Atal Elebidunen programa batean parte hartzen duten irakasleek prestakuntza linguistiko eta didaktikoa izan dezaten.

Seigarren oinarria.–Programan gehiago ez parte hartzea.

1. Baimena izanda ere, atal elebidunean parte hartzen segitu nahi ez duten ikastetxeek idatziz adierazi beharko diote Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, programan parte hartzeari uzten dioten urteko apirilaren 30a baino lehen.

Edozein kasutan ere, ikastetxeak bermatuko du programan hasitako ikasleek bertan jarraitzea etapa bukatu arte.

2. Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak bertan behera utz dezake ikastetxe batek atal elebidunen programan duen parte-hartzea, haren funtzionamendua ikusita, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostena baloratu ondoren.

Orobat, ikastetxeko zuzendariak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari eskatzen ahalko dio ikasleren bati baja eman diezaiola programan, gurasoek edo legezko tutoreek eskatuta, betiere gerora sortutako arrazoi objektiboak badaude.

2. ERANSKINA

Oinarriak, ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programa eman daitezen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren sare itunduko ikastetxeetan

Lehenbiziko oinarria.–Atal elebidunen ezaugarriak.

1. Definizioa.

Atal elebidunen programan, curriculumeko eduki batzuk atzerriko hizkuntza batean ikasten dira. Hizkuntzen integrazioa eta edukien eta hizkuntzaren arteko integrazioa dira ikaskuntza horren oinarri metodologikoak.

Atal elebidunek, bermatuko dute ezen, beren xedeko atzerriko hizkuntzaz gain, gutxienez ere linguistikoa ez den irakasgai bat hizkuntza horretan emanen dela osorik edo partez.

Atal elebiduneko taldeek gutxienez ere 15 ikasle izanen dituzte. Salbuespenez, talde txikiagoak ere baimendu daitezke, inguruabarrengatik komeni bada.

2. Ikaslea atalean sartzea eta ikasketa espedientea.

2.1. Atal elebidun batean sartzeko, ikasleek DBHko lehenengo mailan matrikulaturik egon beharko dute, atalaren xedeko atzerriko hizkuntza ikasten, eta gurasoen edo legezko tutoreen idatzizko baimena eduki beharko dute. Salbuespenez, ikastetxeak baimena eman dezake ikasleak atal elebidunean hasteko DHBko lehenengo maila ez den beste batean, bere irizpideei jarraikiz.

2.2. Ikastetxeek hasierako proba bat egin dezakete hizkuntzaren ezagutza maila neurtzeko, ikasleei orientazio akademiko egokia emateko.

2.3. Atal elebiduneko ikasleek etapa osoan gelditu beharko dute programa horretan. Nolanahi ere, ikastetxeko zuzendaritzak, irakasle taldearen txostena ikusita eta Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren oniritzia izanik, ikasleari programan baja ematea proposatzen ahalko die gurasoei edo legezko tutoreei.

2.4. Atal elebidunean parte hartu izana ikasle bakoitzaren espedientean eta ikasketen historian jasoko da. Horretarako, ezinbestekoa da dagokion ereduan eta programan egitea EDUCAren bidezko matrikula.

3. Egitura.

3.1. Atal elebidunaren programa DBHko lehenbiziko mailan hasi eta etapa osoan emanen da.

3.2. Hizkuntzaz bestelako irakasgaien ibilbide bat planifikatuko da etapa bakoitzerako.

3.3. Programa Batxilergoan ere ematea ikastetxearen antolaketa-aukeren araberakoa izanen da. Batxilergoan, autonomia erkidegoen konfigurazio askeko irakasgaien ordutegia erabiltzen ahalko da atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaien eskaintza zabaltzeko.

Bigarren oinarria.–Atal elebidunaren xedeko irakaskuntzak.

1. Irakasgaiak.

1.1. Indarreko araudiak Nafarroako Foru Komunitaterako ezartzen duena izanen da atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaien curriculuma. Ikasleak, beraz, horren arabera ebaluatuko dira. Kontuan hartuko da arlo bakoitzari dagokion edukia ikastea dela erabateko lehentasuna, hizkuntzakoak ez diren irakasgaietan, komunikazio-hizkuntzaren gainetik. Hala, ikasleek atal elebidunen programan parte hartzeak ez du eraginik izanen, inola ere, ohiko curriculumaren arabera eman beharreko kalifikazioetan.

1.2. Atzerriko Hizkuntza.

Atzerriko hizkuntzako irakasle espezialistak emanen du irakasgai hori.

Atzerriko Hizkuntza nahitaezkoa izanen da ataleko ikasle guztientzat, eta hizkuntza horretan irakasten diren gainerako irakasgaiak indartzeko edukiak izan ditzake.

Erabili beharreko metodologiari, materialak aukeratzeari eta prestatzeari eta ikasgelan jorratu beharreko gaiei buruzko erabakiak ekintzara bideratutako ikuspegitik hartuko dira, ikasleen behar eta interesei kasu eginez. Horrela, komunikazio egoera adierazgarriak bilatuko dira, hizkuntza gaitasuna ezin hobeki garatzeko esparruak sortuz.

1.3. Atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaiak.

Curriculumeko edozein irakasgai ematen ahalko da atzerriko hizkuntzan, salbu Gaztelania eta Literatura, Euskal Hizkuntza eta Literatura edo atzerriko beste hizkuntzak.

Kontuan harturik atal elebidunean ikasten ari diren ikasleen ezaugarriak eta atalak ikastetxean duen ezarpen maila, irakasgaiak osoki edo partez ematen ahal dira atalaren xedeko atzerriko hizkuntzan, baina, betiere, bermatuko da ordutegiaren %50 gutxienez atzerriko hizkuntzan izatea. Alde horretatik, atal elebiduneko irakasle taldeak erabakiko du atzerriko hizkuntzan emanen den programak zer eduki eta portzentaje izanen dituen.

Osorik atzerriko hizkuntzan irakasten ez diren irakasgaien kasuan, gomendatzen da zatirik praktikoena ematea programaren xede den hizkuntzan.

2. Irakasleak.

Martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduan jasotzen diren hizkuntza-eskakizunetako baten bidez atzerriko hizkuntzan gutxienez C1 maila frogatzen duten irakasle espezialistek emanen dituzte berez hizkuntzaren esparrukoak ez diren irakasgaiak.

3. Ebaluazioa.

Atzerriko Hizkuntza irakasgaian, batez ere, eraginkortasun eta gaitasun linguistikoari lotutako alderdiak ebaluatuko dira; beste arloetan, berriz, lortzen diren edukiei eta gaitasunari erreparatuko zaie, baita kasuan kasuko arloko helburuak zein neurritan lortzen diren ere.

Hirugarren oinarria.–Koordinazioa.

1. Ikastetxeek irakasle bat izendatuko dute atal elebiduna koordinatzeko; ahal dela, atal elebidunean Atzerriko Hizkuntza irakasten duen irakasle bat.

2. Koordinazioko irakaslearen eginkizunak hauek izanen dira:

–Atal elebidunarentzako ikasturteko lan programa proposatzea: bileren egutegia, landuko diren gai nagusiak (edukiak, ebaluazioa, materialen egokitzapena, laguntzarako edukiak), etab.

–Asteko bileren edukia eta eguneko gai zerrenda ezartzea. Bilerak ataleko irakasle guztientzat interesgarriak diren gaien arabera antolatuko dira, edo mailaren arabera, edo irakasgaien arabera.

–Bilera bakoitzeko gaien arabera behar diren ataleko irakasleei dei egitea, bilerak gidatzea eta akta egitea.

–Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean aritzea, ataleko berariazko prestakuntza edo lan taldeak proposatzeko.

–Zuzendaritza taldearekin egin beharreko bilerak finkatzea eta txostena egitea honako hauetan sartu beharreko programaren alderdiei buruz: Urteko Plangintza Orokorra, Bizikidetza Plana eta Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua.

3. Bestalde, atal elebidunean inplikatutako irakasleek betebehar hauek izanen dituzte:

–Ataleko programazioaren eta bukaerako memoriaren prestaketan laguntzea.

–Bere arloari dagozkion curriculum material berariazkoak prestatu edo egokitzea.

–Koordinatzaileari laguntzea programa garatzen, eta deitzen zaion bilera guztietara joatea.

–Programatzen diren ikastetxeen arteko koordinazio eta prestakuntza saioetan parte hartzea.

4. Koordinazio bilerak honelakoak izanen dira:

–Irakasle talde osoaren bilerak: gutxienez, hasierako bilera bat eginen da irailean, eta bukaerako beste bat ekainean.

–Departamentuen edo intereseko arloen araberako bilerak, eraginkorragoak izateko. Edukiaren arabera zehaztuko da nork parte hartuko duen bileretan eta zenbatean behin eginen diren.

Nolanahi ere, koordinazioaren bidez honako gai hauek landuko dira:

–Atzerriko hizkuntzan eman beharreko programari eta edukiei buruz erabakiak hartzea; material lagungarriak proposatzea, bai atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaietarako, bai Atzerriko Hizkuntza irakasgaian beste irakasgaien errefortzu gisa lantzeko.

–Ebaluazioaren edukiari eta formari buruzko erabakiak, eta irakasgai bakoitzetik aplikatuko diren irizpide osagarriei buruzkoak.

–Berariazko prestakuntza. Bateratze lana. Lantaldeak.

Zuzendaritzak erraztasunak emanen ditu, ikastetxeko ordutegian, atal elebiduneko taldearen bilerak bermatzeko behar den denbora eta lekua izan dadin.

Laugarren oinarria.–Irakasleen prestakuntza.

1. Hezkuntza Departamentuak aholku emanen du proiektua ezarri eta garatzeko, eta programaren jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu. Halaber, berariazko jarduerak sustatuko ditu, prestakuntza linguistiko eta didaktikoa izan dezaten Atal Elebidunen programa batean parte hartzen duten irakasleek.

2. Behar denean antolatzen den berariazko prestakuntzaren barnean, Hezkuntza Departamentuak beretzat gordetzen du atal elebidunaren programa garatzen duten ikastetxeek egindako lan eta esperientziarik bikainenak erabiltzeko eta zabaltzeko eskubidea.

Oinarri hauek aplikatuko zaizkie bai aurreko deialdi eta ikasturteetan atal elebidunen programa emateko baimena zuten ikastetxeei, bai emateko baimena lortzen dutenei.

3. ERANSKINA

Atal elebiduna baimentzeko eskaera.

4. ERANSKINA

Eskaeraren xedeko proiektua.

5. ERANSKINA

Irakasleen datuen eta konpromisoaren fitxa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1901148