26. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

8/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira oinarriak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak emateko Bigarren Hezkuntzan (atal elebidunak eta Bigarren Hezkuntza eleaniztuna), eta zeinaren bidez deitzen baita ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programa beste ikastetxe batzuk sar daitezen.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumak Nafarroan arautzen dituzten dekretuek (abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuak) ezartzen dute curriculumeko hizkuntza guztien ikaskuntza era bateratu eta koordinatuan eginen dela, ikaskuntza hori optimizatzeko. Halaber, curriculum arlo batzuk atzerriko hizkuntzetan irakasteko aukera aurreikusten dute, baina curriculumeko oinarrizko alderdietan aldaketarik sartu gabe.

Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak Bigarren Hezkuntzan hauek izan daitezke:

A.–Atal elebidunak (AE) ingelesa/frantsesa/alemana.

B.–Bigarren Hezkuntza eleaniztuna/British.

Programa hauetan, curriculumeko eduki batzuk atzerriko hizkuntza batean ikasten dira. Curriculumeko hizkuntzen tratamendu integratua (HTI) eta curriculumeko edukien eta hizkuntzen arteko integrazioa dira ikaskuntza horren oinarri metodologikoak.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Bigarren Hezkuntzan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak emateko oinarriak onestea.

2. Ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programaren deialdia egitea, ikastetxe publiko gehiago sar daitezen, ebazpen honen 2. eranskinean ezarritako prozedurarekin bat.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen aurka eta aplikaziorako egintza administratiboen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Atzerriko Hizkuntzen Atalari eta Ikasketak Antolatzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 24an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Programak atzerriko hizkuntzetan emateko oinarriak

1. Xedea eta aplikazio esparrua.

A.–Bigarren Hezkuntzako atal elebidunen programak irakasgai bateko edo gehiagoko curriculum ofiziala garatzen du, komunikazio-hizkuntza gisa alemana, frantsesa edo ingelesa erabiliz, osorik edo zati batean.

Frantseseko eta alemaneko atal elebidunetan, DBH 1en eta DBH 2n errefortzua jarriko da, modu orokorrean, atalari dagokion Atzerriko Hizkuntza irakasgairako. DBH 3ra eta DBH 4ra pasatutakoan, behin ikasleek hizkuntzaren gaineko ezagutza nahikoa izanik, ikastetxeak aukera izanen du hizkuntzakoa ez den arlo bat edo batzuk eskaintzeko dagokion atzerriko hizkuntzan.

B.–Bigarren Hezkuntza eleaniztuneko programetan, atzerriko hizkuntza batean ikasten dira hizkuntzakoak ez diren bi arloetako curriculum edukiak gutxienez, eta, gainera, jarraipena ematen die atzerriko hizkuntzetan ikasteko Lehen Hezkuntzako programei eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta British Councilen arteko hitzarmeneko British programari.

2. Atzerriko hizkuntzan ematen diren curriculum arloak.

2.1. Curriculumeko edozein arlo ematen ahalko da atzerriko hizkuntzan, Gaztelania eta Literatura, Euskal Hizkuntza eta Literatura edo atzerriko beste hizkuntzak izan ezik. Lehentasuna emanen zaie hizkuntzazko eduki gehien duten irakasgaiei.

2.2. Hizkuntzakoak ez diren irakasgaien ibilbide bat planifikatuko da etapa bakoitzerako, ikastetxearen arabera. Hala ere, ikastetxean dauden giza baliabideen arabera, ibilbide hori aldatzen ahalko da ikasturte batetik bestera.

2.3. Atzerriko hizkuntzaren erabilera:

A.–Kontuan harturik atal elebidunean ikasten ari diren ikasleen ezaugarriak eta atalak ikastetxean duen ezarpen maila, irakasgaiak osoki edo partez ematen ahal dira atalaren xedeko atzerriko hizkuntzan, eta bermatuko da ordutegiaren %50 gutxienez atzerriko hizkuntzan izatea. Alde horretatik, atal elebiduneko irakasle taldeak erabakiko du atzerriko hizkuntzan emanen den programak zer eduki eta portzentaje izanen dituen.

B.–Bigarren Hezkuntza eleaniztuna/HKKM-BC programan egiten diren irakasgaiak osorik eman beharko dira atzerriko hizkuntzan.

2.4. Astero atzerriko hizkuntzan emanen diren saioak, Atzerriko Hizkuntza irakasgaikoak barne, honela banatuko dira:

ATAL ELEBIDUNAK

BIGARREN HEZKUNTZA ELEANIZTUNA/BRITISH*

A/G ereduak

B/D ereduak

A/G ereduak

B/D ereduak

–5 saio gutxienez (atal elebidunak ingelesez)

–4 saio gutxienez (atal elebidunak alemanez/frantsesez)

–5 saio gutxienez (atal elebidunak ingelesez)

–4 saio gutxienez (atal elebidunak alemanez/frantsesez)

8 saio gutxienez

6 saio gutxienez

–Bigarren Hezkuntza eleaniztuna eta HKKM-BC programa eskaintzen duten ikastetxeek aukera izanen dute astean beste 2 saio emateko Ingelesa irakasgaian, ordutegi arruntetik kanpo. (HKKM-British Council hitzarmena).

2.5. Atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaien curriculuma indarreko araudiak Nafarroako Foru Komunitaterako ezartzen duena izanen da. Ikasleak, beraz, horren arabera ebaluatuko dira. Kontuan hartuko da arlo bakoitzari dagokion edukia ikastea dela erabateko lehentasuna, hizkuntzakoak ez diren irakasgaietan, komunikazio-hizkuntzaren gainetik. Hala, ikasleek Bigarren Hezkuntzan, atal elebidunetan edo Bigarren Hezkuntza eleaniztunean atzerriko hizkuntzak ikasteko programetan parte hartzeak ez du eraginik izanen, inola ere, ohiko curriculumaren arabera eman beharreko kalifikazioetan.

Osorik atzerriko hizkuntzan irakasten ez diren irakasgaien kasuan, gomendatzen da zatirik praktikoena ematea programaren xede den hizkuntzan.

2.6. Programak Batxilergoan ere ematea ikastetxeen antolaketa-aukeren araberakoa izanen da. Batxilergoan autonomia erkidegoen konfigurazio askeko irakasgaien orduetan eskaintzen ahalko dira atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaiak.

3.–Atzerriko Hizkuntza irakasgaia.

3.1. Atzerriko hizkuntzako irakasle espezialistek emanen dute Atzerriko Hizkuntza irakasgaia, eta horretan lehentasuna izanen dute ikastetxean behin betiko destinoa duten irakasle funtzionarioek.

3.2. Atzerriko Hizkuntza irakasgaietan, hizkuntza horretan irakasten diren gainerako irakasgaiak indartzeko edukiak eman daitezke.

3.3. Erabili beharreko metodologiari, materialak aukeratzeari eta prestatzeari eta ikasgelan jorratu beharreko gaiei buruzko erabakiak ekintzara bideratutako ikuspegitik hartuko dira, ikasleen behar eta interesei kasu eginez. Horrela, komunikazio egoera adierazgarriak bilatuko dira, hizkuntza gaitasuna ezin hobeki garatzeko esparruak sortuz.

4.–Ikastetxeek bete beharreko baldintzak.

4.1. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek atal elebidunak eskaini nahi badituzte atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan, Hezkuntza Departamentuari egin behar zaio eskaera, ebazpen honen 2. eranskinaren arabera: Deialdia, Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako institutu publikoetan ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programa ematea baimentzeko.

4.2. Baldin eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei atxikitako Lehen Hezkuntzako ikastetxeek atzerriko hizkuntza ikasteko programa bat baldin badute, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe horiek Bigarren Hezkuntza eleaniztuneko programa eskainiko dute.

5.–Antolaketa.

5.1. Ikastetxeen antolaketa:

Bigarren Hezkuntza eleaniztuneko programa duten ikastetxeek aukera izanen dute DBHko eskaintza arruntarekin batera hauek ere eskaintzeko: Atal elebidunak eta Bigarren Hezkuntza eleaniztuna.

Helburu izanik ikasleek atzerriko hizkuntzaren gaitasun linguistikoan duten aniztasunari behar bezala erantzutea, oso gomendagarria da ikastetxe bakoitzean bi programak ematea. Proposamen zabalago horri esker, aukera dago DBHko ikasketak egiteko atzerriko hizkuntzak maila ezberdinean landuz, eta hartara lortzen da proposamenak oso polarizatuak ez egotea eta hiru ikaskuntza maila eskaintzea.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuak ezarritako ikaspostu kopurua baino gehiago badira, ikastetxeak hautapena egiteko behar diren neurriak hartuko ditu, eta Eskola Kontseiluari jakinaraziko dizkio.

Atal elebiduneko taldeek gutxienez ere 15 ikasle izanen dituzte. Salbuespenez, talde txikiagoak ere baimendu daitezke, inguruabarrengatik komeni bada.

5.2. Ikasleen antolaketa:

Ikastetxeetan ikasleen antolaketa orokorra egitean, lehentasunez erreferentziazko talde heterogeneotan antolatuko dira, atzerriko hizkuntzetako programetan dauden ikasleekin eta programa horietan ez dauden ikasleekin. Ikastetxeek erabakiko dute zein diren talde egokienak ingelesez, frantsesez eta alemanez ematen diren arloetarako.

6.–Ikasleen betebeharrak.

6.1. Atal elebidunak:

–Ingeleseko atal elebidunetan sartzea:

  • Hala nahi duten ikasleek aukera izanen dute bertan sartzeko hizkuntza mailari buruzko proba bat eginda, eta irakasle taldeak aurrez onartuta, betiere programa horretan ikaspostu hutsak baldin badaude.

–Frantseseko/Alemaneko atal elebidunetan sartzea:

  • Hala nahi duten ikasleek aukera izanen dute bertan sartzeko irakasle taldeak aurrez onartuta, betiere programa horretan ikaspostu hutsak baldin badaude.

6.2. Bigarren Hezkuntza eleaniztuna eta Bigarren Hezkuntza HKKM-British:

–Probarik egin gabe sartzea: Lehen Hezkuntza atzerriko hizkuntzan ikasteko programetan edo HKKM-British Council programan egin duten ikasleak, betiere atzerriko hizkuntzaren irakasgaia gaindituta badute gutxienez eta Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (HEEEB) A2 mailari dagokion titulua badutela frogatuta, ikasleen etapa psikoebolutiboarekin bat.

–Proba bidez sartzea: Lehen Hezkuntzan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programarik egin ez duten ikasleek aukera izanen dute Bigarren Hezkuntza eleaniztunera sartzeko, baldin eta hizkuntza mailari buruzko proba bat gainditzen badute.

6.4. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programa bakoitzeko ikasleek programa hori eman beharko dute etapa guztian. Dena den, ikasturte bakoitza bukatutakoan, gurasoek edo legezko tutoreek zilegi dute eskatzea ikasle bati baja eman diezaiotela programan. Ikastetxeko zuzendariak eskaera onartu edo ukatu eginen du, irakasle taldearen txostena eta orientazio departamentuaren aholkuak kontuan harturik.

6.5. Bigarren Hezkuntza eleaniztunean parte hartu izana ikasle bakoitzaren espedientean eta ikasketen historian jasoko da.

7.–Etapen arteko trantsiziorako protokoloa:

Lehen Hezkuntzako etapa amaitzean, aholku orientatzaile bat emanen da gaitasun linguistikoari buruz, eta han, aholkatuko da DBHn atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen egokitasunaz.

Aholku orientatzailea hiru unetan emanen da:

a) Bigarren Hezkuntzako aurreinskripzioa baino lehen, Lehen Hezkuntzako 6. mailako irakasle taldeak familiei informazioa eta orientazioa emanen die Bigarren Hezkuntzako programa linguistikoei buruz, eta zuzendaritza taldeari eta orientazio zerbitzuari jakinaraziko die.

b) Matrikulazio aldia baino lehen eta Lehen Hezkuntzako etapako amaierako txostena izanik, atxikipen eta destinoko ikastetxeetako irakasle taldeek aurrez aurreko koordinazio bilera bat eginen dute, alderdi orokorrak ez ezik, hauei buruzkoak ere lantzeko:

–Lau trebetasunetako bakoitzean ikasleek gaitasun linguistikoan duten maila.

–Hizkuntzakoak ez diren arloetan aplikatutako metodologia.

–Europako proiektuetako parte-hartzea.

–Baliabideak eta materialak.

c) Ikasturte hasiera.

–Ohiz kanpoko matrikulazio aldian sartutakoak.

–Ikasleak, zeinak, hasierako ebaluazioaren ondoren, proposatuak izan baitira hasiera batean aurreikusitako ibilbidea uzteko edo hartzeko.

Une horretan sartutakoek edo programan izandako aldaketek ezin izanen dute, inolaz ere, plantillaren antolaketa aldatu.

8.–Irakasleak eta koordinazioa.

Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan irakasteko ordutegia daukaten lanpostuak, ahal delarik, atzerriko hizkuntzan gutxienez C1 maila frogatzen duten irakasle espezialistek beteko dituzte. Horretarako, martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduko hizkuntza-eskakizunetako bat eduki beharko dute.

8.1. Koordinazio linguistikoa.

a) Irakastordu bat esleituko zaio hizkuntzetakoak ez diren arloetako irakasle bakoitzari, programaren barnean arlo bat gutxienez irakas-hizkuntzan ematen badu, bere irakasgaia prestatzeko eta egokitzeko. Konpentsazio hori bateraezina izanen da programetan parte hartzeagatik aldi berean ematen diren beste ordu murrizketa batzuekin.

b) Programan parte hartzen duten irakasle guztiek, hizkuntzetako irakasgaiak zein hizkuntzetakoak ez diren irakasgaiak eman, ordu osagarri bat izanen dute beren ordutegian (ahal delarik ordutegi berean) koordinazio lanetarako: bilerak, txostenak eta memoriak idaztea, edo bestelako eginkizunak.

c) Programa linguistikoen (atal elebidunak eta Bigarren Hezkuntza eleaniztuna) koordinazioa pertsona batek eramanen du atzerriko hizkuntza bakoitzean, eta ahal dela behin betiko destinoa ikastetxean duten eta programaren xedeko atzerriko hizkuntza irakasten duten programako irakasleek hartuko dute zeregin hori. Irakasle koordinatzaileak irakastordu bateko murrizketa izanen du koordinazio lanaren ondoriozko eginkizunetarako.

d) Zuzendaritzak erraztasunak emanen ditu, ikastetxeko ordutegian, programetan parte hartzen duen taldearen bilerak bermatzeko behar den denbora eta lekua izan dadin.

8.2. Irakasle koordinatzailearen eginkizunak.

a) Ikasturteko lan programa proposatzea: bileren egutegia eta landuko diren gai nagusiak (adibidez: edukiak, ebaluazioa, materialen egokitzapena eta laguntzarako baliabideak).

b) Asteko bileren edukia eta eguneko gai zerrenda ezartzea. Bilerak programako irakasle guztientzat interesgarriak diren gaien arabera antolatuko dira.

c) Programako irakasleei deia egitea eta bilerak zuzentzea, bilera bakoitzeko gaiak ikusita, eta akta egitea.

d) Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean aritzea, programarako berariazko prestakuntza edo lantaldeak proposatuz.

e) Zuzendaritza taldearekin egin beharreko bilerak finkatzea eta txostena egitea Urteko Plangintza Orokorrean, Bizikidetza Planean eta Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan sartu beharreko programaren alderdiei buruz.

f) Programarako interesa duten jarduerei buruzko informazioa (prestakuntza, nazioarteko programak, AICLE sareak...) programako gainerako irakasleei jakinaraztea.

8.3. Irakasleen eginkizunak.

a) Programako programazioaren eta bukaerako memoriaren prestaketan laguntzea.

b) Bere arloari dagozkion curriculum material berariazkoak prestatu edo egokitzea.

c) Koordinatzaileari laguntzea programa garatzen, eta deitzen zaion bilera guztietara joatea.

d) Ikastetxeen artean programatzen diren koordinazio eta prestakuntza saioetan parte hartzea.

8.4. Koordinazio bilerak.

a) Programako irakasle talde osoarenak. Gutxienez hasierako bilera bat eginen da irailean, eta bukaerako beste bat ekainean.

b) Departamentu edo intereseko arlo bakoitzarenak. Edukiaren arabera erabakiko da nork parte hartuko duen bileretan eta zenbatean behin eginen diren.

c) Atxikitako Lehen Hezkuntzako ikastetxeekin (ikus etapen arteko trantsiziorako protokoloa, eranskinaren 7. puntua).

8.5. Koordinazio bileretan jorratu beharreko gaiak.

a) Helburuak eta atzerriko hizkuntzan eman beharreko edukiak.

b) Metodologia.

c) Ebaluazio irizpideak.

d) Prestakuntza beharrak.

e) Arloetako baliabideen biltegia.

f) Beharrezkotzat jotzen diren beste gai batzuk.

8.6. Programaren ebaluazioa eta urteko memoria.

Ikasturtea amaitutakoan, koordinatzaileak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programaren edo programen memoria digitala bidaliko dio Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, helbide elektroniko honetara: idiomas@educacion.navarra.es.

Memoria horrek alderi hauek jaso beharko ditu:

a) Parte hartu duten ikasleak eta irakasleak.

b) Antolakuntzarekin lotutako alderdiak: koordinazio bilera eta landutako gaiak.

c) Programaren xedeko hizkuntza komunikazio-hizkuntza gisa tratatzeko erabilitako baliabide material eta metodologikoak.

d) Metodologia aktiboak (proiektuka lan egitea, flipped classroom, lankidetzan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza).

e) Programetan emandako arloetan ikasleek lortutako emaitzen ondorioak eta analisi konparatiboa.

f) Ziurtatze probak prestatzea.

g) Egonaldiak, trukeak, programak eta jarduerak, zeinetan ikastetxeak parte hartzen baitu.

h) Jasotako prestakuntzaren balorazioa.

i) Hobetzeko proposamenak.

9.–Irakasleen prestakuntza eta partaidetza.

9.1. Hezkuntza Departamentuak aholku emanen du proiektua ezarri eta garatzeko, eta programaren jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu. Halaber, berariazko jarduerak sustatuko ditu atzerriko hizkuntzetan ikasteko programa batean parte hartzen duten irakasleek prestakuntza linguistiko eta didaktikoa izan dezaten.

9.2. Antolatzen den berariazko prestakuntzaren barnean, Hezkuntza Departamentuak eskubidea du programak ezartzen dituzten ikastetxeen lan eta esperientziak erabiltzeko eta zabaltzeko.

2. ERANSKINA

Deialdia, Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako institutu publikoetan ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programa ematea baimentzeko

Lehenbiziko oinarria.–Xedeko ikastetxeak eta baldintzak.

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko BHI eta DBHI guztiek eskatzen ahal dute baimena atal elebidunen programa emateko, deialdi honetan parte hartzea eskatzen badute eta baldintza guztiak betetzen badituzte.

2. Atal elebidunen programa eman nahi duten ikastetxeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Honako hauek gehiengo osoz onespena ematea programari:

–Programa ezarri eta lehen urtean atal elebidunean jardun behar duten departamentu didaktikoak (5. eranskina).

–Klaustroak (6. eranskina).

Eskola Kontseiluari jakinaraziko zaio programa linguistikoaren proiektu proposamena, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 17. artikuluan jasotzen duen bezala.

2.2. Bere irakasgaia atzerriko hizkuntzan emateko behar den hizkuntza-ziurtagiria –eranskin honetako bigarren oinarrian ezartzen dena– daukan irakasle batek gutxienez, ikastetxeko behin betiko plantillakoak, berariazko konpromisoa adierazi beharko du.

2.3. Atal elebidunerako proiektu bat egitea (4. eranskina), atal hori irakasteko aurreikusitako programazioa jasoko duena. Honako atal hauek garatuko dira:

A.–Atala ezartzeko lehenbiziko ikasturtea:

–Zer irakasgai emanen den/diren dagokion atzerriko hizkuntzan, eta zer neurritan, lehenbiziko ikasturtean.

–Atzerriko hizkuntzako berariazko edukien proposamena, hizkuntza horretan emanen diren irakasgaiekin loturik.

–Atal elebidunean irakatsiko duten irakasleen zerrenda, eta Atzerriko Hizkuntza ez beste irakasgaietako irakasleen hizkuntza-ziurtagiriak.

–Atalaren antolaketaren datuak: aurreikusten den ikasle kopurua, taldekatzeko modua, ordutegia eta irakasleen koordinazio bileretarako aurreikusitako egutegia.

–Programa emanen duten irakasleentzako prestakuntza beharrak, hizkuntzaren eta metodologiaren aldetik.

–Ikasturteko koordinatzailearen izena eta posta elektronikoaren helbidea.

B.–Atal elebiduna etapako hurrengo ikasturteetan ezartzeko aurreikuspena:

–Aurreikuspenen arabera, zer irakasgai emanen d(ir)en atzerriko hizkuntzan.

–Aurreikuspenen arabera, zer plantilla izanen den ataleko programa emateko.

–Etorkizunean atzerriko hizkuntzan irakatsiko duten ikastetxeko irakasleak akreditatzeko proposamena, beharrezkoa denean.

Bigarren oinarria.–Irakasleak.

Atalean irakasteko ordutegia daukaten lanpostuak, ahal delarik, atalaren xede den atzerriko hizkuntzan gutxienez C1 maila frogatzen duten irakasle espezialistek beteko dituzte. Horretarako, martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduko hizkuntza-eskakizunetako bat eduki beharko dute.

Hirugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta dokumentazioa.

1. Baimena lortzeko eskaera (3. eranskina), ikastetxeko zuzendaritzak egina, eta hurrengo atalean aipatzen diren agiri guztiak Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan, urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira 2018ko urtarrilaren 26aren aurretik.

2. Eskabideei agiri hauek erantsi beharko zaizkie:

a) Atal elebidunaren proiektua, 2.3 puntuan aipatzen dena. (4. eranskina).

b) Parte hartuko duten irakasleen datuak eta konpromisoa (7. eranskina).

c) Programa ezartzeari emandako onespena (lehenbiziko oinarriaren 2.1 puntuan aipatua) agertzen duten aktak.

Laugarren oinarria.–Hautapen Batzordea eta deialdiaren ebazpena.

1. Baimena lortzeko, Hezkuntza Departamentuak kide hauek izanen dituen Hautapen Batzordea eratuko du:

–Burua: Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Kideak: Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua eta Hezkuntza Departamentuko atal horretako bi teknikari.

2. Baimena emateko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren koherentzia eta justifikazioa.

b) Programak duen bideragarritasuna, irakasleen aldetik eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzearen aldetik.

3. Irakasle gaituekin eta, ahal dela, behin betiko destinoa ikastetxean bertan dutenekin programari etapa osoan eustea berma dezaketen ikastetxeei soilik emanen zaie atal elebiduna irekitzeko baimena.

4. Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebatziko du deialdi hau, eta dagokion ebazpena emanen du.

Bosgarren oinarria.–Laguntza neurriak.

Hezkuntza Departamentuak aholku emanen du proiektua ezarri eta garatzeko, eta programaren jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu. Halaber, berariazko jarduerak sustatuko ditu atal elebidunen programa batean parte hartzen duten irakasleek prestakuntza linguistiko eta didaktikoa izan dezaten.

Seigarren oinarria.–Programan gehiago ez parte hartzea.

1. Baimena izanda ere, atal elebidunean parte hartzen segitu nahi ez duten ikastetxeek idatziz adierazi beharko diote Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, programan parte hartzeari uzten dioten urteko apirilaren 30a baino lehen.

Edozein kasutan ere, ikastetxeak bermatuko du programan hasitako ikasleek bertan jarraitzea etapa bukatu arte.

2. Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak bertan behera utz dezake ikastetxe batek atal elebidunen programan duen parte-hartzea, haren funtzionamendua ikusita, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostena baloratu ondoren.

Orobat, ikastetxeko zuzendariak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari eskatzen ahalko dio ikasleren bati baja eman diezaiotela programan, gurasoek edo legezko tutoreek eskatuta, betiere gerora sortutako arrazoi objektiboak badaude.

3. ERANSKINA

Atal elebiduna baimentzeko eskaera.

4. ERANSKINA

Proiektua.

5. ERANSKINA

Atalean inplikatutako departamentu didaktikoetako irakasleek programa onesteko akta.

6. ERANSKINA

Klaustroak proiektuari emandako onespenaren akta.

7. ERANSKINA

Irakasleen datuen eta konpromisoaren fitxa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1901147