26. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa, Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Udalak, 2018ko urriaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Tuterako Udalaren Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantzan. Iragarkia 2018ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 16an.

Jendaurreko epea iraganda inork aldaketaren kontrako erreklamazio, eragozpen edo oharrik egin gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da, eta hartan egin aldaketak argitara ematen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikulua aplikatuz. Jarraian ematen da haien testua.

Ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespenaren kontra, hautara, honako errekurtso hauek aurkez daitezke:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2018ko abenduaren 5ean.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren definizioa (ELZ).

ELZ (Etxeko laguntza zerbitzua) udal zerbitzua da, eguneroko bizitzaren oinarrizko premiak beren ohiko ingurunean betetzeko mugak dituzten herritarrei zuzendua, eta banakoarendako zerbitzu batzuen prestazioa eskaintzen du aldi baterako edo modu iraunkorrean, egoera bakoitzaren arabera. Xedea da pertsona bere ingurunean ahalik eta hobekien integratzea, haren autonomia funtzionala handitzea eta haren bizi kalitatea hobetzea.

2. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) esku hartzea oinarritzen duten printzipioak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen printzipio orokorrekin bat, ELZren esku-hartzea printzipio hauetan oinarritua dago:

–Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatuko dute eta administrazioak bere gain hartuko du finantza, teknika, giza eta antolaketa arloetan behar diren baliabideak bultzatzeko eta bermatzeko ardura.

–Unibertsaltasuna eta berdintasuna: botere publikoek bermatuko dute eguneko jardueretan aritzeko mugak dituzten pertsona guztiek zerbitzua eskura izatea, betiere eskuratzeko baldintzak betetzen badira.

–Osagarritasuna: pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten beste zerbitzu eta baliabide batzuekin.

–Prebentziora bideratua: laguntza hartzen duen pertsonaren gaitasunen galera eragotzi edo murriztuko du, baita sostengu eta harreman sozialena ere.

–Autonomiaren sustapena: bultzatuko da eguneroko jardueretan parte hartzea eta familia inguruan eta komunitateko bizitzan moldatzea alor desberdinetan. Bultzatuko da nork bere erabakiak hartzea bai eraman nahi duen bizimoduari bai gogokoen dituen gauzak hautatzeari dagokionez.

–Laguntza pertsonalizatua eta osoa: ELZk norberari egokituriko laguntza eskainiko du, pertsonen gizarte premiak ezagutzeko aukera emango duena, haiei modu orokor eta osoan erantzun ahal izateko.

–Malgutasuna: kasu eta egoera bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emango duten baliabideen konbinazioa egingo da.

–Elkartasuna: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio sozialari mesede egitera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatuko dute, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

–Normalizazioa: ELZren lehentasuna izango da pertsonak atxikitzea beren gizarte, familia eta inguru pertsonalean, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte hartzea, ahal delarik.

–Koordinazioa: baliabide instituzionalekin nahiz sostengu informaleko baliabideekin koordinazioa eginez, esku-hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun maila handiagoa bermatuko da.

–Kalitatea: egiten den zerbitzua kalitatezkoa izango da, zerbitzu horiek egiaztatzeko ematen diren kalitate arauetan garatzen diren baldintzak betez.

–Gizarte arloko boluntario lanaren sustapena: zerbitzua erabiltzen duten pertsonen sostengu sare informalaren atal gisa toki mailan parte hartzen ahal duena, herritarren elkartasun printzipiotik abiatuz.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak.

ELZ honelako zerbitzua da:

–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu autonomia pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia-sorta zabala betetzea.

–Normalizatzailea, inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita oroz gain.

–Integrala, bizikidetza unitateen premiei oso-osorik heltzen baitie.

–Prebentiboa, haren bidez ahalegina egiten baita gaitasun pertsonalen hondatze egoerak eta sostengu eta gizarte harremanen galerak eragozteko edo murrizteko, inor beharrik gabe zentro batera eraman gabe, salbu eta zentroan bizi kalitate hobea bermatzen bada.

–Osagarria, oinarrizko beste laguntza batzuekin batera, helburuak lortzearren.

–Akuilatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak betetzen lagunduko duena, haren gaitasunak indartuz, aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz.

–Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesional adituek taldean esku hartzen baitute, haien lana behar adina gainbegiratua izanik.

–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak batera erabiliz. Segimendu horren barruan aldizkako kontaktuak egingo ditu zerbitzuaren arduradunak, laguntza-intentsitatearen arabera.

–Laguntza hartzen duten pertsonen eta haien zaintzaileen lehentasunekiko errespetuan oinarritua, profesionalen orientazioak kontuan harturik.

4. artikulua. Helburuak.

Etxeko Laguntza Programak honako helburu hauek ditu:

–Pertsonak beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, ingurunearekiko horrek dakarren deserrotzearekin.

–Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, beregaintasun handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea, erabiltzaileek beren kasa egin ditzaketen zereginak sustatuz.

–Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.

–Osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin jarduketak koordinatzea, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorrago izan dadin.

–Hobetzea norberaren oreka pertsonala, beren familiarena eta inguruarena familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, begiraleei behar bezalako sostengua eman diezaieten.

–Etxeko laguntza zerbitzuak ematea, nahiz eta horrek ez dakarren familiaren erantzukizunak hartzea ELZren erabiltzaileei dagokienez.

–Autonomia pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren unean uneko egoeretan laguntza ematea, pertsonarendako laguntzari lehentasuna emanez etxeko mantentze-lanen (garbiketen) gainetik; laguntza hori eten ahalko da, zerbitzuaren beharrei erantzutearren.

–Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduketak haien komunitate ingurunean indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoei aurreratzeko.

–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zaindutako pertsonei lagun egiteko indargarria izan dadin.

5. artikulua. ELZren helburuko erabiltzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira Tuteran erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia unitate guztiak, bizia beren gain egiteko mugaturik badaude eta horien ondorioz beren kasa premia pertsonal eta sozialak bete ezinean badabiltza eta laguntza behar badute beren ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko, lehentasuna izango dute honako hauek:

–Beregain izateko arazoak dituzten adineko pertsonek.

–Mendekotasun egoera aitortua dutenek.

–Autonomiari modu larrian eragiten dion desgaitasuna (%33koa edo handiagoa) dutenek.

–Familia-unitateek, beren baitan adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten kideak dituztenek, eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.

–Ospitalean alta emandako pertsonak, gehienez ere hilabeteko laguntza behar dutenak. Horren barnean dago aldi bererako hezkuntzako esku-hartzea, laguntza teknika batzuk (garbiketa, mobilizazioa, etab.) irakasteko. Tasa bakarra ezarriko da: 3. eranskineko 15. tartekoa.

–Salbuespenez, eta zerbitzuaren baldintzek ahalbidetzen badute, Tuteran erroldatutako senideen etxean aldi baterako dauden mendeko pertsonei ere ematen ahal zaie laguntza.

Premia maila bera izanik, kargaren eskala progresiboan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek izango dute lehentasuna eta, horien artean, diru-sarrera txikiagoak dituzten bizikidetza unitateak.

6. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak.

Etxeko Laguntza Zerbitzuko oinarrizko taldea honako profesional hauek osatuko dute:

–Gizarte-langilea, honi dagokio:

  • Atzematea, harrera egitea, aztertzea, gizarte balorazioa eta arretarako proposamena egitea.
  • Koordinatzea esparru sozio-sanitarioko profesionalekin (oinarrizko osasun laguntza eta espezializatua) eta egoitza arlokoekin bai eta beste erakundeetakoekin ere.
  • Txosten soziala eta historia soziala egitea.
  • Kasuen bilakaeraren jarraipena, zerbitzuen egokitasunaren balorazioa eta moldaketa, beharrezkoa bada.
  • ELZren lantaldearen lanaren antolaketa eta jarraipena.
  • ELZren erabiltzaileen eta/edo erabiltzaile izan daitezkeenen familiei laguntza eta orientazioa ematea.
  • Kanpoko enpresei kontrataturiko zerbitzuak gainbegiratzea eta funtzionatzen dutela kontrolatzea (elikagaien hornidura, arropa garbiketa eta beste).
  • Aurkezten diren erreklamazioak jasotzea, aztertzea eta haiei erantzutea.
  • Urteko memoria egitea.

–Erizaina, honi dagokio:

  • Arreta eman beharreko kasuak atzematea, harrera egitea, aztertzea eta osasun arloko balorazioa egitea.
  • Osasun arloko txostenak eta osasunari buruzko historiaren jarraipena egitea.
  • Koordinatzea esparru sozio-sanitarioko profesionalekin (oinarrizko osasun laguntza eta espezializatua) eta egoitza arlokoekin bai eta beste erakundeetakoekin ere.
  • Prebentziorako eta osasuna sustatzeko neurriak indartzea eta gauzatzea, bai talde profesionalean bai ELZek artatzen dituen kasuetan.
  • Zerbitzua erabiltzen dutenei buruzko informazio sanitarioa eta arretarako jarraibideak ematea ELZren lantaldeari.
  • ELZren lantaldearen lanaren antolaketa eta jarraipena.
  • ELZrena den ortopedia materialaren mailegu zerbitzua antolatzea eta kontrolatzea.
  • Kanpoko enpresei kontrataturiko zerbitzuak gainbegiratzea eta funtzionatzen dutela kontrolatzea (elikagaien hornidura, arropa garbiketa eta beste).
  • Urteko memoria egitea.

–Familia-langilea, honi dagokio:

  • ELZren erabiltzaileei zuzeneko laguntza ematea erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion lanak egiteko, eta ohiturak eta gaitasunak sortu eta mantentzeko.
  • Aldian behin baloratzea eta informatzea esku-hartze jarraituaren ondoriozko egoeraren bilakaerari buruz, eta alternatibak proposatzea.
  • Zuzenean koordinatzea ELZko taldea osatzen duten gainerako profesionalekin.

Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

–Garbiketako laguntzailea, honi dagokio:

  • ELZren erabiltzaileei zuzeneko laguntza ematea beren etxeari dagozkion lanak egiteko (garbiketak, erosketak, etxetresna elektrikoak behar bezala erabiltzen laguntzea, etxeko konponketa txikiak egitea, arropa jasotzea eta eramatea).
  • Taldeko gainerakoei informazioa ematea, etxeko egoerari, bilakaerari eta/edo gora-beherei buruz.
  • Zuzenean koordinatzea ELZko taldea osatzen duten gainerako profesionalekin.

–Administrazio-langileak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak egingo dituzte.

Prestazioak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko beste langile batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

–Hezitzailea: erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea du ardura, bizikidetza gunean familiaren autonomiari on egingo dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.

–Psikologoa: esku-hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita zaintzaileei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

–Beste profesional batzuk: animatzaile soziokulturalak, berdintasuneko teknikariak...

Ordenantza hau Udaleko ELZko langileei aplikatuko zaie, bai eta Udalak kontratatzen dituen enpresetako langileei ere.

7. artikulua. Zerbitzua eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.

Etxeko laguntza zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kontuan hartuko ditu honako hauek:

–Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta tresna bidezkoak egiteko.

–Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua ote duten.

–ELZren onuradunaren eta bere bizikidetza unitatearen egoera (gizarte, ekonomia eta familiaren aldetik).

Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira.

8. artikulua. Zerbitzuen zorroa.

8.1. Etxeko laguntzaren barnean ondotik ematen diren jarduketak sartzen dira. Guztiak eman daitezke, edo baten bat bakarrik, zerbitzuaren ahalen arabera:

Zerbitzua egunean 2 orduz emango da gehienez etxe bakoitzean, zerbitzu beharrek besterik eskatzen dutenean izan ezik, eta lanbide taldeak horri buruzko balorazioa egin badute.

8.1.1. Sostengu eta laguntza pertsonaleko jarduketak (lehentasuna izango dute). Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

a) Norberaren higienea:

–Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.

–Bizarra kentzea (makina elektrikoarekin).

–Ohean eri direnen garbiketa.

–Bainua/dutxa.

–Pixoihalak aldatzea.

–Larruazala hidratatu eta haren egoera zaintzea.

–Oinen eta eskuen higienea eta zaintza (garbitu eta idortzea, azazkalak limatu eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa). Horretatik kanpo dago diabetikoei edo tratamendu antikoagulanteak hartzen dituenei azazkalak moztea.

–Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.

–Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak).

Baztertuta daude profesional kualifikatu baten esku-hartzea behar duten jarduketak/zainketak.

b) Jantziak/oinetakoak:

–Janztea/eranztea.

–Oinetakoak janztea/eranztea.

–Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.

c) Oinarrizko mugikortasuna:

–Ohetik jaikitzeko edo/eta etzateko laguntza.

–Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).

–Etxean mugitzen laguntzea.

–Etxetik kanpo mugitzen laguntzea.

–Laguntza teknikoak aplikatzea.

d) Jarduketa soziosanitarioak:

–Gorputz-jarrerak aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraituz.

–Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.

–Medikuak agindutako botikak behar bezala hartzen diren ikustea.

–Errezetak eta botikak jasotzea.

–Botikak prestatu eta ematea, medikuak agindu bezala, xiringaz hartu beharrekoak izan ezik (ez da orratzik duen tresnarik erabiliko).

–Pertsonaren osasunari lotutako alderdiei (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...) erreparatzea eta, beharrezkoa bada, haren berri ematea lantalde profesionalari.

–Gaitasun fisiko eta mugimenduzkoak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).

–Ezagutzaren gaitasunak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).

–Osasun arloko kontsultetara laguntzea.

–Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu biltzaileak, zundako poltsak aldatzea).

–Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.

–Lehen osasun laguntzetako teknikak aplikatzea larrialdietan.

8.1.2. Etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

a) Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

–Elikagaiak prestatzen laguntzea.

–Elikagaiak atontzen laguntzea (berotzea, mahaia jartzea, janariak banatzea).

–Prestatutako janaria etxeetan banatzeko zerbitzua, erabiltzaileen behar nutrizionalak bermatuko dituena.

–Baxera eta/edo otordua prestatzean erabilitako tresnak bildu eta garbitzea.

b) Erosketari lotuak:

–Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraipena egitea.

–Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.

–Erosketak egitea.

–Erositakoa etxera eramatea.

–Erositakoa antolatzen laguntzea.

ELZn erosketa egiteaz ari garenean, eguneko bizimoduari lotutako oinarrizko produktuak eskuratzeaz ari gara.

c) Erabiltzailearen oinetakoak, arropa eta etxea zaintzeari lotutakoak, hala nola:

–Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.

–Arropa hedatu eta biltzea.

–Arropa lisatzea.

–Arropa/oinetakoak antolatu eta hautatzea.

–Armairuak txukuntzea.

–Arropa pasaratu eta konpontzea (botoiak, urratuak) joskintzako ezagutza berezirik behar ez bada.

–Kanpoko arropa garbitzeko zerbitzua behar izanez gero (garbitu eta lisatzea), erabilera arrunteko arropa sartuko da jarduera honetan.

d) Bizilekuaren mantentze-lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

1. Jarduera/zeregin arruntak:

–Oheak egitea, erratzez garbitzea, xurgagailua pasatzea, mopa pasatzea, hautsa kentzea, lanbasa pasatzea, kristalak garbitzea.

–Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea.

Sukaldearen eta komunaren garbiketa.

2. Jarduera/zeregin bereziak: gehienez ere urtean behin egingo dira, eta zerbitzu berak haien aukeren arabera ezarritako aldietan.

–Sabaiak eta paretak garbitzea.

–Gortinak, lanparak garbitzea.

–Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea izan ezik).

Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea.

Orbanak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, aulki-bizkarrak eta abar).

3. Etxeko konponketa lan errazak.

Etxeko konponketa lan errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuko da langileen laneko arriskuen prebentzioa.

Ez dira sartzen beste lanbide batzuen berariazko ezagutza edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.

4. Etxebizitzako hornidura eta azpiegituraren egoera orokorra kontrolatu eta jarraitzea.

–Etxebizitzaren ekipamendua eta hainbat instalazio behar bezala daudela eta funtzionatzen dutela egiaztatzea (gasa, elektrizitatea, hoditeria, berogailu sistema, telefonoa).

–ELZren esku-hartze egokia baloratzea, hau da, zuzeneko esku-hartzea edo dagokion erabiltzaile, familia edo teknikariarengana igortzea.

8.1.3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Laguntza psikosozialeko jarduketak dira laguntzazko prozesu batean egiten direnak, eremu pertsonal, familiar eta/edo sozialean azaldutako egoerak gainditzeko, lagundutako pertsonak baloratuak eta sare sozialeko kide senti daitezen.

a) Psikologiaren, gizartearen eta hezkuntzaren arloko jarduketak:

Hezkuntzaren ikuspegi eta estrategiatik, trebetasun, jokabide eta iaiotasun oinarrizkoak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta erabiltzera bideratutako jarduerak eta lanak dira, erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia ahalik eta handiena izan dadin:

–Jokabide eta egoera arriskutsuak identifikatzea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientazioa.

–Laguntza teknikoak erabiltzeko orientazioa eta trebakuntza.

–Orientazioa etxeko antolaketan (gauzak eta elikagaiak antolatzea).

–Orientazioa, bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko (trebetasun sozialak, asertibitatea).

–Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea edo etxekoa, ariketa fisikoa).

–Nork bere burua zaintzeko eta beregain izateko ohiturak eta trebetasunak eskuratu eta garatzea (Eguneroko bizimoduaren oinarrizko jarduerak eta instrumentalak).

–Prebentziorako trebetasunak eskuratu eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.

–Laguntza emozionala biziaren egoeretan (bakardadea/isolamendua, mendekotasuna/ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea, dolua).

–Autoestimua bultzatu eta sustatzea (norberaren irudia, onarpena, balorazioa eta konfiantza norberarengan).

–Familiaren dinamikan agertzen diren egoerak gainditzeko jarrera positiboak indartzea (errespetua, onarpena, entzutea).

–Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa bultzatzearren (zaletasunak, hobbiak).

b) Familiari eta/edo zaintzaileei sostengu emateko jarduketak:

Familiaren eta/edo zaintzaileen lana lagundu eta bultzatzera bideratutako jarduera eta zereginak dira, erabiltzailea zaindu eta artatzearren.

–Laguntza teknikoen, baliabideen eta sostengatzeko beste modu batzuen gainean informatu eta orientatzea.

–Orientazioa, aholkua eta jarraipena erabiltzailea zaindu eta artatzeko kontuen gainean.

–Jarraibide eta trebetasunak ematea zaintze eta artatze lanaren hainbat egoerari aurre egiteko eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.

–Nork bere burua zaintzeko jarraibide, trebetasun eta jarreretan lagundu eta orientatzea, baita estresari eta gainkargari aurrea hartzeko ere.

–Zaintzaileendako sostengu emozionala.

–Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.

c) Sostengu soziokomunitarioko jarduketak.

Erabiltzailea bizitza sozialean eta harremanetan, baita komunitatearen baliabideen ezagutzan eta erabileran parte hartzera bultzatzen duten jarduerak eta zereginak. Zehazki, honako jarduera eta zeregin hauek dira:

–Jarduera antolatuei eta baliabide komunitarioen erabilerari buruz informatu eta orientatzea.

Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzera bultzatzea.

–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzeko lagun egitea.

–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

–Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, lagun egiteko zereginetarako.

–Komunitatea sentsibilizatzea mendekotasuna duten pertsonei buruz.

8.1.4. Sostengu teknikoko jarduketak eta laguntzarako beste baliabide batzuk. Sostengu teknikoko jarduketak eta laguntzarako beste baliabide batzuk hauek dira: etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzeko bideratzen diren jarduketak, eta aldaketa batera edo ohiko etxebizitzatik ateratzera behartzen duten beste bizi egoera batzuetara jotzea.

a) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak:

–Etxean zaintzea eta autonomia bultzatzen duten laguntza teknikoei buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

–Etxea egokitzeko beharrei buruzko eta arrisku zein oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

–Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientazioa eta laguntza.

b) Laguntzazko beste baliabide batzuk:

–Etxean sostengu emateko beste baliabide osagarri batzuen gainean (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak) balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.

–Etxean egon beharrean, balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea beste baliabide batzuen gainean.

8.2. Zerbitzuen zerrenda aplikatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Zerbitzuen zerrenda aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza-harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Alde horretatik, zerrendako jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako abiarazi den banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke sostengatzea, gainbegiratzea, lankidetzan aritzea, gauzatzea, heztea eta prestatzea.

b) ELZko lan taldeak zehazten dituen banakako esku hartze planetan etxeko lanak egitea erabakitzen denean, beti ulertzen da profesionalen lana ez dela bakar-bakarrik zeregin hau egitea; aldiz, lotura hertsia du laguntza harreman bat ezartzearekin, eta horrek desberdintasuna finkatzen du merkatuan diren bestelako etxeko zerbitzuekin.

c) Zerbitzuen zerrenda ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Jarduerak Banakako Esku-hartze Planean zehazturik eta bildurik gelditu dira.

d) Bestelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduerak eta lanak egingo dira eta ohiko erabilerakoak diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egin ahal izateko behar-beharrezkoak direnean.

e) Zerbitzuen zerrendan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduera eta lanak salbuespenez egiten ahalko dira, baldintza hauetan oinarriturik:

–ELZko lantaldeak aldeko balorazio profesionala egitea.

–Oinarrizko premia bat asetzea, ase ezean arrisku egoera bat piztu edo bizi baldintzen hondatzea ekartzen ahal baita.

–Hura betetzeko beste aukera edo baliabiderik ez egotea.

–Aldi baterako egitea, eta aldi berean beste aukera batzuk bilatzea, ohiko lan bilaka ez dadin.

f) Zerrendaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasun edo osasunari eragiten dieten arrisku egoerak gertatzen badira.

g) Zerrenda modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izango da zerbitzu espezializatuen arteko koordinazioa, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean eta erabiltzailearen baimena izanda.

h) Zerbitzuek erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko dute, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokionez.

i) Etxeko laguntza zerbitzua emateak ez du esan nahi familia libre dagoenik erabiltzaileari begira duen erantzukizun legezko, sozial eta emozionaletik.

9. artikulua. Tarifen sistema.

Finantzabideari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak honako hauek dira:

–Zerbitzu unitatearen definizioa: zerbitzu unitatea neurtzen da ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko etxean benetan aritzen den denboraren arabera, gehienez ere bi laguntza-ordu egunean, zerbitzu beharrek besterik eskatzen dutenean izan ezik, betiere lanbide taldeak horri buruzko balorazioa eginik.

–Familia unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZan definitzen den familia unitatea:

  • Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta, halakorik bada, seme-alaba adingabeek osatua (gurasoen baimena izanda, beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko apartatuan aipatu betebeharrak betetzen badituzte.

–Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak.

–Errenta: PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak.

–Kontuan hartuko dira urteko diru-sarrerak, jasotako diru-sarrera errealak gehi izan daitezkeen ondasunak.

–Gastu kengarriak: ohiko etxebizitzaren alokairua edo erosketa.

–Per capita errenta: aurreko kontzeptu guztiak batu eta familia unitatea eta bizikidetasunekoa osatzen duten kideen kopuruaren artean eta 12 hilabetez zatituta aterako da.

Erabiltzailea PFEZ aitortzera behartuta ez dagoenean, aurreko ekitaldiko diru-sarrerei begiratuta erabakiko da bere ahalmen ekonomikoa, aurreko kontzeptuetan adierazitako diru-sarrerak frogatzen dituen zinpeko aitorpena aurkeztuta.

Ordenantza honek indarraldia hartzen duenetik hasita, bi hilabeteko bitarteko aldi bat ezartzen da ELZren egungo onuradunek, beharrezkoa bada, aurkez dezaten aurretik adierazitako dokumentazioa, beren ahalmen ekonomikoa zehazte aldera. Horren bitartean, ordaintzen zuten tasa aplikatzeari jarraituko zaio, zerbitzua arautzen duen aurreko udal ordenantzan ezarritako bitarteko eta irizpideekin bat.

–Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta emandako laguntzaren guztirako kostuaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko, honela egingo da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute programaren kudeaketan.

Guztirako kostua lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua, Nafarroako Gobernuak udal ELZren laguntza jasotzen duten mendeko pertsonendako diru-laguntzarako ezarri duen aplikazio moduluaren arabera.

–Tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzua etxean benetan ematen iragandako ordua da laguntzarako tarifaren oinarrizko unitatea. Etxeko laguntza-orduaren kostuaren %50 izango da prezio publikoa edo tarifa.

–Prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa.

Karga-eskala familia unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko LGSarekiko gordetzen duen proportzioan oinarrituko da, 3. eranskinean azaltzen denaren arabera.

10. artikulua. Esku-hartze teknikoaren protokoloa.

Esku-hartze teknikoaren protokoloak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu, eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:

–Harrera eta gizarte orientazioa.

–Kasuaren azterketa.

–Egoeraren diagnostikoa.

–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

–Bi alderdien arteko konpromisoaren formalizazioa.

–Esku-hartzearen hasiera.

–Segimendua eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

11.1. Prozedura hastea.

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz abia daiteke:

–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izango da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek arrazoiturik eskatuta.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, noiz ematen den ofiziozko prozedura abiatzeko ebazpena, data hori izango da hasteko eguna.

Nolanahi dela ere, prozedurak bat egingo du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 54.etik 56.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.

–Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete.

Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.

Eskabideak Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.

11.2. Izapidetzea.

–Interesdunari errekerimendua egingo zaio eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu, falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da hala egin ezean eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatu egingo da tramite gehiagorik gabe.

–Udalaren ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, proposamen-txostena prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

–Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko proposamen-agiria.

11.3. Ebaztea.

–Laguntza ematea Alkatetzaren ebazpenaren bidez egingo da, ordenantza honek indarra duen bitartean gizarte zerbitzuen arloan eskuordetzerik izan ezik, hala izanez gero gizarte zerbitzuen arloko eskumenak eskuordeturik dituen organoaren ebazpenaren bidez egingo baita.

–Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibaturik bukatuko da tramitea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna erabakiko da, baldin eta laguntza emateko ordurik badago. Ordurik ez dagoenean, kasua itxarote zerrendara pasatuko da.

–Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.

–Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

a) Zerbitzua ematen edo ukatzen den.

b) Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, eta gutxienez honako hauek adieraziz:

–Banakoarendako laguntza programa.

a) Egin beharreko lanak/jarduketak.

b) Laguntzaren iraupena.

c) Prestazioaren ordutegia.

d) Astean laguntza emateko egunak.

–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

c) Onuradunarendako ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

Erabiltzaileek edo bizikidetza unitateko kideek gaixotasun mental diagnostikatu bat badute, ezinbestekoa izango da Osasun Mentaleko Zentroaren tratamendua eta kontrola jarraitzea.

d) Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu, eta beraz ulertzen ahalko da itxarote zerrendan dagoela, zerbitzuaren beharren arabera laguntza jaso arte.

Aurreko puntuan aipatzen den ebazpenaz landara, atzera egiteak, uko egiteak, iraungitzeko deklarazioak eta hilabetez erabiltzailearen berririk ez izateak amaiera emango diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.

11.4. Jakinarazpena.

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Jakinarazpen hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izango da; bertan, zer prestazio mota emango dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat, jakinaraziko zaie Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari.

11.5. Iraungipena eta etena.

a) Iraungipena: honako egoera hauengatik gertatuko da:

–Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin duelako.

–Zerbitzua behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo une batetik aurrera betetzen ez dituelako.

–Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik. Gaixotasun mentala duten erabiltzaileen kasuan, tratamendua eteteak edo uzteak baja ekarriko du ELZren laguntzan.

–Jokabide desegokiagatik, eraso fisiko edo hitzezkoengatik, sexu jazarpenagatik, hau da, lan esparruan jokaera iraingarria eta langileak nahi ez duena izateagatik.

–Beste udalerri batera bizitzera joateagatik, egoitza batean sartzeagatik, hiltzeagatik, edo Tuteratik kanpo bizitzeagatik 3 hilabetetik gorako aldietan.

–Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasunagatik.

–Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

–Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

ELZen baja emateko, OGZko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta baja emateko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzua emateko azken eguna ere.

Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emango du, eta hartan arrazoia eta eguna agertuko dira.

Irteeraren arrazoiak bigarrena, hirugarrena eta laugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emango zaio interesdunari.

b) Etetea: zerbitzua aldi baterako etetea izango da ondorioa.

–Gehienez ere 3 hilabete iraungo du.

–Aldi batez etenda egongo da, ELZko langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duten neurri zuzentzaileak hartu bitartean.

–Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

–Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino etenaldi laburragoetan, laguntza berehala berrezarriko da. Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxaron zerrendan.

11.6. Egoera ekonomikoagatik baztertzea.

Ez dute etxeko laguntzarik jasoko beren kapital higigarriko eta higiezineko ondasun eta/edo urteko errentek ondotik ezarri diren zenbateko horiek baino gehiago balio badute, batuketatik ohiko bizilekua kenduta. Beren ondarea azken bost urteetan zenbateko horietan gutxitu dutenak ere baztertuko dira, direla dohaintza, arrazoirik gabeko eskualdaketa eta gisako eragiketengatik.

Pertsona kopurua: 1. Kapitala/Ondasunak: 48.100 euro. Interesak: 1.950 euro.

Pertsona kopurua: 2. Kapitala/Ondasunak: 66.200 euro. Interesak: 2.650 euro.

Pertsona kopurua: 3. Kapitala/Ondasunak: 78.200 euro. Interesak: 3.150 euro.

11.7. Ebaluazioa: jarraipena eta berrikuspena.

a) Jarraipena eta balorazioa.

Behin zerbitzua hasita, ELZko lantalde arduradunak egingo du kasuaren jarraipena, eta dagokion espedientean agertuko da.

Familia unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu egingo dira.

b) Berrikuspena.

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, zer eta nolako gorabeherak gertatzen diren erabiltzailearen egoeran, alegia, hasierako baiespena ekarri zuen hartan.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua, edo bestela GZOko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren gora-beherak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik.

Nolanahi dela ere, aldaketaren tramitazioa egingo bada, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

11.8. Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, OGZk proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea, ezarritako prozedurari jarraikiz, ebazpena eman arte, 15. tarteko tasa aplikatuko da, gehienez ere 30 egunez.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

A.–Eskubideak.

Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek izango dituzte:

–Banakako Esku-hartze Planaren berri izatea.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz izatea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

B.–Betebeharrak.

Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek izango dituzte:

–Prestazioaren beharra pertsona, familia eta gizarte aldetik sorrarazten duten inguruabarrak baloratzeko eskatzen den informazio guztia ekartzea.

–Laguntza garatzeko jarrera egokia eta laguntzailea agertzea.

–Banakako laguntza programatik kanpoko lanik edo jarduerik ez eskatzea.

–Zerbitzuko langileak haien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea, eta beren gauzak errespetatzea.

–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu.

–Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxeko laguntzaren zerbitzua aldatzea, etetea edo iraungitzea badakar.

–Etxea higiene eta osasun egoera onean mantentzea.

Betebehar hauetako bat bete ezean, zehapen espedientea irekiko da, eta horren ondorioz ELZko prestazioa aldi baterako eten edo behin betiko iraungitzen ahalko da.

13. artikulua. Zerbitzua emateko baldintzak.

Laneko arriskuei aurrea hartzeko indarreko araudiari jarraikiz, ez da etxeko laguntza zerbitzurik emango, baldin eta zerbitzua eman behar duten langileen segurtasunari eta/edo osasunari larriki eragiten dieten arriskuak atzematen badira, honako hauek bezalakoak, besteak beste:

–Erortzeko arriskua duten etxebizitzak.

–Etxebizitza osasungaitzak (izurriak, izurriteak, etab.).

–Halako patologia bereziak dituzten pertsonak, zerbitzua ematen dutenen segurtasunerako eta/edo osasunerako arrisku larria dakarten jokamoldeak badituzte.

–Arrisku bereziko bestelako egoerak (kontrolatu gabeko edo osasun bermerik gabeko animaliak).

Aipatu horiez gain, Etxeko Laguntza Zerbitzua emateko honako baldintzak bete beharko dira, besteak beste:

–Erabiltzaileak ELZrako ezarritako ordutegia errespetatu behar du, etxean egon beharko du zerbitzua egiten den bitartean eta ez da saiatuko behar ez bezala luzatzen. Era berean, etxetik kanpo egotekoa bada, gutxienez bi egun lehenago jakinarazi beharko du.

–Erabiltzaileak zerbitzuaz arduratzen direnen lana erraztuko du, eta haien esku utziko ditu egin beharrekoak burutzeko behar dituzten baliabide materialak.

–Erabiltzaileak etxean sartzen utziko ditu zer esku-hartze mota behar den ikusteko bertaratzen diren langileak, baita segimendua egitera datozenak ere.

14. artikulua. Datuen babesa.

1. Jakinaren gainean daude eskaeran erregistratu datu pertsonalak Tuterako Udalaren ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren zerbitzuak kudeatu beharrez. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira zerbitzu eskaerari erantzuteko, eta eskabidea aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko eta horien gaineko agiriak luzatzeko. Tuterako Udaleko Erregistro Orokorrari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

2. Bestalde, Tuterako Udalari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako erabiltzeko, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

3. Datu pertsonalak erabiltzea beharrezkoa den kasuetan, datuak babesteari buruzko legedia eta, hala behar bada, arlo horretako araudi sektoriala betetzen direla bermatuko da.

1. ERANSKINA

Esku-hartze teknikoaren protokoloa

ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak honako hauek behar ditu:

A.–Harrera eta gizarte orientazioa.

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremanari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izango du profesionalak.

Une hartan, baliabidearen berri ematen da, eta izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du horrek; orobat, argibide eta aholku ematen da etxeko laguntzarako izan daitezkeen beste baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bestelakoez.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emango zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

B.–Kasuaren azterketa.

Aurkezten den egoeraren ezagupen orokorra da. Horretarako, balorazio tresnak erabiliko dira, beste baliabide batzuekin koordinatuko da (osasuna, hezkuntza...), etxean ikustaldiak egingo dira, erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solas egingo da, onuradunak ekartzen duen dokumentazioa aztertuko da, eta, hala, informazioa bilduko da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta sozioekonomikoaz, bai eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez ere.

C.–Egoeraren diagnostikoa.

Egoeraren interpretazioa egin beharko da, eta horren barrenean honako hauek zehaztu:

–Erabiltzailearen premiak.

–Erabiltzaileak bere kasa betetzen ahal dituen premiak.

–Haren laguntzan parte hartzen duen sostengu-sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) zer premia betetzen ahal dituen.

–Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.

D.–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

Esku hartzeko proposamen teknikoa, eta horren barnean:

–Esku-hartzearen helburuak.

–Egin beharreko lanak/jarduerak.

–Laguntzaren maiztasuna.

–Esku hartu behar duten profesionalak.

–Jendea hartzeko ordutegia.

–Laguntza aldia noiz artekoa izatea aurreikusten den.

–Koordinazio premiak, bai barnean, etengabeko jarraipena egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

–Erabiltzailearen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

E.–Bi alderdien konpromisoa.

ELZk erabiltzaileei eta familiei eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.

F.–Esku-hartzearen hasiera.

Esku-hartzea hasten da erabiltzailearen etxean egiten den lehenengo zerbitzu zuzenarekin, planteatu den esku-hartzearen proposamen teknikoaren arabera. Horretarako, esku hartu behar duten langileek beren lana ahalik eta ongien egiteko beharrezkoa den informazio guztia izango dute. Etxeko laguntzaren hasieran ELZko profesional hauek egongo dira bertan: gizarte-langilea eta/edo erizaintzan diplomaduna, ELZko kudeaketaren arduraduna eta familia-langilea, etxeko esku-hartzearen arduraduna, alde guztiek konpromiso kontratua sina dezaten. Hasiera batean, funtsezkoa da baloratzea esku-hartze plana, malgutasun maila handikoa, erabiltzailearen egoerarako egokia den, bestelako sostengurik behar ote duen eta laguntzarako ematen den denbora nahiz esku-hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren.

G.–Jarraipena eta etengabeko ebaluazioa.

Esku-hartzearen jarraipenean hainbat egoera ikus daitezke, hasiera batean diseinatutako banakako laguntza proposamenean aldaketak egitea ekarriko dutenak.

–Funtsezko aldaketak izan badira (autonomia mailaren aldaketa, familia unitateko kideen aldaketa, gizarte eta familiaren sostengua eta egoera ekonomikoa aldatzea etab.), kasuaren beste balorazio bat egingo da.

–Aldaketak garrantzitsuak ez badira (laguntza egunak eta/edo orduak aldatzea, laguntza emango duen familia-langilea aldatzea), hasiera batean proposatutako banakako laguntzarekin segituko da.

H.–Espedienteko agiriak.

Espedienteak honako agiri hauek izango ditu:

–Gizarte egoerari buruzko txostena.

–Mendekotasuna baloratzeko tresna.

–ELZko zerbitzua abiatzeko proposamena.

–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

–Zerbitzuaren baldintzen agiria/erabiltzaileak ordaindu beharreko kuota.

–Aldeek hartutako konpromisoen agiria.

Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.

I.–Itxaron zerrenda.

Itxaron zerrendan daudenen egoera gehienez ere urtebetean aztertuko da, alde batera utzi gabe zerbitzuak bere eguneroko jardueran egiten duen etengabeko ebaluazioa.

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak

ELZ hartzeko eskabidea Tuterako Udalaren erregistroan aurkeztuko da, Gizarte Zerbitzuetan horretarako ematen den ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia unitatearen kide guztiei buruzkoa (9. artikuluan ezarritakoari jarraikiz).

–NANaren fotokopia.

–Norberaren osasun txartelaren fotokopia.

–Osasun etxeak egindako txostena, onuradunari eta, hala behar denean, mugak dituzten bizikideei buruzkoa.

–Onuradun izan daitezkeenen desgaitasun mailaren ziurtagiria, halakorik badute.

–Erabiltzailearen mendekotasun mailaren eta graduaren aitorpen ofiziala.

–Erroldaren eta bizikidetzaren ziurtagiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZaren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aurreko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–Bankuko baimena, kontu zenbakia.

–Bizikidetza unitateko kideek zein udalerritan dituzten ondasunak, haien landa-lurreko zein hiri-lurreko ondasunen katastroko ziurtagiriak.

–Bankuetako ziurtagiriak, ondareari eta kapitalaren etekinei buruzkoak.

–Etxebizitza alokatu edo erostearen ondoriozko gastu kengarrien frogagiriak, behar bezala egiaztatuak. Gastu horiek 9. artikuluan jasota daude.

Bizikidetza unitatea nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, eskaeraren gaineko ebazpena emateko beharrezkoak badira.

Entitatearen eskutan dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ezta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

3. ERANSKINA

Aplikatu beharreko tarifen sistema

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFAREN ESKALA

1. TARTEA: LGSaren %55etik beherakoa

3 euroko tarifa finkoa, hilean

2. TARTEA: LGSaren %55etik LGSaren %70era bitartekoa

Tarifaren %3

Gutxienez ere: 4 euroko tarifa finkoa, hilean

3. TARTEA: LGSaren %70etik LGSaren %85era bitartekoa

Tarifaren %4

Gutxienez ere: 5 euroko tarifa finkoa, hilean

4. TARTEA: LGSaren %85etik LGSaren %100era bitartekoa

Tarifaren %5

Gutxienez ere: 6 euroko tarifa finkoa, hilean

5. TARTEA: LGSaren %100etik LGSaren %110era bitartekoa

Tarifaren %10

6. TARTEA: LGSaren %110etik LGSaren %115era bitartekoa

Tarifaren %20

7. TARTEA: LGSaren %115etik LGSaren %120ra bitartekoa

Tarifaren %30

8. TARTEA: LGSaren %120tik LGSaren %125era bitartekoa

Tarifaren %40

9. TARTEA: LGSaren %125etik LGSaren %130era bitartekoa

Tarifaren %50

10. TARTEA: LGSaren %130etik LGSaren %135era bitartekoa

Tarifaren %60

11. TARTEA: LGSaren %135etik LGSaren %140ra bitartekoa

Tarifaren %70

12. TARTEA: LGSaren %140tik LGSaren %145era bitartekoa

Tarifaren %80

13. TARTEA: LGSaren %145etik LGSaren %150era bitartekoa

Tarifaren %90

14. TARTEA: LGSaren %150etik gorakoa eta baztertu arte

Tarifaren %100

15. TARTEA: gehienez ere 30 egun naturaleko laguntza soziosanitarioak, 5. artikuluan zehaztukoak: tasa bakarra aplikatuko da, 10 eurokoa orduan. Horren ondotik bidezkoa bada laguntzarekin jarraitzea, dokumentazio ekonomikoa aurkeztuko da dagokion tasa kalkulatzeko.

Tarifak urtero arautuko dira, Nafarroari dagokion KPIren igoeraren arabera.

Bazkari eta afarietarako tarifak.

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

BAZKARIRAKO TARIFA

1. TARTEA: LGSaren %55etik beherakoa

Kostuaren %25

2. TARTEA: LGSaren %55etik LGSaren %60ra bitartekoa

Kostuaren %28

3. TARTEA: LGSaren %60tik LGSaren %65era bitartekoa

Kostuaren %30

4. TARTEA: LGSaren %65etik LGSaren %70era bitartekoa

Kostuaren %35

5. TARTEA: LGSaren %70etik LGSaren %80ra bitartekoa

Kostuaren %40

6. TARTEA: LGSaren %80tik LGSaren %90era bitartekoa

Kostuaren %50

7. TARTEA: LGSaren %90etik LGSaren %105era bitartekoa

Kostuaren %60

8. TARTEA: LGSaren %105etik LGSaren %120ra bitartekoa

Kostuaren %70

9. TARTEA: LGSaren %105etik LGSaren %125era bitartekoa

Kostuaren %80

10. TARTEA: LGSaren %135etik LGSaren %150era bitartekoa

Kostuaren %90

11. TARTEA: LGSaren %135etik LGSaren %140ra bitartekoa

Kostuaren %70

12. TARTEA: LGSaren %140tik LGSaren %145era bitartekoa

Kostuaren %80

13. TARTEA: LGSaren %145etik LGSaren %150era bitartekoa

Kostuaren %90

14. TARTEA: LGSaren %150etik gorakoa eta baztertu arte

Kostuaren %100

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

AFARIRAKO TARIFA

1. TARTEA: LGSaren %55etik beherakoa

Kostuaren %25

2. TARTEA: LGSaren %55etik LGSaren %60ra bitartekoa

Kostuaren %28

3. TARTEA: LGSaren %60tik LGSaren %65era bitartekoa

Kostuaren %30

4. TARTEA: LGSaren %65etik LGSaren %70era bitartekoa

Kostuaren %35

5. TARTEA: LGSaren %70etik LGSaren %80ra bitartekoa

Kostuaren %40

6. TARTEA: LGSaren %80tik LGSaren %90era bitartekoa

Kostuaren %50

7. TARTEA: LGSaren %90etik LGSaren %105era bitartekoa

Kostuaren %60

8. TARTEA: LGSaren %105etik LGSaren %120ra bitartekoa

Kostuaren %70

9. TARTEA: LGSaren %105etik LGSaren %125era bitartekoa

Kostuaren %80

10. TARTEA: LGSaren %135etik LGSaren %150era bitartekoa

Kostuaren %90

11. TARTEA: LGSaren %135etik LGSaren %140ra bitartekoa

Kostuaren %70

12. TARTEA: LGSaren %140tik LGSaren %145era bitartekoa

Kostuaren %80

13. TARTEA: LGSaren %145etik LGSaren %150era bitartekoa

Kostuaren %90

14. TARTEA: LGSaren %150etik gorakoa eta baztertu arte

Kostuaren %100

Iragarkiaren kodea: L1815228