26. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Ordenantza, Herri-lurzatien aprobetxamendua arautzen duena Nafarroako ubidearen Azkoiengo XXII-ARGA 4 sektorean. Behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2018ko abuztuaren 23an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Herri-lurzatien aprobetxamendua arautzen duen ordenantza, Nafarroako ubidearen Azkoiengo XXII-ARGA 4 sektoreari dagokionez. Iragarkia 2018ko 177. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 12an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta ordenantzan aldatutako artikuluen testua osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azkoienen, 2018ko abenduaren 28an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

ORDENANTZA, NAFARROAKO UBIDEAREN EREMU UREZTAGARRIKO XXII-ARGA 4 SEKTOREAN (AZKOIEN) LURZATIAK BERRANTOLATZEKO ETA UREZTAPENA MODERNIZATZEKO PROIEKTUARI BURUZKOA.

1. artikulua. Xedea.–Ordenantza honen xedea da lurzatiak adjudikatzeko irizpideak ezartzea Nafarroako ubidearen eremu ureztagarriko XXII-Arga 4 sektorean (Azkoien) lurzatiak berrantolatzeko eta ureztapena modernizatzeko proiektuan, eta lurzati horiek ustiatzeko araubide juridikoa ezartzea.

2. artikulua. Onuradunak.–Ordenantza honetan arautzen diren lurzatien onuradun izateko eskubidea izanen dute Herri-ondasunen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza orokorreko eskakizunak beterik, ogibide nagusia nekazaritza dutela frogatzen dutenek, Nafarroako Gobernuko dagokion departamentuak luzatutako dokumentuaren bitartez.

Emakida aldian beharkizun hori galtzeak lurzatiaren galera ekarriko du, Udaleko Osoko Bilkurak, interesdunari entzun ondotik, hala erabakita.

3. artikulua. Lotearen azalera.–Oinarrizko lotea 5 hektarea izanen da, gutxienez.

4. artikulua. Adjudikazio aldia.–Adjudikazioa 15 urterako izanen da.

5. artikulua. Lehentasun-ordena.–Lurzatiak adjudikatzerakoan lehentasun-ordena honi jarraituko zaio.

–Lehenetasunezko nekazaritzako familia ustiategiak, nekazari gazte bat buru edo parte-hartzaile dutenak.

–Lehenetsitako nekazaritza ustiategiak, ogibide nagusia nekazaritza dutenen esku daudenak.

–Tokiko entitateak zuzenean ustiatzea.

–Hala ere, soberako loterik egonez gero, tokiko entitateak enkantearen bidez adjudikatu ahalko ditu.

6. artikulua. Prozedura.

1. Honako hau izanen da herri-lurzatiak adjudikatzeko prozedura:

a) Herri-lurren Batzordeak izena emateko epea irekiko du. Epe hori ez da 10 egunetik beherakoa izanen.

b) Batzordeak berak baloratuko ditu eskatzaileen baldintzak, eta lizitazioan onartu eta baztertu direnen zerrenda osatuko du. Zerrenda hori iragarki-taulan argitaratuko da eta 10 eguneko epea irekiko, baztertuek okerrak zuzendu edo alegazioak aurkez ditzaten beren eskubideen alde.

c) Alkateak, alegazioak ikusita, aurkeztutako zerrenda onetsiko du. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, zerrenda behin betiko onetsitzat joko da.

d) Iragarki-taulan iragarriko den zozketa bidez, eskatzaile bakoitzari lote bakarra esleituko zaio, ordenantza honen 5. artikuluan ezarritako ordenari jarraituz.

Lehentasun talderen batean eskatzaileak baino lote gutxiago badago, eskatzaileen eta loteen arteko zozketa eginen da.

2. Aurreko adjudikazioen bidez lurren %60 eman ez bazaie lehentasunezko nekazaritza ustiategiei, adjudikazioen bigarren txanda eginen da lehenbiziko eta bigarren lehentasun-ordenetako eskatzaileen artean, ordena errespetatuta eta horietako bakoitzerako goian aipatu diren irizpideei jarraituta, aipatutako %60 gainditu arte.

3. Lehenetsitako lehenbiziko eta bigarren ordenetako eskatzaileei adjudikaturiko lurren azaleraren %60 bete ondoren edo, edozein arrazoi dela bide, hori ezinezkoa bada, soberan gelditzen diren lurzatiekin Udalak erabakiko du zuzenean esleitu edo enkantean ematen dituen; kasu horretan, onuradunak izan ahalko dira familia unitateak, herri-lurretako aprobetxamenduari buruzko araubide orokorrari jarraituz.

Udalak erabakitzen badu soberan diren loteak zuzenean ustiatzea, herritarrekin akordioetara iritsi ahalko da, haien artean loteen aprobetxamendua banatzeko. Akordio horiek lagapena, sozietatea, apartzeria edo gisakoak egiteko izaten ahalko dira.

4. Behin-behineko adjudikazio bakoitzaren ondotik, sei eguneko epea izanen da adjudikaziodunek euren artean loteak truka ditzaten, haien komenentziaren edo interesen arabera, eta hori Udalari idatziz jakinaraz diezaioten. Trukatuko diren loteak sektore berekoak izan beharko dira.

Inola ere ez dira baimenduko loteen trukeak, trukatzaileetako bat herri-lurren onuraduna bada, artikulu honen 3. paragrafoko bigarren apartatuan ezarritakoaren arabera.

Trukeak betiere Udalak baimendu edo ukatuko ditu. Udalak baimena uka dezake, besteak beste, truke horiek eragozpenen bat sortzen badute azpiegituren finantzaketarako laguntzak lortzeko.

5. Esleipen horiek Udaleko Osoko Bilkurak berretsi beharko ditu.

6. Osoko Bilkurak hala erabakita, behin betiko adjudikaturiko lurzatiak trukatu ahalko dira, Udalari eragozpenik sortzen ez badiote, Nafarroako Gobernuak ureztalurrak sortzeko ematen dituen laguntzak kalkulatzeko baldintzak betetzerakoan.

7. artikulua. Aprobetxamendua aldez aurretik azkentzea.–Adjudikaziodunaren ezintasuna, erretiroa edo heriotza gertatzen bada edo, beste arrazoiren batengatik, emakida aldez aurretik azkentzen bada, lurrak zuzeneko ondorengo batek hartu ahalko ditu soilik, ogibide nagusia nekazaritza badu eta herri-lurra erabiltzeko eskubidea izan eta besterik adjudikaturik ez badu. Kasu horietan, lurzatia hartzen duenak uztaileari ordaindu beharko dio egindako inbertsio eta hobekuntzen balioa, bi alderdiek izendatutako peritu batek tasazioa egin ondotik. Adostasunik ezean, nahitaez Udalak izendatuko duen hirugarren peritu baten tasazioari lotuko zaizkio, bi alderdien kargura; kasu horietaz gain, lurzatia zuzenean Udalaren esku geldituko da, inolako kalte-ordainik ordaindu gabe.

8. artikulua. Kanona.–Erregu-lur bakoitzeko errentamendu kanona 32 eurokoa izanen da.

Ur horniduraren ordainketa eta kanonarena bereiz eginen dira, eta gehiegizko kontsumoak zigortu eginen dira, ordenantza honetan ezarritakoari jarraituz.

9. artikulua. Ureztalur bihurtzeko obren finantzaketa hobetze aldera, adjudikaziodunak betebehar hauek izanen ditu:

–Ureztaketak eta fertirrigazioa programatzeari buruzko prestakuntza ikastaro homologatuak egitea, ureztatzeko deklarazioaren aurretik edo obrak jaso baino lehen.

–Landa Garapeneko Departamentuak ezartzen dituen erreferentziako arauekin bat datozen ur kontsumoak justifikatzea (2003ko maiatzaren 28ko Foru Aginduaren 4.2.b artikulua).

10. artikulua. Nolanahi ere, Udalak eskumena izanen du lehenetsitako nekazaritza ustiategiei adjudikazioan emandako lehentasunaren baldintza erabakigarriak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, beste administrazio eta entitate batzuetara joko du eta, beharrezkoa bada, interesdunei eskatuko die baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duten dokumentazioa eta gainerako elementuak aurkezteko.

11. artikulua. Lurzatiak adjudikatzeko aldia amaitu ondoren, Udalaren esku egonen dira. Hori dela eta, adjudikaziodunak lurzatia eta instalazioak laboratzeko moduan utzi beharko ditu.

12. artikulua. Lurzatiko lur gaineko instalazioen mantentze-lanak adjudikaziodunaren kontura izanen dira; gainerako instalazioen mantentze-lanak eta horietan sortzen diren matxurak, berriz, Udalaren kontura.

Era berean, adjudikaziodunen kontura izanen dira ur-harguneetatik abiatzen diren instalazioen mantentze-lanak, adibidez, lurzatiko ureztaketa sarea, barneko balbulak, iragazkiak, aspertsoreak eta abar.

Araudi honetan arautzen ez diren ohiz kanpoko kasuetan, Udalak jarduteko modua erabakiko du.

13. artikulua. Debekatuta dago abereak sartzea zainzuriak eta fruta-arbolak dituzten lurzatietan. Mahastiak dituzten lurzatietan, ezin izanen da azienda sartu landarearen bizi zikloaren lehenbiziko lau urteetan.

Lurzati batean bi uzta lantzen badira urtean, abereek bi uzten larreak aprobetxatu ahalko dituzte.

Alpapa lantzen duten lurzatietan bazkatzeko lehentasunezko eskubidea izanen dute belarren adjudikazioduna den abeltzainaren abereek.

Dena den, abeltzaina eta lurzatiaren jabea ados jartzen ez badira, jabeak alpaparen aprobetxamendua saldu ahalko dio beste abeltzain bati, baldin eta Udala ukitzen ez bada.

14. artikulua. Adjudikaziodunek honako epe hauek errespetatu beharko dituzte belarrak aprobetxatzeko:

–Lehenbiziko uztan (udaberria-uda) 7 egun eman beharko dira, gutxienez, abereek larreak aprobetxa ditzaten.

–Bigarren uztan (udazkena-negua) 15 egun eman beharko dira gutxienez.

15. artikulua. XXII-ARGA 4 sektoreko herri-lurzatien errentariak, urtero zehazten den kanona ordainduta, salbuetsi ahalko dira belarren aprobetxamenduak dakartzan beharkizunetatik.

16. artikulua. Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura dagoen uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun orekatua lortzearren, Alkatetzak, Herri-lurren Batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

Ureztatzeko arauak ezartzea.

Matxuren berri ematea.

Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Tokiko Gobernu Batzarrak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzerako, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzak Riegos de Navarraren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, eta Herri-lurren Batzordeak proposaturik, Alkatetzak nekazari bakoitzari adieraziko dio zenbat metro kubiko dagozkion lurzatiko, kanpaina bakoitzean, landatu dituen edo landatuko dituen laborantza motekin bat.

17. artikulua. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Alkatetzak, Herri-lurren Batzordeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturatzeko orduan, I. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa da Alkatetzak, Herri-lurren Batzordeak proposaturik, kalkulatutako metro kubiko kontsumitu bakoitzaren prezioa. Prezio horretan fakturatuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat finkatutako metro kubikoak adinakoa edo txikiagoa bada; gehiago izatera, %10 gehienez ere.

Berriz, II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, aldez aurretik harentzat ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, %10etik gorakoak eta %20 artekoak badira; berarentzat ezarritako kontsumotik gorakoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %300 erantsita.

Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat ezarritakoaren %20tik gorakoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.

Alkatetzak, Herri-lurren Batzordeak proposaturik, ezarriko du zein den kontsumitutako metro kubiko bakoitzaren prezioa, I. multzoari dagokiona, kanpaina bakoitzean.

18. artikulua. Erantzukizunak.

Ureztatzaileren batek instalazioak gaizki erabili eta kalteak sortzen baditu, hark izanen du erantzukizuna, hala nola alderdi baterako eta ohiko laborantzetarako ezarritako erreferentziako ur kopurua baino gehiago erabiltzen badu.

Ezin bada argitu zerk eragin duen kaltea, eta ezin zaionean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.

19. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek eskualdean sartutako laboreen edo sartu gogo direnen gaineko datu aipagarrienak emanen dizkiete Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari edo haren enpresa publikoei, horiek hala eskatuta. Bestela, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

Xedapen gehigarria.–Ordenantza hau interpretatzerakoan bereziki begiratuko zaio Herri-lurren ordenantza orokorrari eta Foru Komunitateko nekazaritzako legeriari eta araudiari.

Iragarkiaren kodea: L1816145