2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Abiadura Handiko Trenaren esleipena onartzea eta hitzarmena izenpetzea
Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziaren Kontseiluak, 2018ko abenduaren 19an, honako erabaki hau hartu zuen:
CGU 19-DIC-18 (10/CV).
“Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoko Zuzendaritza Kontseiluak, 2018ko ekainaren 15ean, erabaki zuen Hirigintza Gerentziari esleitzea hirigintzako jarduketa presazkoak egiteko beharrezkoa den kontratazio prozeduraren tramitazioa. Jarduketa horien helburua da eraikinak eraistea, zeinak Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremuaren eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremuaren (Donejakue Bideko Bizitegi-parkea) Garapenerako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren esparruan baitaude. Hori ikusirik, honako hau erabaki da:
1. Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoak 2018ko ekainaren 15ean aurkeztutako kudeaketarako esleipena onartzea.
2. Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak eta Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoak izenpetu beharreko hitzarmena onestea. Haren xedea da hirigintzako jarduketa presazkoak egiteko beharrezkoa den kontratazio prozedura tramitatzea. Jarduketa horien bidez, 4. poligonoko 2652. eta 2700. katastroko lurzatietan dauden eraikinak eraitsiko dira. Obra horiek 487.275,84 euroko aurrekontua dute, eta haien egiazko kostua Partzuergoak finantzatuko du oso-osorik. Esleipen honen ondorioz, Hirigintza Gerentziak eskubidea izanen du kudeaketa horren egiazko kostuen %4 jasotzeko ordainsari gisa, espedientean behar bezala eginbideturik dagoen agiriari jarraikiz.
3. Ahalmena ematea Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako buruari aipatu hitzarmena sinatzeko.”
Erabaki hau ez da behin betikoa administrazio bidean, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Iruñeko Udalari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2018ko abenduaren 21ean.–Alkatea, Joseba Asirón Sáez.
KUDEAKETA-ESLEIPENERAKO HITZARMENA, ABIADURA HANDIKO TRENAREN IRUÑERRIKO PARTZUERGOAREN ETA IRUÑEKO UDALEKO HIRIGINTZA GERENTZIAREN ARTEKOA, URBANIZAZIOA EGITEN LAGUNTZEKO, ABIADURA HANDIKO TRENAREN GELTOKI BERRIAREN EREMUAREN ETA IRUÑEKO TREN GELTOKI ZAHARRAREN EREMUAREN (DONEJAKUE BIDEKO BIZITEGI-PARKEA) GARAPENERAKO UDALEZ GAINDIKO PLAN SEKTORIALAREN ESPARRUAN
LEHENBIZIKO ZABALKUNTZA
Iruñean, ..................(e)ko ....................................aren .......(e)an
BILDU DIRA:
MANUEL AYERDI OLAIZOLA, Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoko burua. Partzuergoko Zuzendaritza Kontseiluak ahalmendua, 2018ko abenduaren 18ko erabakiaren bitartez.
JOSEBA ASIRON SAEZ, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziaren Kontseiluko burua. Hirigintza Gerentziaren Kontseiluak ahalmendua, 2018ko abenduaren 19ko erabakiaren bitartez.
ADIERAZTEN DUTE:
I.–Nafarroako Gobernuaren 2007ko maiatzaren 2ko Erabakiaren bitartez behin betiko onetsi ziren Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoaren Estatutuak. Partzuergo hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako Udalek osatzen dute.
Partzuergoaren helburuak hauek dira: Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremuaren eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremuaren (Donejakue Bideko Bizitegi-parkea) Garapenerako Udalez gaindiko Plan Sektoriala kudeatzea eta haren hirigintza erabat garatzea, eta Sustapen Ministerioarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (ADIF) ondare harremanak eta harreman ekonomikoak ezartzea, azken horrek eraiki ditzan Ezkirotz eta Zuasti arteko trenbide azpiegitura berriak eta abiadura handiko trenaren Iruñeko geltoki berria.
II.–Nafarroako Gobernuaren 2010eko urtarrilaren 18ko Erabakiaren bitartez behin betiko onetsi zen Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremuaren eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremuaren Garapenerako Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 266/2009 Ebazpenaren bidez Plan horri buruz ingurumen ondorioen adierazpena egin ondoren.
III.–Partzuergoaren berariazko helburuen artean honako hauek daude: Udalez gaindiko Plan Sektoriala erabat garatzea, haren ondoriozko hirigintza kudeatzea eta plan hori gauzatzeko behar diren birzatiketa eta urbanizazio proiektuak tramitatzea eta onestea. Horrenbestez, Partzuergoari honako ahalmen hauek esleitu zaizkio, helburu horiek bete ditzan:
a) Erregelamenduak egiteko eta bere zerbitzuak antolatzeko ahalmena.
b) Finantza-ahalmena.
c) Kontratatzeko ahalmena.
d) Hirigintzako planeamendua kudeatzeko eta gauzatzeko ahalmena.
e) Bere egintzen legezkotasuna eta betearazteko indarra.
f) Bere egintzak eta erabakiak ofizioz berrikusteko ahalmena.
g) Nahitaez betearazteko eta zehatzeko ahalmena.
h) Ikertzeko, mugatzeko, jabetza berreskuratzeko eta bere ondasunen utzarazpen administratiboa egiteko ahalmenak.
i) Bere ondasun eta eskubideen enbargaezintasuna, eta lehenespena eta lehentasuna izateko ahalmena, bai eta Toki Ogasunei aitortzen zaizkien bestelako prerrogatibak ere, deusetan ukatu gabe Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunari dagozkionak.
j) Hirigintza garatzeko planeamendua onesteko ahalmena.
IV.–Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentzia Iruñeko Udalaren 1985eko maiatzaren 30eko Erabakiaren bitartez eratu zen. Gerentzia horren araubidea eta Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua azaroaren 13ko 219/1985 Foru Dekretuaren bitartez onetsi ziren (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 144. zenbakia, azaroaren 29koa).
Gerentzia horren eskudantzien artean honako hauek daude: planeamendurako eta kudeaketarako tresnak tramitatzea, tresna horien idazketa kontratatzea eta urbanizazio obrak osorik garatzea. Horren ondorioz, UPSaren eremua kudeatzeko behar beste giza baliabide eta baliabide material ditu.
Era berean, gerentziaren funtzionamendu araubidean aurreikusten denez, bere eskudantziak Iruñeko udal-mugartean baliatzen ditu, eta eskualdeko udalek edo kontzejuek espresuki eskatzen badute, Iruñerriko udal-mugarteetan ere bai.
V.–Eratu zenetik, Hirigintza Gerentziak Iruñeko udal-mugarteko hirigintza planifikatzen eta kudeatzen jardun du. Halaber, Nafarroako Gobernuak garatu dituen UPSen artean Iruñeko udalerria ukitu dutenei dagokienez, aurkezten diren agiriak aztertzen ditu Gerentziak, ezagutza osoa izateko eta Iruñeko Udal Planak jasaten dituen ukipenak baloratzeko. Gerora, UPS horiek planaren eremuan integratzen dira, ordenamendu juridikoan xedatuta dagoenaren arabera.
VI.–Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremuaren eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremuaren Garapenerako Udalez gaindiko Plan Sektorialak Iruñeko lurzorua ukitzen du, 1.312.209,93 m²-ko azaleran. Hori UPS osoaren %55,77 da, eta lurzoru horietan kokatzen dira UPSa garatzean eraitsi beharreko industria-instalazio eta eraikin gehienak eta etxebizitza ugari. Horren ondorioz, hirigintzako etxe-aldaketa ugari egin beharko dira, eta Hirigintza Gerentziak esperientzia luzea du horrelakoak kudeatzen.
VII.–Horregatik guztiarengatik, egiaztaturik geratu da Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak planeamendu eta kudeaketa arloetan ahalmena duela eta, horrenbestez, Gerentzia hori gai da aipatu UPSak ukitzen duen eremua garatzeko.
VIII.–2011ko otsailaren 15ean izenpeturiko kudeaketa-esleipenerako hitzarmenaren bitartez, bi alderdiek adierazi zuten haien asmoa zela Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak jarduketak egin ahal izatea, Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremuaren eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremuaren (Donejakue Bideko Bizitegi-parkea) Garapenerako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza garatzeko, eta Partzuergoari honako jarduketa hauetan laguntza ematea:
–Partzuergoaren Idazkaritza eta Esku-hartze eginkizunak, birzatiketa eta urbanizazio proiektuak behin betiko onetsi arte.
–Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko behar diren birzatiketa eta urbanizazio proiektuen edukiaren kontrolerako eta jarraipenerako laguntza teknikoa.
–Jarduketaren ondoriozko hirigintzako etxe-aldaketak aztertzea. Horren barnean, zerikusia duten hiru udalentzako ordenantza arautzailearen proposamena sartzen da.
–Partzuergoak hartu beharreko erabaki-proposamenak lantzea, kudeaketarako tresnak onesteari dagokionez, horren barnean daudela jendaurreko epean proiektuen aurka egindako alegazioei buruzko txostenak.
–Ondoriozko lurzatiak Jabetza Erregistroan inskribatzeko kudeaketa.
–Administrazio espedientea prestatzea, Partzuergoak lehenbiziko urbanizazio kuota igor dezan.
–Birzatiketa eta urbanizazio proiektuen behin betiko onespenaren aurka kasuan kasu aurkezten diren errekurtsoen aurkako defentsa juridiko eta teknikoa.
Kudeaketa-esleipenerako hitzarmenaren zortzigarren itunean adierazi zen hitzarmen berriak formalizatu beharko direla gerora berariazko esleipenak egiteko. Hitzarmen horietan ezarriko da zein baldintzatan egin behar diren esleitutako jarduketak, baita epeak eta jaso beharreko kontraprestazioa ere. Esleitzen ahal ziren jarduketen artean, honako aukera hau aurreikusi zen: “Partzuergoari laguntzea Udalez gaindiko Plan Sektorialaren urbanizazioa exekutatzen, obrak adjudikatzeko espedienteei dagokienez, eta obrak exekutatzean zuzendaritza fakultatiboaz nahiz zuzendaritzarako laguntzaz arduratzea”.
IX.–Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoko Zuzendaritza Kontseiluak 21. bilkura egin zuen 2018ko ekainaren 15ean. Bilkura horretan honako hau erabaki zuen:
“6.–Hirigintza Gerentziari esleitzea hirigintzako jarduketa presazkoak egiteko beharrezkoa den kontratazio prozeduraren tramitazioa. Jarduketa horien bidez, eraikinak eraitsiko dira. Obra horiek 487.275,84 euroko aurrekontua dute, eta haien egiazko kostua Partzuergoak finantzatuko du oso-osorik. Esleipen honen truke, Hirigintza Gerentziak eskubidea izanen du kudeaketa horren egiazko kostuen %4 jasotzeko ordainsari gisa.”
Halaber, erabaki zen zenbait gastu baimentzea, 2019tik 2021era bitarteko ekitaldietan Gerentziak aurreratuko dituen zenbatekoei aurre egiteko. Horrez gain, hasiera batean onetsi ziren 4. poligonoko 2652. eta 2700. katastroko lurzatietan dauden eraikinak eraisteko hitzarmenak. Jarduketa horiek egitea beharrezkoa da UPSan aurreikusitako urbanizazio-obra egin aurretik.
Horrenbestez, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 63. artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, Udaleko Hirigintza Gerentziak eta Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoak, beren ordezkaritzari helduta, kudeaketa-esleipenerako hitzarmen hau (1. zabalkuntza) sinatzen dute. Hitzarmena itun hauen mendean egonen da:
ITUNAK.
Lehenbizikoa.–Hitzarmen hau sinatuz, Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoak eta Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak zabaltzen dituzte azken horrek kudeatzeko esleituriko jarduketak, zeinak 2011ko otsailaren 15eko hitzarmenean biltzen baitziren. Hitzarmenaren aplikaziorako araubide juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan aurreikusita dagoena izanen da.
Araudi horri jarraikiz, kudeaketa esleitzeak ez dakar ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea. Esleipenean emandako jarduera materialari oinarria emanen dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo ebazpen juridiko guztiak hartzeko ardura osoa Partzuergoak edukiko du.
Bigarrena.–Hitzarmen honen bitartez gauzatzen den Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziaren aldeko esleipenaren barnean honako jarduketa hauek daude:
–Hirigintzako jarduketa presazkoak egiteko beharrezkoa den kontratazio prozeduraren tramitazioa. Jarduketa horien bidez, 4. poligonoko 2652. eta 2700. lurzatietako eraikinak eraitsiko dira. Obrek 487.275,84 euroko aurrekontua dute.
Hirugarrena.–Kudeaketaren egiazko kostuen %4 izanen da Hirigintza Gerentziak esleipen hau betetzeagatik jaso beharreko ordainsaria. Kopuru horri, bidezkoa izanez gero, zergak gehituko zaizkio.
Kudeaketa-esleipena deuseztatzen bada, horri dagozkion jarduketak egin baino lehen, itundutako kontraprestazioa likidatuko da, ordura arte jardun denaren proportzioan.
Diharduen administrazioa aldatzen bada, eta Partzuergoaren ordez Iruñeko Udala izatera pasatuz gero, edo Iruñeko Udala barne hartzen duen beste administrazio bat, hark Partzuergoko gainontzeko kideei itzuli beharko die eraispen obrak egiteko aurreratutako zenbatekoa. Obra horiek eranskinean bildutako bi hirigintza-hitzarmenetan aurreikusten dira.
Laugarrena.–Hirigintza Gerentziak aurreratuko ditu eraispenak egiteko kontratatzen diren jarduketen kostua, bere aurrekontuaren kargura.
Horretarako, Partzuergoak 6.241,31 euroko gastua baimendu eta xedatu du Hirigintza Gerentziaren alde, sorturiko gastuei aurre egiteko. Partzuergoaren 2018ko aurrekontuaren kargura izanen da, bertan kreditu aski baitago helburu horrekin erabiltzeko.
Bosgarrena.–Partzuergoak zenbait gastu baimendu eta xedatu zituen Hirigintza Gerentziaren alde, zenbateko hauekin:
49.000,00 euro, 2019. urteko aurrekontuaren kargura.
49.000,00 euro, 2020. urteko aurrekontuaren kargura.
392.000,00 euro, 2021. urteko aurrekontuaren kargura.
2019an, 2020an eta 2021ean Partzuergoaren aurrekontuetan kontsignatzen diren kredituen menpe egonen dira baimen eta gastu-konpromiso horiek.
Seigarrena.–Eraispenak egiteko xedez Hirigintza Gerentziak kontrataturiko jarduketen kostua (obraren zuzendaritza barne) pixkanaka ordaindu ahal izateko, Partzuergoak ordaintzeko betebeharrak onartuko ditu, Partzuergoko entitateek diru transferentziak egin ahala. Hortaz, ez da beharrezkoa izanen aurrekontu ekitaldi bakoitzerako aurreikusi den zenbateko osoa edukitzea ordaintzeko betebeharra onartzeko. Ordainketak 30 egun naturaleko epean egin beharko dira, Hirigintzako Gerentziak eskatzen duenetik hasita, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan nahikoa likidezia eta dirua erabilgarri badago, eta Gerentziak ordainketak egin izana justifikatu ondoan edo, bestela, eraiste lanei dagozkien harrera-aktak, obren ziurtapenak edo fakturak baldin badaude (obraren zuzendaritza barne).
Zazpigarrena.–Legezko ondorioetarako, hitzarmen honek izaera administratiboa dauka. Horrenbestez, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak izanen du hura interpretatu eta betetzean sortzen ahal diren auziak ebazteko eskumena.
Eta ados izatearen frogagarri, bi alderdiek agiri hau sinatzen dute orri guztietan, bi aletan eta ondorio bakar baterako, idazpuruan adierazten diren lekuan eta egunean.
Iruñean, ..............................................................................................
Manu Aierdi Olaizola, Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoko burua.
Joseba Asiron Saez, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziaren Kontseiluko burua.
Iragarkiaren kodea: L1815974