26. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2019 FORU AGINDUA, urtarrilaren 29koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren arteko hitzarmena. Hitzarmenean AP-15ean ibiltzen diren ibilgailu arinen (I. mota) erabiltzaileentzako beste deskontu gehigarri bat ezartzen da.

Nafarroako Gobernuak, 2019ko urtarrilaren 23an egindako bileran, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren arteko hitzarmenaren testua onetsi zuen. Hitzarmenean AP-15ean ibiltzen diren ibilgailu arinen (I. mota) erabiltzaileentzako beste deskontu gehigarri bat ezartzen da, eta ezartzen da, halaber, hitzarmena izenpetzeko beharrezkoa den guztia. Hitzarmena urtarrilaren 23an izenpetu zen.

Hori sinatu ondoren, bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Azaldutakoa dela eta,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren arteko hitzarmena. Hitzarmenean AP-15ean ibiltzen diren ibilgailu arinen (I. mota) erabiltzaileentzako beste deskontu gehigarri bat ezartzen da, eta Foru Agindu honen eranskinean dator.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 29an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

NAFARROAKO GOBERNUAREN ETA NAFARROAKO AUTOBIDEAK SAREN ARTEKO HITZARMENA, ZEINEAN EZARTZEN BAITA AP-15EAN IBILTZEN DIREN IBILGAILU ARINEN (I. MOTA) ERABILTZAILEENTZAKO BESTE DESKONTU GEHIGARRI BAT

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 23an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Manuel Ayerdi Olaizola jauna, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz, horretarako ahalmena eman baitzitzaion Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 23an hartutako Erabakiaren bitartez.

Bestetik, Victor Torres Ruiz jauna, Nafarroako Autobideak SAko Administrazio Kontseiluak hitzarmen hau izenpetzeko ahalmena eman baitzion 2018ko azaroaren 20an hartutako erabakiaren bitartez.

Bi alderdiek hitzartzeko eta elkar behartzeko ahalmena onartu diote elkarri, eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehendabizikoa.–Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean partida hau dagoela: 17.20.441M.450 “Hitzarmena Nafarroako Foru Komunitatearekin, konpentsatzeko AP-1ean ibiltzen diren ibilgailu arinen (I. mota) erabiltzaileei, OBE Vía-T gailua dutenei, egiten zaizkien deskontuak, 24 ordutan egiten diren joan-etorriek autobideko erabiltzaileentzat ez dezaten kosturik izan”. Partidaren zuzkidura 12.000.000 eurokoa da.

Bigarrena.–Sustapen Ministerioaren Azpiegituren, Garraioaren eta Etxebizitzaren Estatu idazkariaren 2018ko abenduaren 28ko Ebazpenaren bidez, onetsi dela Nafarroako Foru Komunitateari dirulaguntza zuzen bat ematea, aurreko apartatuan aipatzen diren deskontuak aplikatzearen ondorioz sortzen diren konpentsazioak finantzatzeko.

Hirugarrena.–Nafarroako Autobideak SA (Audenasa) Nafarroako autobidearen lehen fasea eraiki, zaindu eta ustiatzeko emakida administratiboaren titularra dela. Emakida hori 1973ko abuztuaren 10eko eskritura publikoaren bidez eman zen, Nafarroako Foru Komunitateak bere foru araubidearen ondorioz dauzkan eskumen esklusiboekin bat etorriz (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 1.f) eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera).

Laugarrena.–Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk hainbat hitzarmen izenpetu dituztela 1990. urtetik aurrera, AP-15 autobidearen erabiltzaileentzako deskontuen politika komertzial bat garatu eta aplikatzeko. 2000ko otsailaren 28an, 2002ko urtarrilaren 30ean, 2007ko maiatzaren 25ean eta 2008ko martxoaren 14an izenpetu ziren hitzarmenek, baita beroriek onetsi zituzten Nafarroako Gobernuaren erabakiek ere, aldatu dituzte, hurrenez hurren, emakidadunak aplikatzen duen politika komertzialari buruzko klausulak, emakida-kontratukoak, bereziki erabiltzaileei aplikatu beharreko deskontuei buruzkoak, ezarriz, hala bazegokion, Audenasaren alde egin beharreko konpentsazio ekonomikoak. Gainera, Nafarroako Gobernuaren 2015eko abenduaren 23ko Erabakiaren bidez, onetsi ziren Nafarroako Autobidean aplikatu beharreko tarifak, oinarrizko ordainsariak eta berariazko deskontuak dauzkaten ordainsariak 2016. urterako. Erabaki horretan ezarri zen nola egozten zaien konpentsazio hau berariazko deskontuei, eta ezarri zen prezioari lotutako dirulaguntza bat dela ulertzen dela, eta beraz dagokion BEZa autobidearen erabiltzaileei jasanarazi behar zaiela.

Bosgarrena.–Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Autobideak SAk, aurreko guztia kontuan harturik, hitzarmen hau adosten dutela, eta bertan ezartzen direla AP-15 autobidean ibiltzen diren ibilgailu arinentzako deskontu gehigarri bat emateko baldintzak, baita emakidadunaren aldeko konpentsazioa ere.

Seigarrena.–Nafarroako Gobernuak, 2019ko urtarrilaren 23an, hitzarmen honen testua onetsi du, eta Manuel Ayerdi Olaizola jaunari eman dio izenpetzeko ahalmena.

AUDENASAko Kontseiluak ere testua onetsi du, eta Víctor Torres Ruiz jaunari eman dio izenpetzeko ahalmena.

Horrenbestez, bi aldeek adostu dute lankidetza hitzarmen hau izenpetzea, honako klausula hauek gobernatuko dutena:

KLAUSULAK

Lehena.–Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen helburua da ibilgailu arinentzako deskontu gehigarri bat aplikatzeko baldintzak ezartzea, Sustapen Ministerioaren Azpiegituren, Garraioaren eta Etxebizitzaren Estatuko idazkariaren 2018ko abenduaren 28ko Ebazpenak ezartzen dituen betebeharrak betetzeko. Ebazpen horrek onetsi zuen 12.000.000 euroko dirulaguntza zuzen bat ematea Nafarroako Foru Komunitateari, Nafarroako Gobernuak eman beharko dituen konpentsazioak finantzatzeko, AP-15 autobidearen sozietate kontzesionarioak teleordainketarako gailuak (Via T) dituzten ibilgailu arinen (I. mota) ordainsariei, deskontuarekin loturikoei, aplikatuko dizkien deskontu gehigarrien ondorioz, asmo honekin: 24 ordutan ordainleku jakin batetik ordainleku berera egiten diren joan-etorriek autobideko erabiltzaileentzat ez dezaten kosturik izan, bi aldeen artean izenpetu beharko den hitzarmenaren arabera.

Bigarrena.–Ibilgailu arinentzako deskontu gehigarria.

AP-15 Nafarroako autobidean deskontu gehigarri berri bat ezartzen da ibilgailu arinentzat (I. mota), joan-etorriko bidaiak egiten dituztenean eta itzulera joaneko bidaiaren ondorengo 24 orduetan egiten bada. Deskontu horrek erabiltzaileak ordaindu behar duen prezio garbiaren %100 egingo du (BEZa kanpo), indarrean dagoen deskontuen politika komertzialari dagozkion deskontuak aplikatu eta gero (deskontu horiek Nafarroako Gobernuaren eta AUDENASAren arteko hitzarmen hauetan daudenak dira: 2000ko otsailaren 28koan, 2002ko urtarrilaren 30ekoan, 2007ko maiatzaren 25ekoan eta 2008ko martxoaren 14koan).

Deskontu gehigarri hau prezioari lotutako dirulaguntza dela jotzen da; beraz, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 26. artikuluaren 2. apartatuaren 3. zenbakiarekin bat etorriz, erabiltzaileak dagokion BEZa ordaindu beharko du.

Deskontu gehigarri hau aplikatu ahal izateko, ordainketa OBE Vía-T erako gailu batekin egin beharko da, AP-15 autobideko deskontuekin loturiko batekin, 2008ko martxoaren 14ko hitzarmenak ezartzen duenaren arabera.

Deskontu berri honen aplikazioa oinarrizko bidesarien, tarifen eta Nafarroako Gobernuak urteko indarraldiarekin, (urte naturalarekin batera eta urtarrilaren 1etik aurrera) onesten dituen deskontu espezifikoen politikaren ondorioz ateratzen diren prezioen gaurkotzean jasoko da.

Deskontu gehigarri honek 2019ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta Nafarroako Gobernuak esaten duen egunean amaituko da, AUDENASAri behar bezala jakinarazi eta gero.

Hirugarrena.–Konpentsazio gehigarria emakidadunari.

Nafarroako Gobernuak, hitzarmen honetan arautzen den deskontu gehigarriaren kontraprestazio bezala, ordainduko dio AUDENASAri deskontu hauen onuradunen (indarreko politika komertzialak ezartzen dituen deskontuak aplikatu eta gero) ibilgailu arinek ordaindu ez dituzten ordainsarien %100, bai eta neurri berri honek sorrarazten dituen kudeaketa banku-gastu gehigarriak ere.

AUDENASak zenbatuko ditu deskontu berri honetarako eskubidea duten joan-etorriak, eta dagokien deskontu gehigarriaren kopurua kalkulatuko du. Informazio hau hilero bidaliko zaio Nafarroako Gobernuak emakidan daukan Delegazioari, Nafarroako Gobernuak konpentsazioa ordain dezan.

Justifikazio hau aurkeztuko da indarreko deskontu-politika komertzialarengatik ordaindu behar den konpentsaziotik bereizita eta ezberdindua. Konpentsazio hori kalkulatzeko, dirusarrera bermatuen formulak segituko du indarrean, eta Nafarroako Gobernuaren eta AUDENASAren arteko hitzarmen hauetan ezarritako prozedura: 2000ko otsailaren 28koan, 2002ko urtarrilaren 30ekoan, 2007ko maiatzaren 25ekoan eta 2008ko martxoaren 14koan. Formula horretan ez da aintzat hartuko deskontu gehigarri berri hau, ez eta klausula honetan ezartzen den emakidadunaren aldeko konpentsazioa ere. Hala ere, bi konpentsazioak elkarrekin fakturatu eta tramitatuko dira.

AUDENASAk aurkeztuko du, gainera, Nafarroako Gobernuak emakidan daukan delegatuak eskatzen duenean, deskontu hauen aplikazioari dagokionez Estatuko Administrazio Orokorrak Nafarroako Gobernuari eskatzen ahal dizkion informazio eta dokumentazio guztia.

Laugarrena.–Hitzarmenaren jarraipena eta berrikuspena.

Aurreikusten da lantalde bat eratuko dela, zeinean bi aldeek edukiko baitute ordezkaritza eta Nafarroako Gobernuak emakidan daukan Delegazioak parte hartuko baitu, hitzarmen honen jarraipena egiteko, eta hitzarmenak gaur egungo deskontu politikan daukan eragina aztertzeko. Hala badagokio, bi aldeak ados egonez gero, lantaldeak egoki jotzen dituen hobekuntzak proposatzen ahal ditu.

Bosgarrena.–Araubide juridikoa.

Alderdiak hitzarmen honetan ezarritakoari lotzen zaizkio, baita 1973ko abuztuaren 10eko emakida kontratuari, kontratu horri egindako aldaketei eta hura garatzeko hitzarmenei ere.

Eta ados egotearen frogagarri, honako hitzarmen honen bi ale izenpetzen dituzte, ondorio bakarrarekin, Iruñean, 2019ko urtarrilaren 23an.

NAFARROAKO GOBERNUAREN izenean

AUDENASAREN izenean

Manuel Ayerdi Olaizola

Víctor Torres Ruiz

Iragarkiaren kodea: F1901290