26. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 23an hartua, onesten duena ibilgailu arinei aldi batez deskontu gehigarri bat aplikatzea AP-15 autobidean, baita Nafarroako Gobernuaren eta sozietate kontzesionarioaren artean sinatu beharreko hitzarmena ere.

Sustapen Ministerioaren Azpiegituren, Garraioaren eta Etxebizitzaren Estatuko idazkariaren 2018ko abenduaren 28ko Ebazpenaren bidez, onetsi da 12.000.000 euroko dirulaguntza zuzen bat ematea Nafarroako Foru Komunitateari. Dirulaguntzaren xedea da AP-15 autobidearen sozietate kontzesionarioak teleordainketarako gailuak (Via T) dituzten ibilgailu arinen (I. mota) ordainsariei, deskontuarekin loturikoei, aplikatuko dizkien deskontuak aplikatzearen ondorioz sortzen diren konpentsazioak finantzatzea, ordainleku jakin batetik ordainleku berera 24 ordutan egiten diren joan-etorriek autobideko erabiltzaileentzat ez dezaten kosturik izan, bi aldeen artean izenpetu beharko den hitzarmenaren arabera.

Aipatu ebazpenaren 4. apartatuarekin bat etorriz, dirulaguntzaren kopuru osoa 2019ko urtarrilaren 21ean ordaindu da, Nafarroako Foru Komunitateak ebazpen hori onartu eta gero.

Nafarroako Gobernuak, aipatu ebazpenaren bidez ematen den dirulaguntza zuzena aplikatzeko, AP-15 autobidean indarrean den deskontuen politika komertziala aldatu behar du, eta aldi berean bidezkoa den konpentsazio ekonomikoa ezarri behar du sozietate kontzesionarioaren alde.

Nafarroako Autobideak, SA (AUDENASA) enpresa da AP-15 Nafarroako autobidea eraiki, zaindu eta ustiatzeko emakida administratiboaren titularra, 1973ko abuztuaren 10ean eman zen eskritura publikoaren arabera. Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk hainbat hitzarmen izenpetu dituzte 1990. urtetik aurrera, AP-15 autobidearen erabiltzaileentzako deskontuen politika komertzial bat garatu eta aplikatzeko. 2000ko otsailaren 2an, 2002ko urtarrilaren 30ean, 2007ko maiatzaren 25ean eta 2008ko martxoaren 14an izenpetu ziren hitzarmenek, baita beroriek onetsi zituzten Nafarroako Gobernuaren erabakiek ere, aldatu dituzte, hurrenez hurren, emakida kontratuaren kontzesionarioak aplikatzen duen politika komertzialari buruzko klausulak, bereziki erabiltzaileei aplikatu beharreko deskontuei buruzkoak, ezarriz, hala bazegokion, AUDENASAren alde egin beharreko konpentsazio ekonomikoak.

AUDENASAko Administrazio Kontseiluan, non Nafarroako Gobernuak kapital sozialaren %50 baitauka, erabaki zen batzorde berezi bat sortzea, honako hauek osatua: Nafarroako Gobernuak enpresa emakidadunean duen ordezkaria, AUDENASAko zuzendari nagusia, Nafarroako Gobernuaren ordezkari bat eta ENA Infraestructuras SAren bi ordezkari. Batzorde horrek erabaki du beharrezkoa dela hitzarmen bat sinatzea Nafarroako Gobernuaren eta AUDENASAren artean, AP-15 autobidearen emakidaren emaile eta hartzaile diren aldetik, deskontu gehigarri horiek eta emakidaduna konpentsatzeko modua ezartzeko. Horren testua Nafarroako Gobernuak onetsi behar du orain.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomikorako kontseilariak eta Ogasuneko Finantza Politikako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. AP-15 Nafarroako autobidean deskontu gehigarri baten aplikazioa onestea, aldi baterako, ibilgailu arinentzat (I. mota), joan-etorriko bidaiak egiten dituztenean eta itzulera joaneko bidaiaren ondorengo 24 orduetan egiten bada. Deskontu horrek erabiltzaileak ordaindu behar duen prezio garbiaren % 100 egingo du (BEZa kanpo), indarrean dagoen deskontuen politika komertzialari dagozkion deskontuak aplikatu eta gero (deskontu horiek Nafarroako Gobernuaren eta AUDENASAren arteko hitzarmen hauetan daudenak dira: 2000ko otsailaren 28koan, 2002ko urtarrilaren 30ekoan, 2007ko maiatzaren 25ekoan, 2008ko martxoaren 14koan).

Deskontu gehigarri hau prezioari lotutako dirulaguntza dela jotzen da; beraz, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 26. artikuluaren 2. apartatuaren 3. zenbakiarekin bat etorriz, erabiltzaileak dagokion BEZa ordaindu beharko du.

Deskontu gehigarri hau aplikatu ahal izateko, ordainketa OBE Vía-T gailu batekin egin beharko da, AP-15 autobideko deskontuekin loturiko batekin, 2008ko martxoaren 14ko hitzarmenak ezartzen duenaren arabera.

Deskontu berri honen aplikazioa oinarrizko bidesarien, tarifen eta Nafarroako Gobernuak urteko indarraldiarekin, (urte naturalarekin batera eta urtarrilaren 1etik aurrera) onesten dituen deskontu espezifikoen politikaren ondorioz ateratzen diren prezioen gaurkotzean jasoko da.

Deskontu gehigarria indarrean egongo da 2019ko urtarrilaren 1etik deskontu hauek aplikatzeagatik sozietate kontzesionarioari egindako konpentsazioa gehienez ere 12.000.000 euroko kopurura iritsi dela egiaztatzen den egunera arte. Nafarroako Gobernuak jakinaraziko die inguruabar hau erabiltzaileei eta sozietate kontzesionarioari.

2. Nafarroako Gobernuak eta Autopistas de Navarra SAk ibilgailu arinei aplikatzen zaien deskontu gehigarri hauei buruz sinatu behar duten hitzarmenaren testua onestea, erabaki honen I. eranskin gisa agertzen dena.

Hitzarmen horren ondoriozko obligazioak 2019ko Gastuen Aurrekontuko partida honen kargura finantzatuko dira: 10000 100000 4709 441100. “AUDENASA. Merkataritza-politika”.

3. Garapen Ekonomikorako kontseilariari ahalmena ematea hitzarmen hori sinatzeko Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz.

4. Erabaki hau Sustapen Ministerioaren Azpiegituren, Garraioaren eta Etxebizitzaren Estatu Idazkaritzari eta Autopistas de Navarra SAri jakinaraztea, eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Gobernuak enpresa emakidadunean duen Ordezkaritzara eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1901156