255. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

30/2019 FORU LEGEA, abenduaren 23koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina hein batean aldatzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGARI BURUZKO FORU LEGEAREN TESTU BATEGINA HEIN BATEAN ALDATZEN DUENA.

HITZAURREA

Foru lege honen xedea da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina aldatzea, legean kenkari berri bat sartze aldera, 2020an soilik aplikatuko dena, 2015etik 2018ra bitartean jasotako amatasun eta aitatasun prestazioengatikoa. Horrela, laguntza eman nahi zaie 2015 eta 2018 bitartean seme-alabak izan eta amatasun eta aitatasun prestazioak salbuetsita izan ez zituzten familiei.

68. quater artikuluan ezarritako kenkariaren antzera, kenkaria zergaren kuota diferentzialaren gainean aplikatzen da; hau da, subjektu pasiboari oso-osorik itzul dakioke PFEZren 2020ko kuota diferentziala zero edo negatiboa denean, eta modu berean zehazten da. Desberdintasuna da 2015etik 2018ra bitartean jasotako amatasun edo aitatasun prestazioen gainean aplikatzen dela. Hala, kenkariaren zenbatekoa suertatuko da 30.000 euro baino gehiagoko errentarik -salbuetsiak barne- ez duten subjektu pasiboek jasotako prestazioei 100eko 25eko portzentajea aplikatuz. Portzentaje hori murrizten joanen da subjektu pasiboaren errentak handitu ahala, harik eta zeroraino iritsi arte, errentak 105.000 euro baino gehiagokoak badira. 68. quater artikuluko kenkariarekin gertatzen den bezala, kenkaria izateko eskubidea ematen duten prestazioak etor daitezke Gizarte Segurantzatik, aurreikuspen sozialeko mutualitateetatik edo funtzionarioen mutualitateetatik.

Era berean ezartzen da ezen kenkaria aplikatzen dela PFEZari lotuak eta salbuetsigabeak diren amatasun eta aitatasun prestazioen gainean soilik. Zuhurtzia hori beharrezkoa da amatasun eta aitatasun prestazioen tributazioa sortzen ari den auzi-kopuruagatik, epaitegiren batek noizbait erabaki baitezake aipatutako prestazioak salbuetsita daudela. Horretaz gainera, gerta daiteke familiaren batek zergak 2020an Nafarroan ordaindu behar izatea eta aurreko urteetan araubide komuneko lurralderen batean edo Euskal Autonomia Erkidegoan zergak ordaindu izana eta, orobat, seme-alabak 2015etik 2018ra bitartean eduki izana. Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko araudiei jarraikiz, amatasun eta aitatasun prestazioak salbuetsita zeuden garai haietan eta, ondorioz, familia horiek ezin izanen dute aplikatu hogeita bederatzigarren xedapen gehigarri berrian araututako kenkaria.

Proiektu hau egitean aintzat hartu dira arauketa onaren printzipioak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarriak. Hala, foru lege honek bere xede propioagatik betetzen ditu beharrizan eta eraginkortasun printzipioak, tributuak aldatzeko ez baitago lege-aldaketaz bestelako aukerarik, tributu-arloan indarrean dagoen lege-erreserbaren ondorioz, zeina Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 11. artikuluan ezartzen baita.

Foru legea, hori prestatzeko prozedura eta gainerako arauetan dituen efektuak Nafarroako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Ogasunaren webgunean argitaratzeak zaindu du gardentasun- eta irisgarritasun-printzipioak errespetatuak izatea.

Era berean, kontuan izan da gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren printzipioa, eta aldaketak egin dira, arauan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzearren.

Foru legeak artikulu bakar bat eta azken xedapen bat ditu.

Artikulu bakarra.–Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria aldatzea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginean, zeina 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen. 2020. urterako efektuekin.

“Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria. 2015etik 2018ra bitartean jasotako amatasun eta aitatasun prestazioengatiko kenkaria.

1. Dagokion kuota diferentziala finkatu ondoren, subjektu pasibo batek zeinak amatasun edo aitatasun prestazio publiko bat 2015, 2016, 2017 edo 2018ko zergaldietan jaso baitzuen, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak 2019ko martxoaren 7an indarrean zeukan testuaren II. tituluko VI. eta VII. kapituluetan ezarritakoaren araberakoa, zilegi izanen du 2020ko zergaldiari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean kenkaria egitea, prestazioaren zenbatekoari ondorengo letretan ezarritakoaren araberako ehunekoa aplikatzetik suertatzen den zenbatekoa bezainbestekoa:

a) 30.000 euro arteko errentak dituzten subjektu pasiboak: %25.

b) 30.000 euro baino gehiagoko errentak dituzten subjektu pasiboak: %25, subjektu pasiboak 30.000 eurotik gora duen errenta-soberakina adierazten duen proportzioa 10ekin biderkatzearen emaitza kenduta.

Emaitza gisa lortzen den portzentajea bi hamarrenetara biribilduta adieraziko da. Emaitza negatiboa baldin bada ehunekoa zero izanen da.

2. Kenkariaren ehunekoa zehazteko, kontuan hartu beharko dira subjektu pasiboaren errenta guztiak, salbuetsiak barne, 2020ko zergaldiari dagozkionak.

3. Kenkari hau ere aplika dezakete:

a) 2015, 2016, 2017 edo 2018ko zergaldietan 1. apartatuko egoera berberengatiko prestazioak jaso dituzten enplegatu publikoek, prestazio horiek datozenean araubide publikoetatik edo Gizarte Segurantzaren ordezko gisa jarduten duten mutualitateetatik.

b) Beren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian sartuta ez dauden profesionalek, baldin eta 1. apartatuko egoera berberengatiko prestazioak jaso badituzte 2015, 2016, 2017 edo 2018ko zergaldietan, prestazio horiek datozenean Gizarte Segurantzako araubide bereziaren ordezko gisa jarduten duten gizarte-aurreikuspeneko mutualitateetatik.

c) 2015, 2016, 2017 edo 2018ko zergaldietan 1. apartatuan aurreikusitako egoeren berdin-berdinak direla-eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen prestazioak jaso dituzten kooperatibetako bazkide langileek.

4. Kenkari-oinarriak muga gisa izanen du Gizarte Segurantzak kasuko kontzeptuagatik aitortzen duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa.

5. Kenkaria aplikatu ahal izanen zaie pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotuta dauden eta horretatik salbuetsi ez diren amatasun edo aitatasun prestazioei soilik.”

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko abenduaren 23an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F1916541