255. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 31a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

29/2019 FORU LEGEA, abenduaren 23koa, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZENBAIT ZERGA ALDATU ETA BESTE TRIBUTU-NEURRI BATZUK HARTZEARI BURUZKOA.

HITZAURREA

Foru lege honen helburua da ondoko arau hauek aldatzea: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina, Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Legea, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren testu bategina, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren testu bategina, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra, Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea arautzen duen Foru Legea, Kooperatiben Zerga Araubidea arautzen duen Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitatean Kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko Foru Legea, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea.

Lortu nahi den xedea da Foru Komunitateko zerga-araudia egokitzea zerga-harreman juridikoaren azpian dauden errealitate juridiko eta ekonomiko aldakorretara, etengabe bi helburu nagusi bete nahian: zerga-arloko ekitatea hobetzea eta zerga-iruzurraren kontra egitea. Bestalde, beharrezkoak diren hobekuntza tekniko batzuk txertatzen dira, eta zenbait onura fiskalen erregulazioa doitu egiten da, interpretazioari dagozkion zenbait gai argitzearren, prozedurakoak nahiz substantiboak, tributuen kudeaketan pilatutako esperientziak hala eskatzen baitu unean-unean.

Ekitatea areagotzeko asmo etengabe hori edozein zerga sistemaren funtsezko helburua da, eta, horregatik, ahalmen ekonomikoak izan behar du zerga-betebeharrak banatzeko benetako neurria. Alde horretatik, egokitzat jo da une honetan PFEZaren likidazio-oinarri orokorrari aplikatu beharreko tarifa deflaktatzea, zergadunen eros-ahalmenaren igoerarekin zerikusirik ez duen karga fiskala arintzeko.

Zerga arloko araudi mardula hobeki uler dadin eta, halaber, kalitate tekniko hobea izan dezan, foru lege honen bidez lege testuak eguneratu nahi dira, arauen erreferentziak berrituz eta zaharkituak kenduz. Lan horren adibidetzat aipa daiteke zerga arloko arauak egokitu egin direla Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzeko apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legera.

Proiektu hau egitean aintzat hartu dira arauketa onaren printzipioak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarriak. Horrela, foru lege honek beharrizanaren eta eraginkortasunaren printzipioak betetzen ditu bere xedeagatik beragatik. Alde batetik, interes orokorrari dagozkion gaiak arautzen ditu, zerga arloko zenbait arau aldatzen dituelako. Bestetik, tributuak aldatzeko bide bakarra dago; hots, legegintza bidezkoa, zerga arloan lege erreserbak agintzen du-eta, zeina Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 11. artikuluan ezarrita baitago.

Foru lege honen edukiak beste foru lege batzuen zenbait artikulu aldatzen ditu ahalik eta zehaztasun handienarekin, eta, beraz, proportzionaltasunaren printzipioa ere betetzen da. Horrexegatik, segurtasun juridikoaren printzipioa ere betetzen da. Izan ere, gainerako ordenamendu juridikoarekiko koherentea eta pertsona nahiz enpresentzako egonkorra, aurreikusgarria eta ziurra izatea zehatz-mehatz neurtu dira, oreka lortze aldera legegilearen borondatearen eta gainerako errealitate juridikoaren artean, jurisprudentzia berriena ere barne dela. Foru lege honekin lortu nahi diren zenbait helburu betetzeko, oso kontuan hartu da sinpletasun eta efizientzia printzipioa ere, zeinak xede baitu karga administratibo ez-beharrezkoak edo osagarriak saihestea eta baliabide publikoen kudeaketa arrazionalizatzea.

Foru legea, hori prestatzeko prozedura eta gainerako arauetan dituen efektuak Nafarroako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Ogasunaren webgunean argitaratzeak zaindu du gardentasun- eta irisgarritasun-printzipioak errespetatuak izatea.

Era berean, kontuan izan da gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun printzipioa, eta aldaketak egin dira, arauetan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiltzeko.

Foru legearen egitura hauxe da: hamahiru artikulu, xedapen indargabetzaile bat eta sei azken xedapen.

Lehen artikuluak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzen du.

Lehenengo eta behin, 7. artikulua aldatzen da, errenta salbuetsiak arautzen dituena, arauetan izan diren aldaketei egokitzeko. Alde batetik, urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretua, 7.h) artikuluko bigarren paragrafoan aipatzen dena, martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak indargabetu zuen, prestakuntzan ari diren doktoratuaurreko ikertzaileen estatutua onetsi zuenak hain zuzen. Indargabetze horren ondorioz, aurrerantzean ez da bekarik emanen 63/2006 Errege Dekretuaren esparruan, eta beraz salbuespena ere desagertzen da.

Bestetik, 7.k) artikuluari paragrafo bat gehitzen zaio, aintzat hartu baita 6/2019 Errege Lege Dekretuak Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean egindako aldaketa. Besteak beste, arau horrek aldatu egin du amatasun eta aitatasun prestazioen izena. Zerga arau horretan egiten den aldaketaren xedea da argi uztea salbuespena inola ere ez dagokiela Gizarte Segurantzak jaiotzagatik eta adingabearen zaintzagatik ematen dituen prestazioei (lehengo amatasun eta aitatasun prestazioak). Horren bidez saihestu nahi da amatasun eta aitatasun prestazioen izenaren aldaketak aldaketa aurreikusigabe bat ekartzea aplikatu beharreko zerga araubidean.

Halaber aldatzen da 7.n) hirugarrena) artikuluko bigarren paragrafoa, 60.000 euroraino gehituz lan-etekinen salbuespena atzerrian egiazki eginiko lanengatik, xede harturik Nafarroako enpresen nazioartekotzeari mesede egitea. Halatan, berreskuratu egiten da gure inguruko araudietan aplikatzen den salbuespenaren muga.

Asmotan harturik langileen partaidetza erraztea haiek beren zerbitzuak ematen dituzten enpresetan, neurri berri bat onesten da, 7. artikuluari x) letra gehituta, zeina baita 20.000 euroko zenbatekoraino salbuetsitakotzat deklaratzea enpresek beren langileei ordaindutako kopuruak, helburutzat dutenak langile horiek partaidetzak eskuratzea beren zerbitzuak ematen dituzten enpresan edo taldea Merkataritza Kodeko 42. artikuluko zentzuan osatzen duten edozein sozietatetan.

28. artikuluari e) letra gehituz, “carried interest” delakoaren zergapetzea kapital higigarriaren etekin gisa egitea ezartzen da, halatan Europar Batasuneko herrialde nagusien joerari jarraiturik.

Horrez gain, 3. apartatua gehitzen zaio 33. artikuluari, enpresa- edo lanbide-jardueren etekin osoei buruzkoari. Aldaketaren bidez, jarduera artistikoen diru-sarreraren kalifikazioa ematen zaie pertsona fisiko artistek Mezenasgoari buruzko 8/2014 Foru Legearen esparruan jasotzen dituzten irabazizko eskurapenei. Aldaketa horren xedea da bi hauen tratamendua parekatzea: pertsona fisikoek jasotzen dituzten dohaintzei ematen zaiena eta jarduera artistikoak bete ohi dituzten pertsona juridikoek jasotzen dituzten dohaintzei ematen zaiena. Aldaketa horrekin, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, pertsona fisiko artistek Mezenasgoaren Foru Legearen esparruan jasotzen dituzten dohaintzak ez dira egonen oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren pean, eta PFEZa ordainduko dute jarduera artistikoaren diru-sarrera gisa, betiere modua izanda jarduera artistikoan aritzearen ondorioz egiten diren gastuen kenkaria egiteko.

45. artikulua ere aldatzen da, argi gera dadin jarduera ekonomikoei atxikitako ondasunetan berrinbertitzeagatiko salbuespena aplikatzen dela Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legeak arautzen duen berrinbertsioagatiko salbuespenaren baldintza beretan. Hortaz, Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 37. artikulua aldatu ondoren, salbuespenak eraginen dio, soilik, eskualdaketarengatik agerian geratzen den ondare-gehikuntzaren 100eko 50i.

Aldatu egiten da 55.1.seigarrena artikulua, zeinak arautzen baititu gizarte-aurreikuspeneko sistemetara eginiko ekarpenen mugak. Helburua da zehaztea osoki aplikagarriak direla gizarte-aurreikuspeneko sistemetarako eginiko enpresa-ekarpenen 3.500 urtealdi-euroko eta enpresak mendekotasuneko aseguru kolektiboetarako ordainduriko primen 5.000 urtealdi-euroko muga propio eta independenteak, eta gaur egun 6. ordinalean jasota dagoen gehieneko ekarpenen mugari gehitu behar zaizkiola.

59.1 artikulua aldatzen da, likidazio-oinarri orokorrari aplikatu beharreko tarifa deflaktatzeko.

Zenbait aldaketa egiten dira, orobat, 62. artikuluan jasotzen den kuotaren kenkarietan. Lehenengo eta behin, desdoikuntza txiki batzuk zuzentzen dira lan-etekinengatiko kenkariaren zenbait tartetako hamarrenetan, eta, ondoren, kenkari horren funtzionamenduan atzemandako disfuntzio bat ere zuzentzen da. Kenkariaren definizioaren arabera, haren zenbatekoa gutxitu egiten da lan-etekinak handitzen joan ahala. Halere, ikusi da badirela zenbateko handietara irits daitezkeen lan-etekin salbuetsi batzuk, kenkari horren kalkulua distortsionatzen dutenak, halako moduz non besteren konturako lanagatiko diru-sarrera berdinak dituzten bi subjektu pasibok kenkari desberdinak aplikatzen baitituzte haietako baten diru-sarrerek salbuespenen bat izanez gero. Kasu horretan kenkari handiagoa aplikatuko zaio bere etekinen zati bat salbuetsirik duen subjektu pasiboari. Hau da, kuota osoa txikiagoa izateaz gain, haren lan-etekinen zati bat salbuetsirik dagoelako, eskubidea izanen du lan-etekinengatiko kenkari handiagoa izateko. Honen bidez horri ematen zaion testu berriak, ordea, xedatzen du ezen lan-etekinengatiko kenkaria zehazteko, lan-etekin salbuetsiak ere kontuan hartuko direla.

Ondoren, arrisku-kapitaleko entitateen kapitalari edo funts berekiei egindako ekarpenengatiko kenkaria indargabetzen da. Entitate hauek araubide berezia dute sozietateen gaineko zergan, eta horrek onura fiskal batzuk ematen dizkie. Horrez gain, 2005az geroztik, foru araudiak onura fiskal bat ezarri zuen horietan inbertitzen duten pertsona fisiko eta entitateentzat, bi egoera hauek parekatzeko: arrisku-kapitalean inbertitzen zutenena eta enpresak sustatzeko sozietateetan inbertitzen zutenena. 23/2015 Foru Legeak ezabatu zuen enpresak sustatzeko sozietateen araubide berezia eta, horrekin batera, horiei egindako ekarpenengatiko kenkaria; kontuan harturik gure inguruko araudian ez dagoela antzeko kenkaririk arrisku-kapitaleko entitateen kapitalari edo funts berekiei egindako ekarpenengatik, komenigarritzat jotzen da kenkari hori ezabatzea. Halaber, 64.2 artikuluan ezabatu egiten da kenkari horri eragiten zion muga.

Horrez gain, 64. artikulua aldatzen da, baita ere, energia berriztagarrien instalazioetan, ibilgailu elektriko edo hibrido entxufagarrietan eta birkarga-sistemetan egindako inbertsioengatiko kenkarien kasuan modua ematearren ekitaldian kenkaririk egin ez zaien kopuruak -dela likidazio-oinarriaren ehuneko 25eko muga gainditzeagatik dela kuota-gutxiegitasunagatik- hurrengo lau ekitaldietan aplikatu ahal izateko.

Familiaren gutxienekoengatiko kenkarian paragrafo bana gehitu zaie 62.9.b) artikuluko a’) eta b’) azpiletrei, aurreko edo ondorengo ahaideengatiko kenkaria aplikatzeari begira mendekotasun ekonomikoa eta bizikidetza parekotzat jotzen diren kasuak jasotzeko. Horrela, xedatzen da baliokidetzat hartuko direla ondorengo ahaideen mendekotasun ekonomikoa eta bizikidetza, salbu eta 59.3 artikulua aplikatu behar denean (karga-eskalaren aplikazio bereizia, subjektu pasiboak bere seme-alaben mantenurako urtesariak ordaintzen dituenean). Aurreko ahaideei dagokienez berariaz ezartzen da mendekotasun ekonomikoa eta bizikidetza baliokidetzat hartuko direla aurreko ahaideak zentro espezializatuetan bizi direnean. Aldaketa horien bidez arauan jasotzen da Konstituzio Auzitegiaren 19/2012 Epaian ezarritakoa.

PFEZaren kuotaren kenkarietan egiten diren aldaketei dagokienez, azkenik, ibilgailu elektriko edo hibrido entxufagarrietan egindako inbertsioagatiko kenkarian aldaketa batzuk egiten dira, helburu nagusitzat dutenak ez daitezen kenkariaren onuraz balia beren ibilgailuak erabilera partikularrerako ez dauzkaten subjektu pasiboak.

Kuota diferentzialaren kenkariei dagokienez, 68.bis 2 artikulua aldatzen da, besterik gabe argitze aldera erretiroko pentsio kotizaziogabeengatiko kenkaria beti eskatu behar zaiola gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuari, ordainketa aurreratua egin nahi bada.

68.quater artikuluak amatasun eta aitatasun prestazioengatik kuota diferentzialean aplikatzen ahal den kenkaria arautzen du, eta bi aldaketa mota egiten dira horretan. Alde batetik, terminologia egokitzen zaio 6/2019 Errege Lege Dekretuak amatasun eta aitatasun prestazioei eman dien izen berriari. Izan ere, 2019ko martxoaren 8tik aurrera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren II. tituluko VI. eta VII. kapituluetan araututakoek”amatasun” eta “aitatasun” prestazioek “jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa” izena hartu dute, eta hau II. tituluko VI. kapituluan arautzen da. Izen berriak martxoaren 8tik aurrera duenez indarra, 2019an bitakoak izanen dira prestazioak: “amatasun eta aitatasun prestazioak” eta “jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioak”. Hori dela eta, xedapen iragankor bat ere gehitzen da, ezartzen duena ezen 68.quater artikuluan jasotako kenkaria, jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioen ondoriozkoa, amatasun eta aitatasun prestazioei ere aplikatuko zaiela.

Bestalde, kenkaria beste subjektu pasibo batzuetara ere hedatzen da, hain zuzen ere Gizarte Segurantzan sartuta ez egoteagatik amatasun edo aitatasun prestazioak gizarte aurreikuspeneko mutualitateetatik edo funtzionarioen mutualitatetatik jasotzen dituztenetara. Kasu horietan, kenkariaren oinarriaren gehienekoa izanen da Gizarte Segurantzak onartzen duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa.

Azkenik, bukaerako neurri gisa ezartzen da kenkaria PFEZaren pean dauden prestazio salbuetsigabeetan baizik ez dela aplikatzen. Kautela hori beharrezkoa da, amatasun eta aitatasun prestazioen tributazioa sortzen ari den auzi-kopuruagatik, epaitegi batek noizbait erabaki baitezake aipatutako prestazioak salbuetsi behar direla.

68. quinquies artikuluak jasotzen ditu alokairu-etxebizitza bat eskuratzea erraztera bideratuak diren kuota diferentzialeko kenkariak, eta, alde batetik, emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkaria lortzeko adin-muga 30etik 31ra igotzen du. Bestetik, etxebizitza eskuratzeko errentamendu-kenkarirako eskubidea izateko zenbait baldintza samurtzen ditu. Horrela, etxebizitza babestuaren eskatzaileen erroldan urtebete edo gehiagoko antzinatasunarekin izen emanda dauden subjektu pasiboen baldintza beretan onartzen dira administrazio-bisatua duen kontratu baten bidez babesturiko etxebizitza baten errentari direnak, aipaturiko antzinatasuna badute. Halaber, urtebetera murrizten da errentan harturiko gizarteratze-etxebizitzen programaren onuradun izan beharreko aldia, ehuneko 60ko kenkarirako eskubidea izateko baldintza gisa.

Era berean, aldatu egiten da etxebizitza eskuratzeko errentamenduagatiko kenkariaren 2020. urterako araubide iragankorra. Hogeita zazpigarren xedapen iragankorrak kenkaria egiteko modua ematen zien, bakar-bakarrik, gutxieneko antzinatasuna 2019ko eta 2020ko urtarrilaren 1ean 2 urtekoa daukaten adingabedun familiei. 2020rako, erroldan izen emanda egon beharreko epea urtebetera murriztu da.

Seigarren xedapen gehigarria, berriz, aldatzen da, PFEZaren Foru Legearen testu bateginean sartzearren ekainaren 29ko 75/2019 Foru Dekretuak PFEZaren Erregelamenduari gehitu zion lehen xedapen gehigarria. Xedapen horretan jasotzen da zer baldintza bete behar dituzten biziarteko errenta aseguratuen kontratuek, baldin eta lehengoratze-mekanismoak, prestazioaldi ziurrak edo kontraaseguru formulak jasotzen badituzte, subjektu pasiboak onura fiskal batzuetarako aukera izan dezan kontratu horiek sinatzeagatik. Erregelamenduzko xedapenarekin bat, betebehar horiek 2019ko apirilaren 1etik aurrera egindako biziarteko errenta aseguratuen kontratuei aplikatzen zaizkie, baina aldaketa 2019ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Erregulazioaren araubide juridikoak hartuko duen aldia argitzeko, betebehar berak jasotzen dira orain PFEZaren testu bateginean, baina 2019ko uztailaren 31tik aurrera egiten diren kontratuetarako. Hau da, Erregelamenduaren lehen xedapen gehigarria inplizituki indargabetzen da, bertan xedatutakoa ez dadin atzeraeraginez aplika 75/2019 Foru Dekretuaren bidez eginiko aldaketak indarra hartu aurretik egindako biziarteko errenta aseguratuen kontratuetan.

Hogeita hemeretzigarren xedapen gehigarriak baldintzapetu egiten du bazkideei edo lotura duten pertsonei ordaindutako etekinen gaineko atxikipenen kenkaria, halako moldez non beharrezkoa izanen den haiek egiaz sartuak izatea Zerga Administrazioan. Xedapen horretan aldaketa batzuk egin dira. Alde batetik, haren aplikazio esparrua hedatzen da enpresaburuek edo profesionalek beraien ezkontideari, ondorengo eta aurreko ahaideei eta hirugarren gradurainoko ezkontza edo odol bidezko ahaideei ordaindutako lansarien gaineko atxikipenetara, bai eta kontseilukideei edo administratzaileei beren eginkizunak betetzeagatik ordaindutako lansarietara ere. Kasu guztietan, xedea da saihestea lotutako pertsonak kenkaria egitea pertsona edo entitate ordaintzaileak ordaindu ez dituen atxikipenen gainean. Beste alde batetik, ezartzen da ezen, atxikipenen parte bat ordaintzen denean, ulertuko dela ordaindu gabekoak direla pertsona lotuei dagozkienak.

Berrogeita hamabosgarren xedapen gehigarria ere, auzo-erkidegoei birgaitze babestuko obrak egiteko ematen zaizkien dirulaguntza publikoak salbuetsirik egotea ezartzen duena, aldatu egiten da, salbuespena hedatzearren 61/2013 Foru Dekretuaren esparruan babesturiko birgaitze obra guztietara, eta ez auzo-erkidegoek egindakoetara soilik. Horrez gain, gaia argitu nahian, berariaz eransten da tratamendu bera izanen dutela beste administrazio publiko batzuek emandako dirulaguntzek, baldin eta foru dekretu horretan aurreikusitako kontzeptuengatik ematen badira.

Xedapen iragankorrei dagokienez, 4. apartatua gehitzen zaio bigarrenari. Xedapen horren bidez, konpentsatu nahi zen gizarte aurreikuspeneko mutualitateen zenbait prestaziorekin gertatutakoa, haien ekarpenek ez baitzuten eskubiderik sortu zerga-oinarrian murrizteko, eta, horretarako, haien zenbatekoan murrizteko aukera eman. Halaber, ezartzen du ezen, zerga-oinarria murriztu ez duten ekarpenen zenbatekoa frogatzerik ez badago, prestazioaren %75 sartuko dela. Urteak joan ahala, gizarte aurreikuspeneko mutualitate batzuk desagertzen joan dira eta horietan ekarpenak egin zituzten langileak Gizarte Segurantzan sartu ziren. Kasu batzuetan ulertu da orain Gizarte Segurantzatik jasotzen duten prestazioan sartuta dagoela mutualitateari egindako ekarpenengatiko prestazioa eta, beraz, eskubidea dutela hura zerga-oinarrian sartzeko %25eko murrizketarekin.

Kontuan hartu behar da, ordea, Gizarte Segurantzaren araubide orokorra banaketa sistema batean oinarritzen dela, eta, horren ondorioz, Gizarte Segurantzak ordaindutako prestazioek ez dute lotura zuzenik lan bizitza osoan egindako ekarpenekin, eta prestazioak ordaintzeko unean dauden arauen menpe daude (kotizazioko gutxieneko urte kopurua exijitzea, erretiro aurreko azken urteetako kotizazio oinarrien araberako erregulazio oinarria, gehieneko prestazioetarako mugak egotea...). Garai batean Gizarte Segurantzak mutualistak sisteman sartzeagatik jaso zituen zenbatekoek konpentsatu zituzten urte haietan Gizarte Segurantzari kotizatu ez zizkioten zenbatekoak, -ez zioten, beraz banaketa sistemari ekarpenik egin-, baina horrek ez du esan nahi ezar daitekeenik jasotako prestazioaren zati bat ekarpen horietatik datorrela.

Sortu diren zalantzak ikusita, beharrezkotzat jotzen da xedapen iragankor honen aplikaziotik berariaz kanpo uztea Gizarte Segurantzatik jasotako prestazioak. Horrenbestez, %25eko murrizketa aplikatuko zaie soilik hasiera batean hala ezarria zuten prestazioei; hau da, gizarte aurreikuspeneko mutualitateetatik jasotzen direnei.

Aldaketa argigarri bat sartu da hogeita bosgarren xedapen iragankorrean, zeinetan ezartzen baita gizarte aurreikuspeneko sistemetatik heldutako prestazioei aplikatu beharreko araubide iragankorra. Haren helburua da argitzea 17.2.b) artikuluaren azken tartekian, 2017ko abenduaren 31n indarra zuen testuan, ezartzen den kautela ez dela aplikatuko 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako ekarpenetan. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako ekarpenei dagozkien prestazioek ez dutenez inolako murrizketarako eskubiderik sortzen, ez du zentzurik ekarpen horiek minoratzeak murrizketa aplika dezaketen zenbatekoak.

Ondarearen gaineko zergari buruzko Foru Legeari dagokionez, zenbait hobekuntza tekniko egiten dira, hala nola ondare garbiaren balioa aipatzea, indarreko kontabilitate-araudiari jarraikiz itzulketa-funtsaren erreferentzia ordeztea, eta arau-erreferentziak eguneratzea.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean egiten diren aldaketei buruz esan behar da, hasteko, 25.1 artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen dela. Aldaketa horren arrazoia da Espainiako Bankuaren azaroaren 27ko 4/2017 Zirkularra, zeinaren helburu nagusia baita Espainiako kreditu entitateen kontabilitate araubidea egokitzea Europako kontabilitate ordenamenduan izandako aldaketetara, Informazio Finantzarioaren arloko nazioarteko bi arau berri onetsi izanaren eraginez (IFNA 9 eta IFNA 15). Aldaketa horren ondorioak sozietateen gaineko zergaren balorazio arau orokorretara egokitzeko eta baja ematen dutenean zerga-oinarrian sartzen direla bermatzeko, amaierako tarteki bat gehitu zaio 25.1 artikuluko bigarren paragrafoari.

“Carried interest” delakoaren tributazioa PFEZaren ondorioetarako kapital higigarriaren etekin gisa kalifikatzearekiko koherentzia mantentzearren, 23.1.a) artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen da, xedatzearren ezen ordainsari horiek funts propioen ordainsaritzat hartzen direla, horiek nola kontabilizatzen diren alde batera utzita, eta, ondorioz, ez direla gastu fiskalki kengarriak izanen entitate ordaintzailearen zerga-oinarria zehazterakoan. Orobat 94.7 artikulua aldatzen da, “Carried interest” delakoaren tributazioa parekatuz arrisku-kapitaleko erakundeetako partaidetzen eskualdaketan lortutako dibidenduen eta errenten tributazioarekin.

Entitate egoiliar nagusiek betebeharra dute herrialdez herrialde aurkezteko Kontseiluaren 2016ko maiatzaren 25eko 2016/881 Zuzentarauaren (EB) 30.4 artikuluan araututako informazioa, eta betebehar horretan barne biltzen da enpresa multinazionalen multzoek informazio hori herrialdez herrialde aurkeztean aplikatu beharreko arauak. Zergaren foru legeak jasotzen zituen jada zuzentarau horren alderdi funtsezkoenak, baina komenigarritzat jotzen da zenbait gai argitzea, Espainian egoitza duten entitateek atzerrian dituzten entitate nagusien informazioa lortzeari dagokionez bereziki, Europar Batasuneko araudiaren transposizioa behar bezala egitearren.

Ezohiko mozkinak berrinbertitzeagatiko salbuespenean, indargabetzen da onura fiskalari atxikitzeko aukera eskualdaketan eskuratutako zenbatekoa baloreetan berrinbertitzen denean. Baloreetan berrinbertitzeagatiko salbuespena jaso zen foru araudian gure inguruko araudietan aurreikusirik zegoelako, baina ez zen bat etortzen zehazki berrinbertsoagatiko salbuespenaren helburuarekin, zeina baitzen, funtsean, enpresei aukera ematea beraien ibilgetua berritzeko, fiskalitatea horretarako traba izan gabe. Gure inguruko legeria gehienetan baloreetan berrinbertitzeagatiko salbuespena kendu denez, ulertzen da komeni dela Nafarroan ere kentzea. Gainerakoan, berrinbertsioagatiko salbuespena lehen bezalakoa da. Salbuespen hori kendu ondoren, bidezkoa da indargabetzea 38. artikulua ere, berrinbertsioa gauzatzeko egokiak ziren baloreak jasotzen zituena.

Zenbait ukiezinetatik datozen errenten murrizketa arautzen duen 39.1 artikuluari azken-aurreko paragrafoa gehitzen zaio. Onura fiskal hori aplikatzeko eskubidea eman dezaketen ukiezinen artean daude legez babestutako marrazki eta ereduak, ikerketa eta garapenetik eta berrikuntza teknologikotik datozenak, bai eta erregistratutako software aurreratua ere, ikerketa eta garapen jardueretatik datorrena. Hemendik aurrera, foru legean jasotzen da ezen, ukiezin horiek ikerketa eta garapenetik eta berrikuntza teknologikotik datozela frogatzeko, beharrezkoa izanen dela berrikuntzaren arloko organo eskudunak emandako txostena, I+G+b kenkaria aplikatzeko behar dena.

Gutxieneko tributazioaren zenbatekoa zehazteko modua aldatzen da, koherenteagoa izan dadin. Lehenengo eta behin, 53.2 artikuluko 2. ordinala aldatzen da; gutxieneko tributazio orokorrerako portzentaje bat ezartzen zuen, beste bat enpresa txikietarako eta beste bat mikroenpresetarako. Ehuneko 18ko, 16ko eta 13ko portzentajeak mantentzen dira, baina testua aldatzen da, entitateak aplikatu behar duen karga tasa aipatzeko eta ez enpresa txikia edo mikroenpresa izatea. Gutxieneko tributazioaren espirituarekin koherenteagoa da enpresa baten tributazioa (enpresa txikia bada ere) tasa orokorraren araberakoa bada, gutxieneko tributazioaren portzentajea %18koa izatea, ez %16koa. Eta %16ko eta %13ko gutxieneko tasak mantentzen dira %23ko edo %19ko tributazioa aplikatu behar duten entitateentzat.

Bigarrenik, arrazoi beragatik, 3. ordinaleko c) letra aldatzen da, soilik %23ko edo 19ko tributazioa duten entitateek minoratu ahal izan dezaten gutxieneko tributazioaren zenbatekoa I+G+b kenkari osoaren zenbatekoan edo I+G+b proiektuetan parte hartzeagatiko kenkariarenean.

Ikerketa eta garapeneko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatiko kenkarian, zenbait entitaterekin egindako kontratuetatik datozen gastuei dagokienez, enpresa arloko I+G+b unitateetara hedatzen da I+G arloko kenkariaren portzentajea %10 handitzeko aukera, baldin eta unitate horiek Nafar I+G+b Sistema betearazteko agente gisa akreditatuta baldin badaude (unitate horiek Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen bidez sortu ziren). Bide batez, “berrikuntza eta teknologia zentroak” aipamenaren ordez “zentro teknologikoak” jartzen da, terminologia egokitzearren abenduaren 19ko 2093/2008 Errege Dekretuan xedatutakora, zeinaren bidez estatuko zentro teknologikoak eta berrikuntza teknologikoari laguntzeko zentroak arautzen eta zentro horien erregistroa sortzen baita.

I+G+b proiektuen eta zinemagintza-ekoizpenen eta ikus-entzunezko serieen finantzaketa erraztearren, malgutasuna ematen da I+G proiektuaren garatzaileak edo film-produktoreak kenkaria loturarik gabeko hirugarren bati lagatzeko finantzaketa-kontratua sinatzen den uneari dagokionez. Orain arte, kontratua sinatu eta tributu-administrazioari aurkeztu behar zitzaion I+G proiektua edo zinemagintza-produkzioa hasi zeneko zergaldia amaitu baino lehen. Aldaketa egitearekin 62. eta 65.bis artikuluetan, zilegi da finantzaketa-kontratua aurkeztea lagako den kenkaria sortu deneko zergaldia amaitu aurretik.

Jokoaren publizitaterako pizgarri fiskalik ez ezartzea xede harturik, berariaz uzten dira babesletzako jarduerek eragindako publizitate gastuengatiko kenkaritik kanpora jokoaren, apustuen edo joko operadoreen publizitatea egiten duten kontratuak.

Enplegua sortzeagatiko kenkariari dagokionez, lanbide arteko gutxieneko soldataren aipamenaren ordez, zenbateko finko bat ezartzen da, kenkaria aplikatzeko eskubidea izateko adinako lansari baten adierazgarria, betiere mantenduz kalitatezko enplegua sortzeko pizgarri izatearen asmoa. Lanbide arteko gutxieneko soldataren aipamenak, urtetik urtera aldatzen ahal den zenbateko bat denez, beharrik gabe konplikatu du kenkariaren kudeaketa. Bestetik, apartatu bat gehitzen da, argitze aldera zein diren kontuan hartu beharreko zenbatekoak aldi baten eta beste baten arteko konparazioa egiteko, kasu bakoitzean zehaztearren zein den sortutako edo erregularizatutako enplegua.

Pizgarriengatiko kenkariei dagokiena amaitzeko, horien arau orokorrak arautzen dituen 67. artikulua aldatzen da, azaltzeko kenkariaren oinarrian ez direla sartzen ez interesak ez zeharkako zergak, aktiboen edo gastuen baloraziorako kontuan hartu edo ez. Hala egitea aurreikusita zegoen ibilgetu materialaren elementu berrietan egindako inbertsioengatiko kenkariari dagokionez, inbertsioengatiko erreserba berezia arautzen duen artikulura igorrita, eta kenkari guztietan aplikatzekoa izatea koherentetzat jotzen da.

Bestetik, entitate lotuei ordaindutako lansarien gaineko atxikipenetarako aurreikusitako kautelari dagokionez, PFEZaren testu bateginaren hogeita hemeretzigarren xedapen gehigarrian araututakoaren antzera, zehazten da ezen, entitateak egiten badu aitortutako atxikipenen zati baten sarrera, sarrera egin gabekoak entitate lotuenak izanen dira lehenik. Gainera, ulertzen da komeni dela argi uztea kautela hori aplikatzen zaiela, halaber, administratzaile lana betetzen duten entitateek jasotzen dituzten ordainsarien gaineko atxikipenei.

Hamazazpigarren xedapen gehigarriaren aldaketaren bidez, 20.000.000 euro edo gehiagoko negozio-zifra duten enpresentzako mugapena luzatzen da; hots, aurreko ekitaldietako zerga-oinarri negatiboak konpentsatzekoa, sozietateen gaineko zergaren diru-bilketaren galera berreskuratzeko modu bezala.

Azkenik, sozietateen gaineko zergari buruzko hemeretzigarren xedapen gehigarriak sozietateen gaineko zergaren tributaziotik kanpo uzten ditu beraien produktuak eraldatzen dituzten nekazaritzako sozietate zibilak, zenbait baldintza betetzen badituzte. Baldintza horiek bete beharko dira, oro har, aurreko zergaldian. Paragrafo bat gehitzen da, ezartzen duena ezen entitate sortu berriak direnen edo eraldatzaile izaten hasten direnen kasuan, baldintza horiek bete beharko direla eratzen den zergaldian edo eraldaketa-jarduera hasten den zergaldian.

Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari buruzko xedapenen testu bateginari dagokionez, lehenik eta behin ohartarazi beharra dago zuzenketa teknikoak egiten direla eta Kode Zibileko artikulu jakin batzuetara eginiko igorpenak zuzentzen direla.

Zergan araututako salbuespenei dagokienez, salbuespen kasu berri bat gehitzen da, ohiko erabilerarako edo erabilera iraunkorrerako etxebizitza-errentamenduko kontratuei aplikatu ahal izatekoa.

Azaroaren 28ko 25/2018 Foru Legearen bidez eginiko aldaketaren ostean, mailegu bermeduna eratzen den kasuetan subjektu pasibo bilakatu zen mailegu-emailea, mailegu-hartzailearen ordez. Aldaketa horren ondorioz, nahi gabeko salbuespen kasuak gertatzen dira. Horrelakoa da Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina biltzen duen 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan jasotako kasua, non ezartzen baita egintza juridiko dokumentatuen kontzeptuan salbuetsirik egonen direla hipoteka-bermedun maileguak eratzeko. Nahi ez diren salbuespen kasu horiek saihesteko, salbuespena ez da aplikatuko subjektu pasiboa mailegu-emailea denean.

Amaitzeko, 36. artikuluko 2. apartatuan, Zerga Administrazioaren egiaztapenerako bideak ezartzen dituen horretan, bigarren paragrafoa gehitzen zaio i) letrari, kotizatu gabeko akzioen edo partaidetzen kasua, edo sozietate-enpresa ez direnena garatzeko.

Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren xedapenak biltzen dituen testu bateginean zerga horren pean ez dagoen beste kasu bat gehitzen da, PFEZrako lehenago aipatu den aldaketarekin lotua: pertsona fisiko artistek Kultur Mezenasgoari buruzko maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen esparruan jasotzen dituzten irabazizko eskurapenak. Aldaketa egin arte, eskurapen horiek zerga honetatik salbuetsirik zeuden eta, beraz, ezin ziren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren pean egon. Zerga horren pean ez daudenez, azken zerga honek hartzen ditu, eta ematen zaien zerga-tratamendua berdintzen da, bai dohaintzaren hartzailea pertsona fisikoa denean bai pertsona juridikoa edo nortasun juridikorik gabeko entitate bat denean.

28. artikuluan zenbait aldaketa egiten dira. Alde batetik, egiaztapenerako bide berri batzuk ezartzen dira. Bestetik, bi zehaztapen tekniko egiten dira: lehenbizikoarekin, “interesdunak” hitza kendu eta “subjektu pasiboak” jartzen da, izendapen hori zehatzagoa baita, ezen subjektu pasibo dira aitorpena aurkezteko betebeharra dutenak, eta ez interesdunak. Bigarrenarekin, “beharrezkoa denean” gehitzen da, izan ere, errealitatea da baloreen egiaztapena ez dagoela beti likidazio batekin lotuta, kasu batzuetan balore egiaztapenaren hartzailea ez delako likidazioaren hartzailea.

Foru Berrian legezko oinordetzarako aurreikusitako hurrenkera aldatu denez, jaraunspenari uko egiteko orain arteko erregelak, 44. artikuluan jasotakoak, zentzurik gabe gelditu dira eta, hortaz, aldatu egin behar dira. Nafarroan ukoetarako dagoen lege araubidea araubide erkidearen lurraldean dagoenaren parekoa izanen da.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrari dagokionez, lehenengo eta behin nabarmendu behar da 33. artikulua aldatzen dela, zerga arloko eskubideen eta betebeharren oinordekoak arautzen dituena. Aldaketak oinordetzarako hiru kasu zehazten ditu. Batetik, nortasun juridikoa duten sozietate eta entitate desegin eta likidatuen kasurako, bereizten dira, batetik, legez bazkideen erantzukizuna mugatua duten sozietateak eta entitateak, eta, bestetik, erantzukizuna mugatua ez dutenak; bigarrenik, fundazioen eta sozietateen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen likidaziodun-desegitearen kasuak jasotzen dira.

Horrela, ezartzen da legez bazkideen erantzukizuna mugatua ez duten sozietateek eta entitateek betekizun dituzten zerga-betebeharrak osorik eskualdatzen zaizkiela bazkideei, eta horiek modu solidarioan egonen direla beharturik betebehar horiek betetzera.

Fundazioen kasuan, bete gabe dauden zerga betebeharrak fundazioen ondasun eta eskubideen hartzaileei eskualdatuko zaizkie, eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, berriz, horien partaide edo titularkide direnei, eta denak, bi kasuetan, betebehar horiek bete beharko dituzte modu solidarioan.

Ondoren, 44.2 artikulua aldatzen da, b) letran ezarritako kontraesanezko peritu tasazioa sustatzeko epea egokitzeko TPO eta ISD araudian ezarritakoetara. Hirugarren perituen indarraldia ere aldatzen da, urtekoa izatetik hiru urtekoa izatera pasatzeko, eta hirugarren perituen lansariak foru agindu bidez arautzeko aukera ezartzen da.

Aitorpen-likidazioa edo autolikidazioak epez kanpo aurkezteagatik ezartzen diren errekarguak txikiagoak izanen dira aurrerantzean. Aurkezteko eta sarrera egiteko borondatezko epea bukatu ondoko hilabetearen barnean aurkezten bada, %1eko errekargua ezarriko da, lehengo %5aren ordez. Horrela, pizgarri bat ezartzeko ahalegina da, edozein arrazoirengatik aitorpena epean aurkezterik izan ez dutenek lehenbailehen aurkez dezaten, 3 hilabete iragan gabe.

Bestetik, gure inguruko legerien ildotik, %20tik %15era jaitsi da aitorpen-likidazioak edo autolikidazioak 12 hilabete iragan ondoren aurkezteagatik ezartzen den errekargua.

70.4 artikuluari paragrafo bat gehitzen zaio, zehapen prozeduraren epearen iraupena nola kontatu azaltzeko. Horrekin batera, zehazten da nola ulertzen den jakinarazteko betebeharra bete dela, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean aipatuta zegoena baina sakabanatuta.

Kontuen Ganberari, bere esku dituen fiskalizazio eginkizun guztiak bete ditzan, datuak lagatzeko aukera zabaltzeko xedez, 105.1 artikuluko g) letra aldatzen da. Eta l) letra eguneratzen da, Administrazio Publikoetako beste organo batzuei datuak lagatzeko aukera zabaltzeko, legezko gaikuntza eta Nafarroarentzat interesa duten estatistikako lanak egiteko. Horrekin, beste aukera bat jasotzen da: datuak igorri ahal izatea Europako araudian bilduta dauden estatistika eragiketetarako (Estatistikako Plan Nazionalaren bitartez bideratzen dira), bai eta Nafarroako Estatistika Institutuari ere (Nastat), zeina baita, praktikan, estatistikako eragiketak Foru Komunitatearen esparruan egiten dituena. Horrek aukera emanen du, halaber, datuak lagatzeko Estatistikako Plan Nazionaleko estatistika lanetarako, Nafarroari buruzkoak badira.

Zenbait prozedura berri gehitzen dira, ezetsitzat jo daitezkeenak administrazio-isiltasunaren ondorioz; hau da, ezarritako gehieneko epea esanbidezko ebazpenik jakinarazi gabe amaitzeagatik.

2020ra arte luzatzen dira zerga-zorra geroratzeko edo zatikatzeko egin diren eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak, 2017an, 2018an eta 2019an indarrean egon direnak.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren aldaketekin bukatzeko, 2018/822 Zuzentarauaren (edo DAC 6) transposizioa egiten da. Zerga-oinarriaren higaduraren eta mozkin-lekualdaketaren aurkako ekintza planeko (2013ko BEPS Ekintza Plana) 12. Ekintzak gomendatzen du herrialdeek nahitaezko dibulgazioko betekizunak ezar ditzatela plangintza fiskal oldarkorreko eskemetarako.

Testuinguru honetan, 2018/922 (edo DAC 6) Zuzentarauak bitartekari fiskalentzat eta, kasu batzuetan, zergadunentzat, ezartzen du informatzera behartuta daudela potentzialki plangintza fiskal oldarkorra izan daitezkeen nazioz gaindiko eragiketa jakin batzuk direla-eta. Halako plangintza da sistema fiskal baten alderdi teknikoak edo bi sistema fiskal edo gehiagoren arteko bat-etortzerik ezak aprobetxatzen dituena zor fiskala murrizteko asmoz.

Jakinarazpen-betebeharra funtsezko bi helbururekin ezartzen da. Batetik, informazioa lortzea zerga-saiheste eta zerga-ihesaren aurka borrokatzeko. Bestetik, disuasioa gauzatzea plangintza fiskal oldarkorreko mekanismoak erabiltzeari buruz. Ikuspegi horretatik, argitu beharra dago ezen mugaz gaindiko mekanismo bat deklaratzeko betebeharrak ez duela esan nahi mekanismo hori iruzur- edo saiheste-asmokoa denik, baizik eta, besterik gabe, horretan plangintza fiskalaren zenbait zantzu biltzen direla, deklarazio-betebeharra aktibatzen dutenak. Komeni da argitzea informazioa deklaratzeak eta tributu administrazioaren erreakziorik ezak ez dutela esan nahi mugaz gaindiko mekanismo deklaratuen legezkotasuna onartzen denik.

Zuzentarau horren transposizioa bi xedapen gehigarri berriren bitartez egiten da: hogeita hamahirugarrena eta hogeita hamalaugarrena. Lehena plangintza fiskaleko mekanismo batzuei buruzko informazioa emateko betebeharrari buruzkoa da, eta bigarrena, plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoak deklaratzearen ondorioz partikularren artean sortzen den jakinarazpen-betebeharrari buruzkoa.

Deklarazio-betebeharrari buruzko araubide iragankor bat ere ezartzen da, araudi honek indarra hartu baino lehenago egindako mugaz gaindiko mekanismoei dagokienez, zuzentarauan jasotakoak diren aldi baterako aplikazioko arauei jarraituz.

Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen Foru Legean hobekuntza teknikoak egin, terminologiak eta arau-aipamenak eguneratu, eta xedapen zaharkituak kentzen dira.

Kooperatiben Zerga Araubidea ezartzen duen Foru Legean indarreko araudiari buruzko aipamenak eguneratu dira, besterik ez.

Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen Foru Legeari buruz esan beharra dago Foru Legeko 18.2 artikulua indargabetzen dela. Lehenago esan bezala, arau-aldaketaren helburua da xedatzea ezen, Mezenasgoaren Foru Legearen 4.f) artikuluaren arabera onuraduntzat hartzen diren pertsona fisikoek eginiko dohainikako eskurapenak Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergatik salbuetsirik egon beharrean, aurrerantzean ez direla zergaren pean egonen. Horregatik indargabetzen da 18.2 artikulua, zeinean jasota baitzegoen salbuespena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko Foru Legeari dagokionez, lehenengo eta behin aipatu behar da bertan behera uzten direla azken urteetan sortzapenik izan ez duten edo, zenbait arrazoirengatik, sortzapenik izanen ez duten tasa batzuk, eta beste batzuk eguneratu egiten direla.

Bigarrenik, familia gurasobakarrak edo gurasobakartasun-egoeran daudenak gehitzen dira, foru legeak familia ugariei aitortzen dizkien onura fiskal berberen hartzaile izan daitezen; izan ere, otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legean ezarritakoarekin bat, familia gurasobakarrei arlo fiskalean eman beharreko tratamendua Nafarroako araudiak familia ugariei aitortzen dien berbera da.

Azkenik, garraio baimenen tramitazio telematikoak eta lur gaineko garraioen antolamenduari buruzko araudi berriak aldaketa garrantzitsuak ekarri dituzte; horiek direla eta, jada sortzen ez diren tasak kendu behar dira, eta komeni da aldatzea garraio arloko administrazio zerbitzuak emateagatik daudenak, gaur egun antzekoak diren tramiteetarako horien ezarpena parekatu eta homogeneizatzeko.

Toki Ogasunei buruzko Foru Legean eguneratu egiten dira hirilurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren oinarria zehazteko aplikatu beharreko gehieneko koefizienteak.

Konstituzio Auzitegiaren 72/2017 Epaia betetzeko, 19/2017 Foru Legeak behar ziren aldaketak egin zituen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergari dagozkionak, hiri-lurren balio-gehikuntzarik ez dagoenean ez zergapetzeko, baina, betiere, Konstituzio Auzitegiaren printzipioa errespetatuz; alegia, guztiz onargarria da, egiazko ahalmen ekonomikoaren arabera egin beharrean, balizko ahalmen ekonomikoen zenbatespen objektiboko sistema batean oinarritzen diren balio-gehikuntzak zergapetzeko helburua duen legegintza. Horretan oinarrituta, foru legeak metodo objektibo bat ezarri zuen gainbalioen kalkulurako, denboran alda daitezkeen eta higiezinen merkatuko prezioen bilakaera aintzat hartzen duten koefizienteen arabera betiere.

Sortzapenaren unean lurrak duen balioari aplikatu beharreko koefizientea udalak onetsitakoetatik suertatzen dena izanen da, balio-gehikuntzaren gertatze-aldiaren arabera; baina foru legean ezarritako mugak gainditu gabe betiere (hau da, udalak txikiagoak ezartzen ahalko ditu, eta, hala egin ezean, foru legekoak aplikatuko dira). 175.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, gehieneko koefiziente horiek urtero eguneratuko dira. Arauan egiten den aldaketak hala egiten du, gehieneko koefizienteak eguneratzen baititu. Horretarako, urte bakoitzeko batez besteko balioak hartu dira abiapuntutzat, Nafarroan dauden higiezinenak (pisuak), eta katastroko baloraziorako onetsitako eraikuntza kostuaren modulua kendu zaie. Horrela lortzen da lurzoruaren batez besteko balioa urte bakoitzeko.

Abenduaren 28ko 27/2016 Foru Legean, zeinaren bidez jokoaren gaineko tributuak arautzen baitira, ehuneko 12tik ehuneko 20raino igotzen da apustu bitartezko jokoei aplikatzekoa zaien karga-tasa.

Azkenik, saltoki handien gaineko zergan aldatu egiten da produktu-salmenta eta -erakusketarako azalera erabilgarria kalkulatzeko modua, zeinak zerga-oinarria zehazteko balio baitu.

Alde batetik, argitzen da establezimendu kolektiboen kasuan ez direla zenbatuko lokal batzuk besteekin komunikatzen dituzten korridoreak eta igarobideak. Bestetik, merkataritza- eta ostalaritza-jarduerak eta ez besterik zergapetzea helburu, kontaketatik kanpo uzten da aisialdirako eta ikuskizunetarako lokalek hartzen duten azalera.

Xedapen indargabetzailearen lehen apartatuak ekainaren 17ko 129/2002 Foru Dekretua indargabetzen du, tributu prozeduren gehieneko iraupenak eta isiltasunaren efektuak arautzen dituena. Jakina denez, interesdunak eskatuta abiaturiko prozeduretan, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 87.3 artikuluak ezartzen du isiltasuna positiboa izanen dela, non eta foru lege bidez ez den kontrakorik ezartzen. Foru lege-erreserba horrek edukirik gabe utzi zuen orain indargabetzen den foru dekretuan xedatutakoa. Bigarren apartatuak, berriz, indargabetzen du Nafarroa Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduaren 67.2 artikulua, bat etorriz Auzitegi Gorenak emandako baliogabetasun adierazpenarekin, Estatuko kudeaketa eta ikuskapenerako Erregelamenduari buruzko arau baliokidearekin lotuta. Nafarroako Erregelamendua ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Artikulu horiek ezartzen dutenez, tributu administrazioak edozein unetan antzeman dezake Ogasun Publikoaren kontrako delitu zantzuak daudela, likidazio administratiboa emanik edo zehapena ezarririk badago ere. Auzitegi Gorenaren iritziz, ezinezkoa da jadanik zehatuta edo likidatuta dagoen delitu fiskal bat salatzea, eta deuseztzat jotzen du Estatuko kudeaketa eta ikuskapenerako Erregelamenduaren 197 bis.2 artikuluaren edukia, bai eta, horrenbestez, Nafarroakoarena ere.

Azken xedapenei dagokienez, lehenbizikoak aldatu egiten du Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko Foru Legea, txertaturik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan jadanik jaso diren aldaketak.

Bigarrenak eta hirugarrenak hurrenez hurren jasotzen dituzte Nafarroako administrazio publikoek deitutako hautaprozesuei buruzko xedapenak eta langile-arloko neurri urgente batzuk, 2020. urtera luzatuak izan beharrekoak.

Bosgarrena eta seigarrena, hurrenez hurren, erregelamendu-gaikuntzari eta indar-hartzeari buruzkoak dira.

Lehen artikulua.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren manu hauek (testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) honela idatzita geldituko dira:

Bat. 7.h) artikulua, bigarren paragrafoa. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Salbuetsita egonen dira, orobat, erregelamenduz ezarriko den moduan, beka publikoak eta irabazi-asmorik gabeko entitateek eta lehen aipatutako banku-fundazioek Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionario eta langileei eta unibertsitateko irakasle eta ikerlariei emandako bekak, bakar-bakarrik ikerketarako badira.”

Bi. 7.k) artikulua, paragrafo bat gehitzea. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Letra honetan ezarritako salbuespena ez zaie aplikatuko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren II. tituluko VI. eta VII. kapituluetan araututako prestazioei”.

Hiru. 7.n)3 artikulua, bigarren paragrafoa. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Salbuespena aplikatuko zaie atzerrian emandako egunen ondoriozko sortzapena duten ordainsariei, gehieneko muga izanik 60.000 euro urtean. Erregelamenduz ezartzen ahalko da egun bati dagokion zenbateko salbuetsia kalkulatzeko prozedura”.

Lau. 7. artikuluari x) letra gehitzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“x) Sozietateek beren langileei ordaindutako lan-errentak, zeinak bideratzen baitira zerbitzuak ematen dituzten enpresaren -edo, Merkataritza Kodearen 42. artikuluaren zentzuan, taldeko edozein sozietateren- kapital sozialean akzioak edo partaidetzak eskuratzera, harpidetzera edo bereganatzera, urtean 20.000 euroko mugarekin, baldin eta langileak eta eskuratutako akzio edo partaidetzek 62.11 artikuluan jasotako kenkaria egiteko ezarrita dauden baldintzak betetzen badituzte.

62.11 artikuluak ezarritako edozein baldintza urratzen bada, subjektu pasiboak bere tributu egoera erregularizatu beharko du, 83.4 artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Salbuespen honen aplikazioa bateraezina da 62.11 artikuluan jasotako kenkariarekin, salbuetsitako zenbatekoei dagokienez”.

Bost. 28. artikulua, e) letra gehitzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“e) Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 94. artikuluan ezarritako araubide berezia aplikatu behar zaien arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsetatik zuzenean edo zeharka datozen izaera bereziko eskubide ekonomikoak gauzatzeagatik jasotako zenbatekoak, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a’) Izaera bereziko eskubide ekonomikoak arrisku-kapitaleko sozietate edo funts horietan zuzenean edo zeharka parte hartzetik etortzea, inbertsio-erakunde itxien sozietate kudeatzaile batek edo arrisku-kapitaleko sozietate batek kudeatuta, sozietate kudeatzaile gisa jarduten duenean.

b’) Zergadunak langile edo goi-zuzendari izaera izatea edo izan izana, aipatu diren sozietate kudeatzailean edo arrisku-kapitaleko sozietatean.

Ondorio horietarako, goi-zuzendaritzako langiletzat hartuko dira azaroaren 12ko 22/2014 Legearen 45.2 artikuluan aurreikusitako pertsonak. Lege horrek arautzen ditu arrisku-kapitaleko erakundeak, inbertsio kolektiboko beste erakunde itxi batzuk eta inbertsio kolektiboko erakunde itxien erakunde kudeatzaileak, eta halaber aldatzen du Inbertsio kolektiboko erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legea.

c’) Izaera bereziko eskubide ekonomikoen lorpena baldintzatuta egon dadila arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsean inbertitzaile diren gainerako pertsona edo entitateek gutxieneko errentagarritasun bat lortzeari. Errentagarritasun hori zehaztuta egonen da arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsaren estatutuetan edo kudeaketa-erregelamenduan.

d’) Izaera bereziko eskubide ekonomikoen lorpenaren iturri diren arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsetako zuzeneko edo zeharkako partaidetza gutxienez bost urtez jarraian eduki izana, lehenengo ordainketa egin zenetik. Titularraren heriotzagatik epe hori betetzen ez bada, ondorengoek gero partaidetzari eutsi beharko diote, epe hura osatzeko behar den denboran; eta, azken horiek hiltzen badira, gauza bera aplikatuko da horien ondorengo diren pertsonei dagokienez, eta horrela hurrenez hurren.

e’) Izaera bereziko eskubide ekonomikoak jasotzen dituzten pertsona guztien artean % 1eko gutxieneko partaidetza zuzena edo zeharkakoa izatea eskubide horiek lortzea eragin duen arrisku-kapitaleko sozietatean edo funtsean”.

Sei. 33. artikuluari 3. apartatua gehitzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“3. Jarduera artistikoen sarreratzat joko dira Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen esparruan dohain bidez jasotako eskurapenak.”

Zazpi. 45.2. artikulua, lehen paragrafoa. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“2. Zilegi izanen da kargatu gabe uztea enpresa- edo lanbide-jarduera bati lotuta dauden ibilgetu materialeko elementuen, ibilgetu ukiezineko elementuen eta ondasun higiezinetan egindako inbertsioetako elementuen eskualdaketan agerian jartzen diren ondare-gehikuntzen %50, baldin eta besterentzearen zenbateko osoa lehen aipatutako elementuetatik edozeinetan berrinbertitzen bada, sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako ezarritako baldintza berberetan.”

Zortzi. 55. 1 artikulua. Seigarrena. Paragrafo bat gehitzea eta azken paragrafoa aldatzea. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Aurreko paragrafoan aipatutako muga zazpigarrena b) apartatuan adierazitako zenbatekoetatik dagokion horretan handituko da.

Apartatu honetan ezarritako mugez gora egindako ekarpen edo kontribuzioen gaindikinen zenbatekoek ez dute eskubiderik emanen zerga-oinarria murrizteko, ez eta jasotako prestazioak gutxiagotzeko ere, bere osotasunean tributatuko baitute”.

Bederatzi. 59.1. artikulua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“1. Likidazio oinarri orokorrari ondoko eskalan adierazten diren karga-tasak aplikatuko zaizkio:

LIKIDAZIO-OINARRIA, ZENBATERAINO
(eurotan)

KUOTA OSOA (eurotan)

OINARRIAREN SOBERAKINA, ZENBATERAINO
(eurotan)

APLIKATZEKOA DEN TASA (ehunekoa)

4.080

13,00

4.080

530,40

5.100

22,00

9.180

1.652,40

10.200

25,00

19.380

4.202,40

13.260

28,00

32.640

7.915,20

14.280

36,50

46.920

13.127,40

14.280

41,50

61.200

19.053,60

20.400

44,00

81.600

28.029,60

45.900

47,00

127.500

49.602,60

51.000

49,00

178.500

74.592,60

127.500

50,50

306.000

138.980,10

oinarriaren gainerakoa

52,00”

Hamar. “62.5.Lehena artikulua, b) eta c) letrak. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“b) 10.500,01 eta 17.500 euro bitarteko lan-etekin garbiak dituzten subjektu pasiboak: 1.400 euro ken eragiketa honen emaitza: etekin garbi horien zenbatekoaren eta 10.500,01 euroren arteko aldea bider 0,1.

c) 17.500,01 eta 35.000 euro bitarteko lan-etekin garbiak dituzten subjektu pasiboak: 700 euro”.

Hamaika. 62.5.Lehena artikulua, paragrafo bat gehitzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Apartatu honen ondorioetarako soilik, lan-etekin garbiak kalkulatuko dira lan-etekin guztiak batuz, salbuetsiak barne.”

Hamabi. 62.7. artikulua, indargabetzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hamahiru. 62.9.b) artikuluan paragrafo bana gehitzea a’) eta b’) azpiletretan, eta azken-aurreko paragrafoa aldatzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Ulertuko da subjektu pasiboarekin bizi direla zentro espezializatuetan bizi diren aurreko ahaideak, ekonomikoki haren menpekoak badira.”

“Subjektu pasiboarekiko bizikidetzaren parekotzat joko da haren ondorengo ahaideek harekiko duten menpekotasun ekonomikoa, salbu eta aplikatzekoa bada 59.3 artikuluan xedatutakoa.”

“Aurreko b’) eta c’) letretan xedatutakoaren ondorioetarako, aplikatzekoa den legedi zibilean ezarritako moduan egindako tutoretza edo harreragatik subjektu pasiboarekin lotura duten pertsonak, aurreko edo ondorengo ahaide ez direnak, ondorengo ahaideekin parekatuko dira. Halaber, ondorengo ahaideen parekotzat joko dira urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuaren 50.1 artikuluan ezarritako baldintzak beterik harrera-egile izan zituztenekin adin-nagusitasunera edo emantzipaziora arte elkarbizitzen jarraitzea libreki adosten duten pertsonak ere. Aipatu foru dekretuaren bidez, Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen garapen partzialerako Erregelamendua onetsi zen. Egoera hori gizarte gaietako eskumena duen departamentuak egiaztatu beharko du. Halaber parekatuko dira ondorengo ahaideekin subjektu pasiboaren zaintza eta babesaren pean epailearen ebazpen bitartez dauden pertsonak, aurreko egoerez bestelakoetan daudenak.”

Hamalau. 62.9.c)a’) artikulua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“a’) Hamasei urte baino gutxiagoko ondorengoak. Ondorio hauetarako, ondorengo ahaideekin parekatuko dira aplikatzekoa den legedi zibilean ezarritako moduan egindako tutoretza edo harreragatik subjektu pasiboarekin lotura duten hamasei urte baino gutxiagokoak. Ondorengoekin halaber parekatuko dira subjektu pasiboaren zaintza eta babesaren pean epailearen ebazpen baten bitartez dauden pertsonak, aurreko egoerez bestelakoetan daudenak.”

Hamabost. 62.13.b) artikulua, lehen paragrafoa eta azken paragrafoa gehitzea, c) letra aldatzea eta d) letra gehitzea, zeinak bilduko baitu c) letraren egungo edukia. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“b) Ibilgailuagatiko kenkariaren oinarriak ezin izanen ditu gainditu honako muga hauek:”

“Inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzak jasotzen badira, horiek kenkariaren oinarria minoratuko dute”.

“c) Subjektu pasiboak kenkaria aplikatzen ahalko du, soilik, a) letraren ordinaletako bakoitzean jasotzen diren ibilgailuetako bakar batengatik.

Ordinal horietan aipatzen den ibilgailu mota bakoitzagatik, kenkaria lau urtean behin baizik ez da egiten ahalko, salbu eta ibilgailua lapurretaren edo erabateko ezbeharraren ondorioz galtzen bada. Kasu horretan, subjektu pasiboak aseguruaren kalte-ordaina jaso baldin badu, horren zenbatekoak kenkariaren oinarria minoratuko du.”

Hamasei. 64. artikulua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“1. 62. artikuluko 4, 6, 8, 12, 13 eta 14. apartatuetako kenkari-oinarrien baturak ezin izanen du gainditu subjektu pasiboaren likidazio-oinarriaren % 25.

Dena den, 62. artikuluko 12, 13 eta 14. apartatuetan ezarritako kenkariak direnean, aurreko paragrafoan adierazitako muga gainditzeagatik edo kuota-gutxiegitasunagatik kendu ez diren kopuruak aplikatzea zilegi izanen da, aipaturiko muga hori errespetaturik, hurrengo lau ekitaldietan amaitzen diren zergaldietan.

2. 62.3. artikuluan aipatzen diren kenkarien mugak batera aplikatuko zaizkio 61. artikuluak ezarritakoaren arabera finkatutako kuota likidoari”.

Hamazazpi. 66.e) artikulua indargabetzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hemezortzi. 68 bis.2 artikulua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“2. Kenkari honetarako eskubidea izateko, subjektu pasiboa behartuta egonen da Gizarte Zerbitzuen eskumena duen departamentuari eskatzera kenkariaren ordainketa aurreratua egiteko, erregelamenduz ezarritako prozedurarekin bat. Kenkariaren ordainketa aurreratua eskatu ezean ez da sortuko kenkaria aplikatzeko eskubidea. Ulertuko da kenkari hori aplikatu dela ordainketa aurreratua kobratzen den unean”.

Hemeretzi. 68.quater artikulua. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“68. quater artikulua. Jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioen ondoriozko kenkaria.

1. Dagokion kuota diferentziala finkatu ondoren, jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazio publiko bat jasotzen duen subjektu pasiboak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren II. tituluko VI. kapituluan araututa dagoen prestazio bat hain zuzen, zenbateko hau kentzen ahalko du: prestazioaren zenbatekoari ondorengo letretan ezarritakoaren arabera dagokion ehunekoa aplikatzearen emaitza:

a) 30.000 eurora arteko errentak dituzten subjektu pasiboak: ehuneko 25.

b) 30.000 euro baino gehiagoko errentak dituzten subjektu pasiboak: ehuneko 25, ken subjektu pasiboak 30.000 eurotik gora duen errenta-gaindikinak kopuru horren gainean egiten duen proportzioa 10ekin biderkatzearen emaitza.

Emaitza gisa lortzen den portzentajea bi hamarrenetara biribilduta adieraziko da. Emaitza negatiboa baldin bada ehunekoa zero izanen da.

2. Artikulu honetan ezarritakoa aplikatzeko, subjektu pasiboaren errenta guztiak kontuan hartu beharko dira, jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa eta errenta salbuetsiak barne.

3. Kenkari hau ere aplika dezakete:

a) Enplegatu publikoek, 1. apartatuan ezarritakoen berdinak diren egoerengatiko prestazioak jasotzen badituzte, Gizarte Segurantzaren ordezko gisa jarduten duten mutualitateetatik edo araubide publikoetatik helduak.

b) Beren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian sartuta ez dauden profesionalek, baldin eta 1. apartatuan ezarritakoen berdinak diren egoerengatiko prestazioak jasotzen badituzte, Gizarte Segurantzako araubide bereziaren ordezko gisa jarduten duten gizarte aurreikuspeneko mutualitateetatik helduak.

c) Kooperatibetako bazkide diren langileek, baldin eta 1. apartatuan ezarritakoen berdinak diren egoerengatiko prestazioak jasotzen badituzte, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetatik helduak.

4. Kenkariaren oinarriaren muga izanen da prestaziorako eskubidea ematen duen ondorengo ahaide bakoitzagatik Gizarte Segurantzak aitortzen duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa. Prestazioa bi zergalditan jasotzen bada, muga hori hainbanatuko da haietako bakoitzean jasotako zenbatekoaren proportzioan.

5. Kenkaria aplikatzen ahalko zaie pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren pean dauden eta salbuetsita ez dauden jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioei soilik.”

Hogei. 68. quinquies A.1) eta B) 1.a) eta b) artikulua, lehen paragrafoa. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“1. Dagokion kuota diferentziala finkatu ondoren, ohiko bizileku iraunkorra duen etxebizitzaren errentamendu-kontratuaren titularra den subjektu pasiboak, 23 urte eta 31 urte (horiek barne) bitarteko adina duenean, eskubidea izanen du errentamenduagatik zergaldian ordaindu duen errentaren 100eko 50eko kenkaria aplikatzeko, hilean 250 euroko gehieneko mugarekin”.

“a) zergaldian ordaindutako errentamendu-errentaren 100eko 50ekoa, baldin eta etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan izena emanda badago urte natural bakoitzeko urtarrilaren 1ean, urtebeteko edo gehiagoko antzinatasun etengabearekin, edo urtebeteko edo gehiagoko antzinatasuna duen eta administrazioak bisatutako kontratua duen etxebizitza babestu baten errentaria bada.

“b) Zergaldian ordaindutako errentamendu-errentaren 100eko 60koa, baldin eta zergaduna errentamendurako gizarteratze-etxebizitzen programako onuraduna bada, Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 72. artikuluan edo haren ordezko arauan xedatutakoaren arabera, urte natural bakoitzaren urtarrilaren 1ean urtebete edo gehiagoko antzinatasuna izanez gero”.

Hogeita bat. 69. artikulua. 2019ko urriaren 16tik aurrera izanen ditu ondorioak.

“69. artikulua. Subjektu pasiboaren ondare-erantzukizuna.

Zergaren tributu-zorrak izanen du Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioaren 90. Legeak eta Kode Zibilaren 1.365. artikuluak aipatzen dituzten beste zorren kontsiderazio bera, eta, ondorioz, konkista- edo irabazpide-ondasunek, hurrenez hurren, zuzenean erantzunen dute Nafarroako Ogasun Publikoaren aurrean, ezkontideetako batek sortutako zor horiengatik.”

Hogeita bi. 71.1. artikulua, azken paragrafoa. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“a), b) eta c) letretan aurreikusitakoaren ondorioetarako, tutoretza edo harrera bitartez subjektu pasiboarekin lotura duten pertsonak seme-alabekin parekatuko dira aplikatzekoa den legeria zibilean ezarritako moduan. Seme-alabekin halaber parekatuko dira epailearen aginduz subjektu pasiboaren zaintza eta babesaren pean dauden pertsonak, aurrekoez bestelako egoeretan daudenak.”

Hogeita hiru. 85.1 artikulua, lehen paragrafoa eta 2. apartatua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“1. Hurrenez hurren 66. artikuluaren b), d) eta f) letretan aipatu diren atxikipenen, konturako sarreren, ordainketa zatikatuen eta kuoten batura, bai eta, kasua bada, IV. tituluaren III. kapituluan jasotzen diren kuota diferentzialerako kenkariena ere, handiagoa bada epearen barrenean aurkeztutako autolikidazioaren kuota baino, zerga gaietan eskuduna den departamentuak, kasua bada, behin-behineko likidazioa eginen du aitorpena aurkezteko epea bukatu eta ondoko sei hilabeteetan.”

“2. Autolikidazioaren edo, hala badagokio, behin-behineko likidazioaren ondoriozko kuota txikiagoa bada benetan atxikitako diru-kopuruen, kontura egindako ordainketen eta, hurrenez hurren, 66. artikuluaren b), d) eta f) letretan aipatu diren kuoten eta, halakorik bada, IV. tituluaren III. kapituluan aurreikusten diren kuota diferentzialeko kenkarien batura baino, zerga gaietan eskuduna den departamentuak ofizioz itzuliko du kuota horren gaineko gaindikina, deusetan galarazi gabe bidezkoak diren behin-behineko edo behin betiko likidazioak gero egiteko aukera.”

Hogeita lau. Seigarren xedapen gehigarria. 2019ko uztailaren 31tik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Seigarren xedapen gehigarria.–Lehengoratze-mekanismoak, prestazioaldi ziurrak edo kontraaseguru formulak biziarteko errenta aseguratuen kontratuetan (2019ko uztailaren 31tik aurrera sinatuak).

Baldin eta 30.1.g) eta 45.3 artikuluetan aipatutako biziarteko errenta aseguratuen kontratuetan (2019ko uztailaren 31tik aurrera sinatutakoen kasuan) lehengoratze-mekanismoak, prestazioaldi ziurrak edo kontraaseguru formulak baldin badaude heriotza kasuetarako, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Lehengoratze-mekanismoak badaude aseguratua hiltzen den kasurako, biziarteko errentaren onuradun potentzial bat bakarra izaten ahalko da.

b) Prestazioaldi ziurren kasuan, aldi horiek 10 urtekoak izanen dira gehienez ere, biziarteko errenta eratzen denetik kontatzen hasita.

c) Kontraaseguru formulen kasuan, aseguratua hiltzeagatik guztira jaso beharreko zenbatekoa ezin da inola ere izan biziarteko errenta eratzeko erabilitako diru kopuruaren portzentaje hauek baino handiagoa:

URTEAK, BIZIARTEKO ERRENTA ERATZEN DENETIK

PORTZENTAJEA

1.

%95

2.

%90

3.

%85

4.

%80

5

%75

6.

%70

7

%65

8

%60

9

%55

10.etik aurrera

%50”

Hogeita bost. Hamalaugarren xedapen gehigarria, 1.a) azken-aurreko paragrafoa, 2.a) lehen paragrafoa eta 3.b) bigarren paragrafoa. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Ekarpenak sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek egiten dituztenean, eta haien enplegatuen ahaideen, ezkontideen edo enplegatuek tutoretza edo harrera araubidean beraien kargu dituzten pertsonen ondare babestuaren alde badira, lan-etekinen izaera izanen dute, bakar-bakarrik ondare babestuaren titularrarentzat.”

“a) Gradu guztietako zuzeneko ahaideek edo hirugarren gradura bitarteko alboko ahaideek desgaitasuna duen subjektu pasibo baten ondare babestuari egindako ekarpenek eskubidea emanen dute ekarleak zerga-oinarrian kenkaria egiteko, urtean 10.000 euro gehienez. Berdin jokatuko da ekarpena desgaitasuna duen subjektu pasiboaren ezkontideak egiten badu edo hura beraien kargu duten beste pertsona batzuek, tutoretza araubidean, harrera araubidean (Kode Zibilaren 172. artikuluan eta hurrengoetan arautua) edo beste autonomia erkidego bateko antolamendu juridiko zibilean izaera bera duten beste instituzio batzuen araubidean. Ondare babestu bakoitzari diru-ekarle guztien artean egindako ekarpenei dagozkien murrizketak, urtean, ezin dira 24.250 eurotik gorakoak izan. Horretarako, ekarpen bakoitzari dagokion murrizketaren zenbatekoa minoratu beharko da egoki den proportzioan.”

“Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasibo baten ekarpena denean, bere langileen ahaideen, ezkontideen edo –xedapen gehigarri honen 1.a) apartatuan aipatzen den tutoretza edo harrera araubidean– beraien kargu duten beste pertsona baten ondare babestuan alde egindakoa, aurreko paragrafoan azaldutako beharkizuna kasuan kasuko langileak izanen du”.

Hogeita sei. Hogeita hemeretzigarren xedapen gehigarria. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hogeita hemeretzigarren xedapen gehigarria.–Bazkideei edo lotutako pertsonei ordaindutako etekinen gaineko atxikipenak.

1. 66. eta 80.3 artikuluetan ezarritakoa gorabehera, entitate batek bere bazkideei edo berarekin lotutako pertsonei ordaindutako etekinak atxikipenaren menpe baldin badaude, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 28. artikuluak duen esanahiarekin, atxikipenengatiko kenkaria bazkidearen edo lotutako pertsonaren zergan egiten ahalko da soilik, baldin eta benetan egin eta ordaindu badira Zerga Administrazioan.

Xedapen gehigarri honetan ezarritakoa aplikatuko zaie, halaber, entitateak kontseilukideei eta administratzaileei haien eginkizunak betetzeagatik ordaintzen dizkien lansariei dagozkien atxikipenei.

2. Tratamendu hori bera izanen dute enpresa- eta lanbide-jarduerak betetzen dituzten pertsona fisikoek egindako atxikipenek, atxikipenaren menpeko etekinak ordaintzen badizkiete beraien ezkontideei, ondorengo eta aurreko ahaideei eta odol nahiz ezkontza bidezko hirugarren gradurainoko ahaideei.

3. Atxikipenen ordainketa partziala egiten bada, ulertuko da ordaindu gabeko zenbatekoak dagozkiela bazkideei, lotutako pertsona nahiz entitateei eta ezkontideei, aurreko eta ondorengo ahaideei, egin zaizkien atxikipenen proportzioan.”

Hogeita zazpi. Berrogeita hamabosgarren xedapen gehigarria. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Berrogeita hamabosgarren xedapen gehigarria.–Birgaitze babestutako obrak.

Salbuetsirik egonen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak birgaitze babestuko obretarako emandako diru-laguntza publikoak, Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan xedatuaren indarrez, baldin eta diru-laguntza horiek egozten bazaizkie zergaldian 30.000 euro baino gehiagoko errentarik (salbuetsiak kontuan hartu gabe) ez duten subjektu pasiboei.

Salbuetsirik egonen dira, halaber, beste Administrazio Publiko batzuetatik kontzeptu berberengatik jasotzen diren dirulaguntzak”.

Hogeita zortzi. Berrogeita hemezortzigarren xedapen gehigarria. 1 eta 2.b), lehen paragrafoa. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“1. Subjektu pasibo bakoitzari dagokion kenkariaren zenbatekoa kalkulatuko da, dituen ondorengoen kopuruaren arabera eta kontuan hartu gabe hiru urte baino gutxiagoko edo adoptatutako ondorengoengatiko igoera.”

“b) 20.000,01 eurotik 30.000 euro arteko errentak dituzten subjektu pasiboak: 100eko 40, ken subjektu pasiboak 20.000 eurotik gora duen errenta-gaindikinak azken kopuru horrekiko egiten duen proportzioa 50ekin biderkatzearen emaitza.”

Hogeita bederatzi. Bigarren xedapen iragankorrari 4. apartatua gehitzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“4. Xedapen iragankor honetan ezarritakoa ez zaie aplikatuko Gizarte Segurantzatik jasotzen diren prestazioei.”

Hogeita hamar. Bederatzigarren xedapen iragankorra. 2019an izanen ditu ondorioak.

“Bederatzigarren xedapen iragankorra.–Amatasunagatik eta aitatasunagatik 2019an jasotako prestazioak.

Amatasunagatik eta aitatasunagatik 2019an jasotako prestazioak, Enpleguan eta lanean emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriei buruzko martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak indarra hartu artekoak, foru lege honen 68.quater artikuluan aipatzen diren jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioen baliokidetzat joko dira, artikulu horretan araututako kenkaria aplikatzearen ondorioetarako”.

Hogeita hamaika. Hogeita bosgarren xedapen iragankorra, 3. apartatua aldatzea, eta 5. apartatua gehitzea; 3. eta 4. apartatuen egungo edukia aurrerantzean 4. eta 5. apartatuena izanen da, hurrenez hurren. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“3. 17.2.b) artikuluaren azken tartekian, 2017ko abenduaren 31n indarra zuen testuan, ezartzen dena ez da inola ere aplikatuko 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako ekarpenetan.”

Hogeita hamabi. Hogeita zazpigarren xedapen iragankorra. 2020an izanen ditu ondorioak.

“Hogeita zazpigarren xedapen iragankorra.–Etxebizitza eskuratzeko errentamenduagatiko kenkarien aplikazioa 2020an.

2020an, etxebizitza lortzeko errentamenduagatiko kenkaria eskatu ahalko dutenak izanen dira, soilik, 2020ko urtarrilaren 1ean etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan urtebete baino gehiago etenik gabe inskribaturik daramaten subjektu pasiboak, familiako diru-sarrera haztatuak Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA) adierazlea halako 1,7 baino txikiagoak badituzte eta beren kargura seme-alaba adingabeak badituzte, edo seme-alaba adindun epai bidez desgaituak eta guraso-ahal luzatuaren edo birgaituaren pean dituztenak, zentsuko inskripzioan data hori baino lehenago erregistratuta ageri badira”.

Bigarren artikulua.–Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Legea.

Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatzen dira, eta aurrerantzean testu hau izanen dute:

Bat. 16.1 artikulua, lehen eta bigarren paragrafoak, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

“1. Aurreko artikuluan aipatutakoez bestelako akzioen eta partaidetzen kasuan, horiek balioetsiko dira onartutako azken balantzearen ondoriozko ondare garbiaren balioaren arabera, baldin eta balantze hori, nahitaez edo borondatez, berrikusi eta egiaztatu bada eta auditoretza-txostena aldekoa bada.

Balantzea ez bada ikuskatu edo auditoretza-txostena ez bada aldekoa izan, balorazioa ondoko hiru balio hauetan handiena duena izanen da: Balio nominala, onartutako azken balantzetik ateratzen den ondare garbiaren balioa edo zergaren sortzapen-dataren aurretik itxitako hiru ekitaldi sozialen emaitzen batez bestekoa %20ko tasan kapitalizatzetik ateratzen dena.”

Bi. 20. artikulua, 1.c) eta 2.c) apartatuak.

“c) Kontzesioduna beharturik baldin badago ondasun jakin batzuk Administrazioari itzultzera, itzulketaren datan ondasunek zuten kontabilitateko balio garbia gehi itzulketarako gastuak kontatuko dira. Ondasunen kontabilitate-balio garbia kalkulatzeko, sozietateen gaineko zergarako onetsitako amortizazio taulak aplikatuko dira, haietatik suertaturiko batez besteko ehunekoan.”

“c) Aurreko bi erregela horiek izan ezean, interesdunek aitortutako balioa, ezertan galarazi gabe Administrazioak horren egiaztapena egiteko daukan eskubidea, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 36. artikuluko bitartekoen bidez gauzatua.”

Hiru. 34.1. artikulua; 2019ko urriaren 16tik aurrera izanen ditu ondorioak.

“1. Ondarearen gaineko zergaren tributu-zorrek izanen dute Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioaren 90. legeak eta Kode Zibilaren 1.365. artikuluak aipatzen dituzten beste zorren kontsiderazio bera, eta, ondorioz, konkista- edo irabazpide-ondasunek, hurrenez hurren, zuzenean erantzunen dute Nafarroako Ogasun Publikoaren aurrean zor horiengatik.”

Hirugarren artikulua.–Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen agindu hauek aldatzen dira, eta ondoren azaldutako testua izanen dute:

Bat. 22.3 artikulua; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“3. Orobat, kengarriak dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341 (EB) Zuzentarauan (jarduerak eta enplegu pentsioen funtsak gainbegiratzeari buruzkoa) bildutako enpresa sustatzaileek egindako ekarpenak, baldin eta artikulu honetako 2. apartatuan jasotako baldintzak betetzen badira eta estalitako kontingentziak Pentsio Planen eta Funtsen araubidea ezartzen duen Legearen testu bateginaren 8.6 artikuluan aurreikusitakoak badira.”

Bi. 23. artikulua. 1.a), bigarren paragrafoa. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Foru lege honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, funts propioen ordainsaritzat hartuko da kapitala edo erakundeen funts propioak ordezkatzen dituzten baloreei dagokiena, bai eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluaren e) letran aipatzen diren arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsetatik zuzenean edo zeharka datozen izaera bereziko eskubide ekonomikoak ere, haiek nola kontabilizatzen diren alde batera utzita”.

Hiru. 23 artikulua, 1.h) eta 3.b) apartatuak, lehen paragrafoa; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“h) Hartzaile bakoitzeko 1.000.000 euro baino gehiagokoak diren gastuak, are zenbait zergalditan ordaintzen direnean, horien jatorria denean lan harremanaren amaiera, arrunta edo berezia, edo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 14.2.c) artikuluak aipatzen duen merkataritza harremanarena, edo biena. Ondorio horietarako, sozietate talde berekoak diren beste entitate batzuek ordaindutako zenbatekoak kontatuko dira, haietan Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ageri diren inguruabarrak izaten direnean, alde batera utzirik egoitza eta kontu bateratuak aurkezteko betebeharra.”

“b) Entitateak modu fede-emailean frogatzen badu ezen erabilera dela jarduera ekonomiko bat soilik garatzeko, edo kasuko kopurua haien erabiltzaile den pertsonari egotzi bazaio ordainketa gisa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 16. artikuluan ezarritakoarekin bat, a) letran aipaturiko gastuak osorik izanen dira kengarriak, muga hauekin:”

Lau. 25.1 artikulua, bigarren paragrafoa; 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Dena dela, arrazoizko balioaren irizpidea aplikatuta sortzen diren balio aldaketek ez dute ondorio fiskalik izanen, galera eta irabazien kontuan egotzi behar ez diren bitartean, deusetan galarazi gabe 23.1.l) artikuluan ezarritakoa, edo erreserba-kontu batera egotzi behar ez diren bitartean, legezko edo erregelamenduzko arau batek hala ezartzen badu.”

Bost. 30.4 artikulua; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“4. Espainiako lurraldeko egoiliar diren entitateek, talde bateko nagusiak badira (28.1 artikuluan ezarri bezala definituta) eta ez badira aldi berean beste entitate baten menpekoak, egoiliarra izan edo ez izan, 5. apartatuko informazioa aurkeztu behar dute, herrialdez herrialde.

Halaber, informazio hori aurkeztu beharra izanen dute Espainiako lurraldeko egoiliar diren entitateek, Espainiako lurraldeko egoiliarra ez den entitate baten menpekoak badira zuzenean zein zeharka, eta hura ez bada, aldi berean, beste baten menpekoa; eta, baita ere, egoiliarrak ez diren taldeko entitateek Espainiako lurraldean dituzten establezimendu iraunkorrek, betiere ondoko inguruabarretako bat gertatzen bada:

a) Ez egotea informazioa herrialdez herrialde emateko betebeharrik, apartatu honetan jasotzen den betebeharraren antzera, bere herrialde edo egoitza fiskaleko lurraldean egoiliar ez den entitate aipatuari dagokionez.

b) Ez egotea informazioa automatikoki trukatzeko akordiorik, informazio horri dagokionez, aipatu entitate ez-egoiliarrak egoitza fiskala duen herrialdearekin edo lurraldearekin.

c) Informazio horri dagokionez informazio-truke automatikorako akordioa egonda aipatu entitate ez-egoiliarrak egoitza fiskala duen herrialdearekin edo lurraldearekin, akordio hori sistematikoki urratu izana eta urraketa horren berri Espainiako Zerga Administrazioak eman izana Espainiako lurraldeko egoiliarrak diren establezimendu iraunkorrei edo menpeko entitateei, apartatu honetan aurreikusitako epean.

Aurrekoa gorabehera, ez dute informazioa emateko betebeharrik izanen Espainiako lurraldean kokatutako establezimendu iraunkor edo menpeko entitate horiek, talde multinazionalak informazio hori aurkezteko menpeko entitate bat izendatu badu, taldekoa eta Europar Batasuneko kide den estatu bateko egoiliarra dena, edo, bestela, informazio hori jadanik aurkeztua badu haren egoitza fiskala den lurraldean, taldeak izendatutako beste entitate ez-egoiliar batek, hain zuzen ere aurkezpen horretarako entitate nagusiaren entitate subrogatu gisa izendatuak. Entitate subrogatuak bere egoitza fiskala Europar Batasunetik kanpoko lurralderen batean badu, bete beharko ditu Kontseiluaren 2011ko otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentarauko baldintzak (III. eranskineko II. ataleko 2. apartatukoak). Zuzentarau hori fiskalitatearen esparruko lankidetza administratiboari buruzkoa da, eta 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetu zuen.

Baldin eta Espainiako lurraldeko egoiliarra den menpeko entitate bat baino gehiago badago eta talde multinazionalak horietako bat izendatu badu informazioa aurkezteko, hori bakarrik egonen da behartua aurkezpen hori egitera.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa ez da aplikatuko hautatutako edo izendatutako erakundeak ezin badu lortu herrialdez herrialde informazioa aurkezteko behar den informazio guztia, hurrengo apartatuan ezarritakoaren arabera.

Era berean, apartatu honetako bigarren paragrafoan aurreikusitako kasuaren barnean, informazioa herrialdez herrialde aurkeztera behartuta dagoen espainiar egoitzadun entitateak edo espainiar lurraldeko establezimendu iraunkorrak betebeharra izanen dute entitate ez-egoiliarrari eskatzea taldeari dagokion informazioa. Entitate ez-egoiliarrak informazio hori guztia edo haren zati bat emateari uko egiten badio, Espainiako lurraldean egoiliar den entitateak edo Espainiako lurraldeko establezimendu iraunkorrak daukaten informazioa aurkeztuko dute, eta zirkunstantzia horren berri emanen diote Zerga Administrazioari.

Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, Espainiako lurraldeko egoiliarra den edozein entitatek, hemen ezarritako informazioa aurkeztu beharra duen talde baten parte bada, Zerga Administrazioari jakinarazi behar dio zer identifikazio duen eta egoitza zer herrialdetan edo lurraldetan daukan informazio hori prestatu beharra duen entitateak. Informazioa zer zergaldiren gainekoa den, hura bukatu baino lehenago egin beharko da jakinarazpen hori.

Zerga arloan eskuduna den departamentuaren titularrak foru agindu baten bidez ezarriko du zer epetan eta zer modutan aurkeztu beharko den apartatu honetan aurreikusten den informazioa.”

Sei. 37.1 artikulua, azken-aurreko paragrafoa indargabetzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

Zazpi. 38. artikulua, indargabetzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

Zortzi. 39.1 artikulua, azken-aurreko paragrafo bat gehitzea. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Legez babestutako marrazki eta ereduak eta erregistratutako software aurreratua ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko jardueretatik eratortzen direla frogatzeko, 61.6 artikuluan aipatzen den txostena eduki beharko da.”

Bederatzi. 53.2.Bigarrena eta Hirugarrena.c) artikulua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Bigarrena. Lortutako zenbatekoan ehuneko hauek aplikatuko dira:

51.1.a) artikuluan ezarritako karga-tasaren arabera tributatzen duten zergadunen kasuan, %18.

51.1.b) artikuluko lehen paragrafoan ezarritako karga-tasaren arabera tributatzen duten zergadunen kasuan, %16.

51.1.b) artikuluko bigarren paragrafoan ezarritako karga-tasaren arabera tributatzen duten zergadunen kasuan, %13.”

“c) 61. eta 62. artikuluetan araututako ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatiko edo berorietan parte hartzeagatiko kenkarien %50. Zergadunek 51.1.b) artikuluan ezarritako karga-tasen arabera tributatzen badute, aipatu ehunekoa %100 izanen da.”

Hamar. 61.1.b) artikulua; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“b) Espainian edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko kide den edozein estatutan kokatutako unibertsitate, ikerketa-erakunde publiko edo zentro teknologikoekin kontratatutako ikerketa- eta garapen-proiektuei dagozkien gastuak, bai eta Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) betearazpen-eragile gisa egiaztatutako enpresa-arloko I+G+b-ko unitateekin kontratatutakoak ere, Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean jasotakoak”.

Hamaika. 62.6. artikulua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“6. Artikulu honetan ezartzen dena aplikatzeko, beharrezkoa izanen da, 2. apartatuak aipatzen duen finantzaketa-kontratua izenpetu baino lehen, 61.6 artikuluak aipatzen duen txostena lortzea, edo gutxienez, txosten-eskaera aurkeztu izana. Txosten edo eskaera hori, aipatutako kontratuarekin batera, komunikazio baten bitartez aurkeztu beharko zaio zerga administrazioari, bai ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektua egiten duen zergadunak izenpetuta, bai haren finantzaketan parte hartzen duenak izenpetuta. Betiere, kenkaria sortzen den zergaldia amaitu baino lehen aurkeztu beharko dute, eta erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.”

Hamabi. 63. artikuluari 4. apartatua gehitzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“4. Ez da artikulu honetan ezarritako kenkaria aplikatuko babesletza-kontratuaren xedea jokoa, apustuak edo joko-operadoreak iragartzea edo sustatzea denean, Jokoa Arautzeko maiatzaren 27ko 13/2011 Legean ezarritako kontzeptuen arabera.”

Hamahiru. 65 bis.8 artikulua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“8. Artikulu honetako kenkaria lortu nahi duten zergadunek 3. apartatuak aipatzen duen finantzaketa-kontratua aurkeztu beharko dute tributu administrazioari egindako komunikazio batean, ekoizleak eta ekoizpenaren finantzaketan parte hartzen duenak izenpetua, kenkaria sortzen den zergaldia amaitu baino lehenago, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan”.

Hamalau. 66.1 eta 2 artikulua, eta 7. apartatua gehitzea. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“1. Zergaldian zehar plantillaren batezbestekoak izandako gehikuntzagatik 2.500 euroko kenkaria aplikatuko da kuota likidoan, pertsona eta urte bakoitzeko, lan-kontratua mugagabea bada eta 27.000 euro baino gehiagoko soldata badu ekitaldian. Plantilla-gehikuntza hori neurtuko da zergaldia hasi aurre-aurreko hamabi hilabeteetan kontratu mota hori zeukan plantillaren batezbestekoarekin alderatuta. Ondorio horietarako, entitate sortu berrien kasuan zero pertsona kontatuko dira entitate-sorreraren aurreko denborari dagokionez.

Plantillan izan den batezbestekoaren gehikuntza kalkulatzeko, bakar-bakarrik zenbatuko da zenbat pertsona/urte dauden lan-kontratu mugagabearekin eta 27.000 euro baino gehiagoko soldatarekin. Lanaldi partzialeko kontratua duten langileen kasuan, benetan lan egindako orduen araberako proportzioan kontatuko dira.

Kenkariak, guztira, ez du gaindituko zergaldi horretan entitatearen plantilla osoaren batezbestekoan urtean gehitutako pertsona kopuruari legokiokeena, edozein izanik kontratazio modua.

2. Baldin eta, aurreko zergaldiko plantilla osoaren batezbestekoa mantenduz, plantillan lan-kontratu mugagabea eta 27.000 euro baino gehiagoko soldata dutenen batezbestekoa handitzen bada eta gehikuntza hori entitatearen plantilla osoaren batezbestekoaren gehikuntza baino handiagoa bada, pertsona eta urte bakoitzeko 1.000 euroko kenkaria aplikatuko da bi gehikuntza horien arteko diferentziagatik.

Baldin eta, aurreko ekitaldiko plantilla osoaren batezbestekoa murriztuz, plantillan lan-kontratu mugagabea izanik 27.000 euro baino gehiagoko soldata dutenen batezbestekoa handitzen bada, aurreko paragrafoan aipatu kenkaria aplikatuko zaio aipatu den gehikuntzaren eta plantilla osoaren batezbestekoaren murrizketaren artean kasua bada suertatzen den diferentzia positiboari”.

“7. 1., 2. eta 6. apartatuetan ezarritakoa aplikatzeko, lan-kontratu mugagabea eta soldata handiagoa duten plantillak zergaldi bakoitzean kenkaria aplikatzeko kontuan hartutako zenbatekoarekin alderatuko dira”.

Hamabost. 67.1 artikulua; 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“1. Kenkarien oinarria ezin izanen da handiagoa izan merkatuko baldintza normaletan subjektu independenteen artean adostua izanen zen prezioa baino, eta oinarri horretan ez dira kontatuko interesak eta zeharkako zergak, nolakotzat ere jotzen diren haiek aktibo- edo gastu-baloraziorako.”

Hamasei. 69.1.a) artikulua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“a) Benetan egin diren konturako atxikipenak.

Entitate batek bere bazkideei edo berarekin lotutako entitateei ordaindutako etekinak atxikipenaren menpe baldin badaude, bazkidearen edo lotutako entitatearen zergan egiten ahalko da atxikipenengatiko kenkaria, baina atxikipen horiek benetan egin eta Zerga Administrazioan ordaindu diren neurrian bakarrik.

Letra honetan ezarritakoa aplikatuko zaie entitateak kontseilukideen eta administratzaileen eginkizunak betetzen dituzten entitateei eginkizun horiek betetzeagatik ordaintzen dizkien ordainsariei dagozkien atxikipenei.

Atxikipenak partzialki ordaintzen badira, ordaindu gabeko zenbatekoak bazkideei edo lotutako entitateei dagozkiela ulertuko da, egin zaizkien atxikipenen proportzioan.”

Hamazazpi. 93.1.b) artikulua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“b) Desgaitasuna dutenek etxebizitzak errentamenduan hartzetik eratorritako errentak direnean, eta bertan egin direnean irisgarritasunerako eta komunikazio sentsorialerako beharrezkoak diren egokitzapen-obrak eta -instalazioak, desgaitasuna duten pertsonak duintasun eta egokitasunez molda daitezela erraztekoak. Administrazio eskudunak ziurtatu egin beharko ditu obra eta instalazio horiek.”

Hemezortzi. 94.7 artikulua. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“7. Salbuetsita egonen dira izaera bereziko eskubide ekonomikoak gauzatzeagatik jasotako zenbatekoak, baldin eta arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsetan parte hartzetik badatoz eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 28.e) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte”.

Hemeretzi. 117.1.c).Lehena artikulua. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Lehena. Zein entitateren kapital sozialaren ordezkagarri diren, entitate horri ez izatea aplikatzekoa Espainiako edo Europako interes ekonomikoko elkarteen edo aldi baterako enpresa-elkarteen araubide berezia, eta jarduera nagusi gisa ez izatea ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketa, Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legean aurreikusi bezala.”

Hogei. 130. artikuluko d) letra kentzea.

Hogeita bat. Bigarren xedapen gehigarria d).

“d) Sistema Elektriko Nazionala antolatzeko 40/1994 Legearen zortzigarren xedapen gehigarria eta Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legea.”

Hogeita bi. Hamazazpigarren xedapen gehigarria. Errubrika. 2020. eta 2021. urteetan hasten diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Hamazazpigarren xedapen gehigarria.–2020. eta 2021. urteetan hasten diren zergaldietan likidazio oinarri negatiboak murrizteko mugak”.

Hogeita hiru. Hemeretzigarren xedapen gehigarriari azken-aurreko paragrafo bat gehitzea. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

“Nekazaritzako sozietate zibil sortu berriak direnean edo beren produktuak eraldatzeko jarduera hasten dutenean, xedapen honetan ezarritako baldintzak bete beharko dira, hurrenez hurren, eraketaren zergaldian edo eraldaketa-jarduera hasten den zergaldian.”

Hogeita lau. “Hamabosgarren xedapen iragankorra.1.a).

“a) Jasotzailea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergaduna denean, ez dira zergaldiko errentan sartuko ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 28. artikuluko a) eta b) letretan zehazten diren dibidenduak eta mozkinetako partaidetzak. Dibidenduaren banaketari ez zaio aplikatuko atxikipenik edo konturako sarrerarik.”

Laugarren artikulua.–Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren xedapenak biltzen dituen testu bategina.

Apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko testu bateginaren ondoko arau hauek jarraian agertzen den testua izanen dute:

Bat. 3.2.B)artikulua.

“B) Aitortutako adjudikazio-soberakinak, salbu eta Kode Zibilaren 821. eta 829. artikuluetan, 1056. artikuluko bigarren paragrafoan eta 1062. artikuluko lehen paragrafoan xedatutakoa betetzetik eta oinarri berean funtsatutako foru zuzenbideko xedapenak betetzetik helduak.”

Bi. 35.I.B) artikuluari 32. apartatua gehitzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera sortzen diren zerga-egitateetan izanen ditu ondorioak.

“32. Hiri-errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan aipatzen diren erabilera egonkor eta iraunkorrerako etxebizitza-errentamenduak.”

Hiru. 35.II.18 artikuluari bigarren paragrafo bat gehitzea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera sortzen diren zerga-egitateetan izanen ditu ondorioak.

“Hala ere, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bateginean hipoteka-maileguen eraketarako aurreikusitako salbuespena ez da aplikatuko subjektu pasiboa mailegu-emailea denean, 21. artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitakoarekin bat”.

Lau. 36.1 eta 2.i) artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera abiarazten diren balio-egiaztapeneko prozeduretan izanen ditu ondorioak.

“1. Zerga Administrazioak ondasun eta eskubide eskualdatuen edo, hala badagokio, sozietate-eragiketaren edo egintza juridiko dokumentatuaren balio erreala egiaztatuko du, likidazio-oinarria balio erreal horren arabera zehaztuta dagoenean.”

“i) Administrazioaren esku dauden balantzeak eta datuak erabiliz.

Merkatu nazionaletan edo atzerrikoetan kotizatzen ez duten sozietateetako akzioen edo partaidetzen kasuan, edo sozietate ez diren enpresen kasuan, ondorio fiskaletarako presuntzioa izanen da balantzeek erabateko indarraldia dutela enpresaren hurrengo ekitaldi ekonomiko osoan, salbu eta agiri publikoen bidez kontrakoa frogatzen bada; nolanahi ere, eskuratze-datari dagokion balantzea eskatzen ahalko da.”

Bosgarren artikulua.–Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren testu bategina.

Abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren testu bategineko agindu hauek jarraian agertzen den testua izanen dute:

Bat. 9. artikuluari e) letra gehitzea. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren zerga-egitateetan izanen ditu ondorioak.

“e) Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen esparruan pertsona fisikoek dohain bidez jasotako eskurapenak.”

Bi. 28. artikulua, 1. apartatuko lehen paragrafoa eta a) letra, eta e)-tik h)-ra bitarteko letrak eta 3. eta 4. apartatuak gehitzea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera abiarazten diren balio-egiaztapeneko prozeduretan izanen ditu ondorioak.

“1. Zerga Administrazioak zilegi izanen du eskuratutako ondasun eta eskubideen balioa egiaztatzea, Tributuen Foru Lege Orokorraren 44. artikuluan ezarritako egiaztapen-bitartekoen bidez; eta, gainera:

a) Administrazioaren esku dauden balantzeak eta datuak erabiliz.

Merkatu nazionaletan edo atzerrikoetan kotizatzen ez duten sozietateetako akzioen edo partaidetzen kasuan, edo sozietate ez diren enpresen kasuan, ondorio fiskaletarako presuntzioa izanen da balantzeek erabateko indarraldia dutela enpresaren hurrengo ekitaldi ekonomiko osoan, salbu eta agiri publikoen bidez kontrakoa frogatzen bada; nolanahi ere, eskuratze-datari dagokion balantzea eskatzen ahalko da.”

“e) Nafarroako Gobernuak onesten dituen ebaluazio-taulak.

f) Berdina den zona edo barruti batean kokatutako ondasun berberen edo antzeko ondasunen azken besterentzean agertzen den salmenta-prezioa.

g) Hipotekatutako finken enkanterako esleitutako balioa, hipotekei buruzko legerian ezarritakoari jarraikiz.

h) Lursailei Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren ondorioetarako esleitutako balioak.”

“3. Subjektu pasiboek aitorpenean adierazi beharko dute behartuta daudela, 53. artikuluaren arabera, zergapeturiko ondare-gehikuntzan sartutako ondasun eta eskubide bakoitzari egozten dioten balio erreala, sortzapen-datakoa. Balio hori balio egiaztatuari nagusituko zaio, handiagoa bada.

4. Balio-egiaztapena jakinaraziko da Zerga Administrazioak kasua bada egindako likidazioarekin batera.”

Hiru. 44.1 eta 2 artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera gertatzen diren zerga-egitateetan izanen ditu ondorioak.

“1. Jarauntsiaren edo legatuaren arbuiatze edo uko egite huts, soil eta doakoan, horren onuradunek ukatutako edo uko egindako zatia eskuratzeagatik tributatuko dute, uko egin duenari edo arbuiatzen duenari aplikatu beharko litzaiokeen tarifaren arabera, salbu eta kausatzailearen eta onura jaso duenaren arteko ahaidetasunagatik beste tarifa astunago bat aplikatu behar denean.

Ukoaren onura jaso duenak kausatzailearen beste ondasun batzuk eskuratzen baditu zuzenean, aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da, bakar-bakarrik, baldin eta bi ondasun-multzo horiek bereiz eskuratzeagatik egindako autolikidazioen batura handiagoa bada ondasun guztien balioari dagokion autolikidazioa baino, betiere kausatzailearen eta ukoaren onura jaso duenaren arteko ahaidetasun gradua dela-eta dagokion tarifa aplikatuta.

2. Pertsona jakin baten alde ageri diren gainerako uko-kasuetan, uko-egileari legokiokeen zerga eskatuko zaio, eta gainera, bidezkoa bada, likidazioa eginen da uko egindako zatiaren lagapenagatik edo dohaintzagatik.”

Lau. 48.1. artikulua.

“1. Erreserbako ondasunen jarauntsian, Konpilazioko 273., 177. eta 179. legeekin eta Kode Zibilaren 811. artikuluarekin bat etorriz, erreserbagileak ordainduko du zerga, gozamendun-kontzeptuan; baina erreserba azkentzen bada, erreserbagileak jabetza soilaren gaineko zerga ordaindu beharko du, kasu horretan foru lege honen 36.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, eta, kasua bada, foru lege honen 46. artikuluan xedatutakoa aplikatzea galarazi gabe.”

Seigarren artikulua.–Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren agindu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat. 6 artikulua.

“6. artikulua. Erregelamendu-ahala eta tributuen kudeaketa.

1. Tributuen arloko erregelamendu-ahala Nafarroako Gobernuari dagokio. Halaber, tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrak erabiliko du ahal hori, legezko eta erregelamenduzko arauak betearazten eta aplikatzen dituela.

2. Tributuen arloan eskumena duen departamentuari dagokio tributuen kudeaketa, eta eskumen hori eskuordetzan ematen ahalko die xede horrekin eraturiko erakunde publikoei.”

Bi. 10.1.e) artikulua.

“e) Nafarroako Gobernuak eta tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrak ematen dituzten erregelamenduzko beste xedapenak.”

Hiru. 32.4 artikulua, azken paragrafoa.

“Zerga Administrazioak apartatu honetan aipatzen den egiaztagiria luzatu edo ukatu eginen du, tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrak ezartzen dituen baldintzetan.”

Lau. 33.2 artikulua.

“2. Nortasun juridikoa duten sozietate eta erakunde desegin eta likidatuen kasuan, bete gabe dituzten zerga betebeharrak bazkide, partaide edo titularkideei eskualdatuko zaizkie legeak haien ondare-erantzukizuna mugatzen duenean, eta betebehar horien erantzule solidario izanen dira, esleitu zaien likidazio kuotaren eta desegin aurreko lau urteetan ondareagatik jaso duten eta horrenbestez betebehar horien erantzule izan beharko lukeen sozietate-ondarea gutxitu duen balioaren mugaraino, 30.4.a) artikuluan aurreikusitakoa galarazi gabe.

Aldiz, legeak ez badu mugatzen bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna, haiei osoki eskualdatuko zaizkie sozietateek eta nortasun juridikodun erakundeek betekizun dituzten zerga betebeharrak, eta era solidarioan bete beharko dituzte nahitaez.

25. artikuluan aipatzen diren fundazio edo entitateak desegin ondoan, bete gabe dituzten zerga betebeharrak eskualdatuko zaizkie fundazioen ondasun eta eskubideen hartzaileei edo entitate horietako partaide edo titularkideei, hurrenez hurren, eta era solidarioan bete beharko dituzte nahitaez.”

Bost. 44.2 artikulua. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera balioak egiaztatzeko abiarazten diren prozeduretan izanen ditu ondorioak.

“2. Nolanahi ere, interesdunek peritu-tasazio kontraesanezkoa eska dezakete, aurreko apartatuan aipatutako balioen zerga-egiaztapeneko gainerako prozedurak zuzentzeko, honako epe hauen barnean:

a) Batera egiten direnean egiaztapenaren emaitzaren eta likidazioaren jakinarazpena, administratiboki egiaztatutako balioen oinarriaren gainean egindako likidazioaren jakinarazpena egintzat jo eta hurrengo 15 egunen barnean.

b) Balio egiaztapenaren emaitzaren jakinarazpen bereizia egiten bada, balio egiaztapenaren egintza jakinarazi eta hurrengo 15 egunen barnean.

Peritu-tasazio kontraesanezkoa egiteko eskaera aurkezteak berekin ekarriko du likidazioaren gauzatzea etetea, baita errekurtsoa edo erreklamazioa aurkezteko epea etetea ere.

Erregelamenduz ezartzen den bezala peritu-tasazio kontraesanezkoa egitea erabaki ondoan, perituak ez badatoz bat ondasunek eta eskubideek duten balioan, eta Administrazioak egindako tasazioa ez bada interesdunak eginikoa baino %10 handiagoa eta 120.000 eurotik gorakoa, azken hori izanen da likidaziorako oinarria.

Inolaz ere ez da likidaziorako oinarri izanen peritu-tasazio kontraesanezkoaren emaitza, baldin eta interesdunek aitortutako balioa baino txikiagoa bada.

Administrazioko perituak eginiko tasazioak aipatu mugak gainditzen baditu, hirugarren peritu bat izendatu beharko da. Horretarako, Zerga Administrazioak urrian eta, gutxienez ere, 3 urterik behin, legez onartutako elkargo profesionalei eta elkarte edo korporazio profesionalei eskatuko die hirugarren peritu gisa jarduteko prest dauden elkargokideen edo elkartekideen zerrenda bidaltzeko. Zerrenda azaroa amaitu baino lehen aurkeztuko da, eta abenduan zerrenda bakoitzeko elkargokide bat aukeratuko da zozketa publiko bidez. Hortik aurrera, hurrengo 3 ekitaldietan eta beste zozketa bat egin arte, izendapenak hurrenkera korrelatiboan eginen dira, baloratu beharreko ondasunen edo eskubideen izaera kontuan hartuta.

Ondasun edo eskubideen izaeragatik haiek baloratzeko gai den elkargo profesionalik ez badago, edo inor ez badago prest hirugarren peritu gisa aritzeko, Espainiako Bankuari eskatuko zaio dagokion erregistro ofizialean inskribatutako tasazio sozietate bat izendatzeko.

Zerga Administrazioko perituak lege indardunetan agindu bezalako lansaria jasoko du. Interesdunaren perituaren zerbitzu-sariak interesdunak ordainduko ditu. Hirugarren perituak egindako tasazioaren eta aitortutako balioaren arteko diferentzia, balio absolutuetan, aitortutako balioa baino %20 handiagoa bada, hirugarren perituaren gastuak interesdunak ordainduko ditu eta, bestelako kasuetan, Zerga Administrazioak. Kasu horretan, interesdunak eskubidea izanen du itzul dakizkion hurrengo paragrafoak aipatzen duen gordailuak sortzen dituen gastuak.

Hirugarren perituak eska dezake, bere eginkizuna bete aurretik, bere zerbitzu-sarien zenbatekoaren hornidura egitea; horretarako, Foru Komunitateko Diruzaintzan gordailua eginen da 10 eguneko epean. Alderdietako edozeinek gordailurik egiten ez badu, bestearen perituak egindako balorazioa ontzat duela ulertuko da, bi balorazioen arteko aldea edozein izanik ere.

Hirugarren perituak balorazioa Zerga Administrazioan entregatu ondoren, interesdunari jakinaraziko zaio, eta, aldi berean, bidezkoa bada, 15 eguneko epea emanen zaio bere kargura dauden zerbitzu-sariak ordaindu dituela justifikatzeko. Bidezkoa bada, baimena emanen da Foru Komunitateko Diruzaintzan gordailatutako zerbitzu-sarien hornidura erabiltzeko.

Tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrak emandako foru agindu baten bidez, zerbitzu-sari estandarizatuak ezartzen ahalko dira aurreko apartatuetan xedatutakoari jarraikiz izendatu behar diren hirugarren perituentzat. Beharrezkoa izanen da zozketaz hautatutako perituak izendapena onartzea. Onarpen horrek berekin ekarriko du, halaber, onartzea Administrazioak onetsitako zerbitzu-sariak”.

Sei. 52.3 artikulua, a), b) eta c) letrak, eta d) letra gehitzea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera aurkezten diren aitorpen-likidazioetan edo autolikidazioetan izanen ditu ondorioak.

“a) Aurkezteko eta sarrera egiteko borondatezko epea bukatu ondoko hilabetearen barnean, %1eko errekargua ezarriko da. Berandutze-interesa eta bestela eska zitezkeen zehapenak ez dira aplikatuko.

b) Lehenbiziko hilabetea iraganik, baina aurkezteko eta sarrera egiteko borondatezko epea bukatu ondoan hiru hilabete pasatu baino lehen, %5eko errekargua ezarriko da. Berandutze-interesa eta bestela eska zitezkeen zehapenak ez dira aplikatuko.

c) Aipatu hiru hilabeteak iraganik, baina aurkezteko eta sarrera egiteko borondatezko epea bukatu ondoan hamabi hilabete pasatu baino lehen, %10eko errekargua ezarriko da. Berandutze-interesa eta bestela eska zitezkeen zehapenak ez dira aplikatuko.

d) Aurkezteko eta sarrera egiteko borondatezko epea bukatu ondoan hamabi hilabete pasatuta, errekargua %15ekoa izanen da, eta bestela eska zitezkeen zehapenak ez dira aplikatuko. Honelako kasuetan berandutze-interesak eskatuko dira, hamabi hilabeteko epea bukatzen denetik sarrera egin bitarteko denboran sortzen direnak, hain zuzen”.

Zazpi. 70.4 artikulua, hirugarren paragrafoa gehitzea. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera hasten diren prozeduretan izanen ditu ondorioak.

“Zehapen prozeduraren epea zergapekoari haren hasiera jakinarazten zaion egunean hasiko da kontatzen, eta prozedurak eragindako administrazio-egintza jakinarazi arte edo jakinarazitzat eman arte iraunen du. Jakinarazteko betebeharra bete dela ulertzeko eta ebazpenerako epea zenbatzeko, aski izanen da frogatzea ahalegina egin dela ebazpenaren testu osoa jakinarazteko.”

Zortzi. 92.1 artikulua.

“1. Tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrak, ekitaldi bakoitzeko lehen hiruhilekoan, tributu arloko lege eta foru dekretuen testu eguneratu osoak argitaratzea erabaki eta aginduko du, baldin eta aurreko ekitaldian indarra zuten testuetan aldaketak egin badira. Halaber aginduko du epe eta modu berean argitara dadila ekitaldi horretan onetsi diren tributu-xedapen guztien zerrenda bat.”

Bederatzi. 100. artikulua.

“100. artikulua. Akats materialak edo egitatezkoak zuzentzea.

Kudeaketa prozeduran, foru lege honen 149. artikuluan akats materialen, aritmetikoen edo egitatezkoen zuzenketaren gainean ageri diren arauak aplikatuko dira.”

Hamar. 103.5 artikulua, azken paragrafoa.

“Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoaren 8.1 artikuluaren ondorioetarako, agintari eskuduntzat hartuko da tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularra.”

Hamaika. 104.4 artikulua.

“4. Foru lege honen 103. artikuluan, artikulu honen aurreko apartatuetan edo lege mailako beste edozein arautan xedatutakoari jarraikiz, Zerga Administrazioari datu pertsonalak emateko ez da beharrezkoa izanen ukituaren baimena.”

Hamabi. 105.1 artikulua, g) eta l) letrak.

“g) Lankidetza, Kontuen Ganberarekin, bere fiskalizazio eginkizunetan.”

“l) Organo eskudunek datuak erabiltzea legez aurreikusitako estatistika-programazioko tresna ofizialetan sartutako estatistika publikoak egiteko, Nafarroarentzat interesa badute edo Europar Batasuneko zuzenbideko arauren batek exijitzen baditu. Datuak zer estatistika lanetarako laga behar diren, informazio eskaeran frogatu beharko da lan horrek betetzen duela letra honetan aurreikusitako baldintzetakoren bat.”

Hamahiru. 105. artikulua bis.3, azken paragrafoa.

“Argitaratzeko behar diren datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari lotuko zaio.”

Hamalau. 129.1 artikulua.

“1. Kontrako agindurik ez badago, Foru Komunitateko Administrazioak edo hari loturiko nahiz haren menpeko zuzenbide publikoko entitateek kudeatu beharreko tributu-zorren diru-bilketa epe exekutiboan egiteko, premiamendu-prozedura erabiliko du tributuen arloan eskumena duen departamentuak edo eskumen hori esleitua duen erakunde publikoak.”

Hamabost. 132.1 artikulua, azken paragrafoa.

“Dena den, interesdunak edo haren ordezkariak adostasuna agertu ondoren, tributuen arloan eskumena duen departamentuko bulegoetan aztertzen ahalko dira. Kasu guztietan tributu ikuskatzaileek aipatutako liburu eta agirien kopiak aztertzen ahalko dituzte beren bulegoetan.”

Hamasei. 137. artikulua.

“137. artikulua. Tributuen Kontrolerako Plana.

Zerga Administrazioak tributuen kontrolerako plana prestatuko du urtero, eta isilpeko izaera izanen du. Hala ere, plana gidatzen duten irizpide orokorrak argitaratzen ahalko dira.”

Hamazazpi. 146.3 artikulua.

“3. Prozedura ebazteko organo eskuduna tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularra izanen da, salbu eta egintza Nafarroako Gobernuak eman badu; halakoetan, hari dagokio ebazpena emateko eskumena.”

Hemezortzi. 147.3 artikulua.

“3. Prozedura ebaztea tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrari dagokio.”

Hemeretzi. 148.6 artikulua.

“6. Ebazpena emateko eskumena tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrari dagokio.”

Hogei. 155.4.a) artikulua.

“a) Nafarroako Gobernuak edo tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrak emandakoak.”

Hogeita bat. 159.4 eta 7 artikulua.

“4. Berrikuspen-errekurtso berezia aurkezteko legitimaturik daude errekurtsoaren xede den egintzan edo Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboaren ebazpenean interesdun direnak. Ebazpen horren kontrako berrikuspen-errekurtso berezia aurkezteko legitimaturik dago, halaber, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea.”

“7. 2. eta 5. apartatuetan xedatutakoa gorabehera, berrikuspen-errekurtso berezia Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak aurkezten badu Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-administratiboak emandako ebazpen irmo baten kontra, tributuen arloan eskumena duen departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak eginen du horren tramitazioa, eta ebazteko eskumena, berriz, Nafarroako Gobernuarena izanen da, Nafarroako Kontseiluak nahitaezko irizpena eman ondotik.”

Hogeita bi. 163.1 artikulua, laugarren paragrafoa.

“Entzunaldia emateko tramiterako aurreikusitako epea iraganik eta alegazioak aurkeztu baldin badira, horiek aztertu ondoren, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariak likidazio administratibo bat emanen du, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen aldez aurreko edo aldibereko baimenarekin, bera baita salaketa edo kereila aurkezteko eskumena duena, bidezkoa den erregularizazioak agerian uzten badu bere ustez Ogasun Publikoaren kontrako delitua egon daitekeela.”

Hogeita hiru. 175.1 artikulua.

“1. Erabakiak ukitzen dituen zerga betebeharraren elementuen erregularizazio kasuetan, berreskuratzeko prozedura ofizioz hasiko da, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emandako erabakiaren bidez.”

Hogeita lau. 177.1.a) artikulua, lehenbiziko paragrafoa, eta 3. apartatua.

“a) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpen espresuaren bidez, eduki honekin, gutxienez:”

“3. Ebazpen judizial batek akats formalak daudela ikusi, eta jarduketa administratiboak atzera eramatea agintzen duenean, horiek epe honetan bukatuko dira: jarduketak atzera eramaten diren unetik 87. artikuluan adierazitako epea bukatzen den arte, edo hiru hilabetean, baldin eta beste epea luzeagoa bada. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariak espedientea jasotakoan hasiko da kontatzen epe hori.”

Hogeita bost. 181.1 eta 181.3 artikulua.

“1. Berreskuratzeko prozedura Zerga Kudeaketa Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpen espresu baten bidez amaituko da, eta zergapekoari prozeduraren hasiera jakinarazten zaionetik lau hilabeteko epean jakinarazi beharko da, salbu eta berreskuratzeko erabakiak beste epe bat ezartzen badu, 177. artikuluan xedatutakoa aplikatuko baita.”

“3. Ebazpen judizial batek akats formalak daudela ikusi, eta jarduketa administratiboak atzera eramatea agintzen duenean, horiek epe honetan bukatuko dira: jarduketak atzera eramaten diren unetik 1. apartatuan adierazitako epea bukatzen den arte, edo bi hilabetean, baldin eta beste epea luzeagoa bada. Zerga Kudeaketa Zerbitzuko zuzendariak espedientea jasotakoan hasiko da kontatzen epe hori.”

Hogeita sei. Lehenbiziko, bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren xedapen gehigarriak indargabetzea.

Hogeita zazpi. Zazpigarren xedapen gehigarria.

“Zazpigarren xedapen gehigarria.

Tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrari baimena eman zaio foru agindu bidez erregula dezan foru lege honen 90. artikuluan aipatzen diren zergadun eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.”

Hogeita zortzi. Zortzigarren xedapen gehigarria, lehenbiziko paragrafoa.

“Beren gain dituzten eginkizunak aurrera eramatearren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek, haien organoek eta menpeko entitateek dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskatzen dituztenen zerga arloko datuak jakin behar dituztenean, Nafarroako Foru Ogasunari eskatuko diote informazioa, tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrak emandako foru agindu batean ezarritakoari jarraituz.”

Hogeita bederatzi. Hamaikagarren xedapen gehigarria.

“Hamaikagarren xedapen gehigarria.–Erregistro liburuetan sartutako eragiketei buruzko informazioa eman beharra.

Foru lege honen 27.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, zergapekoek aitorpen informatibo bat aurkeztu beharko dute Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 53.1 artikuluak aipatzen dituen erregistro liburuen edukiaren berri emateko. Erregelamendu hori martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrak finkatuko du aitorpen hori zer pertsonak edo entitatek aurkeztu behar duten, bai eta haren eredua, aurkezteko modua, epea eta edukia ere.”

Hogeita hamar. Hemezortzigarren xedapen gehigarria.1, lehenbiziko paragrafoa.

“1. Zergapekoek, 27.5 eta 103. artikuluetan xedatutakoari jarraituz eta tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrak ezarriko duen moduan, informazio hau eman beharko diote Zerga Administrazioari:”

Hogeita hamaika. Hogeita bosgarren xedapen gehigarria.

“Hogeita bosgarren xedapen gehigarria.–Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2016an egiten diren eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak.

Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2016an egiten diren eskaerei, baldin eta diru horren diru-bilketa kudeatzeko lana tributuen arloan eskumena duen departamentuari badagokio, hogeita bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko zaie.”

Hogeita hamabi. Hogeita seigarren xedapen gehigarria, lehenbiziko paragrafoa.

“Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2017an egiten diren eskaerei, baldin eta horren diru-bilketa kudeatzeko lana tributuen arloan eskumena duen departamentuari badagokio, honako xedapen berariazko hauek aplikatuko zaizkie:”

Hogeita hamahiru. Berrogeita zazpigarren xedapen gehigarria, lehenbiziko paragrafoa.

“Tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrak baldintza bereziak ematen ahalko dizkie kirol lehiaketa ofizial profesionaletan parte hartzen ez duten kirol klubei, Nafarroako Foru Komunitatearekiko 2017ko urtarrilaren 1a baino lehenago sortutako eta urte horretako ekainaren 30a baino lehen likidatu edo erregularizaturiko tributu-zorren zatikatze-epeari dagokionez.”

Hogeita hamalau. Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria, A) letra, 3. apartatua aldatzea eta 4. apartatua gehitzea; B) letra, 3. apartatua aldatzea eta 4. apartatua gehitzea, zeinean sartuko baita 3. apartatuaren oraingo edukia. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera tributuen arloan abiarazten diren prozeduretan izanen ditu ondorioak.

“3. Balio erantsiaren gaineko zergan araututako prozedurak:

a) Subjektu pasibo bati baino gehiagori dagozkien aitorpen-likidazioak agiri bakarrean batera aurkezteko baimena.

b) Ondasunak Foru Komunitatetik kanpo esportatzen dituzten erakunde jakin batzuei ondasunak entregatzean salbuetsiak izateko eskubidea aitortzea.

4. Beste prozedura batzuk:

a) Aitorpen-likidazioak eta autolikidazioak zuzentzea eskatzeko prozedura.

b) Ohiko etxebizitzaren ondarearen exekuzioa eteteko prozedura, hirugarren adinekoen zentroetako erabiltzaileek ekarpen ekonomikoak eginez gero.

c) Ordaintzera behartuta dagoenak eskatuta konpentsatzeko prozedura.

d) Atxikipena edo konturako sarrera egiteko jarduketak eta tributuak jasanarazteko jarduketak aurkaratzeko prozedura.”

“3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan araututako prozedurak:

a) Zenbatespen objektiboaren araubidean aplikatu beharreko zeinuak, indizeak edo moduluak murriztea eskatzeko prozedura.

b) Literatura, arte edo zientzia arloetako zenbait sariren salbuespena aitortzeko prozedura.”

Hogeita hamabost. Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria.

“Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria.–Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2018an egiten diren eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak.

Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2018an egiten diren eskaerei, baldin eta diru horren diru-bilketa kudeatzeko lana tributuen arloan eskumena duen departamentuari badagokio, hogeita seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko zaie.”

Hogeita hamasei. Hogeita hamaikagarren xedapen gehigarria.

“Hogeita hamaikagarren xedapen gehigarria.–Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2019an egiten diren eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak.

Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2020an egiten diren eskaerei, baldin eta dirua biltzeko kudeaketa lana tributuen arloan eskumena duen departamentuari badagokio, hogeita seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko zaie.”

Hogeita hamazazpi. Hogeita hamabigarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hogeita hamabigarren xedapen gehigarria.–Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2020an egiten diren eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak.

Tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2020an egiten diren eskaerei, baldin eta dirua biltzeko kudeaketa lana tributuen arloan eskumena duen departamentuari badagokio, hogeita seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko zaie”.

Hogeita hemezortzi. Hogeita hamahirugarren xedapen gehigarria gehitzea. 2020ko uztailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hogeita hamahirugarren xedapen gehigarria.–Informazio-betebeharra zerga-planifikazioko mekanismo batzuetan.

1. Bitartekariak eta zerga-betebeharra daukatenak behartuta egonen dira tributu-administrazioari honako informazio hau ematera, 2011/16/EB Zuzentarauari jarraikiz (2011ko otsailaren 15ekoa, fiskalitatearen arloko administrazio-lankidetzari buruzkoa, zeinaren bidez 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetzen baita), bai eta Foru Lege honi jarraikiz ere, eta tributu-arloan eskudun den Departamentuaren titularrak ezarritako zertzeladekin:

a) Mugaz gaindiko zein mekanismotan esku edo parte hartzen duten, aurreko paragrafoak aipatzen duen araudiak jasotako nolakotasunetako batzuk betetzen direnean.

b) Merkaturagarri diren mugaz gaindiko mekanismoei buruzko eguneratze-informazioa.

b) Mugaz gaindiko planifikazio-mekanismoen erabilerari buruzko informazioa.

2. 2011/16/EB Zuzentarauko 8 bis ter.5) artikuluak aipatzen duen sekretu profesionaleko betebeharraren titulartzat jotzen dira Zuzentarau horren arabera bitartekari-izaera duten horiek, zein ere den egiten duten jarduera ekonomikoa, halako neurrian non Foru Lege honen 103.5 artikuluak aipatzen dituen datu pribatu ez-ondarezkoei eta isilpeko datuei baitagokie, datu horiek jasotzen eta lortzen dituztenean Zuzentarauak definitzen dituen mugaz gaindiko mekanismoetako batean interesdun diren zergapekoengandik.

Sekretu profesionaleko betebeharra duen bitartekaria betebehar horretatik askatu ahalko da interesdun den zergapekoak modu fede-emailean komunikaturik emandako baimenaren bitartez.

3. Erantzukizunetik salbuestea.

Bitartekariek 2011/16/EB Zuzentarauak aipaturiko zerga-planifikazioko mekanismoei buruz informatzeko betebeharra betetzea, legez beharturiko moduan, ez da izanen kontratuz edo araudiz ezarritako informazio-zabalpenaren gaineko murriztapenen urraketa, eta subjektu behartuei ez die inolako erantzukizunik ekarriko informazio horren titular den zergapeko interesdunarekiko.

4. Arau-hauste eta zehapenen araubidea.

a) Zerga-arloko arau-hauste soil dira xedapen gehigarri honek hizpide dituen aitorpen informatiboak epe barruan ez aurkeztea eta osotasunik edo zehaztasunik gabe edo datu faltsuekin aurkeztea, bai eta aitorpen horiek baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoez bestelakoen bitartez aurkeztea noiz eta baliabide horien erabilera aginduzkoa den kasuetan.

Aurreko arau-hausteak 1.000 euroko diru-isun finko batekin zehatuko dira aitorpen berberari buruzko datu bakoitzeko edo datu-multzo bakoitzeko, edo osotasunik edo zehaztasunik gabe nahiz faltsukeriaz aurkeztu direnean, gutxienekoa 3.000 eurokoa izanik, eta gehienekoa, jaso diren edo jasotzekoak diren ordainsarien adinakoa edo mugaz gaindiko mekanismotik eratorritako efektu fiskalaren balioaren adinakoa, zeina kalkulatuko baita b) letran ezarritako moduan, arau-hauslea bitartekaria edo zergapeko interesduna, hurrenez hurren, izatearen arabera. Gehieneko muga ez da aplikatuko 3.000 euro baino gutxiagokoa denean.

Aurrekoa gorabehera, mugaz gaindiko mekanismoak ez daukanean baliorik eta arau-hauslea zergapeko interesdun izaerarekin denean arau-hausle, gehieneko muga izanen da bitartekariak jasotako edo jasokizun dituen ordainsarien adinakoa.

Ordainsaririk ez dagoenean, muga izanen da halako jardueraren merkatu-balioa zeinaren gauzatzeak bitartekaritasun-egozpena erakarri baitu, kalkulatua gidalerrotzat harturik Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legeko 28.2 artikuluak xedaturikoa.

Aurreko gehieneko muga horiek aplikatzeari dagokionez, arau-hauslea behartuta egonen da muga horiek egoteari eta haien zenbatekoari buruzko froga fede-emailea aurkeztera.

Apartatu honetan ezarritako zehapena eta gehieneko nahiz gutxieneko mugak erdira murriztuko dira, informazioa epez kanpo aurkeztu denean, zerga-administrazioak aurretiazko errekerimendurik egin gabe.

Informazioa baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoez bestelakoen bitartez aurkeztea, aipaturiko baliabideen erabilera aginduzkoa denean, isun finko batekin zehatuko da, zeinaren zenbatekoa 250 eurokoa izanen baita aitorpen berari buruzko datu edo datu-multzo bakoitzeko, gutxienekoa 750 euro eta gehienekoa 1.000 euro izanik.

Xedapen gehigarri honetan arauturiko urraketak eta zehapenak bateraezinak dira 67. eta 72. artikuluetan ezarritakoekin, hurrenez hurren.

71.4 artikuluan zehaztutako murriztapena aplikatu beharrekoa izanen da, hala badagokio.

b) Efektu fiskalaren baliotzat joko da aitorturiko mekanismoak tributu-zor terminoetan sortu duen emaitza, zeinak betiere barne hartu beharko baitu aurrezpen fiskala.

Ondorio horietarako, aurrezpen fiskal izanen da tributu-oinarri edo -kuotaren edozein minorazio, tributu-zor terminoetan, barne harturik horren sortzapenari dagokion geroratzea, baldin eta minorazio hori aplikatzekoa izan balitz aitorpenari loturiko mugaz gaindiko mekanismoa egin ezean, edo osoki nahiz partzialki ekiditen denean zerga-egitatearen egitea, mekanismo horren bitartez. Aurrezpen fiskaltzat joko da, orobat, oinarriak, kuotak, kenkariak edo etorkizunean konpentsatzeko edo kenkaria egiteko modukoa den beste edozein kreditu fiskal sorraraztea.

Mekanismoan parte-hartzaile direnean 2011/16/EB Zuzentarauko 3.23) artikuluak aipatzen dituen enpresa elkartuen izaera duten entitateak edo pertsonak, aurrezpen fiskala egoteari buruzko kalifikazioa, letra honen ondorioetarakoa, eginen da aintzat harturik entitate elkartuen osotasunarentzako efektuak, aurreko paragrafoan aipatuak, zein ere den tributazio-jurisdikzioa.”

Hogeita hemeretzi. Hogeita hamalaugarren xedapen gehigarria gehitzea. 2020ko uztailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Hogeita hamalaugarren xedapen gehigarria.–Partikularren artean sorturiko betebeharrak, planifikazio fiskalerako mugaz gaindiko mekanismoak aitortzearen nahitaezkotasunaren ondoriozkoak.

1. Sekretu profesionaleko betebeharraren ondorioz mugaz gaindiko planifikazio fiskaleko mekanismoen aitorpena aurkeztetik salbuetsita dauden bitartekariak behartuta egonen dira salbuespen horren berri modu fede-emailean ematera mekanismo horietan parte hartzen duten bitartekariei eta zergapeko interesdunei, tributu-arloan eskudun den Departamentuko kontseilariak ezartzen duen moduan.

2. Aitorpena egitera beharturikotzat legez jotzen diren pertsona edo entitateek, baldin eta aitorpena aurkeztu badute eta aitorpen horren ondorioz salbuetsirik geratu badira bitartekari diren gainerako pertsona edo entitateak edo, kasua bada, aipatu mugaz gaindiko mekanismoetan parte hartzen duten gainerako zergapeko interesdunak, aginduzkoa izanen dute aurkezpen horren berri ematea, modu fede-emailean, aipaturiko gainerako betebehardun salbuetsiei, tributu-arloan eskudun den Departamentuko kontseilariak ezartzen duen moduan.

3. Zehapen-araubidea.

Tributu-arloko arau-haustea da xedapen gehigarri honek aipatzen dituen jakinarazpenak ez egitea ezarritako epean, edo jakinarazpenak egitea zenbait datu isilpean utziz edo datu faltsuak, ez-osoak edo ez-zehatzak aipatuz.

Xedapen gehigarri honetan arauturiko arau-haustea soiltzat joko da eta 600 euroko isun finko batekin zehatuko da.

71.4 artikuluan zehaztutako murriztapena aplikatu beharrekoa izanen da, hala badagokio”.

Berrogei. Seigarren xedapen iragankorra gehitzea. 2020ko uztailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Seigarren xedapen iragankorra.–Aitortu beharrekoak diren mugaz gaindiko mekanismoak aitortzeko betebeharren araubide iragankorra, mekanismo horiek 2020ko uztailaren 1a baino lehenago egin izanaren kasuan.

Mugaz gaindiko mekanismoak halakoak direnean non haiek aitortuak izateko betebeharra sortu baita, erregelamenduz ezarritako moduan, 2018ko ekainaren 25etik 2020ko ekainaren 30era bitartean, 2020ko uztail eta abuztuan aitortu beharko dira”.

Zazpigarren artikulua.–Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen Foru Legea.

Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea Erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen manu batzuek, ondotik heldu direnek, honako testu hau izanen dute:

Bat. 1. artikulua, 2019ko urriaren 16tik aurrerako ondorioekin.

“Foru lege honetan erregulatzen den tributu araubidea Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioaren 42. Legean ezarritakoaren babesean eratutako fundazioei aplikatuko zaie, baldin eta hurrengo artikuluetan ezartzen diren beharkizunak eta baldintzak betetzen badituzte”.

Bi. 2.2 artikulua, bigarren paragrafoa.

“Apartatu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko gizarte laguntzako jarduerak edo kirol jarduerak egiten dituzten entitateei, baldin eta balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita badaude, ezta Espainiako ondare historikoko ondasunak mantentzea eta berreskuratzea xede esklusibo edo nagusia dutenei ere, Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen eskakizunak betetzen badituzte.”

Hiru. 4.1 artikulua, lehenbiziko paragrafoa eta b) letra. 2019ko urriaren 16tik aurrera izanen ditu ondorioak.

“1. Fundazioa inter vivos egintzen bidez eratzen bada, eskritura publikoak, Foru Berriko 42. Legean ezarritakoarekin bat aurreikusitako zehaztapenez eta fundatzaileak ezartzen dituen klausula eta baldintza zilegiez gain, alderdi hauek ere hartuko ditu kontuan:”

“b) Fundazio bat eratzeko borondatea.”

Lau. 6. artikulua.

“6. artikulua. Aldaketak.

Fundazioaren eratze eskritura edo estatutuak aldatu nahi badira, horren berri eman beharko zaio tributuen arloan eskumena duen departamentuari; horretarako, aldaketaren kopia baimendua erantsi beharko da.”

Bost. 7. artikulua. 2. eta 3. apartatuen lehen paragrafoa.

“2. Ondarearen zuzkidura osatzeko ekarpenak jarraian egin daitezke. Horrela egiten bada, hasierako ordainketa ez da izanen fundazioaren borondateak aurreikusita duen zenbateko osoaren %25 baino txikiagoa; fundazioa eratzeko eskritura publikoa ematen den egunetik hasi eta bost urteko epean ekarri beharko da gainerakoa. Hori hala izanik ere, eskubideak direnean, tributuen arloan eskumena duen departamentuak epe hori luzatzen ahalko du, eskubide horien izaera zein den, baldin eta ekarpen hori ziurtatzeko beharrezkoak diren bermeak ematen badira”.

“3. Zuzkidura dirutan egiten bada, zenbatekoa eurotan emanen da. Diruz egiten ez diren ekarpenak berdin kuantifikatuko dira, eta erabili diren balorazio irizpideak zehaztuko dira”.

Sei. 9.10 artikulua, lehenbiziko eta bigarren paragrafoak.

“10. Salbuespenez, artikulu honen 1. apartatuak aipatzen duen %70eko gutxieneko portzentajea txikiagoa izaten ahalko da entitatea sortu zeneko zuzkidura handitzea nahi denean, eta tributuen arloan eskumena duen departamentuak horretarako baimena ematen badu, horri eskaera aurkeztu ondoren.

Beste alde batetik, 7. apartatuan aurreikusten den lau urteko epea luzatzen ahal da errenten helburua egokitzen zaionean fundazioak prestaturiko eta tributuen arloan eskumena duen departamentuak onarturiko plan bati.”

Zazpi. 10.2 artikulua.

“2. Aurreko zenbakiko lehenbiziko paragrafoan aipatzen diren merkataritzako sozietateetako partaidetzak ez diren beste batzuen titularrak badira, zuzenean edo zeharka, tributuen arloan eskumena duen departamentuan egiaztatu beharko dute partaidetza horien titulartasunak laguntzen duela fundazioaren helburuak hobeki betetzen eta ez dela hausten foru lege honetan ezarritako araubidea.

Tributuen arloan eskumena duen departamentuak foru lege honetan araututako tributu araubideaz baliatzea uka dezake, arrazoitu ondoren, justifikatzen ez bada partaidetza horiek betetzen dituztela lehenago aipatutako beharkizunak.”

Zortzi. 11. artikulua, 5., 6. eta 7. apartatuak.

“5. Fundazioetako kontuei kanpoko auditoretza eginen zaie, ekitaldia ixten den egunean, inguruabar hauetako bi gutxienez gertatzen badira:

a) Aktiboko partidek guztira 1.803.000 euro baino gehiago egitea.

b) Urteko sarreren zenbateko garbia 3.606.000 euro baino gehiago izatea.

c) Ekitaldian lanean izandako langileak batez beste berrogeita hamar baino gehiago izatea.

Halaber, kanpoko auditoretza eginen zaie beste kontu batzuei ere, horien egoera bereziak hala eskatzen badu fundazioaren patronatuaren iritziz edo tributuen arloan eskumena duen departamentuaren iritziz eta, betiere, ondarearen edo kudeatutako jardueren bolumenaren kopuruari dagokionez.

Auditoretzako txostenak tributuen arloan eskumena duen departamentuan aurkeztuko dira, txostenak jaulki ondoko hiru hilabeteko epean.

6. Horrez gain, patronatuak hurrengo urteko aurrekontua prestatuko du eta tributuen arloan eskumena duen departamentuari igorriko dio, azalpen memoria batekin batera, ekitaldi bakoitzeko urriaren 1etik urtarrilaren 31ra bitarte.

7. Aurreko 2., 3. eta 6. zenbakietan aipatzen diren dokumentuak tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrak ezartzen duen moduan eta tokian aurkeztuko dira, eta hark erabakiko du zer prozedura erabiliz eta zer baldintzatan aurkeztu behar diren, baita baliabide informatiko edo telematiko bitartez aurkeztu behar diren edo ez.”

Bederatzi. 15. artikulua.

“15. artikulua. Eskaera.

1. Foru lege honetan araututako tributu araubideari heldu nahi dioten fundazioek eskaera egin beharko dute tributuen arloan eskumena duen departamentuan; eraman beharreko agiriak hauek dira: 4. eta 5. artikuluek aipatzen dituzten agiriak, fundazioaren helburuak zehazten dituen azalpen memoria eta Fundazioen Erregistroan izena emanda daudela dioen agiria.

2. Tributuen arloan eskumena duen departamentuak interesdunei eskatzen ahalko dizkie fundazioaren eta horren estatutuen klausulen norainokoa zehatz-mehatz ezagutzeko beharrezkoak diren azalpenak eta datuak.”

Hamar. 16.1 eta 16.2 artikulua.

“1. Eskaera ebazteko, tributuen arloan eskumena duen departamentuak kontuan edukiko du entitate eskatzaileak betetzen ote dituen eskatu zaizkion formazko betebeharrak eta, orobat eta bereziki, fundazioaren funts nagusia betetzen duen, hots, 2. artikuluak aipatzen duen interes orokorraren helburuak; besteak beste neurtuko dira entitatearen xedea eta helburuak, dituen baliabideak, antzeko beste erakunde batzuekin edo administrazio publikoarekin batera lan egiteko aukera eta fundazioaren jardueren, prestazioen eta zerbitzuen proiekzioa, pertsonala zein lurralde mailakoa.

2. Dokumentazioa azterturik eta kontuan hartuta aurreko apartatuan xedatutakoa, tributuen arloan eskumena duen departamentuak behar den ebazpena emanen du, fundazioari tributu araubide berezia aplikatzeko baimena edo ukoa adieraziko duena.”

Hamaika. 17. artikulua, lehenbiziko paragrafoa.

“Tributuen arloan eskumena duen departamentuak egiaztatuko du tributu araubide berezi horretaz baliatzeko beharrezkoak diren beharkizunak betetzen direla, eta, hala behar denean, fundazioaren tributu egoeraren ondoriozko erregularizazioa eginen du.”

Hamabi. 18.2 artikulua.

“2. Bere xede berariazkoari ez dagokion ustiapen ekonomiko batekin lortutako etekin arruntak kargatu eginen dira, baina tributuen arloan eskumena duen departamentuak arestian aipatutako salbuespena aplikatzen ahalko die etekin horiei ere, baldin eta horiek sortu dituzten ustiapen ekonomikoak salbuetsita dauden ustiapen ekonomikoen ustiapen lagungarri edo osagarriak badira, edo entitatearen estatutuetan ezarritako helburuak lortzeko jardueren ustiapen lagungarri edo osagarriak badira.

Salbuespena eraginkorra izan dadin, aurretik ekonomia ustiapeneko jardunaren berri eman beharko zaio tributuen arloan eskumena duen departamentuari; departamentu horrek aurreko paragrafoan aipaturiko baldintzak betetzen diren egiazta dezake.”

Hamahiru. 26. artikulua.

“26. artikulua. Kuota gutxiagotua.

Aurreko artikuluak ezarritakoaren arabera zehaztutako kuota likidoa 1.202 euro minoratuko da zerga honen subjektu pasiboa fundazio bat denean, baldin eta fundazioa titulu honetako aplikazio-eremukoa bada, eta bakar-bakarrik doako prestazioak egiten baditu. Gutxiagotze hau aplikatu eta gero ateratzen den zenbatekoa ezin da inoiz negatiboa izan.”

Hamalau. 32. artikulua, 1. apartatuko bigarren paragrafoa eta 2. apartatuko lehenbiziko eta bigarren paragrafoak.

“Tributuen arloan eskumena duen departamentuak kasuan kasuko toki entitateari jakinaraziko dio foru lege honen 17. artikuluan aipatzen den egiaztapenaren emaitza, kasuko tokiko tributuak ukitzen dituen heinean, bai eta artikulu horretan xedatutakoa aplikarazten duen edozein gorabehera ere.

2. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 57.2 artikuluan xedaturiko konpentsazio ekonomikoaren ondorioetarako, toki entitateek tributuen arloan eskumena duen departamentuari jakinaraziko diote zer onura fiskal ematen zaizkien fundazioei aurreko artikuluetan ezarritakoaren ondorioz.

Nafarroako Gobernuak, tributuen arloan eskumena duen departamentuaren bidez, diruz eta osoki konpentsatuko ditu toki entitateek, atal honetan aipatzen diren onura fiskalak ematearen ondorioz, jasotzen ez dituzten kopuruak.”

Hamabost. 33.3 artikulua, bigarren paragrafoa.

“Artelan horren kalitatea tributuen arloan eskumena duen departamentuan egiaztatu beharko da, eta hark emanen du horren askiespena. Horretarako, arlo horretan eskumena duen departamentuari txostena eskatzen ahalko dio.”

Hamasei. 34.1 artikulua.

“1. Aurreko artikuluko 2. eta 3. apartatuek aipatzen dituzten kasuetan, kenkariaren oinarria tributuen arloan eskumena duen departamentuak finkaturiko balioa izanen da. Horretarako, arlo horretan eskumena duen departamentuari txostena eskatzen ahalko dio.”

Hamazazpi. 37.3 artikulua, bigarren paragrafoa.

“Artelan horren kalitatea tributuen arloan eskumena duen departamentuan egiaztatu beharko da, eta hark emanen du horren askiespena. Horretarako, arlo horretan eskumena duen departamentuari txostena eskatzen ahalko dio.”

Hemezortzi. 38.1 artikulua.

“1. Aurreko artikuluko 2. eta 3. apartatuek aipatzen dituzten kasuetan, kenkariaren oinarria tributuen arloan eskumena duen departamentuak finkaturiko balioa izanen da. Horretarako, arlo horretan eskumena duen departamentuari txostena eskatzen ahalko dio.”

Hemeretzi. 39.5 artikulua.

“5. Ikerketa-erakunde publikoek edo teknologia zentroek gauzatzen dituzten jardueren antzekoak egiten dituzten fundazioei diru dohaintza eginez gero, kenkaria egiten ahalko da Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61.1 artikuluko lehenbiziko paragrafoan ezarritako kuota osoan.”

Hogei. 45. artikulua, b) letra.

“b) Dohaintza onartu baino lehen, tributuen arloan eskumena duen departamentuak txostena emanen du, ondasunaren balorazioari eta artelanaren kalifikazioari buruzkoa. Horretarako, arlo horretan eskumena duen departamentuari laguntza eskatzen ahalko dio.”

Hogeita bat. Lehenbiziko xedapen gehigarria. 2019ko urriaren 16tik aurrera izanen ditu ondorioak.

“Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Fundazioen Erregistroa.

1. Lehendakaritzaren arloan eskumena duen departamentuan Fundazioen Erregistroa eratzen da. Erregistro horretan inskribatu beharko dira foru lege honen 1. artikuluak aipatzen dituen fundazio guztiak.

Inskripzio hori erregelamendu bidez emanen den epearen barruan egin beharko da, eta horrekin batera foru lege honen 4. artikuluak aipatzen dituen alderdiak adierazi beharko dira.

Erregistroa publikoa izanen da.

2. Tributuen arloan eskumena duen departamentuak Fundazioen Erregistroari adieraziko dio nork eskuratu edo galdu duen tributu araubide berezia, hantxe ager dadin, baita eraketa eskrituran edo estatutuetan egindako aldaketak ere.

3. Lehendakaritzaren arloan eskumena duen departamentuko Fundazioen Erregistroan inskribatzen ahalko dira, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioko 42. Legearen babesean sortutako fundazioez gainera, Estatuko edo arlo horretan eskumenak dauzkaten autonomia erkidegoetako araudiaren arabera eratu eta beren estatutuak geroan aldatu dituztenak, hain zuzen ere beren egoitza soziala Nafarroan ezartzeko eta beren jarduerak nagusiki Foru Komunitatean gauzatzeko.

Halaber, atzerriko fundazioak inskribatzen ahalko dira lehendakaritzaren arloan eskumena duen departamentuko Fundazioen Erregistroan, baldin eta beren jarduerak nagusiki Foru Komunitatearen lurralde eremuan garatzen badituzte.

4. Erregistroaren egitura eta funtzionamendua erregelamendu bidez finkatuko dira.”

Hogeita bi. Laugarren xedapen gehigarria.

“Laugarren xedapen gehigarria.–Baldintzak ez betetzea.

Fundazioek eta foru lege hau aplikatu beharra duten gainerako entitateek ez badituzte betetzen lege honetan ezarritako baldintzak, legearen 17. artikuluan eta hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako ondorioak izateaz gain, ez zaizkie aplikatuko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 150.d) eta e) eta 173.1.e) artikuluetan aurreikusitako salbuespenak.”

Hogeita hiru. Zazpigarren xedapen gehigarria. Kentzea.

Hogeita lau. Hamargarren xedapen gehigarria, 4. apartatuko lehenbiziko paragrafoa eta 5. apartatuko lehenbiziko paragrafoa.

“4. Xedapen gehigarri honetan ezarritako araubidean sartu ondoren, dohaintzen onuradun diren entitateek araubide hori mantentzeko eskatu beharko diote eskubide sozialen arloan eskumena duen departamentuari, hurrengo ekitaldiko lehenbiziko zortzi hilabetean, departamentu horren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren titularrek onesten duten eredua erabiliz. Horrez gain, epe horretan, entitate horien ordezkariek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute, frogatzekoa 2. apartatuan ezarritako betebeharrak betetzen dituztela, bai eta entitatearen kontuak ere, salbu tributuen arloan eskumena duen departamentuan dagoeneko aurkeztu badituzte tributu araudia betetzeko.”

“5. Eskubide sozialen arloan eskumena duen departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrak 3. eta 4. apartatuetan aipatzen diren eskaerak ebatziko ditu, entitateen xede soziala gizarte zerbitzuen edo garapenerako lankidetzaren arlokoa bada, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, berriz, entitatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arlokoa bada.”

Hogeita bost. Lehenbiziko xedapen iragankorra. Kentzea.

Zortzigarren artikulua.–Kooperatiben zerga araubidea arautzen duen Foru Legea.

Kooperatiben Zerga Araubidea arautzen duen ekainaren 21eko 9/1994 Foru Legearen agindu hauek testu hau izanen dute:

Bat. 23. artikulua.

“23. artikulua. Enplegua sortzeagatiko kenkaria.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 66. artikuluan aurreikusitako kenkaria, enplegua sortzeagatikoa, aplikatzekoa zaio, ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezarri kasu eta baldintzez gainera, behin frogaldia iraganik, lan elkartuko kooperatibetan bazkide berriak edo, orokorrean, edozein kooperatibatan lan-bazkideak behin betiko onartzeari.”

Bi. 27. artikulua, 1. apartatuko bigarren paragrafoa eta 2. apartatuko azken paragrafoa.

“Salbuespena, aplikatzekoak izan daitezkeen kontzeptu orotan, hurrengo egintza, kontratu eta eragiketei dagokienetan, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren testu bategina onesten duen apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren 22.1 artikuluan aurreikusitako karga izan ezik:”

“Onura hori, hala behar bada, elementu berberentzat bateragarria da, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legean aurreikusitako kenkariekin.”

Bederatzigarren artikulua.–Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen Foru Legea.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 18.2 artikulua indargabetzen da.

Hamargarren artikulua.–Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legea.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik ondorioak izateko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen artikulu hauek honako testua izanen dute:

Bat. VII.bis titulua, I. kapitulua kentzea.

Bi. 99.bis.1 artikulua, b) letra aldatzea eta e) letra gehitzea, eta oraingo b), c) eta d) letretako edukia c), d) eta e) letretan sartzea, hurrenez hurren.

“b) Familia gurasobakarrak edo gurasobakartasun egoeran daudenak:

Lehena. Kategoria bereziko familietako kideentzako salbuespena.

Bigarrena. %50eko hobaria kategoria orokorreko familietako kideentzat.”

Hiru. 119. artikulua.

“119. artikulua. Tarifak

Tarifa hauen arabera exijituko da tasa:

EUROTAN

1. TARIFA

Salgaien eta bidaiarien garraio publiko edo pribatu osagarrirako baimenak ematea, birgaitzea, bisatzea edo aldatzea, eta, hala behar bada, atxikitako ibilgailuentzat ere

27

2. TARIFA

Erabilera bereziko bidaiarien garraio publiko erregularrerako baimenak ematea edo berritzea

14

3. TARIFA

Garraioaren jarduera osagarriak egiteko baimenak ematea, berritzea edo aldatzea (garraioko operadorea)

55

4. TARIFA

Txartelak ematea eta berritzea

1. Takografo digitalaren txartela ematea eta berritzea

43

2. Gidariaren gaitasun txartela ematea eta berritzea

26

3. Gidariaren gaitasun txarteleko datu pertsonalak aldatzea

5

5. TARIFA

Liburuak ziurtatzea eta eginbidetzea

1. Liburu edo dokumentu nahitaezkoak legeztatu, eginbidetu edo zigilatzeagatik

11

2. Enpresei buruzko ziurtagiriak eta garraio baimenak ematea

9

3. Hirugarren herrialdeetako bidaiariaren ziurtagiria ematea

28

6. TARIFA

Azterketa egiteko eta tituluak emateko tasak

1. Ondoko azterketa hauek egiteko eskubideengatik: garraiolariaren lanbide gaitasunaren titulua lortzekoa, segurtasun aholkulariaren titulua lortzekoa edo berritzekoa, edo gidariaren lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzekoa

22

2. Garraiolariaren lanbide-gaitasunaren titulua emateagatik eta segurtasun aholkulariaren titulua emateagatik edo berritzeagatik

27

3. Lanbide-gaitasunaren edo segurtasun aholkulariaren tituluko datu pertsonalak aldatzea

5

7. TARIFA

Gidarien hasierako kualifikazioaren eta etengabeko prestakuntzaren tasak

1. Zentroak baimentzea

340

2. Zentroen titulartasuna aldatzea

178

3. Ikastaroak homologatzea

125

8. TARIFA

Idatzizko txostenak prestatzeagatik

1. Garraio arloko enpresen eta jardueren edo garraio zerbitzuen beste erregistro batzuetan ageri diren pertsonei, baimenei, ibilgailuei edo enpresa berariazkoei buruzko datuen gainean

26

2. Aurreko kontzeptuaren jardueretarako, datu orokorren gainean

211”

Lau. 146. artikulua, 2.2 tarifa kentzea eta 5. eta 9.10 tarifak aldatzea.

EUROTAN

“5. TARIFA

Zaldi-txartela ematea, animaliako

1. Zaldi-txartela ematea, Nafarroan dauden animalientzat

25

2. Zaldi-txartela ematea, Nafarroatik kanpo dauden animalientzat

50”

“10. Zaldi-pasaportea bikoiztu edo ordeztea

20”

Bost. XI. titulua, IV. kapitulua kentzea.

Hamaikagarren artikulua.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioetarako, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 175.2 artikuluan ezarritako gehieneko koefizienteak honako hauek izanen dira:

“KOEFIZIENTEA

SORTZEALDIA

0,60

20 urtekoa edo hortik gorakoa

0,47

19 urte

0,49

18 urte

0,09

17 urte

0,09

16 urte

0,06

15 urte

0,06

14 urte

0,06

13 urte

0,06

12 urte

0,06

11 urte

0,06

10 urte

0,06

9 urte

0,06

8 urte

0,06

7 urte

0,08

6 urte

0,26

5 urte

0,33

4 urte

0,24

3 urte

0,15

2 urte

0,07

1 urte

0,07

Urtebetetik behera”

Hamabigarren artikulua.–Jokoaren gaineko tributuak.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, abenduaren 28ko 27/2016 Foru Legearen 10.1. artikuluak testu hau izanen du:

“1. Hurrengo idatz-zatian xedatutakoa galarazi gabe, apustuen bidezko jokoei dagokien karga-tasa 100eko 20 izanen da, apustuak egiten diren bitartekoa edozein delarik ere”.

Hamahirugarren artikulua.–Saltoki Handien gaineko Zerga.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, abenduaren 27ko 30/2018 Foru Legearen hamaikagarren artikuluaren zazpi apartatuaren a) letrak testu hau izanen du:

“a) Produktuen salmenta eta erakusketarako azalera erabilgarria. Azaleratzat hartzen da produktuak erakusteko eskuarki edo aldi baterako erabiltzen dena, bai eta jendea pasatzeko tokiak eta produktuak aurkeztu, eman eta kobratzekoak ere. Ez dira azalera erabilgarritzat hartuko, inola ere, bulegoak, aparkalekuak, jendeak bisita ez ditzakeen zamalanetarako eremuak eta biltegiak, eta, orokorrean, jendearen sarrera murriztuta duten leku guztiak.

Establezimendu kolektiboetan ez dira zenbatuko jendea merkataritza-guneko instalazio komunetan ibiltzea eta hura osatzen duten merkataritza-establezimenduen arteko komunikazioa erraztea beste helbururik ez duten espazioak.

Produktu-salmenta eta -erakusketarako azalera erabilgarria kalkulatzeko, kontuan hartuko dira merkataritza- eta ostalaritza-jarduera guztiak. Ez dira zenbatuko aisialdiko eta ikuskizunetako enpresek emandako zerbitzuak.

Produktuen salmentarako eta erakusketarako azalera erabilgarria 2.000 metro koadroko azalera salbuetsian murriztuko da”.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru lege honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira:

1. Ekainaren 17ko 129/2002 Foru Dekretua, tributu arloko prozeduren gehieneko epeak eta administrazioaren isiltasunak sortutako ondorioak arautzen dituena.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onesten duen 152/2001 Foru Dekretuaren 67.2 artikulua.

Azken xedapenetako lehenengoa.–Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko Foru Legea aldatzea.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 3.quater artikuluak honako testu hau izanen du 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera:

“3. quater artikulua. Etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzeko kenkari fiskalen sistema.

1. Etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzeko kenkari fiskalek, foru lege honen 3. bis artikuluaren 2. apartatuak aipatutakoek, honako modalitate hauek edukiko dituzte:

a) Emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkaria: Nafarroan erroldatutako 23 eta 31 urte artekoentzat (biak barne) izanen da, baldin eta haien errentak, salbuetsiak barne, ez badira 20.000 euro baino gehiagokoak, eskatzailea familia-unitate bateko kidea ez izanez gero; edo, bestela, 30.000 euro baino gehiagokoak ez badira, familia-unitateko kide guztien errentak batera hartuta.

Horretarako, kontuan hartuko da zein diren lortutako diru-sarrerak, adieraziak zerga-oinarriaren zati orokorraren eta errenta salbuetsien batura gisa, halako zergaldian lorturikoak non pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak aurkezteko epe arrunta amaitu baita kenkariaren ordainketa aurreraturako eskaera eginiko datan.

b) Etxebizitza eskuratzeko errentamenduagatiko kenkariak: Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA) adierazlearen 1,7 halako baino familia-dirusarrera haztatu txikiagoak dituzten pertsonentzat edo familia-unitateentzat, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a’) Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribaturik egotea urtebeteko edo gehiagoko antzinatasun etengabearekin, urte natural bakoitzaren urtarrilaren 1ean, errentamenduaren edo erosketa-aukeradun errentamenduaren modalitatean; hori ez da eragozpena izanen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren hogeita zazpigarren xedapen iragankorrean 2020. urterako ezarritakorako.

b’) Gizarteratze-etxebizitzen Programako onuradunak izatea, errentamenduan, urtebeteko edo gehiagoko antzinatasunarekin, urte natural bakoitzaren urtarrilaren 1ean.

c’) Etxebizitza babestu baten errentaria izatea, urte natural bakoitzaren urtarrilaren 1ean. urtebeteko edo gehiagoko antzinatasuna duen administrazio-bisako kontratua dutenean.

Diru-sarrerak eta haien haztatzea kalkulatzeko, aplikatuko da Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren II. eranskinean, edo haren ordezko arauan, xedatutakoa, eta kontuan hartuko zer errenta izan diren lortuak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak aurkezteko epea kenkariaren ordainketa aurreraturako eskaeraren datan amaitu deneko zergaldian.

2. Kenkari bakoitzaren baldintzak eta zenbatekoak, bai eta haiek modu aurreratuan ordaintzeko ezartzen diren epeak ere, modalitate bakoitzean desberdinak izan ahalko dira, bai eta modalitate beraren barruan desberdinak ere.

3. Kenkari-modalitate desberdinak elkarrekin bateraezinak izanen dira; halaber, bateraezinak izanen dira honako hauekin: etxebizitza alokatzeagatiko kenkariarekin, zeina Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.2 artikuluan ezarrita baitago; Nafarroako Gobernuak alokairu-gastuen ordainketarako emandako larrialdiko laguntzekin edo laguntza bereziekin, etxebizitza berari dagozkionean; eta etxebizitza babestuak edo Alokairu Poltsari atxikitakoak errentamenduan hartzeko aurreikusitako diru-laguntzekin.

4. Etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzeko kenkari fiskalen sistema kudeatuko da etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua kudeatuko duen sozietate publiko instrumental beraren bidez. Aurrekoa gorabehera, etxebizitzaren gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiari dagokio kudeaketaren ondoriozko egintzak eta ebazpenak ematea”.

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak.

“1. Nafarroako Administrazio Publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa baliabide elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko.

2. Aurreko apartatuan aipatutako hautapen prozesuetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epeak, egunetan adierazitakoak, egun naturalekoak direla ulertuko da beti”.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Presako neurriak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arlokoak.

“Orokortasunez luzatzen dira, 2020rako, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurriak, ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen 1. artikuluan aurreikusiak.

Erretiroa hartzeko gehieneko adinari dagokionez aurreko paragrafoan aipatutako 1. artikulua funtzionario guztiei aplikatuko zaie, funtzionarioa atxikita dagoen gizarte-aurreikuspeneko sistema zein den ere, barne harturik Nafarroako Administrazio Publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemari atxikiak, bai eta araubide horri atxikiak ere.

Hala ere, eta salbuespen gisa, Osasun Departamentuak zilegi izanen du bere zenbait langileren zerbitzu aktiboa 2020. urtean zehar luzatzea zerbitzuaren premiengatik eta profesionalik ezarengatik; betiere, arrazoi horiek behar bezala justifikatu beharko dira. Halatan, zilegi izanen da zerbitzu aktiboaren luzapena baimendu dakien, Gizarte Segurantzak xedaturiko nahitaezko erretirorako adinera iritsi ondoren, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko 11/1992 Foru Lege Arau-emaileko A.1 eta A.2.5. estamentuetako profesional fakultatiboei, bai eta estamentu horietakoak izanik zerbitzuburu edo laguntza-ataleko buruaren eginkizunak betetzen ari diren profesionalei ere, baldin eta, betiere, norbere espezialitateko kontratazio-zerrenda irekita badago. Luzapena baimentze aldera inguruabar hori egiaztatzeko momentua izanen da nahitaezko erretirorako aurreikusita dagoen data iritsi baino hilabete lehenago.

Luzapena urtebeterako eginen da, eta luzagarria izanen da baimen-ematearen baldintzei eutsiz gero, interesdunak horretarako eskaera aurretiaz eginik eta hirurogeita hamar urteko adina mugatzat harturik.”

Azken xedapenetako laugarrena.–Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen aldaketa. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

1. Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 23. artikuluak testu hau izanen du:

“23. artikulua. Plastikozko poltsak, erabilera bakarreko plastikozko produktuak eta dosi bakarretan edo erabilera bakarreko kapsuletan ontziratutako produktuak erabiltzea”.

2. Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 23. artikuluaren 4. eta 5. apartatuek testu hau izanen dute:

“4. Erabilera bakarreko plastikozko produktuak erabiltzearen gaineko neurriak, produktu horiei aplikatzekoa bazaie Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 5eko 2019/904/EB Zuzentaraua, plastikozko produktu jakin batzuen ingurumen-inpaktua gutxitzeari buruzkoa, aipatu araudiak eraenduko ditu, edo araudi horren garapen edo transposizioaren ondoriozkoa denak.

5. 2021eko uztailaren 3tik aurrera debekatuta gelditzen da dosi bakarretan edo erabilera bakarreko kapsulatan ontziratutako produktuen salmenta, aplikatzekoak ez bazaizkie 94/62/EK Zuzentaraua, ontziei eta ontzi-hondakinei buruzkoa, ez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 5eko 2019/904/EB Zuzentaraua, plastikozko produktu jakin batzuen ingurumen-inpaktua gutxitzeari buruzkoa, organikoki edo mekanikoki birziklatu ezin diren materialekin fabrikatuta daudenean”.

Azken xedapenetako bosgarrena.–Arauak emateko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emanen ditu.

Azken xedapenetako seigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioekin.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko abenduaren 23an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F1916656