254. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

197/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 19koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2020ko lan egutegia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat.

Behin erabaki ondoren Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2020ko jaiegunen egutegi ofiziala –Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 10eko 177/2019 Ebazpenaren bitartez–, onetsi behar dira Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2020ko aste barreneko jaiegunen egutegia eta haien lanaldiaren urteko lanordu kopuruaren banaketa, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeak ezarritako urteko lanordu kopuruaren arabera.

Foru agindu honetan arautzen dira, orobat, lanaldia betetzearekin lotura zuzena duten beste gai batzuk, esaterako lanaldiko atsedenaldia eta norberaren arrazoiengatik lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.

Foru agindu honen edukia Mahai Orokorrean negoziatu da erakunde sindikalekin, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 83.6.h artikuluarekin bat (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Jaiegunen zehaztapena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek jaiegun hauek izanen dituzte 2020an, igandeez gain:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoaren 19a: San Jose.

–Apirilaren 9a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 10a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 13a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 6a: San Fermin bezpera. Iruñean lan egiten dutenek 12:00etatik aurrera jai izanen dute.

–Uztailaren 7, 8, 9 eta 10a. Sanferminak. Jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.

–Abuztuaren 15a: Ama Birjinaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Azaroaren 30a: San Saturnino egunaren biharamuna. Jaieguna Iruñean lan egiten dutenendako.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 7a: Konstituzioaren egunaren biharamuna

–Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

2. Iruñean lan egiten ez duten langileentzat, zer herritan lan egiten duten, jaieguna izanen da Nafarroako herrietako 2020ko jaiegunen ebazpenean ezartzen den herri hartako festa eguna. Gainera, zer herritan egiten den lan, herri horretako zaindariaren festei dagokienez, jaiegun izanen dira festen hasierako eguna, 12:00etatik aurrera, eta lau egun gehiago, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez xedatzen duenari jarraikiz; ebazpen horren bidez xedatuko dira jaiegun izanen diren astegunak, herriko zaindariaren festak direla eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat.

3. Aurreko atalean xedatutakoaz salbuesten dira, herriko zaindariaren festei eta herriko festei dagozkien jaiegunen ondorioetarako, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ari diren langileak, beren berezitasunengatik, eta zerbitzua honako herri hauetan ematen duten langileak: Antsoainen, Atarrabian, Barañainen, Berriozarren, Burlatan, Cordovillan, Elkanon, Imarkoainen, Mutiloan, Sarrigurenen, Zizur Nagusian eta Zizurren. Izan ere, haientzako jaiegunak Iruñerako ezarritako berberak izanen dira, hots, uztailaren 7a, 8a, 9a eta 10a, eta azaroaren 30a.

Aurreko paragrafoko salbuespena ez zaie aplikatuko liburutegiaren sarean aritzen diren langileei; izan ere, izanen dituzte kasuan kasuko lantokiaren herriko festak eta zaindariaren festak.

2. artikulua. Urteko lanorduen banaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, urtean benetan lan egindako orduen kopurua 1.592koa izanen da, eta honela banatuko da:

1. Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unitateetan, ordutegi malgua baldin badute, martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, ordutegiaren zati finkoa 09:00etatik 14:30era izanen da; gainerako ordutegia langileek aukeratuko dute, malgutasunez, 07:30etik 09:00etara eta 14:30etik 17:00etara.

Ordutegi malgua ezarrita ez duten lekuetan, nahitaez aritu beharko da 08:00etatik 15:00ak arte; gainerako 20 minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 07:40tik 08:00ak arte eta 15:00etatik 15:20 arte.

3. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:

A) Uztailaren 6a, San Fermin bezpera, ordutegi finkoa, 08:00etatik 12:00etara.

B) 3 ordu eta 20 minutuko ordu-poltsa, urte osoan har daitezkeenak, zerbitzuaren beharren arabera betiere.

4. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen ez duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:

A) 03:20 orduko murrizketa, kasu bakoitzaren inguruabarren arabera banatu beharrekoak, herriko zaindariaren festetan, hots, zerbitzuak Iruñean ematen dituzten langileen denboraren adinakoa.

B) Herriko zaindariaren festak iraun bitartean, lehen aipatutako orduez gainera, betiere posible bada, gutxienez lau egun oso ere eman beharko dira astean zehar, Iruñean lan egiten duten langileek uztailaren 7an, 8an, 9an eta 10ean hartzen dituzten egun horien baliokide gisa.

C) 3 ordu eta 20 minutuko ordu-poltsa, urte osoan har daitezkeenak, zerbitzuaren beharren arabera betiere.

Herri bateko festen iraupena edo banaketa dela-eta ezinezko bada A) eta B) ataletan ezarritako konpentsazio osoa hartzea, atal honetan aurreikusitako ordu-poltsan sartuko dira adierazitakoari jarraikiz hartu ezin diren murrizketa-orduak.

5. Aurreko apartatuetan ezarritako lanaldi banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuko beharrak direla-eta lanaldi berezia edo ordu konpentsazioren bat dutenei (lana txandaka, gauez, etab.), ez eta ikastetxeei eta osasun zentroei atxikita daudenei ere, horiek lan egutegi berezia izanen baitute.

Urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarritakoa ez bezalako erregimena dagoen kasuetan, lan egutegi berezi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, dagokion mahai orokorrean edo sektorialean negoziatu ondoren.

6. Zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, horretan interesa duen departamentuak proposaturik, zenbait kasu edo administrazio unitatetan foru agindu honetan ezarritako lan ordutegiaz bestelako bat izatea baimen dezake, egoki den mahai orokorrarekin edo sektorialekin negoziatu ondoren, eta, betiere, ezarritako urteko lanordu kopurua errespetatzen bada.

3. artikulua. Lanaldiko atsedenaldia.

Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 10:00etatik 13:00etara hartzen ahalko da.

Ordutegi malgua duten unitateetan, baldin egiten den etena luzeagoa bada ezarritakoa baino, gehiegizko denbora langilearen saldo negatibora gehituko da, galarazi gabe langile guztiek duten betebeharra benetako ordu kopuru osoa egiteko, kasu bakoitzean ezarritako lanaldiaren derrigorrezko tarteari dagokiona.

4. artikulua. Norberaren arrazoiak direla-eta lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.

1. Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendukoen artean egonen dira norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko eta lantokitik ateratzeko kasu guztiak.

2. Alde batera utzita langileak arreta medikoa behar izatea, norberaren arrazoiengatik lanera ez joateko edo lantokitik ateratzeko, nahitaez erabili beharko dira norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak, edo foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako ordu-poltsakoak, betiere aipatutako erregelamenduan ezarritako egoera berariazkoren batean ez bada, eta, halakoetan, lanera ez joateak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako kasuei.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko abenduaren 19an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1916311