250. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LANTZ

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Lanzko Udalak, 2019ko irailaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lanzko udal mugarteko herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2019ko 202. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 11n, eta ez da alegaziorik aurkeztu jendaurreko epean. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Lantzen, 2019ko azaroaren 22an.–Alkatea, Isabel Baleztena Larraza.

LANZKO UDAL-MUGARTEKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Lanzko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta erabilera

5. artikulua. Lanzko Udalari dagokio herri-lurretako ondasunak erabili, administratu, antolatu eta horien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Lanzko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Lanzko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Lanzko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Lanzko Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Lanzko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Lanzko Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Lanzko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Lanzko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Lanzko Udalak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak ebatziko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Lanzko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Lanzko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Lanzko Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16.1. artikulua. Oro har, Lanzko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinduna izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Bizilagun gisa izena emana egotea Lanzko Udalaren biztanleen erroldan, gutxienez ere urtebeteko antzinatasunarekin.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

16.2. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

16.3. artikulua. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Lanzko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Lanzko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera hesitu.

18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesdun nahiz ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta euren adostasuna erakutsi eta Udalaren baimena izan ezean.

19. artikulua. Udalak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betikoz, eragiten badiete. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

20. artikulua. Fidantzak.

a) Behin betiko adjudikazio prezioaren %20 ordaindu beharko da fidantza moduan.

b) Enkanteetan parte hartu ahal izateko aprobetxamenduaren hasierako prezioaren %5 ordaindu beharko da hura egin baino lehenago.

c) Fidantza honako kasu hauetan itzuliko da:

–Adjudikazio-hartzailearen heriotza.

–Erretiroa.

–Jardueran aritzeko ezintasuna.

d) Adjudikazio-hartzailea beharturik dago eskorta eta haren elementuak ezin hobeki zaintzera eta, adjudikazioa amaitzean, aurkitu zituen egoera berean itzultzera. Adjudikazio-hartzailearen kontura izanen dira egiten diren kalte guztiak.

Adjudikazio-hartzaileak elementu guztiak ezin hobeki itzultzen ez baditu, fidantzatik kenduko zaio, adjudikazioaren amaieran, kalteak konpontzeko behar den dirua.

e) Adjudikazioaren epea amaitu baino lehenago aprobetxamendua deuseztatzeko eskatzen badu, Udalak fidantzatik kenduko du berriz ere adjudikazioa egin arteko denboran berak pairatzen dituen kalte ekonomikoak berdintzeko dirua; balorazioa osoko bilkuran erabakiko da.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

21. artikulua. Lanzko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez. Orain arte 197 erregu. b) Enkante publikoaren bidez adjudikatuta. Orain arte 57 erregu.

22. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako tilularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Lehentasuna izanen dute ogibide nagusia nekazaritza edo abeltzaintza dutenek eta aziendak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda dutenek, ustiapen liburuan ere jasorik. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epea izanen dute baldintza hori betetzeko.

23. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena. Hori dela eta, Lanzko Udalak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen familia unitateko bizilagun titularrek haien azienda kentzen dutenean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintzako Zentsuaren Erregistrotik.

Adjudikazio-hartzaileak eskaera arrazoitua aurkeztu ondoren, beste norbaiten azienda sartzeko baimena ematen zaio, larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean.

Besteren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izanen urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, beste mota batekoak badira.

Diru-sarrera gehigarriak toki entitatearendako izanen dira, eta diru-sarrera gehigarri horien %50 kentzen ahalko zaio adjudikazio-hartzaileari hurrengo ekitaldiari dagokion artzaintza kanonetik.

Ezin izanen da inola ere besteren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar adjudikazio-hartzailearen abelburu kopurua gutxitzea.

24. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita betetzen direla Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 1. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

25. artikulua. Lanzko Udalak, aitzinetik ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Lanzko Udaleko herritarra izatea, gutxienez ere urtebete lehenagotik, eta gutxienez ere bederatzi hilabetez Lantzen bizitzea.

b) Lanzko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Jabetzan eta/edo errentan dituen lurren azalera, haietan larreen aprobetxamendua egiten ahal bada.

Lanzko Udalak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

26. artikulua. Lanzko Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa.

27. artikulua. Aurkeztutako eskabideak ikusirik eginen da banaketa. Behin-behineko zerrenda eginen da eta hura Udalaren iragarki-taulan paratuko da 15 egun baliodunean, erreklamazioak egiteko. Epe hori iraganik erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.

Alegaziorik egiten bada, egindako akatsak behin zuzenduz gero, Udalak haien gaineko ebazpena emanen du, herri-larreen aprobetxamenduak erabiltzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onesteko.

Aprobetxamenduen epea 8 urtekoa izanen da gutxienez eta 15 urtekoa gehienez.

28. artikulua. Herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Lanzko Udalak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

29. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta unitate eskudunak markatu ondoren, Lanzko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

30. artikulua. Lanzko Udalak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Lanzko Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

31. artikulua. Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

32. artikulua. Lanzko Udalak epaitzak banatuko ditu dauden familia unitateen arabera.

33. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.

34. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; dena dela, hondakin horiek ezin dira bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan pilatu. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

35. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

Horrela, Lanzko Udalak, Anue, Odieta eta Olaibarko Udalekin batera, tokiko ehiza barruti publikoa osatu zuen herri-lurrak sartuta. Barruti hori Ehiza Antolatzeko Plan baten mende dago.

Tokiko ehiztarien San Humberto elkarteak du adjudikatua aipatutako ehiza barrutia, kontratua bukatu arte.

36. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Lanzko Udalak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

37.1. artikulua. Lanzko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

37.2. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

37.3. artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

37.4. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

38. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

39. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrendako aprobetxamendua.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Udalak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak izan. h) Labore iraunkorrak jartzea (frutarbolak eta abar), Udalaren baimenik gabe.

i) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

k) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

65. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta j) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.

–i) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteetan, egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera ordaindu beharko da, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, halakorik gertatu bada. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

–Zehapen prozedura honako arauei jarraituz eginen da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta, hala behar badu, 39/2015 Legea eta 40/2015 Legea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira Lanzko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua arautzen dituzten ordenantzak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L1915101