249. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Ordenantza fiskala, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2019ko irailaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala. Iragarkia 2019ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 8an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Oltza Zendean, 2019ko azaroaren 22an.–Alkatea, Moises Garjón Villanueva.

ORDENANTZA FISKALA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Izaera eta oinarriak.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (LFHL) derrigorrez ezarria (1995/13311 EDL). Zerga hori ordenantza fiskal honen bidez arautuko da, eta ordenantzaren arauak aipatu foru arauaren 159. eta 166. arteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoari atxikitzen zaizkio.

2. artikulua. Hobariak.

1. Zergaren kuotari dagokionez, honako hobari hauek aplikatuko dira, aipatu foru legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin bat:

a) Ehuneko 75eko hobaria “0 emisioko ibilgailuentzat”: bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak, edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituenak.

b) Ehuneko 35eko hobaria “eko-ibilgailuentzat”: 40 kilometrotik beherako autonomia duten ibilgailu hibrido entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas naturalez propultsatutako ibilgailuak, gas natural bidezko ibilgailuak (GNC eta GNL) edo petrolio-gas likidotua (PGL), nahiz Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituen beste batzuk.

2. Artikulu honetan ezarritako hobariak erregutuak izango dira, eta interesdunek horiek ematea eskatu beharko dute, baldin eta aldez aurretik baldintzak betetzen badituzte eta udalari egiaztatzen bazaio horiek emateko eskatutako baldintzak betetzen direla. Horretarako, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

–Zirkulatzeko baimenaren kopia.

–Ibilgailuaren ikuskapen teknikoaren txartelaren kopia. Txartelean, hala badagokio, ibilgailuaren erreforma eta haren data adieraziko dira.

3. Hobariek, ondorioak izanen dituzte, halakorik bada, zein zergalditan eskatu diren, haren hurrengo zergaldian, hain zuzen. Hala ere, hobariek ondorioak izaten ahalko dituzte uneko ekitaldian, honako kasu hauetan:

–Matrikulatu direlako eta zirkulatzeko baimena dutelako tributuan alta ematen zaien ibilgailuen kasuan, baldin eta dagokion autolikidazioa aurkeztu edo ordaintzen den unean aurkezten badira eskabidea eta justifikazio-dokumentazioa, alde batera utzi gabe Udal Administrazioak dagokion egiaztapena egitea.

–Gainerako kasuetan, eskaera eta justifikatzeko dokumentazioa aurkezten denean zerga borondatez ordaintzeko epearen barnean.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu 2020ko urtarrilaren 1ean, eta indarrean egonen da espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L1915083