249. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

208/2019 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zenbait eskumen eskuordetzen dizkiena honako hauei: Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariari, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariari.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren.

Urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretu horren 2. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Hezkuntzako kontseilariari dagokio, besteak beste, langileriari buruzko politika eta langileriaren arloko eskudantziak zehaztea, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz; izan ere, foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoek langileen arloan dituzten eskudantziak mugatu ziren.

Halaber, urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak bigarren xedapen gehigarrian ezartzen duenez, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren esku utzi dira Hezkuntza Departamentuko kontseilariari langileriaren arloan esleitu zaizkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera, honako hauek izan ezik:

a) Langileriari buruzko politika zehaztea Hezkuntza Departamentuaren eskumenen esparruan.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoek langileen arloan dituzten eskudantziak zehazten dituzten arauetan Nafarroako Gobernuko kontseilariei oro har esleitzen zaizkien eskudantziak, beren departamentuko langileei dagokienez.

c) Berariaz beste administrazio organo batzuen esku utzi diren eskudantziak.

Adierazitakoa gorabehera, langileriaren arloko administrazio espedienteak ebazterakoan beharrezkoa den eraginkortasuna eta bizkortasuna lortzeko xedez, bidezkotzat jotzen da eskudantzia horiek, langileriaren arloan Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari dagozkionak, honako hauen esku uztea: Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariaren, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren eta Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku. Hori guztia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Sartzeko eta igotzeko hautapen prozedurei dagozkien gora jotzeko errekurtso ebatzi gabeen kasuan, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ebatziko ditu. Izan ere, Giza Baliabideen Zerbitzuari zegokion horiek ebaztea, baina zerbitzu hori desagertu egin da egitura organiko berrian.

Eskuordetze hori arlo horretan indarra duen legeriaren mende dago, hots, Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluaren mende.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako hauen esku uztea Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak langileriaren arloko administrazio espedienteak ebazteko dituen eskudantziak, bakoitzari dagozkion eskumenen arloan: Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariaren, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren eta Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku.

Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ebatziko ditu sartzeko eta igotzeko hautapen prozedurei dagozkien gora jotzeko errekurtso ebatzi gabeak. Izan ere, Giza Baliabideen Zerbitzuari zegokion horiek ebaztea.

Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuak betearaziko ditu langileriaren arloko gora jotzeko errekurtsoak eta epaiak.

2. Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak edozein unetan eskuratzen ahal du edozein espediente, ebazpena eman ahal izateko.

3. Eskuordetza hauek erabiliz ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori aipatu beharko da berariaz. Ulertuko da, ondorio guztietarako, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eman dituela, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua edo Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua.

4. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura eta Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, eta, orobat, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 28an.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F1915298