249. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

192/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 4koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, Marina Malvido Goñi andrea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Ataleko buru izendatzen duena bitarte baterako.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuak xedatzen duenez, atalburutzak eta bulegoburutzak bitarte baterako bete daitezke, organo eskudunak egindako izendapenaren bidez; burutza horiek betetzen dituztenek nahitaez Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak edo hari atxikiak izan beharko dute.

Urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren Estatutuen 12. artikuluak ezartzen du Institutuko zuzendaritza-kudeatzailetzari dagokiola Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko kontseilariari proposatzea atalburuak bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena egin ondoren. Horri dagokionez, espedientean Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren adostasuna daude.

Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Marina Malvido Goñi Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Ataleko buru izendatzea bitarte baterako. Izendapenak 2019ko abenduaren 4tik aurrera edukiko ditu ondorioak.

2. Foru agindu hau interesdunari jakinaraztea, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira eta Nafarroako Berdintasunerako Institutura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 4an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1915514