247. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

173/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 13koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 17ko 14/2019 Foru Agindua ondoriorik gabe uzten duena. Foru agindu horren bidez mugak jarri ziren neguko zerealen laborantzan prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak erabiltzeko 2019an.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 17ko 14/2019 Foru Aginduaren bidez mugak jarri ziren neguko zerealen laborantzan prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak erabiltzeko, substantzia horren arrastoek oliben uztan eragin ditzaketen kalteak saihesteko.

Foru agindu horren lehenengo artikuluan ezartzen da 2019ko abenduaren 31n bukatuko dela zenbait eskualde eta udalerritan prusulfocarb materia aktiboa aplikatu ezin den epea.

Azken kanpainetan, ordea, tenperaturen batezbesteko igoerak, batez ere udazkenean, aukera eman du uzta bilketa bukatzeko ohiko datak baino lehen; horrez gain, ekoizpenari dagokionez kanpaina motza izaten ari denez, uzta bilketa ia bukatuta egonen da abenduaren 15erako, eta, beraz, prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak erabiltzeko mugapena bertan behera utz daiteke foru agindu hau argitaratzen den egun berean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 17ko 14/2019 Foru Agindua indarrik gabe uztea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean. Foru agindu horren bidez, 2019. urtean neguko zerealen laborantzan prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak erabiltzeko mugak jartzen dira.

2. Foru agindu hau igortzea Nekazaritza Zerbitzura eta Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalera.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko abenduaren 13an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez Pérez.

Iragarkiaren kodea: F1916007