124. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

556/2023 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez, "Osasunbidea- Nafarroako Osasun Zerbitzuaren mendeko zentroetan Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko kontsulten programaziorako eta funtzionamendurako jarraibideak" onesten dira.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 5eko 619/2014 Ebazpenaren bidez (2014ko ekainaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 117. zenbakian), Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren mendeko zentroetako Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko kontsulten programaziorako eta funtzionamendurako jarraibideak onetsi ziren. Jarraibide horien 12. atalean ahalmena ematen zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Koordinazio eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Batzorde Teknikoari (gaur egun, Arreta Integraleko eta Laguntzaren Jarraitutasuneko Batzorde Zuzendaria) jarraibide horiek aplikatzen, garatzen eta ebaluatzen parte hartzeko eta une bakoitzean egokitzat jotzen dituen hobekuntza-proposamenak egiteko.

Batzorde horrek jarraibide horiek eguneratzea proposatzen du, kontuan hartuta 2020. urtearen hasieran COVID-19ak eragindako pandemia agertu izanak kanpo-kontsulten tipologian eragin dituen aldaketa nabarmenak, baita data horietan bertan infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko aplikatu ziren lehen neurriek eragindakoak ere, zeinek kanpo-kontsultak aurrez aurre egitea eragozten baitzuten.

Era berean, telemedikuntzaren testuinguruan, aurrez aurrekoak ez diren kontsulta-mota berriak bultzatzen dira, hala nola telefono bidezkoak eta bideodeiak, eta kanal berriak irekitzen dira kontsulta horiek segurtasun osoz egiteko, adibidez, Osasun Karpeta Pertsonalaren (OKP) bidez egiten ahal den kontsulta.

Azkenik, Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko kontsulten esparruan laguntza-prozesuaren garapena erraztu eta hobetu nahi da.

Erabiliz irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 15.2.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen honi erantsitako "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren mendeko zentroetan Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko kontsulten programaziorako eta funtzionamendurako jarraibideak" onestea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

4. Ebazpen hau igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Pazientearen Arreta Zerbitzuko Zuzendaritzari, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeatzailetzari, Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzari, Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzari, Osasun Mentaleko Kudeatzailetzari eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 24an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

OSASUNBIDEA - NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUAREN MENDEKO ZENTROETAN ARRETA ESPEZIALIZATUKO ETA OSASUN MENTALEKO KONTSULTEN PROGRAMAZIORAKO ETA FUNTZIONAMENDURAKO JARRAIBIDEAK

1.–Xedea eta aplikazio-eremua.

Jarraibide hauen helburua da oinarrizko eremu partekatua ezartzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren mendeko zentro guztietan Osasun Mentaleko eta Arreta Espezializatuko kanpo-kontsulten kudeaketa homogeneoa bermatzeko.

Horretarako, kanpo-kontsultak osoki kudeatzeko eredu normalizatu bat zehazten da, hau da, kontsulta eskatzen denetik Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentalean balorazio diagnostiko eta terapeutikoa bukatzen denera bitarteko prozesua kudeatzeko eredua, eta, aldi berean, kanpo-kontsultaren kudeaketan parte hartzen dutenen erantzukizunak adierazten dira.

Jarraibide hauek Iruñeko, Lizarrako eta Tuterako osasun barrutietan "Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko kontsulta anbulatorioen" antolaketan eta funtzionamenduan aplikatuko dira, eta aplikazio horretan eta gero eginen den garapenean parte hartuko dute Oinarrizko Osasun Arretako Kudeatzailetzak, Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeatzailetzak, Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzak eta Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzak.

Ulertuko da Arreta Espezializatuko edozein esparruri (agendak, kontsultak, zentroak, zerbitzuak, fakultatiboak, burutzak, zuzendaritzak, zuzendariordetzak, etab.) egindako erreferentzia guztietan Osasun Mentaleko esparruari ere egiten zaiola erreferentzia.

2.–Arreta espezializatuko kanpo-kontsulten definizioa.

Kanpo-kontsultatzat hartuko dira osasun-sistemako profesionalek paziente jakin batzuei arreta emateko egiten dituzten kontsulta anbulatorioak. Pazienteekin harreman zuzena izatea eskatzen dute, informazioa trukatzeko, gomendio/agindu bat helarazteko edota proba edo erabaki diagnostiko edo terapeutiko bat eskatzeko.

Komunikazio-unearen arabera, kontsultak sinkronoak (aldi bereko kontaktua pazienteekin) edo asinkronoak (informazio idatziaren bidezko kontaktu geroratua pazienteekin) izan daitezke.

Ez dira kanpo-kontsultatzat hartzen eguneko ospitaleetan egindakoak, ezta ospitaleratutako pazienteei edo ospitaleko larrialdietan egindako sail arteko kontsultak eta profesionalen arteko sail arteko kontsulta ez-presentzialak ere. Azken horiek profesionalek pazienteei buruzko erabakiak hartzen laguntzeko egindako eskaerei dagozkie, eta eskatzen dutenei baino ez zaie iristen erantzuna.

2.1.–Kontsulta egiten duen profesionalaren espezializazioaren arabera, honako hauek bereizten dira gaur egun:

a) Medikuntzako kontsultak.

b) Psikologiako kontsultak.

c) Erizaintzako kontsultak.

d) Optikako kontsultak.

e) Logopediako kontsultak.

f) Gizarte-laneko kontsultak.

g) Hezitzaileen kontsultak.

h) Terapia okupazionaleko kontsultak.

i) Zainketa lagungarrietako kontsultak.

j) Fisioterapiako kontsultak.

k) Dietisten kontsultak.

2.2.–Pazientearekin komunikatzeko moduaren arabera, kontsulta honelakoa izanen da:

–Aurrez aurrekoa. Pazientea eta profesionala aurrez aurre erlazionatzen dira une eta leku berean (sinkronoa).

–Ez-presentziala. Pazientea eta profesionala ez dira leku berean erlazionatzen:

–Une berean (sinkronoa: telefono bidezko kontsulta, bideodei bidezkoa edo OKP bidez egindako kontsulta). Kontsultaren unean, pazientea eta profesionala telefonoz, bideodei bidez edo Osasun Karpeta Pertsonalaren bidez komunikatzen dira, irudiarekin edo irudirik gabe.

–Une desberdinetan (asinkronoa: idatzia). Pazienteari buruz erabakiak hartzea eskatzen du, osasun-zerbitzuarekin aurrez izandako kontaktuetan jasotako informazioa oinarri hartuta, zeina historia klinikoan, proben emaitzetan eta abarretan erregistratuta geratu baita. Erabaki hori pazientearentzat eta oinarrizko osasun-arretako taldearentzat baliozkotutako txosten baten bidez jakinarazten da.

2.3.–Kontsulta-motaren arabera, honako hauek bereizten dira:

a) Lehenbiziko kontsulta: paziente bati lehenengo aldiz emandako arreta, prozesu jakin batengatik Oinarrizko Osasun Arretatik edo Arreta Espezializatutik (larrialdietatik, ospitale batetik, eguneko ospitale batetik edo kanpo-kontsultetatik) bideratu ondoren ematen dena.

b) Berrikusteko kontsultak: berrikusteko kontsultatzat hartuko dira lehenbiziko kontsultatik eratorriak, bai eta ospitaleratze baten edo aurreko kontsulta baten jarraipena egiteko egiten diren guztiak ere. [Proba eta azterketa osagarriak baloratzeko kontsulta (emaitzen kontsulta), aurretiazko kontsultetan eskatu dena, ahal bezain laster egin behar da, eskatutako proben emaitzak eskuratu bezain laster].

2.4.–Lehentasun klinikoaren arabera, hauek bereizten dira:

a) Lehentasunezko kontsulta: lehentasunezko kontsultatzat hartzen da profesional igorlearen iritziz arrazoi klinikoak direla-eta denbora-tarte laburrean artatu behar dena.

b) Kontsulta normala. Lehentasunezkoa ez dena.

3.–Arreta espezializatuko kanpo-kontsultetarako sarbidea.

3.1.–Arreta Espezializatuko kontsultetan artatua izateko, honako baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Pazienteak dagokien espezialitatera bideratzeko agindua izatea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesional baimendu batek indarrean dagoen formatuan emandakoa.

b) Nortasuna eta eskatutako arretarako eskubide-mota frogatzea, behar bezala egiazta dadin arretan.

c) Modalitate sinkrono guztietarako eguna eta ordua esleituak izatea.

3.2.–Salbuespen gisa, 3.1. puntuan ezarritakoa gorabehera, pazienteek zuzenean eskatzen ahalko dute hitzordua honako arreta hauetarako:

a) Begi-zorroztasuna berrikusteko optika-zerbitzuetan.

b) Sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetako zerbitzuetan, haurdunaldirako, sexu-orientazio eta -heziketarako, familia-plangintzarako, haurdunaldia borondatez eteteko, transexualitatearen eta intersexualitatearen arretarako eta menopausiaren arretarako.

c) Odontologia-zerbitzuetan, exodontzietarako eta hortzetako arazoen, aho-mukosen eta masailezurren berrikuspen diagnostikorako bisitak egiteko.

d) Eta une bakoitzean zerbitzu-zorroan zehazten diren gainerakoak.

4.–Kontsultaren amaiera.

Kontsulta amaitzeko, honako argibide hauetakoren bat ematen ahalko da, kasu bakoitzari dagozkion aginduak betez:

4.1.–Proba diagnostikoak agintzea. Probak egiteko eta emaitzak kontsultatzeko hitzordua eskatuta.

4.2.–Tratamendu kirurgiko bat agintzea. Pazientea kirurgiako itxarote-zerrendan sartuko da, eta ebakuntza aurreko probak eskatuko dira.

4.3.–Kontsultaren jarraipena agintzea. Berrikusteko hitzordua eskatuko da, epea, modalitatea eta lehentasuna adierazita. Berrikusteko kontsulta baino lehen probaren bat egin behar bada edota beste profesional batzuek baloratu behar badute, dagokion dokumentazioa bete beharko da.

4.4.–Alta ematea. Arreta Espezializatuko profesionalek pazienteen alta aginduko dute honako egoera hauetan:

a) Uste dutenean bideratzea eragin zuen osasun-arazoa konponduta dagoela.

b) Uste dutenean jarraipena Oinarrizko Arretako profesionalek egin behar dutela.

c) Arazoa beste espezialitate batek edo beste profesional batek artatu behar duenean; kasu horretan, dagokion bideratze-agindua eginen da.

Kontsultan alta bat emateko, beharrezkoa da harrera-unitateari jakinaraztea, bai eta baliozkotutako txosten bat egitea ere pazientearentzat eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldearentzat. Txosten horretan, diagnostikoa, tratamendua eta altaren ondoko gomendioak adierazi behar dira.

5.–Eskudantziak.

5.1.–Oinarrizko Osasun Laguntzako profesionalek edozein proba osagarri eskatzen ahalko dute, eta pazienteari arreta hobea emateko beharrezkotzat jotzen duten edozein espezialitatetara bideratzea agintzen ahalko dute, modu arruntean edo lehentasunez. Aurrekoaz gain, aparteko egoeretan ohiz kanpoko kontsulta bat egitea erabakitzen ahal dute; horretarako, harremanetan jarri behar dute kontsulta eginen duen profesionalarekin.

5.2.–Pediatriako zerbitzu eta espezialitateetan arauek ezartzen duten adin pediatrikoak ezarritako mugak hartuko dira kontuan.

5.3.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren hainbat estrategiaren esparruan, hala nola paziente kronikoei eta pluripatologikoei arreta integratua emateko estrategia eta paziente onkologikoei arreta emateko estrategia, beste sarbide batzuk sortu dira, arinagoak, edozein zentzutan, haietan sartutako pazienteei arreta integratu egokia emateko beharrezkoak direnak.

5.4.–Arreta Espezializatuko profesionalek pazientea edozein espezialitatetara, lehentasunez edo modu arruntean, bideratzen ahalko dute, eta bere pazienteak berrikusten ahal dituzte bidezko jotzen duten edozein epetan. Horrez gain, Oinarrizko Osasun Laguntzako beste profesional bati ohiz kanpoko kontsulta egitea erabakitzen ahal dute.

5.5.–Larrialdi-zerbitzuetako profesionalek pazientea espezialistei bideratzeko eskatzen ahalko dute baldin eta larrialdiaren arrazoiarekin lotura duten lehentasunezko prozedurak badira, edo dagoeneko ezarrita dagoen zirkuitu batean adostuta badaude.

5.6.–Zentroetako zuzendaritzek kudeatuko dituzte kontsulta-modalitateak eta -motak, kontuan hartuta asistentziari dagozkion alderdiak, eskura dituzten baliabideak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Sistemako eta Osasun Departamentuko organo eskudunek ezarritako jarraibideak.

6.–Arreta espezializatura bideratzeko inprimaki orokorra.

Pazienteak edozein jatorritatik arreta espezializatura bideratzeko, beharrezkoa da horretarako indarrean dagoen inprimakia erabiltzea, formatu elektronikoan nahiz paperean.

Inprimakiaren atal guztiak bete beharko dira, honako irizpide hauen arabera:

–Pazientearen identifikazioa.

–Pazientea bideratu duen profesionalaren identifikazioa.

–Pazientea bideratu den espezialitatearen eta, hala badagokio, profesionalaren identifikazioa.

–Mota.

–Lehentasuna.

–Modalitatea.

–Bideratzeko arrazoia.

–Eskaeraren oinarri diren datuak, kontsultaren hasierako balorazio egokia ahalbidetzen dutenak.

Kanpo-kontsultetara bideratzeko gaur egungo formularioaren zirkuitua aplikazioetan integratuko da, paperaren erabilera minimizatzeko eta bideratzean hitzorduaren egoera ere bistaratzeko.

7.–Kanpo-kontsultaren erantzukizunak, programazioa eta kudeaketa arreta espezializatuan eta osasun mentalean.

Zuzendaritza-taldeei dagozkien eskumenak eta erantzukizunak biltzen dira atal honetan, baita bi arreta-mailen zerbitzu klinikoak ere.

7.1.–Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentalean kanpo-kontsultaren kudeaketan parte hartzen duten unitateak eta haien erantzukizunak.

a) Ospitaleetako eta Osasun Mentaleko zuzendaritza-taldea.

Kanpo-kontsulten jarduera behar bezala kudeatzeko ardura dute ospitaleetan eta Osasun Mentaleko zentroetan. Beraz, eginkizun hauek dituzte, besteak beste:

–Agenden planifikazioa onestea.

–Aurreikusitako jarduera betetzen dela bermatzea.

–Prozesuaren kudeaketa operatiboa koordinatzea, baita hitzorduak lortzeko eta izapidetzeko kudeaketa ere.

–Agendak programatzea, aldatzea beharrezkotzat jotzen denean, pazienteei kontsultetarako sarbidea hobetzeko, zerbitzuko eta ataleko buruen eta dagokion taldeko zuzendaritzaren parte-hartzearekin eta laguntzarekin.

–Kanpo-kontsulten arloan zerbitzuen zorroa ezartzea eta hura betetzen dela begiratzea.

–Hitzorduak emateko agendak itxita daudela-eta pazienteak lehen kontsultetara, lehentasunezko azterketetara eta emaitzak entregatzeko kontsultetara ez deitzea saihestea edo epeak laburtzea.

–Oinarrizko Osasun Laguntzarekiko koordinazioa sustatzea eta profesionalen arteko komunikazioa erraztea herritarren osasun-arazoekin lotura duten erabakiak arinago hartzeko. Erabaki horiek kanpo-kontsulten sistemaren bidez konpontzen ahal dira.

–Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko kontsultetarako eskariaren jokaera gainbegiratu eta ebaluatzea.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeekin batera, koordinazio-elementuak ezartzea eta ebaluatzea, hala nola irisgarritasuna eta informazio klinikoa, baita arretaren atzerapen-egoera eta itxarote-zerrendan dauden pazienteei buruzko informazioa ere.

b) Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaritza-taldea.

Hauek dira ardurak:

–Arreta Espezializatuarekiko eta Osasun Mentalarekiko koordinazioa sustatzea eta profesionalen arteko komunikazioa erraztea herritarren osasun-arazoekin lotura duten erabakiak arinago hartzeko. Erabaki horiek kanpo-kontsulten sistemaren bidez konpontzen ahal dira.

–Laguntza Espezializatuko eta Osasun Mentaleko kontsultetarako eskariaren jokaera gainbegiratu eta ebaluatzea Oinarrizko Osasun Laguntzatik.

–Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko taldeekin batera, koordinazio-elementuak ezartzea eta ebaluatzea, hala nola irisgarritasuna eta informazio klinikoa, baita arretaren atzerapen-egoerari eta itxarote-zerrendan dauden pazienteei buruzko informazioa ere.

c) Ospitaleetako eta Osasun Mentaleko zerbitzu klinikoak.

Zerbitzu klinikoek, ahal den neurrian, agendak irekita daudela bermatu behar dute, hitzorduen sistemaren prozesua errazteko eta sistemari eusteko. Horretarako, honako ardura hauek izanen dituzte:

–Kanpo-kontsulten agendak planifikatu eta kudeatzea, eta, ahal den neurrian, hitzorduak zerbitzuko antolaketak direla-eta ezeztatzea edo aldatzea saihestea.

–Hurrengo kontsultak operatiboki kudeatzea.

–Prozesu integratuak protokolizatzen parte hartzea, laguntza-mailen arteko paziente-fluxua zehazten duten irizpide klinikoak zehaztuz.

–Kanpo-kontsultetan arreta jaso duten pazienteei jarraipena egiteko eta haiei alta emateko txosten klinikoak egiteko eta baliozkotzeko ardura hartzea.

Zerbitzu klinikoek beren kontsultari berrikuspen bat egiteko edo beste profesional batengana bideratzeko agintzen dutenean, honako hauen ardura izanen dute:

–Proba osagarriak eta beste kontsulta batzuk behar bezala agintzea.

–Pazienteak irizpide kliniko estandarizatuak erabiliz lehenestea, atzerapena ahalik eta gehiena murrizteko eta pazienteen egoera klinikora egokitzeko.

–Kontsulten eskaerak osoki eta bere ordenan betetzea, ikuspuntu kliniko nahiz administratibotik.

–Neurri egokiak hartzea haiek eskatzen dituzten azterlan eta proba osagarrien emaitzak profesionalaren eskura izan daitezen kontsulta egiten denean.

d) Ospitaleetako eta Osasun Mentaleko harrera-unitateak.

Zerbitzu hauen erantzukizunak honako hauek dira, besteak beste:

–Agenden egitura gaitzea eta agendak eskura mantentzea.

–Kanpo-kontsultetako pazienteen erregistro zentralizatua egitea, baita erregistroko mugimenduen kudeaketa operatiboko jarduerena ere.

–Lehenbiziko kontsultetarako eta hurrengo kontsultetarako hitzorduak ematea, lehenbizikoak Oinarrizko Osasun Laguntzatik eskatzen ez badira eta berrikuspenetarako hitzorduak kontsultetatik ematen ez badira.

–Espezialitateetako eta Osasun Mentaleko agenden erabilgarritasuna errazteko eta mantentzeko behar diren neurri guztiak gaitzea, erakunde osotik agenden kudeaketa egokia sustatuz.

–Pazienteak bere beharretara egokitutako kontsulta dagokion bezala egiten duela bermatzea, informazio zuzen eta osoarekin, eta errespetuzko tratu enpatiko batekin.

–Kontsulten errendimendua optimizatzea, ezarritako agenda-hutsuneen erabilera maximizatuta.

–Erreserban edo hitzordua eman gabe dauden kontsultak kudeatzea.

e) Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeak.

–Egin beharreko kontsulta espezializatua eta proba osagarriak behar bezala adieraztea, atzerapenari eta pazienteen erabilerari buruz ezarrita dauden helburuak betetzeko.

–Prozesu integratuak protokolizatzen parte hartzea, laguntza-mailen arteko paziente-fluxua zehazten duten irizpide klinikoak zehaztuz.

–Pazienteak irizpide kliniko estandarizatuak erabiliz lehenestea, atzerapena ahalik eta gehiena murrizteko eta pazienteen egoera klinikora egokitzeko.

–Kontsulten eskaerak osoki eta bere ordenan betetzea, ikuspuntu kliniko nahiz administratibotik.

–Neurri egokiak hartzea haiek eskatzen dituzten azterlan eta proba osagarrien emaitzak profesionalaren eskura izan daitezen kontsulta egiten denean.

f) Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetako harrera-eremuak.

–Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko agenda guztietan eskainitako lehen kontsultetako hitzorduak ematea.

–Pazienteek eskatzen dutenean, haiei informazioa ematea libreki hautatzen ahal diren eta bigarren iritzia ematen ahal duten profesionalen katalogoaz, horri buruz indarrean dauden arauekin bat. Horretarako, katalogoko espezialitateen eta agenden atzerapenari buruzko informazioa eman beharko dute.

7.2.–Agenden programazioa eta kudeaketa.

Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko kanpo-kontsultetan garatzen diren programatutako prestazio guztiek puntu honetako irizpideen arabera zehaztu beharko dituzte agendak:

a) Zerbitzu kliniko edo Osasun Mentaleko talde bakoitzak zehaztu eta planifikatu behar ditu agendak, eta ospitaleko edo Osasun Mentaleko zuzendaritzak onetsi behar ditu.

b) Hitzordu-sistemak behar bezala funtzionatzen duela eta Oinarrizko Osasun Laguntzatik espezialista bat askatasunez hautatzen dela bermatzeko, agenden plangintzaren helburua izanen da lehenengo kontsultako eta hurrengo kontsultetako eskaerei erantzutea, agenda itxita dagoela-eta hitzorduaren zain dagoen pazienterik egon ez dadin. Horretarako, agenden planifikazioa irizpide hauetara egokituko da:

1) Zuzendaritzak eskura izanen du kontsulten programazioa, gutxienez hiru hilabeteko eta gehienez urtebeteko agenda egonkor eta operatiboa izanik; hala, hitzordu-sistema bermatu eta berrikuspenetarako autohitzorduen sistema Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko kontsultetatik garatzen ahal da.

2) 1. puntuaren garapena errazteko, agenden programazioan atzerapenak badaude, zuzendaritza medikoari honako hauek egiteko baimena ematen zaio:

–Espezialitate bakoitzeko eta Osasun Mentaleko agenden antolaketa-arduradunari kontsulta-egutegi bat proposatzea, zerbitzuaren edo taldearen agenden plangintza estandarra oinarri hartuta.

Proposamen hori zerbitzuburutzari edo Osasun Mentaleko zentroko zuzendaritzari bidaliko zaio, eta hark egoki jotzen dituen aldaketak eginen ditu. Aldaketen berri garaiz emanen zaio harrera-zerbitzuari.

–Adierazitako egunerako eskatutako egutegiaren gaineko erantzun edo proposamen zehatzik jaso ez bada, zuzendaritza medikoak hasieran proposatutako egutegia aplikatzen ahalko du, zerbitzuari horren berri emanez.

8.–Kontsultak ezeztatzea.

Kontsultak ezarritako epean programatu daitezen ahalbidetzeko, epe bereko zaintzen, oporren eta programatutako absentzien planifikazioa aurreikusi behar da. Agendak egin ondoren sortzen den edozein eskaera zuzendaritza medikoari jakinarazi behar zaio 30 egun lehenago.

Horren ondorioz, kontsulten programazioan egindako aldaketak ezarritako epean jakinarazten ez badira, laguntza-zerbitzuak berak hartuko ditu bere gain alderdi operatibotik, eta zerbitzuaren arduradunari dagokio programazioa mantentzeko edo berrantolatzeko behar diren neurriak egokitzea.

Programatuta dauden kontsultak ezeztatzeak, baldin eta horrek berekin badakar pazienteen hitzorduak ezeztatzea, salbuespenezko egoera izan behar du, kanpoko garrantzia duen eta aurreikusi ezin den arrazoi batek sortua. Horregatik, programatuta dauden kontsultak ezeztatzeak honako irizpide hauetara egokitu behar du:

a) Programatuta dauden kontsultak ezeztatzeko, baldin eta horrek berekin badakar pazienteen hitzorduak ezeztatzea, Osasun Mentaleko taldearen zuzendaritzak edo zerbitzuburutzak eskaera egin beharko die dagozkien zuzendaritzei, dagokien baimena eman dezaten.

Zuzendaritza bakoitzak eskaera egiteko zehazten duen inprimakian eskaera justifikatzen duen arrazoia adierazi beharko da, bai eta hitzordua kontsulta-modalitate horretan zenbat pazienteri ezeztatuko zaion ere.

b) Ohiz kanpoko edo ezinbesteko kasua bada (laneko baja, saihestu ezin den betebehar publiko bat, etab.) eta profesionalak ezin badira ordeztu, zentroetako zuzendaritzek aldaketak baimentzen ahalko dituzte dagoeneko programatuta dauden hitzorduen agendetan, kontsulten eskaintza murriztu eta pazienteen hitzorduak ezeztatzen badira ere.

Kasu horietan, ahal bada, kontsultak irizpide hauen arabera ezeztatuko dira:

–Hitzordua ezeztatu behar denean, ohiz kanpoko kontsultak beste profesional baten agendara pasatzea, hasierako hitzorduaren eguna mantenduta.

–Lehenbiziko kontsultak eta lehentasunezko hurrengo kontsultak berriz programatzea edo hitzordua berrezartzea astebete baino gutxiagoko epean, hasierako hitzorduaren egunetik zenbatzen hasita.

–Gainerako lehenbiziko kontsultak atzeratzea; birprogramazioa ez da 15 egunetik gorakoa izanen, hasierako hitzorduaren egunetik zenbatzen hasita.

–Hurrengo kontsulten birprogramazioa 30 eguneko epean eginen da, hasierako hitzorduaren egunetik zenbatzen hasita.

c) Oro har, zerbitzuko kontuak direla eta, paziente bati ez zaio hitzordua behin baino gehiagotan aldatzen ahalko prozesu berean. Kasu hori gertatzen bada, zentroko zuzendaritzak hitzordu berri bat egun berean esleitzen ahalko dio beste edozein profesional baten kontsulta programatuari, pazientea ados badago.

d) Betiere, aurreko ataletan adierazitakoa gorabehera, agenden programazioa eten behar bada, saiatu behar da ahalik eta eragin txikiena izan dezan pazienteek kontsultak erabiltzean eta arreta jasotzean.

9.–Hurrengo kontsultetarako hitzordua ematea.

9.1.–Abuztuaren 3ko 241/1998 Foru Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat, lehenbiziko kontsulta egin zuen fakultatibo espezialistari dagokio pazientearen jarraipena egitea, hau da, gertakari kliniko berean behar dituen hurrengo kontsultak egitea.

9.2.–Manu hori betetzen dela bermatze aldera, zentroetako zuzendaritzek pixkana-pixkana garatuko dute mediku espezialistak berak ematea berrikuspen-kontsultetarako eguna eta ordua, kontsultan bertan. Prozedura horri berrikuspen-autohitzordu deritzo.

Autohitzordurik gabeko hurrengo kontsultak metatzen badira, zerbitzuko profesional bakoitzak kontsulta horiek kudeatzeko ardura izanen du.

9.3.–Lehentasunezko edo ohiz kanpoko kontsulta delako edo pazientearen profesionala ez dagoelako beste profesional batek artatzen badu pazientea, kontsulta horrek sortzen duen berrikuspen-hitzordua ohiko profesionalarentzat emanen da.

9.4.–Halaber, profesional batek berrikuspen bat edo hurrengo kontsulta bat proposatzen badio pazienteari, pazientea kontsultatik hitzordua eman gabe ateratzen bada ere, inoiz ez zaio eskatuko beste bolante bat edo bideratzeko beste agiri bat Oinarrizko Osasun Laguntzako medikuari.

9.5.–Zentroetan mekanismoak bideratuko dira emaitzen kontsultek ez dezaten izan gainerako hurrengo kontsultek une horretan duten atzerapena, prozesu baten ebazpena ekartzen ahal duten proba osagarriak badira edo diagnostiko klinikoaren arabera eritasuna larria bada.

10.–Oinarrizko Osasun Laguntzak egiten duen hitzorduen kudeaketa.

Pazienteek Laguntza Espezializatuko kanpo-kontsulta errazago erabil dezaten, beharrezkoa da Osasun Barrutietako Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeek agenden kudeaketan parte hartzea. Horregatik, pazienteari hitzordua emateko ardura osasun-etxeetako harrera-eremuek izanen dute Foru Komunitatean.

Oinarrizko Osasun Laguntzatik hitzorduak zuzenean kudeatzeak berekin dakar laguntza-maila horrek honako ardura hauek hartzea:

–Pazienteen lehenespen klinikoa.

Oinarrizko Osasun Laguntzako harrera-eremuan eskaera egiten den unean ematea hitzordua pazienteei, Oinarrizko Osasun Laguntzarako zabalik dauden agendetako lehenengo kontsultetarako.

–Hitzorduak behar bezala kudeatzea eta agendak erabat beteta egon daitezen saiatzea.

–Hitzordua berresten duen dokumentazioa ematea pazienteei, eta egokien ikusten den informazioa ematea, ahal den neurrian haiek kontsultetara ez joatea saihesteko.

–Dokumentazioak alderdi hauei buruzko informazioa izanen du:

  • Hitzorduari buruzko datuak: eguna eta ordua, kontsultaren izena eta kokapena eta, hala badagokio, kontsultaren aurretiko baldintzak.
  • Pazienteen betebeharrak aipatzea: bere erregistroan dauden datu administratiboak eta hitzordua behar bezala kudeatzeko beharrezkoak izaten ahal diren beste datu batzuk eguneratzeko konpromisoa (bereziki, helbide edo telefonoaren aldaketa, hitzordura joateko erabakiaren aldaketa, etab.).

11.–Kontsulta espezializatutik Oinarrizko Osasun Laguntzara eman beharreko informazio klinikoa.

11.1.–Beharrezkotzat jotzen da, gutxienez, aztertutako pazientearen txosten klinikoa egitea honako egoera hauetan:

–Lehenbiziko bisita guztietan, diagnostikoa egin ondoren.

–Diagnostikoan edo tratamenduan aldaketaren bat egiten denean.

–Pazientea bideratzea ekarri zuen prozesua bukatzen denean.

–Oinarrizko Osasun Laguntzatik eskatzen diren proba diagnostikoetan.

Alta txosten guztiak historia kliniko informatizatuaren (HKI) bidez bete behar dira, eta baliozkotu egin behar dira pazientearen historia klinikoan integratzeko. Pazienteak txostenaren kopia bat jaso beharko du, paperean inprimatuta edo, aldez aurretik baimena eman badu, norberaren osasun karpetan eskuragarri jarrita.

11.2.–Edozein kontsulta-modalitateren emaitzaren ondorioz egiten den txosten orotan eta aurreko puntuan aipatutako alta-txostenetan honako alderdi hauek adierazi beharko dira:

–Pazientearen balorazioa eta prozedura diagnostikoak eta terapeutikoak.

–Pazientearen jarraipenari buruz egokitzat jotzen diren diagnostikoak, tratamenduak eta argibideak.

12.–Jarraipena eta koordinazioa.

Ezinbestekoa da kanpo-kontsulten arloko zerbitzuetan parte hartzen duten laguntza-maila guztiek ahaleginak bateratzea sinergien bila, modu horretan saihesteko laguntzaren jarraitasunaren aldetik izaten ahal diren ondorio negatiboak eta pazienteek zerbitzuen erabileran izaten ahal dituzten arazoak eta baliabideetan izaten ahal den eraginkortasunik eza.

Horregatik, Arreta Integraleko eta Laguntzaren Jarraitutasuneko Zuzendaritza Batzordeari ahalmena ematen zaio jarraibide hauen aplikazioan, garapenean eta ebaluazioan parte hartzeko eta unean-unean egokitzat jotzen dituzten hobekuntza-proposamenak egiteko.

Iragarkiaren kodea: F2308126