27. ALDIZKARIA - 1998ko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

18/1998 FORU AGINDUA, otsailaren 18koa, Osasun kontseilariak emana, kontsumo publikorako edateko uren hornitzaile eta banatzaile diren toki entitateek kloragailuak erosi eta jartzeko dirulaguntzak emateko arauak onesten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta toki entitateen arteko lankidetza jarduketak, nork bere eskumenen esparruan buruturikoak, benetan eragingarriak izan daitezen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 62 eta 63. artikuluetan eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 13.a) eta 33.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, bidezko da Foru Agindu honetan biltzen diren laguntzak ematea.

Kontuan harturik dirulaguntzen banaketa arautzen zuen arauaren aplikazio urteetan harturiko esperientzia eta hornidura uren klorazio sistemetan izandako aurrerapen teknikoak, batez ere horien funtzionamenduaren autonomia, eraginkortasun eta segurtasunari dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea aldarrikatu delarik, beharrezkoa da haiek emateko arau-oinarrriak finkatuko dituen beste arau bat ezartzea.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1.-Xedea.

Kontsumo publikorako edateko uren hornitzaile eta banatzaile diren toki entitateek ur horiek desinfektatzeko kloragailuak erosi eta jartzeko dirulaguntzak emateko arauak onetsi dira.

2.-Onuradunak.

1. Foru Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak eskatu ahalko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek, kontsumo publikorako edateko uren hornitzaile eta banatzaile izanik, banatzen duten ur hori egoki desinfektatzearren, klorazio sistemak erosi eta jartzen dituztenek.

2. Foru Agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, toki entitateak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean horrela agertzen diren haiexek.

Horren ondorioetarako, kontsumo publikorako edateko uren toki entitate banatzaile eta hornitzaileak izanen dira aurreko lerroaldean zehazturikoak, baldin eta edateko urak bildu, araztu, garraiatu eta banatzeko prozesuaren faseren batean parte hartzen badute.

3.-Eskaerak eta epeak.

1. Foru Agindu honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura hasiko da, deialdiaren beharrik gabe, toki entitate interesatuen ekinbidez, behar bezala betetako eskabidea Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña) aurkezten duten unean bertan, urte bakoitzeko irailaren 31 baino lehen, urte horretantxe burutu beharreko jarduketetarako eta, halaber, urte horretan hasi eta hurrengoan ere garatuko direnetarako, baldin eta horien iraupen osoa urte batetik beherakoa baldin bada.

2. Eskaerarekin batera kloragailuak saldu eta jartzen dituzten enpresen eskaintzak aurkeztu beharko dira, honako datu hauek agertuko dituztenak:

-Kloragailua erosi eta jartzeko behar diren gastuen aurrekontua eta BEZari dagokion kopurua.

-Proposatzen diren kloratze sistemei, horien ezaugarri teknikoei eta funtzionamenduari buruzko informazio zehatza.

-Kloragailuaren funtzionamendurako energia lortzeko sistema, horrelakorik behar bada.

-Funtzionamendurako eta ordezko piezetarako garantiaren konpromisoa, urte baterako bederen.

3. Laguntza hauen organo izapidagileak entitate eskatzaileari eskatu ahalko dio behar duen informazio edo dokumentazio osagarria ekar dezan, aurkeztutako eskaera behar bezala baloratu eta ebazteko.

Eskaerak aurreko idazatietan azaldu baldintzak betetzen ez baditu eta, errekerimendua jakinarazten zaionetik, eskatzaileak hilabeteko epearen barruan akatsak zuzentzen ez baditu, espedientea artxibatu eginen da, besterik gabe.

4.-Izapideak eta balorazioa.

1. Osasun Publikoaren Institutua izanen da organo izapidagilea. Horretarako, balorazio tekniko eta ekonomikoa eta eskaerei buruzko txostenak eginen ditu, oinarriekin bat datozela egiaztatzeko. Ondoren dirulaguntzen arteko lehentasun ordena finkatuko du, kontuan hartuz aurrekontuetako baliabideak, hornidura hartzen duen biztanle kopurua, banatzen den uraren kalitatearen inguruko arazoak nolakoak diren eta eskaerak aurkezteko ordena eta, horrekin batera, laguntza eman edo ukatzeko ebazpen proposamena luzatuko dio Osasun zuzendari nagusiari, bakoitzari legokiokeen zenbatekoa adieraziz.

2. Dirulaguntza kalkulatzeko, Osasun Publikoaren Institutuak, kloragailuen ezaugarri teknikoak aztertu ondoren, eskatu den helbururako aski eta egokiena den kloragailuaren prezioa hartuko da oinarritzat.

3. Dirulaguntza eskaerei erantzuna emanen zaie baldin eta Foru Agindu honetan ezartzen diren baldintza guztiak betetzen badituzte eta aurrekontuan helburu horretarako baliabiderik baldin badago.

5.-Ebazpena.

1. Eskatzaileak dokumentazio osoa ekarri duela erabakitzen denetik, gehienez ere, bi hilabeteko epearen barruan, Osasun Publikoaren Institutuak emandako txostena eta ebazpen proposamena ikusirik, Osasun zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez dirulaguntza eman edo ukatuko da. Emanez gero, ebazpenean zehaztuko da bakoitzaren zenbatekoa eta kobratzeko bete behar diren baldintzak. Hori guztia toki entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio.

2. Aurreko lerroaldean ezarritako epearen barruan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ukatu dela ulertuko da.

6.-Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Foru Agindu honetan ezarritako laguntzak fondo galduko dirulaguntza gisakoak izanen dira, eta kloragailuak erosi, jarri eta funtzionamenduan hasteko behar diren gastuen % 75 hartuko dute.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko beharrezko gastuak honako hauek hartu dira:

-Kloragailuaren kostua.

-Kloragailua jartzearen kostua.

-Kloragailuari zuzenean loturiko sistema elektrikoa, energia elektrikoaren bidez funtzionatzen duenean.

-Energia elektrikoa sortu edo/eta biltzeko ekipo autonomoak, kloragailuak funtzionatzeko energia elektrikoa beharrezkoa denean eta jarri behar den tokian argindarrari lotzerik ez dagoenean.

-Kloragailua egokitu eta kontrolatzeko ekipo automatikoak, egoki funtzionatzeko beharrezkoa direnean.

-Gai klorogenoaren lehenbiziko dosia.

Gai klorogenoaren lehenbiziko dosia izanen da kloragailuak hiru hilabetez egoki funtzionatzeko beharrezkoa dena.

3. Eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzerakoan, ez da kontuan hartuko kloragailua erosi eta jartzeko kostuaren Balio Erantsiaren gaineko Zergagatik edo aurreko lerroaldean agertzen ez diren kontzeptuengatik ordaindutako zenbatekoa.

4. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, idazati honen aurreko lerroaldeetan xedatutakoaren arabera kalkulatua, ezin izanen da laurehun eta berrogeita hamar mila (450.000) pezetatik gorakoa, toki entitateak erosi eta jartzen duen kloragailu bakoitzeko.

7.-Kloragailua erosi eta jartzeko eta egindako gastua egiaztatzeko epea.

1. Dirulaguntza emanda, toki entitateak hirurogei egun naturaleko epea izanen du kloragailua erosi eta jartzeko, Ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

2. Kloragailua erosi eta jarri ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, dirulaguntzaren onuradun suertatu den toki entitateak horren berri emanen dio Osasun Publikoaren Institutuari, honako dokumentu hauekin batera:

-Osasun zuzendari nagusiak dirulaguntza emateko Ebazpenean finkatutako baldintzak bete direla egiaztatzen duen dokumentazioa eta, horrekin batera, Foru Agindu honen 6. idazatiko 2. lerroaldearen arabera, beharrezko diren gastuen ordainketa egin dela egiaztatzeko faktura jatorrizkoak edo legez konpultsaturiko fotokopiak.

-Dirulaguntza hartu duen entitatearen ziurtagiria, helburu horretarako beste dirulaguntzarik hartu ez duela adierazteko.

3. Osasun Departamentuak nahi beste argibide eta agiri eskatu ahalko dizkio toki entitateari, dirulaguntza helburu horietarako aplikatu dela egiaztatzeko.

4. Aurreko zenbakian aipatu epeak amaituta, toki entitate onuradunak hantxe ezarritakoa bete ez badu, emandako dirulaguntza itzuli beharko da eta horixe jakinaraziko zaio entitateari.

8.-Dirulaguntza ordaintzeko bidea.

1. Osasun Publikoaren Institutuak, dirulaguntza emateko ebazpenean finkatutako baldintzak betetzen direla eta kloragailua jarri eta egoki funtzionatzen duela egiaztatu ondoren, txosten teknikoa eginen du, Osasun zuzendari nagusiari dirulaguntzaren bidezkotasunari eta kopuruari buruzko proposamena aurkezteko. Laguntzaren zenbateko zehatza aurreko idazatian adierazitako fakturen bidez egiaztatutako gastu errealen % 75ekoa izanen da, beti ere Foru Agindu honen 6. idazatian aipatu Ebazpenean zehazten den diru-kopurutik behera.

2. Dirulaguntzaren ordainketa Osasun zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko da, toki entitateak Foru Agindu honen 7. artikuluko 2 eta 3. idazatietan zehaztu dokumentazioa aurkeztu eta hirurogei egun naturaleko epearen barruan.

9.-Bateraezintasunak.

Foru Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak ezin izanen dira batera jaso administrazio publikoek xede bera lortzeko ematen duten beste edozeinekin.

10.-Finantzazioa.

Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen finantzazioa eginen da Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kloragailuak jartzeko dirulaguntzak" izeneko kontusailaren kargura, bertan dauden gastuen guztirakoa inolaz ere gainditu gabe. 1998. urte honetan, helburu horretarako kontusaila 51000-7600-4139 zenbakikoa da, 15720-5 lerroa.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso arrunta jarri ahalko da Nafarroako Gobernuan, errekurritu gogo den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epearen barruan. Errekurtso arrunta ebazten duen erabakiaren aurka, bidezkoa izanen da administrazioarekiko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epearen barruan.

12.-Foru Agindu honetan araututa ez dagoen orotan, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da, horretan ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

13.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hemezortzian.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A9801549