246. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXARRI ARANATZ

Mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa. Behin betino onespena

Udalak, 2019ko urriaren 4an, osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen “Mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa”.

Erabaki hori 2019ko 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 21ean, eta handik aurrera jendaurrean egoteko hogeita hamar egun balioduneko epea iragan da inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik haren kontra. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin bat, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta hortaz Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen da “Mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa”.

Etxarri Aranatz, 2019ko azaroaren 25ean.–Alkate udalburua, Silvia Marañon Chasco.

ETXARRI ARANAZKO MENDIKO PISTEN ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA ALDATUA

Etxarri Aranazko herri-bideen sarea etxarriar guztien ondarearen zati bat da. Udalbarrutiko mendi eta soroak kontserbatu eta haien aberastasuna eskuratzeko ezinbesteko elementua da. Era berean, funtsezko elementua da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien zein ibiltarien joan-etorria errazteko. Kontserbazio-egoera onean egoteak onura handia dakarkie bizilagunei.

2017. urtean, Etxarri Aranazko Udalak mendiko pisten eta bideen erabilera arautzeko ordenantza onetsi zuen, hiru helburu hauek kontuan hartuta: Etxarri Aranazko ondare naturaleko balioak babestea, erabiltzaileek –etxarriarrek bereziki– basoa zein bideak modu egokian erabil ditzaten lortzea eta horiek erabiltzeko moduan mantentzea.

Ordenantza abian jartzean eta aplikatzean zenbait hutsune sortu dira, eta horiek zuzendu egin dira, neurri batean, 2018an sustatutako Ordenantzaren aldaketaren bidez. Hala ere, ordenantza aplikatzeko beste arazo batzuk daude, une hartan zuzendu ez zirenak, eta orain aldatu behar direnak.

Hori guztia kontuan hartuta, honako aldaketa hau proposatzen da:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Etxarri Aranazko Udalaren pista eta bide publikoen erabilera arautzea indarra duen araudiarekin bat, baita tasa bat ezartzea ere haiek erabiltzeagatik.

2. artikulua. Etxarri Aranazko mendi-bideak.

Ordenantza hau aplikatzeari dagokionez, honako hauek hartuko dira mendi-bidetzat, eta, beraz, ordenantza hau aplikatu zaie:

1.–2 metro zabal edo gehiago duten bideak.

a) Zoladura zurruna eta/edo malgua duten mendi-pistak, herri-mendira sartzeko erabiltzen direnak. Pista horiek sare nagusia osatzen dute, eta mendirako sarbidea, baso-berritzeak, belardiak eta abar ahalbidetzen dituzte.

b) Lurra edo zoladura zurruna duten mendi-pistak. Pista horiek hermendiaren gainean mugarrien lerrotik kanpora daude, eta mendi alde handietara ailegatzeko nahiz inguruko herriekin komunikatzeko erabiltzen dira.

c) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea.

2.–2 metro baino gutxiagoko zabalera duten bideak:

d) Orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak, hezkuntza eta kirol bideak barne.

II. Eranskinean, ordenantza honi atxikituta, Etxarri Aranazko mendi-bideen inbentarioa jasotzen da.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Etxarri Aranazko Udalak zainduko du 2. artikuluan zehazten diren bide eta mendi-pistak beti egon daitezen erabiltzeko moduan.

Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu galdu ez daitezen interes publikokotzat jotzen diren bestelako bideak (besteen ardar direnak, bidexkak...) eta intereseko guneak (trikuharriak, zuhaitz monumentalak...) eta hainbat arrazoirengatik horretarako propio sortutako organo eskudunak egokitzat jotzen dituenak.

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

1. Oro har, debeku da eremu irekietan barna eta pistetatik kanpo ibilgailu motordunekin ibiltzea, bai eta Ordenantzaren 2. artikuluan ezarritako pistetan barna ere, horretarako baimenik izan gabe.

2. Pista eta bideetara sartzen diren ibilgailuek (horretarako baimena eduki behar dute) bide-bazterretan aparkatu ahal izango dute, modu ordenatuan, betiere joan-etorria oztopatzen ez badute eta/edo eremura sartzen diren ibilgailuen eta pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen ez badute.

Baimendu gabeko ibilgailuek hartarako egokitutako aparkalekuetan aparkatu beharko dute.

5. artikulua. Pistak eta bideak erabiltzeko araubide orokorra.

1.–2. artikuluan aipatutako pista eta bideak sortu ziren xederako erabiliko dira, betiere nolakoak diren eta zer ingurunetan dauden kontuan izanda. Oro har, debeku da:

a) Pertsona eta ibilgailuen joan-etorri askea oztopatzea, osorik edo zati batean.

b) Basogintzako eta eraikuntzako produktuak herrestan eramatea.

c) Traktoreekin edo abeltzaintzako eta nekazaritzako bestelako ibilgailuekin pistetan barna ibiltzea, salbu eta sutarako egur-loteak ateratzeko bada.

d) Lurra, harriak, obra-hondakinak eta/edo nekazaritzako edo basogintzako produktuak bide, areka edo ubideetan uztea eta botatzea.

e) Nekazaritzako eta basogintzako produktuak Etxarri Aranazko bide eta pistetan erretzea, baita horien aparkalekuetan ere.

f) Pistetako zoladuran eta/edo inguruko floran eta faunan kalteak eragin ditzaketen turismo-jarduerak.

g) Lehiaketak, lasterketak, quaden ibilia edota gidatzeko beste modalitate batzuk, baldin eta oinezkoak eta txirrindulariak arriskuan jarri eta inguruko faunan eta floran kalteak eragin baditzakete.

Salbuespen gisara, Etxarri Aranazko Udalak baimena ematen ahalko du taldeka ibilgailu motordunetan antolatzen diren lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

h) Zuhaitzak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik 3 metroko zortasun-eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111.2 artikuluan jasotzen den gisara.

2.–Salbuespenez, Udalak aurreko paragrafoan debekatutako jarduketak baimendu ahal izango ditu, baldin eta hori justifikatzen duten interes publikoko arrazoiak badaude eta espedientean jasota badaude.

3.–Etxarri Aranazko herritarrek etxeko sutarako egurra ateratzen duten urteko denboraldian, Etxarriko pistetan barna ibili ahalko da traktoreekin edo antzeko ibilgailuekin, horretarako baimenik izan gabe.

Turismoek, berriz, baimena izan beharko dute beti lan horiek egiteko.

6. artikulua. Pisu mugak.

1.–Gorabehera klimatiko berezirik egon ezean, 2. artikuluan definitutako pistetan barna ibiltzen diren ibilgailuek jarraian adierazten diren pisu-mugak bete beharko dituzte:

a) 2.1.a) artikuluan zehaztutako pistak: pista horietan ezin da inolaz ere 40 tona gordineko karga gainditu (ibilgailua gehi karga guztira).

b) 2.1.b) artikuluan zehaztutako pistak: pista horietan ezin da inolaz ere 30 tona gordineko karga gainditu (ibilgailua gehi karga guztira).

c) 2.1.c eta 2.2.a) artikuluetan zehaztutako pistak: 25 tona, baldin eta zoru naturala guztiz lehor badago, eta 20 tona, zorua bustirik dagoenean, betiere lur-giroa badago eta euririk egiten ez badu.

6.2. Salbuespen gisa, euri-egunetan edo zoladura guztiz lehor ez dagoenean, eta pisten egoerak horretarako aukera ematen badu, Etxarri Aranazko mendi-pistetan barna ibiltzea mugatu ahal izango du Udalak. Horren berri emango zaie Etxarri Aranazko bizilagunei.

7. artikulua. Baimentzeko prozedura.

1.–Etxarri Aranazko pistetan erabiltzeko baimena Udaleko Alkatetzak emango du.

2.–Aparteko egoeretan, alkatetzak baimendu ahal izango du nahi duen orok Etxarri Aranazko pista eta bideetan sartu ahal izatea.

San Adriango erromeria egin aurreko eta ondoko egunetan eta San Adrian egunean bertan ez da beharrezkoa izango baimena izatea San Adriango pistan ibiltzeko.

3.–Baimen-eskabideak ofizialki ezarritako ereduan aurkeztuko ditu ibilgailuaren titularrak; haietan datu pertsonalak, ibilgailuen gainekoak eta eskatzen den baimen motari dagozkionak emanen dira.

Etxarri Aranazko Udalaren bide eta pistetara askatasunez sartzeko baimena eskatu ahal izango dute hurrengo ataletan ezarritako baldintzaren bat betetzen duten ibilgailuen titularrek:

–Etxarri Aranatzen erroldatuta dauden titularrek euren ibilgailurako.

–Ibilgailua herrian erroldatuta duten titularrek.

–Ibilgailua eduki eta Etxarri Aranatzen etxebizitza bat jabetzan edo alokairuan duten titularrek.

–Mendi-pista sarbide bakarra duten lurzatien kasuan, haien jabeen eta/edo errentarien ibilgailuetarako. Kasu horretan, lurzatirako sarbidea den mendi-pistara mugatuko da baimena.

–Egun horretan bertan Ahuntzetxea bisitatu behar duten titularren ibilgailuek (erreserba eta baimena eskatu beharko dute).

–Udal kanpineko ibilgailuen erabiltzaileek. Horretarako, Udalak 10 pegatina emango ditu gehienez, kanpineko kudeatzaileak bezeroen artean banatu ditzan.

–Jarduera ekonomiko bat egiteko bertan ibilgailua erabiltzea ezinbestekoa duten titularrek.

4.–Behar bezala justifikatutako kasu berezietan, Udalak pertsona jakin batzuk baimena izateko beharretik salbuetsi ahal izango ditu, edo kanpineko bezeroentzako baimen gehiago eman.

5.–Baimen eskabideei buruzko ebazpenak Alkatetzak emango ditu.

6.–Baimena banakako pegatina bat emanez gauzatuko da. Ibilgailu baimenduen erregistroa sortuko da, eta hari dagozkion zergadunen errolda ere bai.

Pegatina ibilgailuaren aurreko kristalean jarri beharko da.

7.–Aurreko atalean aipatutako erroldako subjektu pasiboek baja eman edo aldaketaren bat egin nahi badute, horrelakoak gertatzen diren egutegiko hiruhileko berean egin beharko dute horien gaineko deklarazioa, eta horiek indarra hartuko dute jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

8. artikulua. Garraioa, herriko pista edo bideetan barna zura ateratzeko aprobetxamendu pribatuetarako.

1.–Oro har, debeku da basogintzako eta eraikuntzako produktuak 2. artikuluan ezarritako bide eta pistetan barna herrestan eramatea.

2.–Egurra ateratzeko aprobetxamendu pribatuak Etxarri Aranazko pista edo bide publikoetan barna garraiatzeko, baldintza teknikoen eta baldintza ekonomiko-administratiboetan ezarritakoa bete beharko da.

3.–Mendi pribatuetako zuraren aprobetxamenduaren kasuan, jabeak fidantza jarri beharko du. Horren zenbatekoa lotearen balioaren % 4koa izango da, eta baso-bideak eta -pistak behar bezala mantentzen direla ziurtatzeko baliatuko da.

Jardueraren titularraren ardurakoak izango dira bere jardueraren ondorioz pista eta bideetan eragiten diren kalte eta galerak.

9. artikulua. Eskumena eta baimenaren iraunaldia.

1.–Etxarri Aranazko alkateak emango du Etxarri Aranazko pistetan barna ibiltzeko baimena, 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.–Baimenek bost urteko balioa dute, betiere emateko orduan 7. artikuluan ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen badira. Horrela izan ezean, interesdunak Udalari jakinarazi beharko dio, baita baimena itzuli ere, aipatutako artikuluan aipatzen den moduan.

Udalak interesdunen batek ezarritako baldintzak betetzen ez dituela jakiten badu, baimena itzultzeko eskatu ahal izango dio. 3.–Salbuespen kasuetan, betiere ordenantzaren 7.d) artikuluan ezarritakoa betez, Udalak egun bakarreko baimenak eman ahal izango ditu.

10. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Bere lana burutzen ari diren entitate eta instituzio publikoetako ibilgailuek ez dute inolako baimenik beharko.

11. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Etxarri Aranazko pista guztietan gehieneko abiadura 25 km/ordua izango da.

Nolanahi ere, istripu-arriskuak gutxitzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo eguraldi txarra egiten duela-eta beharrezkoa bada.

12. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez begiratzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

Udalak sortzen diren kalte-galeren gaineko erantzukizuna eskatu ahal izango du, aplikagarria den araudian ezarritakoarekin bat.

13. artikulua. Pisten inbentarioa.

Etxarri Aranazko Udalak pista guztien eta haien kategorien inbentarioa eguneratuko du etengabe.

Udalak kasuan kasuko kartografia digitala izango du, bere web-orriaren bidez kontsultatu ahal izango dena.

II. eranskinaren bidez, ordenantzaren aldaketa onartu zenean indarrean zegoen inbentarioari buruzko kartografia erantsi da.

14. artikulua. Arau-hauste larriak.

1.–Ordenantza honetan ezarria urratzea arau-haustetzat joko da.

Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke.

2.–Honako hauek joko dira arau-hauste arintzat:

a) Ordenantzan aurreikusitako betebeharrak urratzea dakartzan ekintza edo omisioa, betiere hurrengo atalean arau-hauste larritzat jotzen ez bada.

3.–Honako hauek joko dira arau-hauste larritzat:

a) Bide baten ezaugarriak aldatzea.

b) Harriak eta eraikuntzako nahiz nekazaritzako hondakinak bide, areka eta ubideetara botatzea.

c) 6. artikuluan ezarritako tona-kopurua gainditzen duten ibilgailuekin ibiltzea.

d) Lehiaketak edo lasterketak egitea, horretarako baimenik izan gabe.

e) Bi urteko epean hiru arau-hauste arin pilatzea.

15. artikulua. Zehapenak.

1.–Ordenantza honetako arau-hausteek isuna izanen dute, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

a) Arau-hauste arinei gehienez ere 150,00 euroko isuna ezarriko zaie.

b) Arau-hauste larriei 150,01 eta 300,00 euro bitarteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste larriak badira, baimena sei hilabetez kentzearekin zigortu ahal izanen da, betiere urraketaren larritasunaren arabera.

Isun horiei kaltetutako ondasuna konpontzeak edo berritzeak eragindako gastu guztiak gehituko zaizkie.

2.–Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, administrazioko premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.

16. artikulua. Zehatzeko prozedura.

Arau-haustea ekar dezaketen egitateen berri emanen zaio Udaleko alkatetzari; horrek behar den zehapen espedientea abiaraziko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz.

Etxarri Aranazko Udaleko Alkatetza da prozedura ebazteko eta zehapenak ezartzeko organo eskuduna.

17. artikulua. Eragindako kaltea konpontzea.

Dagozkion zehapen zibil, penal edo bestelakoak galarazi gabe, eragindako kaltea konpondu beharko du arau-hausleak. Konponketaren xedea izanen da bidea, pista edo halakoa lehengoratzea arau-haustearen aurretik zuen izaerara eta egoerara, eta sortutako kalte-galerak ordaintzea.

Erantzukizuna solidarioa izanen da, baldin eta arau-hausleak bat baino gehiago badira eta ezin bada zehaztu haietako bakoitzaren erruduntasun maila.

Propio eginiko zehapen-prozeduran edo prozedura independente modukoan zehaztu daiteke konpontzeko betebeharra eta kalte-ordainak ordaintzekoa.

Udalak, subsidiarioki, konponketa egin ahal izanen du, betiere arau-hauslearen kontura. Nolanahi ere, arau-hausleak eragindako kalte-galeren zenbatekoa ordaindu beharko du, kasuan kasuko ebazpenean ezarritako epean.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarra duen legeria sektoriala.

Ordenantza aldaketa hau, Nafarroako Aldizkari Ofizialean publikaturik agertu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

I. ERANSKINA

Ereduak (PDFa).

II. ERANSKINA

Eranskina kartografia.–Mendi- pisten inbentarioa (PDFa).

III. ERANSKINA

1.–Tasak.

–Txartela tramitatzeak dakartzan gastuengatiko tasa: 10,00 euro 5 urteko epealdirako.

–Txartela galdu duelako edo lapurtu diotelako, edo ibilgailua aldatu edo bajan eman eta gero txartela berritu behar duenak 5 euroko tasa ordaindu beharko du.

2.–Zergapeko egitatea.

–Tasaren zerga-egitatea da, alde batetik, Etxarri Aranazko Udalaren pista eta bide publikoen erabilera eta haien gaineko mantentze, zaintze eta hobetze lanen zerbitzu publikoa egitea.

3.–Salbuespenak.

Tasa ordaintzetik salbuetsirik daude:

–Bere lana burutzen ari diren entitate eta instituzio publikoetako ibilgailuak eta 10. artikuluan aipaturiko beste ibilgailuak.

–Epeleko lursailen jabeak, bide horretarako.

–Basoan lana burutu behar duten jarduera ekonomikoko titularrak (lanak egurra ateratzeko, bideen hobekuntzarako, edo eta partzeletan dauden eraikin edo instalazioen hobekuntzarako direnean adibidez).

–Kanpineko kudeatzaileak, kanpineko erabiltzaileei bideraturikoa txartelentzat, zentzu honetan, gehiengo txartel kopurua 10 izanik.

Udalak salbuespenak ezarri ditzake kasu berezi eta salbuetsitan, behar bezala justifikaturiko kasu zehatzetarako eta aurreko paragrafoan aipatzen ez direnean.

Iragarkiaren kodea: L1915423