245. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 16a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

375/2018 prozedura arrunta

Virginia Arias López de Lacalle, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den 375/2018 prozedura arrunteko administrazioarekiko auzi-errekurtsoan 193/2019 epaia eman da 2019ko irailaren 12an, eta irmo geratu da. Hona hemen haren idazpurua, zuzenbideko 4., 6., 7. eta 8. oinarriak, eta epaitza, hitzez hitz:

“193/2019 epaia.

Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja.–Magistratuak: Raquel Hermela Reyes Martínez eta Ana Irurita Díez de Ulzurrun.

Iruñean, 2019ko irailaren hamabian.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatu magistratuek osatuak, ikusi ditu Nafarroako Administrazio Auzitegiaren martxoaren 13ko 555/2018 Ebazpenaren aurka jarritako 375/2018 administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren autoak. Ebazpen horren bidez, partez baietsi zen honako erabakiaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa: Iruñeko Udalak 2016ko azaroaren 3ko osoko bilkuran hartutako Erabakia, Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2017ko urtarrilaren 13an argitaratua, zeinaren bidez behin betiko onartzen baita Alde Zaharreko Barne Eraberritze eta Babeserako Plan Bereziaren aldaketa (BEBPB). Honako hauek dira alderdiak: demandatzaile gisa, Iruñeko Udala, Javier Araiz prokuradore jaunak ordezkatua eta Begoña García Revuelto letradu andreak defendatua; demandatu gisa, Nafarroako Administrazio Auzitegia, Nafarroako Foru Komunitateko aholkulari juridiko-letraduak ordezkatua eta defendatua; eta kodemandatu gisa..., M. Rosario Biurrun Ibiricu auzitegietako prokuradore andreak ordezkatuak eta Virginia del Villar Llamas letradu andreak defendatuak.

Zuzenbideko oinarriak:

Laugarrena.–Jarduketak atzera eramateari buruz, Udalak 89. artikuluaren 4. apartatuaren aldaketa jendaurrean jarri behar zuen unera.

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 555/2018 Ebazpenean agintzen da jarduketak atzera eraman behar direla, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 74.1.b) artikuluan ezarritakoa bete dadin (lege hori indarrean zegoen orduan; gaur egun, aipatu testu bateginaren 72.1.b artikuluan ezarrita dago hori). Hortaz, 89.2 artikuluaren 4. apartatua (“Erabilera debekatuak”) jendaurrean jarri behar da. Apartatu hori gehigarri gisa sartu zen alegazioen txostenera, eta erabilera debekatuetara bideraturiko establezimenduetan erreforma lanak egitea baimentzen du, baldin eta edukiera ez bada %25 baino gehiago handitzen. Iritzi da osoko bilkuran erantzuna eman behar zaiela errekurtsogileen zalantzei, ez baitakite nola handitzen ahal den edukiera azalera handitu gabe eta zein izan behar den edukierak finkatzeko esparrua.

Iruñeko Udalak alegatu du ez dagoela arrazoirik aldaketa hori funtsezkoa dela jotzeko, eta, hortaz, ez dela beharrezkoa hura jendaurrean jartzea.

Hain zuzen, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du justifikatu aldaketa hori funtsezkoa dela, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 74.b) artikuluan ezartzen den jendaurreko aldia ireki dadin: “Jendaurreko epea iraganik, udalak plana behin betiko onetsiko du bidezkoak diren aldaketekin. Aldaketa horiek hasierako onespena duen planari funtsezko aldaketa eragiten badiote, jendaurreko beste aldi bat hasiko da, behin betiko onetsi baino lehen.”

Auzitegi Gorenak, besteak beste, 3. Salaren 5. Atalaren S 17-7-2015 rec. 2144/2013 (RJ 2015, 3497) epaian, deklaratu du jendaurreko aldia berriz ireki behar dela antolamendu orokorrean funtsezko aldaketa bat egiten denean. Halaber, auzitegi horrek berak, 3. Salaren 2014ko urriaren 14ko epaian (RJ 2014, 5363), deklaratu zuen jendaurreko aldia berriz irekitzea bidezkoa dela, bakar-bakarrik, egindako aldaketa funtsezkoa denean honako arrazoi hauengatik: hautatutako lurralde-eredua nabarmen aldatzen duelako, planaren eta haren egituraren oinarrizko lerroak edo irizpideak aldatzen dituelako, edo plana ezberdin bilakatzen duelako –Auzitegi Goreneko sala eta atal horren 2011ko otsailaren 14ko epaiak (RJ 2011, 1460), 2011ko uztailaren 7ko 225/2006 kasazio-errekurtsoa (RJ 2011, 6239), 868/2008 kasazio-errekurtsoa eta 2013ko ekainaren 21ekoa (RJ 2013, 5317), eta 2250/2011 kasazio-errekurtsoa–.

Azken finean, aldaketa funtsezkoa dela ulertu behar da hasierako idazketaren egiturazko alderdiak aldatzen direnean, hasieran onetsitakoa desnaturalizatuz; horrek ekarriko luke jendaurrean berriz jarri beharra. Aldiz, kasu honetan, zehaztasunak sartu dira, ez besterik.

Baina, gainera, aurkaratu den aldaketak hasierako idazketak baino babes handiagoa ematen die Alde Zaharreko bizilagunen eskubideei; izan ere, ez da baimentzen jendeak erabiliko duen azalera handitzea erabilera debekatuetara bideraturik dauden baina jarduera-lizentzia, obra-lizentzia edo irekitzeko lizentzia duten establezimenduetan; eta edukiera %25 baino gehiago handituko dituzten erreformak ere ez ditu baimentzen. Ez da funtsezko aldaketa bat: muga bat jartzen die gehienez dagokien edukiera baino txikiagoa duten lokalei, besterik ez; horren ondorioz, erreformak egiten ahalko dituzte, baina horrelakoetan ezin izanen da edukiera %25 baino gehiago handitu. Ez da ulertzen errekurtsogileek zer zalantza dituzten. Agindu hori aplikatuko zaie soilik dagokien edukiera baino txikiagoa duen lokalei, baldin eta obra jakin batzuk egiten badituzte; aldaketaren bidez, arau zehaztaile hori sartzen da, baina hura ezin da funtsezkotzat edo muinekotzat jo, oso establezimendu gutxi ukitzen dituelako eta ez delako BEBPBean erabilera debekatuei buruz ezarritako araudiaren kontrakoa; aitzitik, berme gehiago ematen ditu, edukiera handitu daitekeen kasu zehatz horietarako muga bat sartzen baitu. Iritzi hori bera agertu zuen Auzitegi Gorenak urtarrilaren 20ko 71/2017 epaian (237/2016 kasazioa).

Seigarrena.–Xedapen iragankorraren azken paragrafoan aipatzen diren “konponbide bereziak” onartzeko aukera kentzeari buruz.

Honako hau zioen xedapen iragankorrak:

Kafetegietan, 2020ko urtarrilaren 1a baino lehenago, aulkien eta mahaien eremura bideratuko da, modu iraunkorrean, jendeak erabil dezakeen azaleraren %50 gutxienez, komunak kontuan hartu gabe.

1.2, 2. eta 3. taldeetako jarduerek eta kafetegiek, 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen, gela hermetikoa eduki beharko dute, jendeak erabiltzeko, soinu-absortzioarekin eta bi aterekin. Bi ate horiek ezin izanen dira parez pare egon, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Gela hermetiko hori eraikitzea ez bada bateragarria lokalaren edo eraikinaren babes mailarekin, edo udalak onartzen badu, salbuespenez, zailtasun bereziren bat dagoela, bestelako irtenbideak aintzat hartuko dira, eskakizun horretara ahalik eta hobekien egokitzeko. Besteak beste, funtzionamendu ordutegia moldatzea edo musika instalaziorik ez jartzea aztertzen ahalko da, eta informazio kartelean adieraziko da.

Kafetegiko espazioen antolaerak bereziki zail egiten badu mahai eta aulkien portzentajera iristea, irtenbide bereziak onartuko dira, hala nola mahai eta aulki altuak jartzea, barraren zati bat mahaitako erabiltzea, eta ez beste deusetarako, etab.

Irtenbide bereziak onartzeko aukera baztertu du Nafarroako Auzitegi Gorenak, uste baitu xedapen horrek ez duela deus agintzen eta ez dela kontuan hartu behar, horrek ekar dezakeen arbitrariotasuna dela eta.

Iruñeko Udalak ukatu du xedapen hori arbitrarioa denik. Haren arabera, Alde Zaharrean dauden lokalak ezagututa sartu da, horietako batzuk oso estuak eta luzeak baitira. Lokal horiek ez dira salbuetsirik egonen azalera erabilgarriaren %50 gutxienez mahai eta aulkietara bideratzeko beharretik, baina, lokalaren antolaera berezia dela-eta hori ezinezkoa denean, teknikariei bide ematen zaie bestelako irtenbideak bilatzeko, lortu nahi den helburua betetze aldera.

Hain zuzen, “irtenbide bereziak” hartu ahal izateak ez du esan nahi hori aplikatzean arbitrariotasunak egonen direnik. Baliogabeturiko xedapenaren helburua da behar bezala arrazoituriko eta justifikaturiko irizpide teknikoa dagoenean beste irtenbide batzuk eman ahal izatea lokalaren azaleraren %50 gutxienez mahai eta aulkietara era iraunkorrean bideratzeko beharrari. Udalak dagoeneko badaki BEBPBko aurreikuspen hori bete ezin duten lokalak daudela, hala eginez gero ez baitzituzten beteko ebakuazioari eta segurtasunari buruzko arauak. Horregatik, beste aukera batzuk aurreikusten dira lortu nahi den helburua betetzeko, zutik dauden bezeroendako eremua txikitzea bilatzen baita finean, mahai eta aulkien eremua azken hori baino lasaiagoa den heinean. Horrek ez du esan nahi toki administrazioak libreki erabakitzen ahalko duela noiz ez duen bete behar berak emandako araua; izan ere, hori ebazpen bakoitzean islatu beharko da, eta errekurtsoak jarriz aurkaratzen ahalko da, gainera. Ez da lekapen erreserba bat, ez baita kasu zehatz bat salbuesten araua betetzetik; besterik gabe, BEBPBko xedapen hori bete ahal izateko sistema bat aurreikusten du, nahitaez bete beharreko segurtasun arauak hautsi gabe mahai eta aulkietarako eremu hori gorde ezin duten lokalendako. Puntu honetan ere, demanda baietsi behar da.

Zazpigarrena.–Azken xedapenari buruz.

Azken xedapena.

“Alde Zaharreko ostalaritza jarduera guztiek eta antzekoek aurreikuspen berriekin bat funtzionatu beharko dute, indarrean sartzen direnetik 3 hilabeteko epean, deusetan ukatu gabe lehendik daudenak pixkanaka betetzen hastea lokal berrietarako eskatzen diren eraikuntzako neurriak. Hortaz, honako hau zaindu beharko dute:

–Soinu-absortzioa duen bi ateko gela hermetikoa eduki artean, musika emititzean gehienez 70 dBA izanen dira, deusetan ukatu gabe zaratak sortzen dituztenei aplikatzen zaizkien hots immisioaren gehieneko balioak bete beharra.”

Nafarroako Administrazio Auzitegiak aurreikuspen hori baliogabetu du, ulertzen baitu kontra egiten diola Zaratak eta bibrazioak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 12.2 artikuluari. Artikulu horrek gela hermetikoa izatera behartzen ditu ostatuak, pubak, diskotekak eta antzekoak, non barneko zaraten maila musika-ekipoen ondoriozkoa baita nagusiki. Hori horrela, BEBPBak ezin du arau hori betetzeko beharra geroratu ez eta salbuespenik egin ere.

Haatik, errekurtsogileak arrazoitu gisan, arrazoibide hori ez da zuzena. 135/1989 Foru Dekretuaren 12.2 artikulua aplikatzen zaie ostatuei, pubei, diskotekei eta antzekoei, baldin eta azken horien barneko zaraten maila musika-ekipoen ondoriozkoa bada nagusiki. Horietan, gela hermetikoa egotea nahitaezkoa da. Aldiz, lehen apartatuan arautzen dira barneko zaraten maila 80 dBA-tik beherakoa duten ostatuak eta ostalaritzako bestelako establezimenduak, non zaratak nagusiki erabiltzaileek sortzen dituzten, musika-ekiporik ez dagoen edo zaraten maila mugaturik dagoen. Horietan, gela hermetikoa egotea ez da nahitaezkoa.

BEBPBan ez da salbuespenik egiten, arau horri dagokionez, ostalaritzako jardueretan, eta, horien artean, kafetegietan, jatetxeetan eta antzekoetan (89. artikulua), ez baitira 12. artikuluaren bigarren apartatuan sartzen, Nafarroako Administrazio Auzitegiak dioen bezala, baizik eta lehenbizikoan, barneko zaraten maila 80 dBA-koa edo txikiagoa duten establezimenduei buruzkoan, alegia. Gainera, bizilagunen eskubideak are gehiago bermatzen ditu, gela hermetikoa eduki artean zaraten maila 70 dBA-ra jaisteko betebeharra ezartzen baitu. Establezimendu hauetan zaraten maila 80 dBA-ra artekoa izaten ahalko litzateke, Zaratak eta bibrazioak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuarekin bat, baina BEBPBan maila hori 70 dBA-ra mugatzen da bi ateko gela hermetikoa eduki artean. Aipatu foru dekretuan, ostatuetarako, pubetarako, diskoteketarako eta antzeko establezimenduetarako daude ezarrita neurri horiek, hots, musika-ekipoak dituzten establezimenduetarako, baina, kasu honetan, horrelakorik ez dago. Hau da, ezarritakoa are gehiago mugatzen du lokal hauetarako, zeinak, esan bezala, ez baitira sartzen 12. artikuluko 2. apartatuan.

Hortaz, alderdi honi dagokionez ere demanda baietsi behar da.

Zortzigarrena.–Leihoak eta sarbideak egunez eta musika jarrita dagoenean irekita edukitzeari buruz.

BEBPBaren azken xedapenak honako hau ezartzen du:

“Gaueko ordutegian, ostalaritzako eta antzeko jardueretara bideraturiko lokaletan, honako hau beteko da:

Fatxadako ateak eta baoak itxita egonen dira, eta suteetan ebakuaziorako beharrezkoak diren ateak soilik egonen dira erabilgarri. Establezimenduak bide publikoan edo espazio ireki pribatu batean terraza bat badauka, mahai baxuekin eta aulkiekin, horietarako sarbideak erabilgarri edukitzen ahalko ditu zerbitzu emateko ordutegian. Bao horiek erabilgarri dauden bitartean, lokalean ez da musikarik jarriko.

Leihoak eta kanpoaldean zerbitzu emateko leihatilak terrazen ordutegiaren arabera arautuko dira. Gaueko ordutegian itxita egonen dira, barnean musika jartzen bada”.

Aurkaratutako ebazpenean ulertzen da azken xedapenean baoak irekita izateko baimena ematen dela eguneko ordutegirako; izan ere, gaueko ordutegirako soilik debekatzen da berariaz. Hala ere, jarduera hori ez da baimentzen 135/1989 Foru Dekretuaren 12.2 artikuluan, honako hau ezartzen baitu: “Leihoak daudenean, jarduera martxan den bitartean itxita egon beharko dute, eta bi beirakiz eginak beharko dute izan, bakoitzak gutxienez 6 mm-ko lodiera duela eta bien artean gutxienez 50 mm daudela; barrunbe horrek soinu-absortziorako balio beharko du”. Horregatik, exijitzen da BEBPBan idatziz jasotzea azken xedapen hori ez zaiela aplikatzen 135/1989 Foru Dekretuaren 12.2 apartatuko establezimenduei.

Aurreko oinarri juridikoan adierazitakoarekin bat, 135/1989 Foru Dekretuaren 12.2 artikulua ez zaie aplikatzen ostalaritzako eta antzeko jardueretara bideraturiko lokalei, baizik eta ostatuei, pubei, diskotekei eta antzekoei. Baina, gainera, Nafarroako Administrazio Auzitegiak interpretazio okerra egin du, azken xedapenak gaueko ordutegirako neurri osagarri bat ezartzen baitu, ez besterik; hori horrela, barnean musika jarrita badago, baoek itxita egon beharko dute, baina horrek ez du esan nahi egunez ireki daitezkeela musika jarrita dagoen bitartean. Izan ere, eguneko jardueretan ere bete behar da zaratei eta hots immisioari buruzko gainerako araudia.

Gai honetan, demanda baietsi behar da.

EPAITZA:

Partez baiesten da Araiz prokuradore jaunak, Iruñeko Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren martxoaren 13ko 555/2018 Ebazpenaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Ebazpen horren bidez partez baietsi zen Iruñeko Udalaren osoko bilkurak 2016ko azaroaren 3an hartutako Erabakiaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa. Udalaren erabaki horren bidez behin betiko onetsi zen Iruñeko Alde Zaharreko Barne Eraberritze eta Babeserako Plan Bereziaren aldaketa (erabakia 2017ko urtarrilaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen). Horrenbestez,

a) Aipatu ebazpena baliogabetzen dugu, ez baita zuzenbidearen araberakoa, ebazpen honen laugarren, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren oinarri juridikoei jarraikiz.

b) Ebazpen hori baiesten dugu Alde Zaharreko Barne Eraberritze eta Babeserako Plan Bereziaren interpretaziozko xedapena kentzeari buruz.

c) Prozesuko kostuak ez zaizkio inori berariaz ezartzen”.

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Iruñean, 2019ko azaroaren 27an.–Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua, Virginia Arias López de Lacalle.

Iragarkiaren kodea: J1915370