244. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ASTITZ

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Astizko Kontzejuak, 2001ko martxoaren 4an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Astizko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

2019ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 12an, eta Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratu ondoren, bukatu da jendaurrean egon beharreko epea, eta Kontzejuak hiru ohar egin ditu. Ohar horiek ebatzi, eta ordenantza behin betiko onetsi da gero, legez eskatzen den gehiengoarekin, 2019ko azaroaren 15ean egin bilkuran, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Orain ordenantza argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Astitzen, 2019ko azaroaren 15ean.–Kontzejuko burua, Juan Percaz Arrayago.

ORDENANTZA, ASTIZKO (LARRAUN) KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Astizko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Astizko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herri-ondasunei buruz Astizko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Astizko Kontzejuak justifikatu beharko du dena delako xedea ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Astizko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Astizko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dieten bestelako ekintzei.

8. artikulua. Astizko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Astizko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren lursailen immatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Astizko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aurretiko onespen espresa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Astizko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Astizko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Astizko Kontzejuak ez dituenean behar diren ekintzak sustatzen herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarren ekimena, zehaztuko den moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, Astizko Kontzejuak sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Astizko Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

16. artikulua. 1. Orokorrean, Astizko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinduna izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal/kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

16. artikulua. 2. Familia unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

16. artikulua. 3. Artikulu hau interpretatzean sortzen diren zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Astizko Kontzejuak osoko bilkuran batzarturik, Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

17. artikulua. Astizko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

18. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak izanen dira herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun. Horretarako, aziendak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dute, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

19. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena.

20. artikulua. Adjudikazioa 5 urterako izanen da.

21. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita betetzen direla Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

22. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Astizko Kontzejuak urtero ezarriko ditu azienda larreetara sartzeko eta haietatik ateratzeko epeak.

23. artikulua. Prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua agertuta, 30 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek eska dezaten larreen adjudikazioa.

24. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

25. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 5 urterako, egungo arautegiari jarraikiz, eta ordenantza honetan xedatutakoari, aplikatzekoa den horretan.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

26. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Astizko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

27. artikulua. Astizko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

28. artikulua. Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta Astizko kontzeju-mugartearen barruan betiere. Debeku da egur hori saltzea edo Kontzejutik kanpo erabiltzea.

29. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Kontzejuak aurrekontu arruntean.

30. artikulua. Egurra banatzean, Astizko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta ekonomia maila apaleneko familia unitateei emanen die lehentasuna.

31. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, Udaleko/Kontzejuko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

32. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

33. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Astizko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

34. artikulua. Astizko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

35. artikulua. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

36. artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta aurkeztutako alegazioei buruzko Kontzejuaren erabakia.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

37. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte-galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

38. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, kontzejuak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

39. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrendako aprobetxamendua.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea Kontzejuaren adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta arbolak, zainzuriak etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

g) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta haren Erregelamenduan xedaturikoa ez betetzea, herri-larreetan bazkatzen den aziendari dagokionez.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

40. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak galarazi gabe.

–g) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, ordainduko da egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez, eta halako hamar, gehienez, zehapen gisa. Balio hori zehazten ahal ez bada, hirurogei eurotik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

ASTIZKO HERRI-LURRETAN DAUDEN LARREAK USTIATZEKO ERREGELAMENDUA

1.–Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua.

2.–Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena.

Astizko Kontzejuak, 2019ko azaroaren 15ean egin bilkuran, erabakitakoaren arabera, Astizko herri-lurretako larreak honela ustiatuko dira:

1.–Ohituraz bazkatu izan diren azienda motak bazkatuko dira, hau da, behi, zaldi eta ardi aziendak.

2.–Debeku da zerri eta ahuntz aziendak larrean ibiltzea.

3.–Azienda guztia Astizko bizilagunen jabetzakoa izanen da nahitaez, eta erakunde eskudunetan alta emanda egon beharko du.

4.–Herri-larreetan bazkatzen ibil daitekeen abelburu-kopurua, gehienez, hau izanen da, espeziearen arabera:

Behi azienda: 150.

Zaldi azienda: 300.

Ardi azienda: 600.

Azienda-jabeek, daukaten espezie bakoitzetik, proportzionala den abelburu-kopuru bat eraman dezakete larratzera, aurreko paragrafoan ezarritako gehienekoak errespetatuz betiere.

5.–Azienda orok indarra duten osasun arauak bete beharko ditu eta horren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Ez da azienda ibiltaririk onartuko.

6.–Larreetan sartzen diren abereek beren etxeko seinalearekin markaturik egon beharko dute. Halaber, edozein herri-lur erabiltzen duen azienda orok bere etxeko seinalea eraman beharko du.

7.–Herri-lurrak erabiltzen dituzten abeltzainek larreen ustiapenaren jarraipena egiteko batzordeak izendatuko dituzte.

8.–Batzorde horiek Kontzejuko Mendi Batzordeari larreak irekitzeko data proposatuko diote, belarrak zenbat hazten diren. Gutxi gorabeherako datatzat maiatzaren 15a ematen da, eta ateratzeko datatzat, urtarrilaren 31.

9.–Itxituren ate guztiak itxita atxikiko dira.

10.–Abeltzainak, kanon gisa, abelburu bakoitzaren abonuaren zati proportzionala ordainduko du 2001. urterako, hau da, 6 euro behi edo zaldi aziendako buru bakoitzeko, eta 0,60 euro ardi bakoitzeko. Prezio horiek gutxi gorabeherakoak dira, egungo abonuaren prezioan oinarrituta.

11.–Larrea bera mantentzeko erabiliko da herri-lurretan bazkatzen den aziendagatik biltzen den dirua.

12.–Kontzejuko landazainek kontrolatuko eta zenbatuko dituzte abereak.

13.–Azienda sartzen bada larreetan ezarritako baldintzak bete gabe, isun hauek jarriko dira:

–Behi edo zaldi aziendako buru bakoitzeko: 30,05 euro.

–Ardi aziendako buru bakoitzeko: 3,01 euro.

14.–Astizko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, eraginik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, herri-lur horietan arbolak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea onesten badu. Hobekuntza horiek egiteko Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da.

15.–Aintzat hartuko dira abeltzainek egiten dituzten iradokizun positiboak.

Astitzen, 2019ko azaroaren 20an.–Kontzejuko burua, Juan Percaz.

Iragarkiaren kodea: L1914751