243. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3422E/2019 Ebazpena, azaroaren 18koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdia onesten baita Nafarroako ETEetan 2020an lanbide profil estrategikoak garatzeko eta lanbide profilak txertatzeko programetarako, bai eta enpresa sentsibilizazioko ekintzetarako ere. DDBN identifikazioa: 483034.

Enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa sortzea da, egun dagoena mantentzearekin batera, Nafarroako Gobernuaren eta gizarte osoaren kezka handienetako bat. Horregatik, funtsezkoa da lanbide kualifikazioa sustatzea, eta horretarako, garrantzitsua da jardueretan parte hartzea langileen gaikuntza eta lan merkatuan dituzten aukerak hobetzeko.

Kontuan harturik enpresek duten garrantzia enplegua sortzeko orduan eta Nafarroan enpresen ehuneko 90etik gora enpresa txiki eta ertainak direla, beharrezkoa da, beren garapen profesionala nahiz enpresarena lortzeko tresnak izan ditzaten, lanbide profil hauek garatzea: enpresaburu txikia, zuzendaritzako kideak eta erdi mailako kargudunak.

Gainera, ikusirik enpresa sarearen bilakaera azkarra eta etengabea eta lan merkatuaren behar berriak, enpresa askok zailtasunak dituzte zenbait lanbide profil gehitzeko, eta, beraz, profil horiek bete gabe gera daitezke.

Deialdi honen helburua da bi errealitate horietan esku hartzea. Batetik, ETEen jabeen, zuzendaritzako kideen eta erdi mailako kargudunen lanbide profilak garatu nahi dira, eta aldi berean enpresak kontsolidatzea eta garatzea bultzatu nahi da sentsibilizazio jarduketak eginez enpresa kudeaketan eragin handia duten gaiei buruz. Bestetik, erantzun bat eman nahi zaio Nafarroako Foru Komunitateko enpresek eskaintzen dituzten lanpostu kualifikatuen eskaintzari, gerta baitaiteke lanpostu horiek bete gabe gelditzea langile egokirik ez dagoelako.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea Nafarroako ETEetan lanbide profil estrategikoak garatzeko eta lanbide profilak txertatzeko, bai eta enpresa sentsibilizazioko ekintzak egiteko ere 2020an Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. 300.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko Gastuen Aurrekontuko “Enpresetan lanbide profil estrategikoak garatzeko eta txertatzeko programetarako laguntzak” izeneko 950002 96200 4819 242112 partidaren kargura (DDBN: 483034), edo gaitzen den antzeko partidaren kargura, honela banatuta:

–150.000 euro enpresako lanbide profil estrategikoak garatzeko programetarako.

–150.000 euro enpresan lanbide profilak txertatzeko programetarako.

4. 100.000 euroko gastua baimentzea enpresa sentsibilizazioko programetarako, 2019ko Gastuen Aurrekontuko “Enpresa sentsibilizaziorako eta zabalkunderako laguntzak” izeneko 950002 96200 4819 242111 partidaren kargura, edo gaitzen den antzeko partidaren kargura. DDBN: 483034.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2019ko azaroaren 18an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea eta helburua.

1.1. Oinarri hauen helburua da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, 2020an Nafarroako ETEetan lanbide profil estrategikoak garatzeko eta lanbide profilak txertatzeko programen finantzaketarako, eta enpresa sentsibilizazioko ekintzetarako.

1.2. Deialdi honen lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da.

2. Entitate onuradunak.

2.1. Oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun izaten ahalko dira enpresaburuen elkarteak, unibertsitate fundazioak eta profesionalen elkargoak.

Orobat, entitate horien batasunek ere parte hartzen ahalko dute deialdian, baldin nortasun juridikorik ez izan arren dirulaguntzaren xedeko jarduerak egin baditzakete, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Batasun horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte.

Entitate onuradunek egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izan beharko dute.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

3. Dirulaguntzaren xedeko jarduketak.

3.1. Deialdi honen babesean, programa hauek gauzatzeko dirulaguntzak ematen ahalko dira:

A) Enpresako lanbide profil estrategikoak garatzeko programa.

A.1) Programa honetan aurreikusitako ekintzen helburua da Nafarroako ETEak gaitzea enpresa kontsolidatzen eta hazten laguntzen duten gaietan. Horretarako, aurreikusten da lanbide profil estrategikoak garatzeko ekintzak egitea ETEen jabeentzat, zuzendaritzako kideentzat eta erdi mailako kargudunentzat, prozesu horretan aholkulari espezializatu batek lagundurik.

Asmoa da parte-hartzaileei arlo hauetan garatzen eta handitzen laguntzea: lehiakortasuna, enpresa lankidetza, networking-a, jardunbide egokien trukea, dibertsifikazioa, nazioartekotzea, aliantzak, estrategia digitala, industria 4.0, S3 estrategia, berrikuntza, enpresa kudeaketa, sektore eta lurralde garapena, bai eta enpresa kontsolidazioa eta garapena bultzatzen duen beste edozein gai ere, erakundeetan harremanak eta enpresetan partaidetza eta lankidetza gauzatzeko forma berriak diren aldetik.

A.2) Entitate onuradunak:

–Zabalkunde ekintzak eta enpresak erakartzeko ekintzak eginen dituzte: Nafarroako enpresen artean zabalduko da programan parte hartzeko aukera dagoela, eta parte hartuko duten enpresak eta haien jabeak, zuzendaritzako kideak eta erdi mailako kargudunak aukeratuko dira.

–Entitatearen diagnostiko bat eginen dute eta soluzioak aplikatuko dituzte enpresan. Banaka lan eginen da parte hartzen duen enpresa eta zuzendari profil bakoitzarekin. Horretarako, landuko diren gaietan espezializatutako aholkulari bat izendatuko da. Enpresan dauden lanbide profilen analisi bat eginen du hark, hobekuntza esparruak identifikatuko ditu, lortu beharreko helburuak zehaztuko ditu eta ekintza plan bat eginen du.

–Ekintza plana antolatzeaz eta definitzeaz arduratuko dira.

–Ekintza planean aurreikusten den prestakuntza Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NL-NEZ aurrerantzean) eginen du, Iturrondo zentroaren bidez.

–Programa gauzatzen lagundu eta jarraipena eginen dute. Jabeei, zuzendaritzako kideei eta erdi mailako kargudunei laguntza emanen zaie ekintza planean jasotako neurriak abian jartzeko orduan eta zuzendariaren garapen profesionalerako hautatutako arloak hobetzeko orduan.

–Egindako jardueraren kalitatea eta eragina ebaluatuko dute. Planteatutako ibilbide orria zer mailatan bete den aztertuko dute, eta ondorioak aterako dira abiatutako edo abiatzeko bidean diren neurriek enpresaren kontsolidazioan eta hazkundean izandako eraginaren gainean.

B) Enpresan lanbide profilak txertatzeko programa.

B.1) Programa honetan aurreikusitako ekintzen helburua da Nafarroako ETEetan betetzen zailak diren lanbide profilak txertatzea. Horrez gain, aurreikuspenen arabera, programan parte hartzen dutenen laneratzea kudeatu eta bultzatuko da.

B.2) Entitate onuradunak:

–Identifikatuko dute zer lanpostu diren zailak betetzeko enpresetan, eta horien eskumen profila deskribatuko dute dena delako lanposturako. Horretarako, aholkulari espezializatu baten laguntza izanen dute.

–Hautatuko dute zer pertsonak parte hartuko duten ekintzetan. Horretarako, NL-NEZaren enplegu agentzien sarea erabiliko da.

–Gaitasunen ibilbidea antolatzeaz eta definitzeaz arduratuko dira.

–NL-NEZa arduratuko da prestakuntzaz, Iturrondo zentroaren bidez.

–Parte-hartzaileen laneratzea bultzatuko eta kudeatuko dute eta horren jarraipena eginen dute, kontratu modalitateetako edozein baliatuz.

–Egindako jardueraren kalitatea eta eragina ebaluatuko dute. Adierazleak zehaztuko dira, neurtzeko, batetik, jasotako arretaren kalitatea, eta, bestetik, parte-hartzaileen enplegagarritasun emaitzak, gogobetetasun-maila eta enpresentzat duen erabilgarritasuna.

C) Enpresa sentsibilizazioko programak.

C.1) Programa honen xedea da sentsibilizazio eta gaikuntza ekintzak egitea, batez ere Nafarroako enpresetako langileentzat eta arlo hauei dagokienez: lehiakortasuna, enpresa lankidetza, networking-a, jardunbide egokien trukea, dibertsifikazioa, nazioartekotzea, aliantzak, estrategia digitala, industria 4.0, S3 estrategia, berrikuntza, enpresa kudeaketa, sektore eta lurralde garapena, bai eta enpresa kontsolidazioa eta garapena bultzatzen duen beste edozein gai.

Ekintzak izanen dira bai Nafarroako enpresentzat oro har, bai sektore zehatz batzuentzat edo lurralde jakin batzuetako enpresentzat.

C.2) Diruz lagunduko dira jardunaldiak, mintegiak, mahai teknikoak, lan jardunaldiak, sektore edo lurralde topaketak eta antzeko jarduketak, betiere baliagarriak badira esperientzien trukerako, enpresa lankidetzarako eta oinarri honen C.1 atalean adierazitako gaiei buruzko informazioa emateko.

3.2. Dirulaguntza emateko ebazpena eman eta biharamunetik gauzatu daitezke hiru programetako jarduketak eta ekintzak, eta 2020ko azaroaren 15a baino lehen bukatu behar dira.

3.3. Proposatutako jarduketak ez gauzatzeak berekin ekarriko du zigorrak izatea etorkizunean egiten diren hurrengo deialdietan, ehuneko hauek aplikatuz:

–%10era arteko ez-gauzatzeak: ez dago zigorrik.

–%10etik gorako ez-gauzatzeak: %40ra arteko zigorra, baremoan lortutako puntu guztien gainean. Zigorra proportzionalki kalkulatuko da.

Ez-gauzatzea kalkulatzeko, emandako dirulaguntza izanen da erreferentzia.

4. Dirulaguntzen zenbatekoa.

4.1. Emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, programa bakoitzean jasotzen den jarduketa mota hartuko da kontuan, honela:

a) A eta B programetan:

–Kanpoko zerbitzuak orientazio, aholkularitza, laguntza eta ebaluazio lanetarako: diruz lagunduko den zenbatekoa 70 euro izanen da orduko.

–Dirulaguntzaren onuradun den entitateko teknikariei dagozkien pertsonal-gastuak: 30 euro orduko.

–Dirulaguntzaren onuradun den entitateko laguntzako langileei dagozkien pertsonal-gastuak: 20 euro orduko.

–Ekintzei lotutako gastuak (publizitatea, materialak eta abar): gehienez ere 500 euro programako.

b) C programetan:

–Jardunaldiak, mintegiak edo mahai teknikoak: gehienez ere 1.500 euro.

–Sektore edo lurralde topaketak: gehienez ere 1.000 euro.

4.2. Entitate bakoitzari gehienez ere 100.000 euroko dirulaguntza emanen zaio A eta B programa bakoitzeko (Enpresako lanbide profil estrategikoak garatzea eta Enpresan lanbide profilak txertatzea), eta 50.000 eurokoa C programarako (Enpresa sentsibilizazioa). Finkatutako mugak entitate eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaizkio, kontuan hartu gabe banaka edo batasun batean (beste entitate batzuekin) aurkezten den.

4.3. Muga horiek ez dira aplikatuko baldin eta entitate bakarra aurkezten bada programa bakoitzeko edo 9.2 oinarrian adierazi moduan kreditu erabilgarria baldin badago. Kasu horietan, dirulaguntza areagotuko litzateke programa bakoitzerako dagoen aurrekontu erabilgarriaren mugaraino, edo entitateak eskatutako gehieneko zenbatekoraino.

5. Parte-hartzaileak.

5.1. Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan aurreikusitako ekintzetan:

a) Enpresako lanbide profil estrategikoak garatzeko programan: Nafarroako ETEen jabeak, zuzendaritzako kideak eta erdi mailako kargudunak.

b) Enpresan lanbide profilak txertatzeko programan:

–Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

–Enplegu prekarioa duten langileak, baldin eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren 1. puntuko a) eta b) letretan adierazitako baldintzak betetzen badituzte. Ulertuko da langile batek enplegu prekarioa duela indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako soldata duenean hilean. Nolanahi ere, parte-hartzaile hauek ez dute gaindituko programa guztien parte-hartzaileen %30.

c) Enpresa sentsibilizazioko programan: lehentasunez, Nafarroako enpresetako langileak.

5.2. Dagokion enplegu agentziak eginen du enpresan lanbide profilak txertatzeko programan parte hartuko duten langabeen aurretiko hautaketa, entitate onuradunak aurrez eskatuta, eta aipatu programaren esparruan zehazten den profilarekin bat datozen hautagaien artean aukeratuta. Entitate onuradunak behin betiko hautaketa egiten ahalko du, objektibotasunaren eta berdintasunaren irizpideei jarraikiz. Halakoetan, entitateak enplegu agentziari esanen dio zein diren irizpide horiek eta zer prozedura erabiliko duen hautaketa egiteko.

Ezin izanen dute programa honetan parte hartu NL-NEZek antolatutako edo finantzatutako ikastaro bat egiten ari direnek eta hura utzi behar dutenek programa honetan sartzeko.

5.3. A eta B programetan parte hartzen dutenek (Enpresako lanbide profil estrategikoak garatzea eta Enpresan lanbide profilak txertatzea) parte hartzeko agiria bete beharko dute. Nafarroako Atariaren tramiteen atalean egonen da eskuragarri (www.nafarroa.eus).

5.4. Entitate onuradunak bertaratze edo parte-hartze diploma emanen dio deialdi honetan parte hartu duen parte-hartzaile bakoitzari. Aipatu diploman agertuko dira, gutxienez ere, jarduketaren izena, landutakoaren xedea edo edukiak, eta zein egunetan eta ordutan garatu den.

Agiri horietan Nafarroako Gobernuaren ikurra agertuko da, deialdi honen 21.2 oinarrian ezarritakoarekin bat.

Aipatu diplomak eman ziren daten erregistro bat gorde beharko du entitateak.

6. Eskaera egiteko epea eta modua eta aurkeztu beharreko agiriak.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

Entitate, enpresa edo elkarte eskatzaileek eskaera bat aurkeztuko dute dirulaguntza eskaeraren xedeko programa bakoitzeko.

6.3. Entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen hauek sinatu beharko ditu:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo harturiko dirulaguntzen adierazpena.

c) Abian den zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako de minimis laguntzei buruzko adierazpena.

d) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla.

Eskabidea sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.

6.4. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera egiten duen lege ordezkari baimenduaren identifikazioa. Ordezkaritza hori notario-ahalordearen bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein baliabideren bitartez frogatuko da.

b) Programa bakoitzaren justifikazio memoria, gutxienez informazio hau jasotzen duena:

1.–Garatu beharreko proiektu mota.

2.–Justifikazioa: inguruaren ezaugarriak, abiapuntua, lan merkatuaren beharrak, etab.

3.–Helburuak.

4.–Aurreikusitako jarduketak eta onuradunak.

5.–Ekintza plana.

6.–Aurreikusitako giza taldea eta baliabide materialak.

7.–Jarraipena, ebaluazioa eta kontrola egiteko mekanismoak.

c) Programaren aurrekontua, 4.1 oinarrian adierazitako gastu kontzeptuen arabera zehaztua.

d) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, “transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” inprimakia aurkeztu beharko da.

e) Aurrekoaz gain, NL-NEZek aurkezten zaizkion eskaeren gainean behar bezala ebazteko behar dituen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

6.5. b), c) eta d) letretan aipatutako eskaera eta agiriak Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatuan aurkeztu beharko dira (www.nafarroa.eus).

Eskabidea aurkeztearekin batera, NL-NEZari baimena ematen zaio zerga betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei buruzko ziurtagiriak edo informazioa eskatzeko, bai eta eskatzailearen eta ordezkariaren IFZ eta NANa kontsultatzeko ere. Ez da beharrezkoa izanen 6.4 oinarriaren a) letran adierazitako agiria aurkeztea, baldin eta Nafarroako Gobernuan edo bestelako administrazio batean aurkeztu bada. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta NL-NEZek elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez. Entitateak ez badu baimenik ematen kontsulta hori egiteko, dagozkion frogagiriak aurkeztu beharko ditu eskaera hau tramitatze aldera.

7. Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

7.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunei eskatzen ahalko zaie akatsak zuzen ditzatela, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

7.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

8. Balorazio irizpideak.

8.1. Aurkeztutako eskaeren baloraziorako, irizpide komun hauek hartuko dira kontuan:

A) Proposamenaren alderdi teknikoak: 20 puntu gehienez. Baloratuko dira programaren aurkezpena, proposatutako helburuak, helburu eta adierazleak eta planteatutako jarduerak bat ote datozen, eta erabili beharreko baliabideak.

5 puntu emanen dira gehienez adierazitako item bakoitzeko, eta gutxienez 10 puntu eskuratu behar dira dirulaguntza jaso ahal izateko.

B) 5 puntu emanen zaizkie honako entitate hauei: estatutu edo helburu sozialetan berdintasuna sustatzea dutenak; berdintasun plan bat dutenak; zuzendaritza batzordean sexuen arteko oreka dutenak; berdintasunaren arloko langile delegatuak dituztenak edo gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko entitate gisa ofizialki aitortuta daudenak.

C) Efizientzia ekonomikoa: 5 puntu gehienez:

–0,5 puntu emanen dira hau gertatzen bada: prezioa merkatzen bada, programen eskaeren batezbestekoa kontuan hartuta, ehuneko puntu bakoitzeko. Ehunekoak osoak ez badira, egoki den zati proportzionala emanen da.

8.2. Enpresako lanbide profil estrategikoak garatzeko programen berariazko irizpideak:

A) Programari lotutako enpresak: 10 puntu gehienez.

–Puntu bat emanen da programari lotutako enpresa bakoitzeko, onuradun gisa aurkeztu ez bada eta programan parte hartzen badu. Idatziz frogatu beharko da parte-hartze hori eta haren konpromisoak.

B) Zonifikazioa: 20 puntu gehienez.

–Jarduketak enplegu agentzien zenbat eraginpeko eremutan egiten diren kontuan hartuta, 2,5 puntu emanen dira eremu bakoitzeko (kasuan kasuko enplegu agentziari esleitutako udalerriei dagokien eremua: Agoitz, Altsasu, Doneztebe, Lizarra, Lodosa, Iruña, Tutera eta Tafalla).

8.3. Enpresan lanbide profilak txertatzeko programaren berariazko irizpideak:

Laneratzea: 30 puntu gehienez:

–4 puntu emanen dira formalizatzen den lan-kontratu mugagabe bakoitzeko.

–4 puntu emanen dira pertsona hauekin formalizatzen den lan-kontratu bakoitzeko, baldin eta hiru hilabetetik beherakoa bada edo sei hilabetetik beherakoa lanaldi partzialean, eta eguneko gutxieneko %50eko lanaldia badu: gizarteratze-errenta edo errenta bermatua jasotzen duten pertsonak, gutxienez ere %33ko desgaitasuna frogatzen duten pertsonak, emakumeak, 45 urtetik gorakoak edo iraupen luzeko langabeak diren 30 urtetik gorakoak (gutxienez 12 hilabetez langabezian azken 18 hilabetean).

–2 puntu emanen dira formalizatzen den lan-kontratu bakoitzeko, baldin eta hiru hilabetetik beherakoa bada edo sei hilabetetik beherakoa lanaldi partzialean, eta eguneko gutxieneko %50eko lanaldia badu.

–Puntu bat emanen da formalizatzen den lan-kontratu bakoitzeko, baldin eta hiru hilabetetik beherakoa bada edo sei hilabetetik beherakoa lanaldi partzialean, eta eguneko gutxieneko %50eko lanaldia badu.

8.4. Enpresa sentsibilizazioko programaren berariazko irizpideak:

A) Parte-hartzaile kopurua: 10 puntu gehienez. Programan aurreikusitako parte-hartzaile kopurua baloratuko da.

–Puntuazioa proportzionalki emanen da, eta gehieneko puntuazioa emanen da parte-hartzaileak 1.000 direnean.

B) Zonifikazioa: 20 puntu gehienez.

–Jarduketak enplegu agentzien eraginpeko eremuetan egiten badira, 2,5 puntu emanen dira eremu bakoitzeko.

8.5. Zigorra, aurreko dirulaguntzen deialdian, hau da, Nafarroako ETEetan lanbide profil estrategikoak garatzeko eta lanbide profilak txertatzeko eta enpresa sentsibilizazioko ekintzak gauzatzeko dirulaguntzen aurreko deialdian, ez-gauzatzeak izateagatik:

–%10era arteko ez-gauzatzeak: ez dago zigorrik.

–%10etik gorako ez-gauzatzeak: %40ra arteko zigorra, baremoan lortutako puntu guztien gainean. Zigorra proportzionalki kalkulatuko da.

9. Laguntzak emateko irizpideak.

9.1. Dirulaguntzak programa bakoitzeko emanen dira, balorazioaren puntuazio hurrenkeraren arabera, programa bakoitzerako kreditu erabilgarria agortu arte.

Gertatzen bada programa bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontua ez dela nahikoa finantzatzeko, gutxienez, dagoen krediturako egindako azken eskaeraren %30, aipatu aurrekontuan handitu eginen da, lehenik, 3.1.B) oinarrian adierazitako programetarako aurreikusitako zenbatekoa eta, bigarrenik, 3.1.A) oinarrian adierazitako programetarako aurreikusitakoa. Ez da inolaz ere handituko 3.1.C) oinarrian adierazitako programetarako aurreikusitako zenbatekoa.

9.2. Behin dirulaguntzak emateko prozesu hori eginda, kreditu erabilgarririk geratuko balitz A edo B programetako batean, soberakina beste programako kantitatea areagotzeko erabiltzen ahalko da. Kasu horietan, ez da aplikatuko 4.2 oinarrian ezarritako muga, eta dirulaguntzaren zenbatekoa 150.000 euro handitzen ahalko da gehienez programako.

9.3. Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, berdinketa hausteko irizpidetzat hartuko da parte-hartzaile emakumezkoen kopuru handiena zeinek duen.

10. Laguntzak emateko prozedura eta organo eskudunak.

10.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.2. NL-NEZeko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

10.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa NL-NEZeko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

10.4. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio.

10.5. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea bi hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori dagokion ebazpena eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

11. Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Deialdi honen beste oinarri batzuetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrez gain, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honetan jasotako ekintzetan parte hartzen dutenentzako nahitaezko doakotasuna errespetatzea.

b) Dirulaguntza zer jardueratarako eskatu den, hura egitea deialdi honen baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz, baita programa baloratzeko eta dirulaguntza emateko oinarri hartutako baldintzekin bat ere.

c) Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta likidatzeko faseetan NL-NEZek eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea.

d) Dirulaguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztea, baita dirulaguntza emateko arrazoi izan den jarduera eta kostuak gauzatu direla frogatzen dutenak ere.

e) Ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko NL-NEZek eta kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak noiznahi emanez.

Horretarako, ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko argibideak eta agiriak entitate onuradunean gorde beharko dira, kontrol eta auditoriaren esku, gutxienez lau urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

f) Eskabidean edo eskaerak tramitatzeko eta dirulaguntzak emateko organo eskudunei aurkeztutako agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.

11.2. Ekintzak edo proiektuak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

11.3. Gardentasun betebeharrak:

11.3.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuta daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun betebeharra betetzera baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, urtebetez, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, NL-NEZari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

11.3.2. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, Nafarroako Atariko tramiteen atalean (www.nafarroa.eus) adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri.

11.3.3. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11.3.4. Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, erabakitzen ahalko da arau horretan xedatutako isunak eta zehapenak ezartzea, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

11.4. Betebeharrak, 8.3.A) oinarrian ezarritako laneratze konpromisoari dagokionez.

11.4.1. Laneratzea bete dutela frogatu beharko dute entitate onuradunek, dirulaguntza emateko prozedura egin eta baloratu zen uneko baldintzen arabera.

11.4.2. Laneratzea baldintza hauetan eginen da:

a) Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden zentroetan eginen dira kontratazioak.

b) Lan kontratuak lan arloko araudiarekin bat etorriko dira, eta lanaldi osokoak izanen dira, edo horien baliokideak lanaldi partzialean (baldin eta eguneko lanaldia %50ekoa edo luzeagoa bada).

c) Laneratzeko konpromisoa betetzearen ondorioetarako, kontratazio mugagabetzat hartuko da parte-hartzaileak bazkide-langile gisa sartzea kooperatiba batean, lan sozietate batean edo ekonomia sozialaren sektoreko beste forma juridiko batean. Halakoetan, laneratze horren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

d) Kontratazioa prestakuntzaren bigarren egunetik aurrera egin daiteke, eta sei hilabeteko epean egin beharko da, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita.

12. Ekintzak gauzatzea eta haien hasiera jakinaraztea.

12.1. Deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarritakoa kontuan hartuta gauzatuko dira ekintzak.

12.2. Entitate onuradunak NL-NEZari jakinaraziko dio, gutxienez 2 egun natural lehenago, noiz hasten diren jarduerak, jardunaldiak eta antzeko beste jarduketak, bai eta ekintza bat dela-eta erabiltzaileak biltzen dituzten jarduketak ere. Horretarako, Nafarroako Atariko tramiteen atalean eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko dute (www.nafarroa.eus).

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio NL-NEZari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

12.3. Ezarritako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da jarduera, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

13. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

13.1. Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera burutu duela frogatu beharko du, eta jarduera horrek sortutako gastuak ere bai. Kostuak justifikatzeko eta dirulaguntzak likidatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

13.2. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Aurrerakina ez da inoiz izanen guztira emandako zenbatekoaren %25etik gorakoa.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta ordainketa partzialaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40 diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

13.3. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

b) Justifikazio-memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek bilduko dituena:

–Egindako jardueren xehetasuna, gauzatzearen arduradunak, emandako orduak, kostua eta tokia. Xehetasun hori justifikatzeko, aurkeztu beharko dira egindako gastuaren fakturak eta dagokion ordainagiria (Fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren araberakoak), merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa duten balio bereko agiriak, laneko parteak edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuk.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

13.4. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da, programa bukatu eta biharamunetik hasita. Edonola ere, justifikazioa azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik edo partzialki ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela NL-NEZaren alde, ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio dirulaguntza zati horri.

13.5. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, NL-NEZak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak. Kasu horretan, berandutze-interesa ordaintzeko eskatuko da, egindako azken ordainketatik hasi eta itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko aldiari dagokiona.

13.6. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

14. Ekintzen ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

14.1. NL-NEZek jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:

a) Denbora errealeko jarduketak. Atal honetan sartzen da jarduerak iraun bitartean haren jarraipena egitea, froga fisikoak eta testigantzak erabiliz, enpresako arduradunei, parte-hartzaileei eta koordinatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko asmoz jarduketak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.

b) Ex post jarduketak. Ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunetako eta enpresetako arduradunei eta parte-hartzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Ekintzen gauzatzea.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei bertaratze edo parte-hartze diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren ikurra agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, NL-NEZaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak antzematen badira, NL-NEZek entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

14.2. Entitateek aldaketak egiten ahalko dituzte C programako jardueretan, baldin eta horien ondorioz balorazio fasean lortutako puntuazioa gutxitzen ez bada. Entitateak aldaketa horien berri eman behar die NL-NEZari jarduera hasi baino 2 egun lehenago beranduenez, aldaketak egin eta gero lortutako puntuazioaren justifikazioarekin batera.

15. Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

15.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren egoerak gertatzen badira, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

15.2. Ez-betetzeak honako irizpideen arabera zehaztuko dira:

–Ez-betetzea programa bakoitzean aurreikusitako ekintzetan: ez-betetzea erabatekotzat hartuko da baldin eta aurreikusitako jardueraren %25 betetzen ez bada (hasiera batean aurreikusitako jarduera kopuruaren aldean benetan egindako jarduera kopuruaren adierazlearekin neurtuta). Horrek dirulaguntza deuseztatzea ekarriko du. Partez (%25 baino gehiago) gauzatzen bada, gauzatu ez den zatiaren proportzioan gutxituko da dirulaguntza.

–8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen ez-betetzea: programa diruz laguntzeko baloratu diren irizpide guztiak edo baten bat betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken justifikaziotik.

15.3. Dirua itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da aurreko apartatuan dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatzean, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat tramitatuko da.

15.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

15.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo emandako dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik askatzen den dirua erabil daiteke hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten programei laguntzak emateko, deialdi berri bat egiteko beharrik gabe eta balorazioaren puntuazio-ordenari jarraikiz.

16. Azpikontratazioa.

16.1. Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera azpikontratatzen ahalko du, eta edozein kasutan ere, bere gain hartuko du gauzatzearen erantzukizuna administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

16.2. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotzen diren mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.

17. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira programak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide propio batzuekin. Dena dela, zenbatekoak ezin izanen du gainditu, inola ere, ez bakarrik ez beste batzuekin batera, egin gogo den jardueraren kostua.

Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, entitate onuradunek horren berri eman beharko diote NL-NEZari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

18. Datuen babesa.

18.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek eskaeretan eta jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

18.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta programetan parte hartzen dutenen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB) eta Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

19. Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen guztian arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen araudia.

20. De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, entitate bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

21. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

21.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZek jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

21.2. Entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren finantzabidearen berri eman beharko dute informazio, argitalpen, material eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta programak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Betiere, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatu beharko dira (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen foru dekretua da hori).

22. Errekurtsoak.

Interesa dutenek pertsona edo entitateek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo haiek jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Aurkaturiko ekintza espresua ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1915041