243. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

27/2019 FORU LEGEA, abenduaren 9koa, kreditu-gehigarri bat ematen duena Unión de Agricultores y Ganaderos de Navarra (UAGN) eta Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE) erakundeei diruz laguntzeko, nekazarien eta abeltzainen interesak babesteagatik.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, KREDITU-GEHIGARRI BAT EMATEN DUENA UNIÓN DE AGRICULTORES Y GANADEROS DE NAVARRA (UAGN) ETA EUSKAL HERRIKO NEKAZARIEN ELKARTASUNA (EHNE) ERAKUNDEEI DIRUZ LAGUNTZEKO, NEKAZARIEN ETA ABELTZAINEN INTERESAK BABESTEAGATIK.

ATARIKOA

Nekazaritza Zerbitzuaren 2019ko gastuen aurrekontuan honako partida hauek daude: 710002 71220 4819 412100 partida, “UAGNrentzako dirulaguntza, nekazarien eta abeltzainen interesak babesteagatik” izenekoa, eta 710002 71220 4819 412102 partida, “EHNErentzako dirulaguntza, nekazarien eta abeltzainen interesak babesteagatik” izenekoa; hurrenez hurren 85.542 euroko eta 46.658 euroko zuzkidura dute.

Aipatutako partidetan hasiera batean egindako aurrekontuko diru-izendapena ez da aski UAGN eta EHNE erakundeen 2019ko jarduketei erantzuteko, eta, horregatik, hasieran aurreikusitako aurrekontu zuzkidura horiek handitzea planteatzen da, gauzatutako ekintzek eragindako gastuak finantzatzeko.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluak ezartzen du ezen, hurrengo ekitaldira arte atzeratu ezin daitekeen gasturen bat aurrekontu indardunaren kargura egin behar bada eta krediturik ez badago edo kontsignatutakoa aski ez bada, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, foru lege proiektu bat bidaliko diola Nafarroako Parlamentuari, kreditu berezi bat eta/edo kreditu-gehigarri bat ematekoa.

1. artikulua. Kreditu-gehigarriak.

2019ko gastuen aurrekontuko kreditu-gehigarri hauek ematen dira:

a) “UAGNrentzako dirulaguntza, nekazarien eta abeltzainen interesak babesteagatik” izeneko 710002 71220 4819 412100 partidan, 50.000 eurokoa.

b) “EHNErentzako dirulaguntza, nekazarien eta abeltzainen interesak babesteagatik” izeneko 710002 71220 4819 412102 partidan, 30.000 eurokoa.

2. artikulua. Kreditu-gehigarrien finantzaketa.

Kreditu-gehigarrien finantzaketa “Nekazarien erakunde profesionalentzako laguntza Nekazaritza Politika Bateratuaren berri emateko” izeneko 710001 71230 4819 414200 partidaren kargura eginen da, 80.000 euroko zenbatekoarekin.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko abenduaren 9an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F1915638