1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
24/2019 FORU AGINDUA, azaroaren 18koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, “Oinezkoentzako pasabidea PA-30 errepidearen gainetik, Iruña eta Orkoien artean, Nafarroan” eraikitzeko proiektua behin-behinekoz onesten duena.
2019ko azaroaren 5ean izenpetu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Lurralde Kohesiorako Departamentuaren, Iruñeko Udalaren eta Orkoiengo Udalaren arteko lankidetza hitzarmena, “Oinezkoentzako pasabidea PA-30 errepidearen gainetik, Iruña eta Orkoien artean, Nafarroan” eraikitzeko obrak egiteko.
Hitzarmen horren hirugarren klausulan adierazten da Lurralde Kohesiorako Departamentuak eskatu zuela “Oinezkoentzako pasabidea PA-30 errepidearen gainetik, Iruña eta Orkoien artean, Nafarroan” eraikitzeko proiektua idazteko, eta bidezkoa dela behin-behinean onestea. Onespenarekin batera ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda ere onetsi da, desjabetze espedienteari hasiera eman ahal izateko.
Aldi berean, laugarren klausulan ezartzen da proiektua behin betiko onetsi eta gero, Lurralde Kohesiorako Departamentuak desjabetzeak egiteko kudeaketak gauzatuko dituela eraiketa-proiektuan deskribatzen diren obrak exekutatzeko behar diren lurrak okupatzeko, eta desjabetutako lurren onuraduna Iruñeko Udala dela aldarrikatzeko, kontuan hartuta lur guztiak haren udal-mugartean daudela.
Proiektuak definitzen du zer elementu behar den oinezkoentzako pasabide bat eraikitzeko PA-30 errepidearen gainean, gutxi gorabehera 20+800 kilometro-puntuan, eta hara iristeko oinezkoentzako bidexka bat eraikitzeko, oinezkoek eta ziklistek maila ezberdinetan gurutzatu ahal izateko, eta inoiz, beharrezkoa bada, zaintze lanetarako edo larrialdietarako ibilgailuek erabiltzeko modukoa.
Helburua da galaraztea Iruña eta Orkoienen artean ibiltzen diren erabiltzaileek, asko baitira, PA-30 errepidea bere sestran zeharkatzea, horrela inguruaren bide-segurtasuna hobetuko delakoan.
Iruñearen eta Orkoienen arteko hurbiltasunak oinezkoen trafiko handia sorrarazten du. Trafiko hori, batez ere, NA-700 errepidearen bazterretako espaloietatik joaten da (errepide hori Iruña-Lizarrara Etxauritik doana da), eta PA-30 (Iparreko saihesbidea) errepidea zeharkatzen du 20+800 kilometro-puntutik hurbil. Bi errepideek elkar mozten dute 25 m-ko erradioa duen biribilgune batean, zirkulatzeko bi errei dituen galtzada batek osatua. Gaur egun, oinezkoek zeharkatzen dute errepide hori biribilgunetik, eta hori oso arriskutsua da bide-segurtasunaren aldetik, bai ibilgailuen zirkulaziorako, bai oinezkoentzako.
Proiektatutako obra, oinarri-oinarrian, pasabide bat egitea da PA-30 errepidearen gainetik, baina beste sestra batean. Horretarako ez da kontuan hartu PA-30 errepidea bikoizteko proiektuan aurreikusten den trazadura, baina aski zabalera eman zaio pasabideari, bikoizketaren proiektua pasabidearen inguruan aldatuz gero, bertan egokitu ahal izateko pasabidea ukitu gabe. Aukera honek egin du posible pasabidearen luzera txikiagotzea, eta sortutako afekzioak murriztea, batez ere PA-30 errepidearen eskuineko bazterrean dagoen gas-kanalizazioari eragiten ziotenak.
Aurreikusten diren jarduketak bi dira: alde batetik, ibilbide osoan 3 m-ko sekzio askea edukiko duen oinezkoentzako bidexka bat egitea bi muturretako espaloiak lotzeko; bidexka horren zoladura hormigoizko lauza bat izanen da, gainazaleko agregakina agerian duen akabera batekin, eta baldosa edukiko duen beste zati labur bat (baldosa hori bidea pasatu eta Orkoienerantz doan espaloiak duena bezalakoa izanen da). Bigarren jarduketa PA-30 zeharkatzea posible egiten duen oinentzako pasabide bat muntatzea izanen da. 32,50 m-ko luzera duen bao batez hornitutako metalezko egitura batek osatuko du pasabidea. Argiteria publikoa jartzea aurreikusten da, led motako luminariekin, baita dauden zerbitzuak birjartzea eta babestea ere; zehatz esateko, gasa, hornidura, telefonia eta elektrizitatea.
Oinezkoentzako bidexkaren gehieneko malda %6koa izanen da, otsailaren 1eko VIV/561/2010 Aginduak adierazten duen bezala (agindu horren bidez garatzen da espazio publiko urbanizatuak eskuragarri eta erabilgarri egoteko irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezako baldintza oinarrizkoen agiri teknikoa).
Oinezkoentzako bidexkaren luzera osoa 442 m da, gutxi gorabehera, 0+030 kilometro-puntuan neurtzen hasita, hau da, Orkoienerantz doan espaloiaren lotunea hasten den tokian, 0+472 kilometroaren ingurura arte, non Iruñerantz doan espaloiarekiko lotunea baita.
Hiru eskailera-tarte sartu dira, oinezkoentzako bidexkatik doan ibilbidea ahalik eta laburren izan dadin. Bat iparraldean da, eta beste biak hegoaldean. Zabalera 2,00 m da, eta alboetan 1,65 m-ko altuera duten bi hormatxo ditu, lurrari kontzeko eta altzairu herdoilgaitzeko eskudela jartzeko. Jarriko diren argiak led motakoak izanen dira, eta hormatxoetan sartuta egonen dira.
Proiektua jendaurrean jartzeko idatzi den dokumentuak Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeak eskatutako agiriak jasotzen ditu.
Horrenbestez, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak egindako txostenarekin eta proposatu duenarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak xedatzen duenarekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. “Oinezkoentzako pasabidea PA-30 errepidearen gainetik, Iruña eta Orkoien artean, Nafarroan” proiektua behin-behinean onestea.
2. Proiektuak ukitzen dituen ondasun eta eskubideen desjabetze-espedienteari hasiera ematea (zerrenda erantsi da eranskinean), zeinaren onuraduna Iruñeko Udala baita, ukitutako lur guztiak Iruñeko udal-mugartean baitaude.
3. Proiektua jendaurrean jartzea hilabetez. Epe horretan interesdunek egokitzat jotzen dituzten oharrak edo alegazioak aurkez ditzakete idatziz, eta ondasun eta eskubideen zerrendako okerrak zuzentzeko behar diren datuak eman. Eranskinean jaso da zerrenda hori. Interesdunek eskura izanen dute proiektua Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuaren bulegoetan eta Iruñeko eta Orkoiengo udaletxeetan.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta departamentuaren web-orrian argitaratzea, eta dagokion iragarkia bidaltzea Foru Komunitatean hedapen handiena duten egunkarietako bitara.
5. Foru agindu hau Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari, Desjabetze Bulegoari eta Iruñeko eta Orkoiengo udalei jakinaraztea, eta horiek premiatzea beren iragarki tauletan argitara dezaten.
Iruñean, 2019ko azaroaren 18an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.
ERANSKINA “PROIEKTUA, OINEZKOENTZAKO PASABIDEA PA-30 ERREPIDEAREN GAINETIK ERAIKITZEKO, IRUÑA ETA ORKOIEN ARTEAN, NAFARROAN” Ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza |
FINKA ZK. | JABEA ETA HELBIDEA | DESJ. AZALERA (m²) | KATASTROKO DATUAK |
Pol. | Lurz. | Alorra |
IRUÑEKO UDAL MUGARTEA |
PA-42a | Fundación Iraizoz Astiz Hermanos Sarasate pasealekua 20-2. ezk. (Iruña) | 725 | 7 | 2344A | Leh. alorra |
PA-42b | Fundación Iraizoz Astiz Hermanos Sarasate pasealekua 20-2. ezk. (Iruña) | 176 | 7 | 2344B | Larreak |
PA-54a | Murillo Azcona, José Ramón Irunbidea kalea 15 (Orkoien) | 870 | 7 | 2343A | Leh. alorra |
PA-54b | Murillo Azcona, José Ramón Irunbidea kalea 15 (Orkoien) | 334 | 7 | 2343B | Larreak |
PA-55 | Elizari Redin, Jesús María Printzearen kalea 2-7. eskuin (Iruña) Elizari Redin, José Javier Gaztelugibel zeharkalea 15 (Iruña) | 497 | 7 | 2342 | Leh. alorra |
PA-56a | Ferrer Irurzun, Inés Hermosilla kalea 102-2. B (Madril) García de Fernando Ferrer, Emilio Ramón Ramírez de Arellano kalea 6 (Madril) García de Fernando Ferrer, Inés Mártires Concepcionistas kalea 6 (Madril) García de Fernando Ferrer, M.ª Pilar Alcalá kalea 165 (Madril) | 976 | 7 | 2341A | Leh. alorra |
PA-56b | Ferrer Irurzun, Inés Hermosilla kalea 102-2. B (Madril) García de Fernando Ferrer, Emilio Ramón Ramírez de Arellano kalea 6 (Madril) García de Fernando Ferrer, Inés Mártires Concepcionistas kalea 6 (Madril) García de Fernando Ferrer, M.ª Pilar Alcalá kalea 165 (Madril) | 113 | 7 | 2341B | Larreak |
PA-57 | Arraiza Rodríguez-Monte, Eugenio Errotazar kalea 24-4. D-E (Iruña) | 1.440 | 7 | 2345 | Leh. alorra |
PA-100b | Nafarroako Foru Komunitatea (Errepideak) San Ignazio etorbidea 1 -3.a, Iruña | 749 | 7 | 2476B | Elkorra |
PA-101 | Iruñeko Udala Udaletxe plaza 1 (Iruña) | 266 | 7 | B/E | Bidea |
Garbiguneak eta behin-behineko instalazioek ukitutako lurzatiak |
FINKA ZK. | JABEA ETA HELBIDEA | ALDI BATERAKO OKUPAZIOA (m²) | KATASTROKO DATUAK |
Pol. | Lurz. | Alorra |
IRUÑEKO UDAL MUGARTEA |
PA-100a | Nafarroako Foru Komunitatea (Errepideak) San Ignazio etorbidea 1 -3.a, Iruña | 10 | 7 | 2476A | Lurzorua |
PA-100b | Nafarroako Foru Komunitatea (Errepideak) San Ignazio etorbidea 1 -3.a, Iruña | 563 | 7 | 2476B | Elkorra |
Iragarkiaren kodea: F1914948