240. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko azaroaren 20an hartua, “Plazaola trenbide zaharraren trazadura (Irurtzun-Leitza tartea) berreskuratzea” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa egituratzailearen tramitazioari hasiera ematen diona. Trazadura aldaketa bat da, Mugiroko tuneletik pasatzea eragozteko. Plazaola Turismo Partzuergoak sustatu du. Jendaurrean jartzeko eta ukitutako udalei entzunaldia emateko aldi bereko tramiteei hasiera ematen zaie.

“Plazaola trenbide zaharraren trazadura (Irurtzun-Leitza tartea) berreskuratzea” Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren (UPS) xedea da Plazaola zaharraren trazadura bide berde gisa berreskuratzea. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 1991ko urtarrilaren 17ko Erabakiaren bidez onartu zen (1991ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren, otsailaren 6koa).

2019ko uztailaren 5ean, Plazaola Turismo Partzuegoak aipatutako UPSaren aldaketa bat aurkeztu zuen, Plazaolako bide berdearen trazadura aldatzeko, gaur egun hondoratuta dagoen Mugiroko tuneletik igarotzea saihesteko.

Tarte horretan indarrean dagoen UPSak trazadura nagusi bat proposatzen du tunela zeharkatuz, eta kanpoko trazadura alternatibo bat iparraldetik. Aldaketa proposamena da bi trazaduren ordez berria egitea, hondoratutako tunela dagoen mendiaren hegoaldeko hegaletik.

Proposatutako trazadura berriak, haren bi muturrak lotzen dituenak (%3ko batez besteko malda duena, eta tarte batzuetan %8tik beherakoa), Lekunberritik Irurtzunera Plazaola osoa zeharkatzen duen hornidura-hodi baten plataforma aprobetxatzen du.

Trazadura horrek 360 m-ko luzera du, eta plataformaren zabalera 3 m-koa da. Larraungo udal-mugarteko 20. poligonoko 226., 212. eta 383. lursailetan, herri-basoko 1.155 m² okupatzen ditu.

Aldaketaren justifikazioa da “Plazaola” bide berdearen trazadura etenda dagoela Mugiron; izan ere, 200 metroko luzera duen eta trazadura kurbatua duen tunel batek duela 15 urte luizi handi bat izan zuen, zati batean hondoratuta dago eta erabat hondoratzeko arriskua dago.

Proposamenaren bideragarritasun ekonomikoari dagokionez, adierazten da trazadura proposatutako alternatibaren tokitik eramatearen kostua %6 dela Mugiroko tunela indartzeko irtenbidearen gainean, eta %20 Mugiroko gunearen bidez bide berri bat sortzearen gainean.

UPSak, “Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Irurtzun-Leitza tartea)”, korridore bat definitzen du, trenbidearen jatorrizko trazaduraren inguruko 6 metroko zerrenda bati dagokiona, zenbait puntutan trazadura-alternatibak dituena, eta eremu handiago bat inguruan, non lurzoru motak eta kategoriak zehazten baitira eta haietarako araubide bat zehazten den.

Trazadura berria, Nafarroa Atlantikoko Lurralde Antolamendurako Planak (POT2) identifikatutako lurralde-konektibitateko eremu baten mugetan badago ere, Aralar eta Bi Ahizpetatik iparralderantz gailurretatik konektatzen duena, ez du eragotziko POT horretan identifikatutako konektibitate-eskala. Eskala txikiagoan, bide berdearen trazadura osatzeak lurralde-konektibitatea sustatzen du, eta hala aitortzen du POT honek, bide berdea eskualde mailako oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide garrantzitsu gisa identifikatuz. Beraz, POT delakoarekin koherentea den jarduketa da.

Udal Planaren arabera (2000ko uztailaren 19an onetsi zen behin betiko), trazadura berria proposatzen den lurzorua lurzoru “generikoa (potentzialki basoa)” bezala sailkatuta dago. Planaren memoriaren arabera, iralekuz, sastrakaz, otez eta produktibitaterik gabeko lurzoruz osatutako lurzoruak dira, babesteko interes handikoak, non pistak eta bideak irekitzea baimentzen ahal baita, araudiaren arabera.

Indarrean dagoen UPSaren araudiari dagokionez, gogoratu behar da trazaduraren garbiketa eta sastrakak kentzea 3 m-ko zabalerara mugatuko dela, eta ezin izanen dela dela material asfaltikorik, hormigoirik edo antzekorik erabili (testu bateginaren 53. artikulua, 124. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 1993ko urriaren 11koa).

Txostena eskatu zaie Babes Zibilari eta Nafarroako Gobernuko Herri-lurren Atalari.

Ingurumen arloko tramitazioari dagokionez, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak honako hau adierazi du txosten batean: “UPSaren aldaketak ez du eragingo ur-hornidurako hoditeriaren proiektuan ebaluatu, zuzendu eta zaharberritutakoez bestelako ingurumen-eraginik, obra horietarako irekitako trazadura eta lan-kalea bere osotasunean aprobetxatzen baititu.

Dokumentazioa aztertu eta gero, egiaztatu da proposatutako aldaketak, ur-hornidurako proiektuan lan-kalearen lurra berdintzeko egin zirenak baino okupazio gehigarririk eta obra berririk eskatzen ez duenak, ez du eraginen afekzio gehigarririk garatzen den eremuko ingurumen eta paisaia balioetan. Afekzio horiek dagoeneko baloratu eta zuzendu dira, exekutatutako proiektuaren prebentzio eta inpaktuak zuzentzeko neurrien bidez.

Horrela, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren a) letraren arabera, tramitatzen ari den aldaketa onetsitako “Plazaolako bide berdea” UPSaren aldaketa txikitzat jotzen da, eta ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua eginen zaio.

Ingurumen eta paisaia ondorioetarako, eta UPSaren aldaketaren hasierako onespenerako prozedura substantiboaren barruan, nahikoa da aurkeztutako dokumentazioa, espedientearen ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua tramitatzen jarraitzeko aski delakoan”.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2019ko urriaren 25eko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU

1. “Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Irurtzun-Leitza tartea)” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren egituraren aldaketaren espedienteari hasiera ematea, trazadura aldatu eta Mugiroko tuneletik pasatzea galarazteko. Sustatzailea Plazaola Turismo Partzuergoa da.

2. Adieraztea, onetsi ahal izateko, aldaketak erabaki honetan eta eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko duela.

3. Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea jendaurrean jartzea hilabetez, eta, aldi berean, aldaketak ukitzen duen udalari entzunaldia emateko tramitea betetzea.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da helbide honetan dauden bulegoetan: Gonzalez Tablas kalea 9, 3. solairua, 31005 Iruña, eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da:

http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Eraginaren Atalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura eta Herri-lurren Atalera igortzea.

6. Larraungo Udalari, Mugiroko Kontzejuari eta Plazaola Turismo Partuergoari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 20an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1914800