24. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDIALDEA MANKOMUNITATEA

Mendialdea Mankomunitatearen garbigune finkoak kudeatzeko eta zerbitzua emateko ordenantza. Behin betiko onespena

Mendialdea Mankomunitateak, 2018ko urriaren 17ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Mendialdea Mankomunitatearen garbigune finkoak kudeatzeko eta zerbitzua emateko ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 6an.

Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza behin betikoz onetsi da eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

Leitzan, 2018ko abenduaren 31n.–Lehendakaria, Unai Loiarte Ansa.

MENDIALDEA MANKOMUNITATEAREN GARBIGUNE FINKOAK KUDEATZEKO ETA ZERBITZUA EMATEKO ORDENANTZA

FUNTSAREN AZALPENA

Zerbitzu honen xedea da erabiltzaileei erraztasunak ematea haien hondakinak modu egokian sailka ditzaten, ondoren aipatzen diren helburuak lortze aldera:

–Garbigunera eraman beharreko frakzioen gaikako bilketa hobetzea.

–Edukiontzien bitartez jasotako frakzioen inpropioen ratioak hobetzea, garbiguneetara bideratuko bailirateke.

–Tratatu beharreko hondakinak murriztea edo hondakin finalistak desegitea.

–Hondakinak kontrolik gabe botatzea saihestea.

–Etxean sortzen diren hondakin arriskutsuak behar bezala kudeatzea.

–Baliozta daitezkeen materialak behar bezala banantzea.

–Hondakinetan dauden materiak birziklagarriak berreskuratzea zuzenean birziklatzeko.

–Hondakinen tipologiagatik, edo jatorriagatik, kudeaketa-arazoak ematen dituzten hondakinak identifikatzea; besteak beste, nekazaritzako eta abeltzaintzako zenbait hondakin (artilea, sokak, eta abar). Halaber, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoarekin batera, arestian aipatutako horiek jasotzeko eta kudeatzeko bideak irekitzea.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1.–Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Mendialdea Mankomunitatearen garbigune finkoak erabiltzeko baldintza orokorrak ezartzea.

Garbigunea etxeko hondakinak eta hondakin parekagarriak gaika jasotzeko gune finkoa da. Horretara, erabiltzaileek hiri-hondakinak edo parekagarriak eraman ditzakete hondakin horiek behar bezala jaso, denbora batez biltegiratu eta, azkenik, baimendutako kudeatzaile emateko, horrek aprobetxatu, balioztatu edo, azkenean, desegin ditzan.

Ordenantza honen xedetik kanpo geratzen dira, hortaz, edukiontzi mugikor eta ibiltarietan jasotzen diren etxeko hondakinak eta parekagarriak jasotzeko puntuak; hau da, furgoneta (“birziklapen gune mugikorra” izenaz ezaguna) eta ekarpeneko txabolak (Goizueta, Leitza eta Lekunberrin dauden “etxolak” alegia).

Zein hondakin onartuko diren mugatzea, erabiltzaileek bete beharreko baldintzak, funtzionamendu-baldintzak, eta hala badagokio, zerbitzuagatik ordaindu beharreko prezio publikoa, ordenantza honek arautuko ditu.

2.–Eskumen titulua.

Mendialdea Mankomunitateak udalaren eskumenekoak diren hondakin solidoen bilketa burutzen du (UEHS), Mankomunitatea eratzeko ezarritako estatutuetako 5. artikuluak xedatutakoaren arabera. Alegia, eskumen eskuordetua du, UEHSei dagokienez, horien “plangintza eta kudeaketa egiteko, gauzatzeko eta kontrolatzeko, baita xede horietarako zuzenean nahiz zeharka baliagarriak izan daitezkeen bestelako ekintzak burutzeko ere”.

Zentzu honetan, UEHSak jasotzeko eta aldi baterako biltegiratzeko guneak ezartzea, eta ondoren hondakin horiek kudeatzaile baimenduari entregatzea, eskumen eskuordetze horretan berez sartzen den kudeaketa-, burutze- eta kontrol-eginkizunaren baitakoa da.

Halaber, Hondakinei eta horien fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legeko 16.2.e artikuluaren arabera, Mendialdea Mankomunitateak, gaikako eta inpropioen bilketan eskumena eta betebeharrak betetze aldera, kudeaketa zaila duten hondakinak jaso ahal izanen ditu Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoari entregatu arte, horrek kudea ditzan.

3.–Kudeatzeko modua.

Ordenantza honetan eta Mendialdea Mankomunitateko garbiguneak kudeatzeko sisteman xedatutakoaren arabera, eta Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoak emandako jarraibideak betez, garbiguneak Mankomunitateak berak kudeatuko ditu zuzenean, eta bera izanen da garbiguneen ustiapenaren arduraduna.

4.–Araudi aplikagarria.

Mendialdea Mankomunitatearen garbiguneak ordenantza honetan eta aplikagarriak zaizkion gainerako arauetan ezarritakoaren arabera gobernatuko dira. Arau horiek dira:

–14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Nafarroako Hondakinei eta horien Fiskalitateari buruzkoa.

–22/2011 Legea, uztailaren 28koa, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa.

–110/2015 Errege Dekretua, otsailaren 20koa, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoa.

–105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketari buruzkoa.

–23/2011 Foru Dekretua, abenduaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena.

Kudeaketari eta frakzioei buruzko kontzeptu teknikoen definizioak hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2001 Legeak xedatutakoa beteko du.

II. TITULUA

Ezarpen eremua

5.–Ezarpen eremua, lurraldea: eremua osatzen duten udalerriak.

Ordenantza hau Mendialdea Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan ezarriko da.

6.–Ezarpen eremu subjektiboa: erabiltzaileak.

6.1. Garbiguneen zerbitzua erabilgarri egonen da hiri-hondakin solidoak (HHS) jasotzeko eta tratatzeko tasaren subjektu pasibotzat hartzen diren pertsona guztientzat, HHSak biltzeko, tratatzeko eta aprobetxatzeko nahiz desegiteko tasak arautzen dituen Ordenantza Fiskaleko 5. artikuluaren arabera. Alegia, pertsona hauentzat guztientzat: “ordaintzera beharturik daude (...) edozein titulu dela bide, etxebizitzak, egoitzak, saltokiak eta dendak okupatzen, erabiltzen edo baliatzen edo ustiatzen badituzte edo bertan bizi badira, haien alde nahitaezko zerbitzu orokorra ezarriz gero”.

Erabiltzailetzat hartuko dira, ordenantza honen arabera, garbigunean onartutako hondakin-tipologia eta -kantitatea garbigunera eramaten duten subjektu pasiboak.

Mankomunitatea osatzen duten udalak, horrenbestez, subjektu pasibotzat eta erabiltzaile potentzial gisa hartuko dira.

6.2. Mendialdea Mankomunitateak pertsona fisikori nahiz juridikori baimena eman diezaieke ezohiko hondakinak garbigunera eramateko, nahiz eta pertsona horiek baldintza subjektiboa eta/edo lurralde-baldintza bete ez, baina puntualki, beren hondakinak zerbitzu honen bitartez kudeatzen interesaturik egon.

Eskaera idatziz aurkeztu beharko da Mankomunitatean, eta lehendakaritzak eskaera ebatziko du, horretarako landuko diren txosten teknikoari eta juridikoari erreparatuta. Ebazpen horretan berean, “ezohiko erabiltzaileak” ordaindu beharreko prezio publikoa erabakiko da, garbigunera eramango den hondakin-motaren, kantitatearen eta Mankomunitateak ordaindu beharko duen kudeaketa-kostuaren arabera.

6.3. Ez dira Garbigunearen erabiltzaile izanen:

–Hiri-hondakinak eta/edo hondakin inerteak biltzen eta kudeatzen dituzten enpresak.

–Industriak, oro har, eta eraispen-enpresak.

–Merkataritza: saltegi handiak.

–Konponketa-lantegiak.

–Subjektu pasibo ez diren pertsona fisikoak eta juridikoak, ezohiko baimenarekin izan ezik.

6.4. Hondakinak sortu dituen subjektu pasiboa ez den beste pertsona batek entregatu behar baditu hondakin horiek, sortu dituenak Mankomunitateari eta/edo Garbiguneko arduradunari jakinaraziko dio egoera hori, eta hondakinak ordezko batek entregatzea eskatuko du.

Eskaera horretan, hondakina sortu duenak entregatuko diren hondakinak zein motakoak diren, zein kantitate, zergatik entregatuko dituen ordezko batek eta ordezko horren identifikazioa jakinarazi beharko ditu. Aurkeztutako dokumentazioan oinarritua, Mankomunitateak hondakinak sartzea baimenduko edo ukatuko du.

7.–Helburua eta aplikazio-eremua: onartutako hondakin solidoak, udalaren eskumenekoak.

7.1. Onartuko diren hondakinen tipologia.

Mendialdea Mankomunitatearen Garbiguneetan onartuko diren hondakinak Garbigunearen Kudeaketa Planak onartutako etxeko hondakinen zerrendaketa izanen da.

Alegia, “etxeko hondakinak” izanen dira 22/2011 Legeko 3.b artikuluak definitutakoak, hala nola:

“Etxeko hondakinak”: etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortutako hondakinak. Horien gisakoak, zerbitzuek eta industriek sortuak ere, hartuko dira etxeko hondakintzat.

Hauek ere kategoria honetan sartzen dira: aparatu elektriko eta elektronikoetatik etxean sortzen direnak, arropa, pilak, metagailuak, altzariak eta etxeko gauzak, baita etxeetan egiten diren obra txikietako eraikuntza edo konponketatik heldu diren hondakinak eta obra hondakinak ere.

Hauek ere etxeko hondakintzat hartuko dira: eremu publikoak, berdeguneak, josteta eremuak eta zabalgunean garbitzetik heldu direnak, etxeko animalia hilak eta ibilgailu abandonatuak.

Zerbitzuetan eta industrian sortutako “antzeko hondakinei” dagokienez, etxeko hondakinen parekoak diren tipologiakoak eta bolumenekoak onartuko dira, ez besterik, eta betiere, enpresaren jarduera nagusitik ez badatoz.

“Etxeko hondakinak” eta “antzekoak” deritzan horietatik, Garbigunearen kudeaketa-planak gunean jaso daitezkeen hondakinen tipologia zehatza ezarriko du.

Edonola ere, ondorengo horiek onartuko dira:

–Landare-hondakinak (inausketa). Belarra ez.

–Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinak (EEH)-Tamaina txikiko obrak.

–Tamaina handiko gauzak.

–Tresna Elektronikoen eta Elektrikoen Hondakinak (TEEH)-Tamaina handikoak.

–Olioak, disolbatzaileak, eta abar.

–Zura.

–Disolbatzaileen eta pinturen ontziak Etxoletan utz ez daitezkeen ontziak onartuko dira, ez besterik, eta gehienez ere 10 unitate.

–Hodi fluoreszenteak.

Halaber, Mankomunitateak aldizkako akordioak hartu ahal izanen ditu Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoarekin kudeaketa zaileko hondakinak behin-behinekoz jasotzeko, 14/2018 FLko 16.2.e artikuluaren arabera.

7.2. Eraman daitezkeen kantitateak, gehienez.

Garbigunera eraman daitezkeen hondakin-kantitateak eta/edo maiztasuna Kudeaketa Planean xedatutakora mugatuko da.

Edozein kasutan ere, Garbigunera eguneko eraman daitekeen kantitate edo bolumena, gehienez, hauxe izanen da:

Garbigunen onartutako hondakinak

Gehienez, eguneko

Landare-hondakinak (inausketa)

1 m³

EEH Tamaina txikiko obrak

150 kg

Tamaina handiko gauzak

2 unitate

TEEH-Tamaina handikoak

1 m³

Olioak, disolbatzaileak, eta abar

20 l

Zura

1,5 m³

Disolbatzaileen eta pinturen ontziak

Etxoletan utz ez daitezkeen ontzikiak onartuko dira, ez besterik, eta gehienez ere 10 unitate

Hodi fluoreszenteak

10 unitate

Egunero muga horretatik hurbil dauden entregak antzemanez gero, Mankomunitateak erabiltzaileari eskatu ahal izanen dio justifika dezala agiri bitartez hondakin horiek ez direla arlo profesionalekoak; horrela, hondakin horiek beste instalazio batera eramateko baimena eman diezaioke, edo, hala erabakiz gero, horiek entregatzea ukatu.

7.3. Utziko diren hondakinen tipologia edo kantitatea areagotzeko aukera.

Bolumenaren nahiz tipologiaren arabera, aipatutako mugak gaindituko dituen edo ezohikoa izanen den edozein entregatarako, aurrez Mankomunitatearen presidentearen baimen idatzia jaso beharko da, txosten teknikoa eta juridikoa jaso ondoren.

Mankomunitateak berarentzat gordetzen du Lehendakaritza Ebazpenaren bitartez muga-zerrenda hori zabaltzeko gaitasuna, eta hurbileko geroan beharrezkotzat eta egokitzat jotzen dituen behar beste hondakin gehitu ahal izanen ditu. Edozein aldaketa Mankomunitatearen web-orrialdean eta garbigune guztietan emanen da argitara.

8.–Onartzen ez diren hondakinak.

Garbigunean ez dira espresuki onartuko etxekoak ez diren edo etxeko gisa onartuta ez dauden hondakinak, ezta ondoko horiek ere:

–Gai organikoa jasotzetik datozen hondakinak.

–Hondakin sanitarioak.

–Hondakin erradioaktiboak.

–Meategi- edo erauzketa-jarduerak sortutako hondakinak.

–Erabileraz kanpo dauden ibilgailuak.

–Material leherkorrak (pirotekniakoak, airbagak, eta abar).

–Hondakin nahasiak.

III. TITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

9.–Erabiltzaileen eskubideak.

1. Instalazioetan onartuta dauden hondakinak modu bereizian uztekoa, betiere hondakin-mota bakoitzerako ordenantza honetan finkatutako gehienezko kantitate-mugen barruan.

2. Izan dezaketen edozein zalantzaren inguruan instalazioko langilearen aholku egokia jasotzekoa.

3. Instalazioaren funtzionamenduaren, norberak utz ditzakeen materialen eta garbiguneko langileari entregatu beharrekoen inguruko informazioa jasotzekoa.

4. Entregatutako hondakinen eta horien ezaugarrien emate-agiri bat jasotzeko eskubidea, eta instalazioetan utziko diren hondakinen azken helmuga/ jakiteko eskubidea. Informazio generiko hori herritarrek eskuragarri izanen dute Garbiguneko instalazioetan.

5. Egoki irizten dituzten iradokizunak eta erreklamazioak egitekoa, eta gehienez ere bi hileko epean egindako horien erantzuna jasotzekoa.

6. Eskubidea du, halaber: subjektu pasibo ez den pertsonak hondakinak eramateko bete beharreko eskari-orria eskura izateko, hondakinak ordezko batek eraman ahal izateko, eta hondakinen jatorriari buruzko erantzukizunpeko adierazpena egiteko eredua izateko (parekagarrien kasurako); horiek guztiak, web-orrialdean, Mankomunitatearen bulegoan eta Garbiguneetan bertan.

10.–Erabiltzaileen betebeharrak.

1. Instalazioko langileak eskatuta, erabiltzaileek honako hauek bete behar dituzte: beren burua identifikatu behar dute, izen-abizenak egiaztatze aldera; erabiltzaile izaera ematen dien titulua aurkeztu (jabetzapeko, alokairuko nahiz erabilera-eskubideko etxebizitza, jarduera ekonomikokoa, eta abar); eta Mankomunitatean duen helbidea.

2. Kudeaketa Planak onartzen dituen hondakinak soilik eraman ahal izanen dituzte, hondakin horietako bakoitzari ezarritako gehienezko kantitatean, eta beti behar bezala bereizita.

3. Garbiguneko langileari jakinaraziko diote zein den utzi nahi den hondakinaren tipologia eta kantitatea. Zerbitzuak ongi funtzionatu dezan, eskatutako informazioa emanen diote langileari (hondakinaren jatorria, mota, gutxi gorabeherako kantitatea, identifikazio-datuak, eta abar).

4. Garbiguneko langilearen laguntzaz arriskutsuak ez diren hondakinak zein bere edukiontzian utziko dituzte modu ordenatuan, eta hondakinaren izaerari erreparatuta.

5. Garbiguneko langileari hondakin arriskutsuak entregatuko zaizkio, hark utz eta biltegira ditzan horretarako gaitutako eremuan.

6. Ez dira hondakinak utziko irekiera-orduetatik kanpo, ezta hondakinak uzteko kartel bidez adierazitako lekuetatik kanpo ere.

7. Ez dituzte hartuko beste erabiltzaileek instalazioetan utzitako hondakinak.

8. Garbiguneko langileak emandako edozein aginduri arreta egin eta hura beteko dute, langile hori udal-langilea izan, nahiz kudeatzaile baimendua izan, berdin.

9. Hondakinak utzita, beharrezkoa balitz, eremua garbituko dute, Garbiguneko langilearekin batera.

IV. TITULUA

Funtzionamendua

11.–Ordutegia / Egutegia.

Garbigune bakoitza astean gutxienez 4 orduz egonen da zabalik, eta hileko larunbata batean 3 orduz.

12.–Hondakinak jasotzea eta sarrera-kontrola:

Garbigunearen sarreran informazio-taula bat jarriko da, eta horretan hauexek adieraziko dira:

–Instalazioaren izena, helbidea eta zein den erakunde-jabe publikoa, eta ustiatzailea.

–Funtzionamenduko orduak.

–Harremanetarako telefonoa.

–Onartzen diren eta ez diren hondakinen zerrenda.

Baimenduta ez dagoen orok guztiz debekatuta dauka Garbigunera sartzea; hala eginez gero, zigorra jaso dezake. Instalazioak behar bezala erabiltzen ez dituztenei instalazioetatik ateratzea eska dakieke. Portaera ezegokiak errepikatuz gero, Garbigunera sartzea debeka dakieke.

Garbigunera sartuko diren erabiltzaileek, bertako arduradunak lagunduta egingo dute.

13.–Datuak jasotzea: erabiltzailea, produktuak eta bestelakoak identifikatu.

13.1. Garbigunean sartu aurretik, hondakinak utzi nahi dituzten pertsonek beren burua identifikatu beharko dute NAN, gida-baimen edo antzeko dokumenturen bitartez, betiere dokumentuak argazki eguneratua duela. Horrekin, langileak egiaztatuko du hondakinak uzteko asmoa duenak betetzen ote dituen instalazioko erabiltzaile-baldintzak.

Hondakinak berak sortu ez baditu, edo erabiltzaile-izaera ez badu, hondakinak entregatzeko baimena aurkeztu beharko du. Agiri hori ez badu, garbigunera sartzea debekatuko zaio.

Zerbitzuetan edo industrian sortutako hondakin parekagarriak badira, interesdunak enpresaren IFK eta enpresako arduradunaren adierazpen bat aurkeztu beharko ditu. Adierazpenean, hondakinak enpresaren jarduera nagusian sortutakoak EZ direla, eta hondakinak garbigunean uzteko eskaera jasoko dira.

13.2. Jarraian, eta hondakinak jaso aurretik, erabiltzaileek utzi nahi dituzten hondakinei, kantitateari eta jatorriari buruzko argibideak eman beharko dizkiote garbiguneko langileari. Halaber, langileak, utzi nahi diren hondakinak onargarriak ote diren egiaztatze aldera, entregatuko diren hondakinen ezaugarriak eta kantitatea ikuskatzeko begirada bat bota ahal izanen du.

13.3. Hondakinak onargarriak badira, eta begirada bat bota ondoren, erabiltzaileari garbigunera sartzeko baimena emanen zaio, hondakinak bakoitza bere edukiontzian utz ditzan, beharrezkoa balitz, langilearen laguntzaz.

Hondakin arriskutsuak badira, erabiltzaileak garbiguneko langileari entregatuko dizkio, eta langileak utziko ditu, zuzenean, dagokion edukiontzian.

13.4. Hondakinak uztea debekatu ahal izanen da ondorengo arrazoi horietakoren batengatik:

a) Ordenantza honetako 6. artikuluaren arabera, baimena ez duten pertsonek ekarriak badira, edo behar bezala identifikatu ez badira.

b) Behar bezala bereizita ez badaude.

c) Onargarriak diren hondakinen artean ez badaude, edo ezin badira halakotzat identifikatu.

d) Baimendutako gehieneko kantitateak edo bolumenak gainditzen badituzte.

e) Hondakin parekagarritzat hartzerik ez badago, bai bolumenagatik, bai tipologiagatik, baita enpresaren jardueraren zuzeneko hondakinak izateagatik ere. Garbiguneko langileak hondakinaren jatorriaz edo izaeraz zalantzarik balu, hondakinak sartzea ukatzeko eskubidea gauzatu ahal izanen du.

Edozein kasutan, garbiguneko langileak hondakinak onartu ez izanaren arrazoiak emanen dizkio erabiltzaileari, eta arrazoiak jasota utziko dituen dokumentua emanen dio erabiltzaileari.

14.–Langilearen betebeharrak:

Garbiguneko langilearen betebeharrak izanen dira honako hauek:

a) Erabiltzaileei hondakinak non utzi adieraziko die.

b) Erabiltzaileei hondakinak bakoitza bere edukiontzian uzten lagunduko die.

c) Beharrezkoak diren hondakinak langileak berak utziko ditu edukiontzietan.

d) Onargarriak ez diren materialak uztea debekatzea.

e) Erabiltzaileen eta materialen sarrera-erregistro bat eramatea.

f) 50 kg-tik gorako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetarako, obrarako dagokion udal-baimenaren kopia eskatzea.

g) Beharrezkoa bada, erabiltzailearen NAN eta utzitako hondakinen kantitatea idatziz jasota uztea.

h) Baimendutako kudeatzaileei edo bestelakoei egindako entregen irteera-erregistro bat eramatea (edukiontzi hutsak, beteak, emate-agiriak, eta abar).

i) Baimenik ez duen edonork edo edozein enpresak hondakinak garbigunetik ateratzea saihestea.

j) Instalazio osoa ordenaturik eta ondo zainduta eta garbi mantentzea.

k) Erabiltzaileari emate-orriaren kopia bat entregatzea, ekarri dituen hondakinen zerrendarekin.

l) Garbigunearen kanpoaldean hondakinak agertuz gero, horren berri emanen dio dagokion udalari.

V. TITULUA

Zerbitzuaren kostua

15.–Zerbitzuaren kostua.

UEHSak Garbigunean uzteko zerbitzua doakoa izanen da erabiltzaile izaera betetzen duten pertsonentzat.

Erabiltzaile izaera ez duten pertsona fisikoek edo juridikoek, edo oro har ezarritako hondakin-kantitateaz gainetik eramateko baimena jaso duten erabiltzaileek prezio publiko bat ordaindu beharko dute, kudeaketak Mankomunitateari sortzen dion kostuaren kontraprestazio modura.

Prezio publiko hori udalaren eskumenekoak diren hondakin solidoak bildu, tratatu eta aprobetxatzeko edo desegiteko Tasa Arautzen duen Ordenantza Fiskalean ezarriko da urtero. Ildo berean, Mankomunitateak eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak jasotzeko zerbitzua emateagatik ere prezio publiko bat ezarri ahal izanen du.

VI. TITULUA

Arau hausteak eta isunak

16.–Zehatzeko ahala:

Mankomunitatearen presidenteak izanen du zehapenak edo zigorrak ezartzeko eskumena.

Ordenantza honetan jasotako preskripzioei kasurik ez egiteak edo horiek urratzeak arau-hauste administratiboa ekarriko du berarekin, eta ondorengo artikuluetan xedatutakoaren arabera zigortuko da, eta, hala badagokio, izan daitezkeen erantzukizun zibilei eta penalei kalterik sortu gabe.

17.–Arau-hausteak:

Araudi hau erregulatzen dituen gaiekiko arau-hausteak dira araudiaren edukiaren aurka doazen egitateak edo omisioak.

Arau honetan jasotako arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

17.1. Arau-hauste oso larriak dira:

a) Garbigunean onartzen EZ diren hondakinak bertan uztea.

b) Mankomunitatearen lurralde-esparruan sortu ez diren hondakinak garbigunean uztea.

c) Hondakin arriskutsuak uztea behar bezala bereizi gabe, horiek pertsonei kaltea eragin diezaieketenean.

d) Mankomunitateak eskatutako hondakin arriskutsuei edo toxikoei buruzko informazioa ukatzea, edo, egiazki arriskutsuak edo toxikoak badira, horien jatorriari, ezaugarriei, aurrez tratatzeko moduari, eta bestelakoei buruzko informazioa ukatzea.

e) Garbigunearen barruan hondakinak uztea bertako langileak espresuki identifikatzeko esan eta identifikatu gabe, hondakinak uzteko eskumenik ez duenean edo identifikazio-dokumentazioa faltsutuz.

f) Irekitzeko ezarrita dagoen orduetatik kanpo edozein hondakin uztea, edo hondakin horiek uzteko jarritako lekuetatik kanpo uztea Garbiguneko instalazioen barnean.

g) Garbigunetik hondakinak ateratzea ardura duen langilearen baimenik gabe.

17.2. Arau-hauste larriak dira:

a) Hondakin arriskutsuak uztea behar bezala bereizi gabe, horiek pertsonei kaltea eragiten ez badiete.

b) Arriskutsuak ez diren hondakinei dagokienez, hondakinen izaerari, kantitateari edo jatorriari buruzko informazioa ez ematea, edo informazio hori gezurrezkoa izatea.

c) Hondakinak uztea onartutako kantitateetatik gora.

d) Arriskutsuak ez diren hondakinak uztea behar bezala bereizi gabe.

e) Gaizki utzitako hondakinak kentzeari eta garbitzeari uko egitea.

f) Zerbitzuaren ardura duen langilearen aginduak eta jarraibideak ez betetzea.

g) Kalteak nahita sortzea, ekipoetan edo instalazioetan.

h) Garbiguneko langileari begirunea galtzea.

17.3. Arau-haste arinak:

a) Akats edo hutsegiteren batengatik Garbiguneko langileari behar bezalako informazioa ez ematea utziko diren hondakinen edukiaren eta kantitatearen inguruan.

b) Hondakinak bakoitza bere edukiontzian edo dagokion lekuan ez uztea.

c) Hondakinak uztean, Garbiguneko langileari ez laguntzea.

d) Arduradunaren baimenik gabe instalazioetan sartzea (hondakinak utzi gabe ere).

e) Oro har, Ordenantza honetan eta aplikagarriak diren gainerako araudietan jasotako aginduen aurkako egitate edo omisio oro.

Mota bereko arau-hauste bat behin baino gehiagotan egiteak berarekin ekarriko du arau-hauste hori larritzat hartzea, eta arau-hauste larria behin baino gehiagotan egiteak, berriz, oso larritzat jotzea.

18.–Zehapen edo zigorrak.

Aurreko artikuluan jasotako arau-hauste bakoitzak zehapen edo zigor bat, gauzak lehen zeuden bezala utzi behar izatea eta/edo sortutako kalte -galerengatik Mankomunitateari kalte-ordainak eman behar izatea ekar ditzake berarekin.

Ezar daitezkeen zehapenak hauexek dira:

a) Arau hauste oso larriak. Garbigune zerbitzua erabiltzen jarraitzea debekatzea 6 hilabete eta urtebete arteko epean, eta/edo 600,01 eurotik 1.500,00 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste larriak. Garbigune zerbitzua erabiltzen jarraitzea debekatzea 3 hilabete eta 6 hilabete bitarteko epean. 150,01 eta 600 euro bitarteko isuna.

c) Arau-haste arinak. Garbigune zerbitzua erabiltzen jarraitzea debekatzea hilabete 1 eta 3 hilabete bitarteko epean. Ohartarazpena eta/edo 150,00 eurora bitarteko isuna.

Zigorrak ezartzean aintzat hartuko dira erruduntasun-maila, egindako hutsegitearen entitatea, arau-hausteak berarekin ekar dezakeen arriskua, behin eta berriro araua haustea eta gainerako aringarriak edo larrigarriak.

Diru-zehapena ordaintzean, dagokion zenbatekoaren gaineko % 50eko deskontua ezarriko da salaketa-orria jaso, edo halakorik ezean, zehapen-espedientea ireki dela jakinarazi eta hurrengo hamabost egun naturaleko epearen barruan ordainduz gero.

19.–Eragindako kaltea konpondu beharra:

Ezarriko den administrazio zehapenaz gain, arau-hausleak beharturik egongo dira gauzak berritzera edo konpontzera arau-haustearen aurretik zeuden bezala uzteko, zehapen-organoak ezarritako moduan eta baldintzetan.

Berritzeko eragiketak egiten ez badira, subsidiarioki berrituko dira arau-hauslearen kontura eta kostura.

Arau-hausteak preskribatzeak ez dio eraginen gauzak lehen zeuden bezala uzteko obligazioari, ezta sortutako kalte-galerengatiko kalte-ordainei ere.

20.–Prozedura:

Zehatzeko eskumenaren prozedurak dagokion espedientea ireki eta bideratu beharko du, aplikagarriak diren legezko eta arauzko xedapenetan ezarritakoaren arabera.

Edozein kasutan, zehapen-espedientea irekiko da Garbiguneko langilearen arau-hauste partea dagoenean, eta/edo garbigune horiek dituzten udal mankomunatuen salaketa dagoenean.

Prozedura hasteko akordioak honako hauek jaso beharko ditu: Mankomunitateko zerbitzu juridikoaren txosten tekniko bat, egitateen kalifikazioa zehazte aldera; sortutako kaltea; zehapen-proposamena; eta egon daitekeen kalte-ordaina.

Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioari dagokionez, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legeak xedatutakoak aginduko du.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa sortzen ez den bitartean, Nafarroako Hondakinen Partzuergoari ezarriko zaio hari dagokiona.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarraldian sartuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko testua osorik argitara eman eta hurrengo egunean.

Iragarkiaren kodea: L1900619