24. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

69/2019 EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 17koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoko Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko lanpostu hutsak (C maila) lekualdaketa-lehiaketaren bidez betetzeko.

Gobernu Kontseiluak 2016ko azaroaren 25ean hartutako erabaki baten bidez onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen 2016ko lan publikoaren eskaintza, eta han, besteak beste, Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko zenbait lanpostu jaso zituen, funtzionarioen araubidekoak (C maila).

Kontuan izanik Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an hartutako erabaki baten bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren 9.2 artikuluan ezarritakoa, baita Nafarroako administrazio publikoetarako oro har ezarrita dagoena ere, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko lanpostu hutsak (C maila) lekualdaketa-lehiaketaren bidez betetzeko prozesua eta deialdiaren oinarriak onestea.

Ikusirik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten-proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko lanpostu hutsak (C maila) lekualdaketa-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onestea.

Bigarrena.–Deialdia arautzen duten oinarriak onestea, ebazpen honi I. eranskin gisa atxikitakoak, baita merezimenduak balioesteko baremoa ere, ebazpen honi II. eranskin gisa atxikitakoa.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen webgunean argitara dadila agintzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 17an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko lanpostu hutsak lekualdaketa-lehiaketaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak

1.–Arau orokorrak.

Deialdi honen xedea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko lanpostu hutsak (C maila) lekualdaketa-lehiaketaren bidez betetzea da.

2.–Arau aplikagarriak.

Merezimendu-lehiaketa hau arautzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onetsia; Unibertsitateko kudeatzailearen 2019ko urtarrilaren 15eko 58/2019 Ebazpena, mugikortasun mapa onesten duena aipatu arautegia osatzeko; Unibertsitateen G9 Taldeko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Mugikortasun Hitzarmena; 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuena; Nafarroako Administrazio Publikoetan Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia, 1985eko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; deialdi honen oinarriak, eta aplikatzekoak diren gainerako araudi guztiak.

3.–Argitalpenak.

Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honen ondoriozko argitalpen eta komunikazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intranetean egingo dira (https://portal.unavarra.es), eta hortik kanpokoek ez dute inolako baliorik izango, oinarri hauetan espresuki adierazten direnen kasuan izan ezik.

4.–Lanpostu hutsak.

4.1. Deialdiko lanpostu hutsak III. eranskinean ageri dira.

4.2. Zilegi da deialdi honetako lanpostuen hasierako kopurua handitzea, epaimahaiak deialdia egin duen organoari izangaien zerrenda (lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa) igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.

4.3. Gainera, lehiaketan lanpostu berria lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituzten lanpostuak ere beteko dira lehiaketa honetan. Aurrekoa gorabehera, izangaiek lekualdaketa-lehiaketan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak bete beharrekoak ez badira, “iraungitzeko” lanpostuak direlako edo antolamendu-arrazoiak direla-eta, ez dira eskainiko.

5.–Izangaiek bete beharrekoak.

5.1. Merezimendu-lehiaketa honen xede diren lanpostuetako bat betetzeko prozesuan parte hartzen dutenek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta esleitutako lanpostua hartzen duten arte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko edo G9 Taldeko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Mugikortasun Hitzarmena sinatu zuten unibertsitateetakoren bateko langile funtzionarioa izatea, bere administrazio-egoera zein den kontuan hartu gabe.

b) Lanpostu hutsen maila bereko lanpostua edukitzea.

c) Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzaile izateko lanpostuan aritzeko izendatua izatea.

5.2. Beharrezko hautaprobak gainditu ondoren Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzen diren langileek, beren lanpostuak nahitaezkoa badu euskara edo Europako Erkidegoko beste hizkuntza bat jakitea, hizkuntza hori nahitaezkoa duten lanpostu hutsen artean baino ezin izango dute aukeratu.

Hala ere, eskatzen den hizkuntza zein den kontuan hartu gabe, hautaproben emaitzek bidea ematen badiote interesdunari eskakizun hori ezarria ez duen lanpostu bat eskuratzeko, ez da ezarpen hori aplikatuko.

5.3. Zerbitzuko zuzendari, ataleko edo bulegoko buru edo aurrekoekin parekatutako unitate baten buru diren eta deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztenek zilegi izango dute lekualdaketa-lehiaketan parte hartzea. Prozedura horretan esleitutako lanpostuaz jabetzeak zerbitzuko zuzendari, ataleko edo bulegoko buru edo aurrekoekin parekatutako unitate baten buru izateari uztea ekarriko du berekin.

5.4. Lanpostua gorde gabe eta borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek, lehiaketan parte hartu eta deialdiko betekizun guztiak betetzen badituzte, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan, eta lanpostu bat behin betikoz esleituko zaie.

5.5. Berriz jarduneko zerbitzuan sartzen diren langileak, lanpostu huts bati behin-behinean atxikiak egonez gero, derrigor aurkeztu beharko dira lekualdaketa-lehiaketako deialdi honetara, behin betiko lanpostu bat eslei dakien.

6.–Eskaerak.

6.1. Eskaerak.

Eskabide-eredua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan dago:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general

6.2. Izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, 5. oinarrian aipatzen diren betekizunen eta II. eranskinean zerrendatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, aipatu dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean izan ezik; hala bada, eskabidean adierazi beharko da. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izango du horiek izangaiei eskatzea.

6.3. Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

6.4. Aurkezteko modua.

a) Presentziala.

Parte hartzeko eskabideak eta, hala badagokio, dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea z.g., 31500 Tutera), edo, bestela, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta-zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea).

b) Telematikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan, bere egoitza elektronikoaren web-orrialdearen bidez:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/azl

7.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du onetsi diren deialdi hauetan onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko.

Behin-behinean baztertu dituzten edo aipatu ez dituzten izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondorengo 5 egun baliodunetan, zilegi dute erreklamazioak aurkeztea eta, akatsik baldin badago, haiek zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

7.2. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko.

Hautaprobetako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geratuko dira.

7.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

8.–Epaimahaia.

8.1. Honako hauek osatuko dituzte deialdiko lanpostu bakoitzaren merezimendu-lehiaketa kalifikatu behar duten epaimahaiak:

–Epaimahaiburua: Carmen Echeverría Arambillet, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko Proiektuen zuzendariordea.

Ordezko epaimahaiburua: Ángela Berasategui Ruiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Bildumen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Pedro Ardaiz Labairu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: José Antonio Marañón Oricáin, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Langileen Kudeaketako Ataleko burua.

8.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

8.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauen interpretazioan eta aplikazioan sortzen diren zalantzak.

8.4. Epaimahaiak sei hilabete izango ditu gehienez ere, eskaerak aurkezteko epetik kontatzen hasita, lehiaketaren atalen balorazioak egiteko.

8.5. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.

9.–Merezimenduak.

9.1. Elementu hauek balioetsiko dira, gehieneko puntuazioa berrogei duen eta honela banatuta egongo den eskala batean:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: hogeita hamar puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: hamar puntu gehienez.

Aurreko apartatuetan adierazitako puntuazioari hizkuntzak jakiteari dagokion balorazioa gehituko zaio.

Salbuespen gisa, eta bidezkoa denean baino ez, lanpostu batean sartzeko titulazio jakin bat edukitzea betekizun gisa ezarri ez bada, lanpostu horretan jarduteko espezializazio jakin bat komenigarria denean, zilegi izango da, lekualdatze lehiaketetan oro har ezarritako elementuez gain, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktiko bat aintzat hartzea. Proba hori kanporatzailea izango da.

9.2. Aurreko apartatuan aipatzen diren elementuak deialdi honen II. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoarekin bat balioetsiko dira.

9.3. Epaimahaiak inolaz ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan du aukera azalpenak eta datu osagarriak eskatzeko, izangaiek garaiz eta forman alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

9.4. Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.

9.5. Merezimenduen kalifikazioa amaiturik, parte-hartzaileek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten beren merezimenduen balorazioaren inguruan.

9.6. Egin diren erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahai kalifikatzaileak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu, eta izangaien zerrenda Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari bidaliko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua eta espediente osoarekin batera.

10.–Lanpostu hutsen aukeraketa, esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileei lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldi publikora deituko zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intranetean argitaratuko den iragarki baten bidez.

Giza Baliabideen Zerbitzuari emango zaio lanpostu hutsen aukeraketa-prozesuaren kudeaketaren ardura.

10.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiak ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek ezin izango dituzte beren atalari atxikitako lanpostu hutsak aukeratu, campus edo lanaldi aldaketa baten kasuan izan ezik.

10.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileek lanpostu hutsak aukeratzen bukatutakoan, gainerako lanpostu hutsak G9 Taldeko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Mugikortasun Hitzarmena sinatu zuten beste unibertsitateetako langileei eskainiko zaizkie.

10.4. Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldira joaten ez direnek galdu egingo dituzte lehiaketan parte hartzeko eskubide guztiak.

10.5. Inork ezingo dio lanpostu hutsen aukeraketari uko egin.

10.6. Lanpostu hutsen aukeraketa bukatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak, ebazpen baten bidez, dagokien lanpostua esleituko die izangaiei, eta hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratu dadila aginduko du.

Argitalpen hori gauzatuta, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

10.7. Esleipenari buruzko ebazpena argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean hartu beharko dute izangaiek esleitu zaien lanpostuaren jabetza, non eta ebazpen horrek ez duen jabetza hartzeko beste data bat ezartzen.

11.–Lansariak.

Lekuz aldatzen diren langileek xedapen indardunek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.

12.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko ekintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak. 30 puntu gehienez ere.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen balioespena egiteko, dagokion deialdia argitaratzean aitortutako antzinatasuna hartuko da aintzat, eta urte bakoitzak puntu bat balioko du.

Oharra a) atalari buruz:

Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 10 puntu gehienez ere.

Oharra b) atalari buruz:

Atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

b.1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 7 puntu gehienez ere.

Oharrak b.1) atalari buruz:

1.–Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2.–Ikastorduen kopuruaren berri ematen ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3.–Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4.–Puntuazio berarekin balioetsiko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana, baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Administrazioaren aginduz egin badira edo Administrazioak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioetan antolatutakoak.

5.–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan balioetsiko.

b.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

b.3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatzea edo halakoetan irakasle aritzea: puntu bat gehienez ere, epaimahai kalifikatzaileak balioetsi beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.

c) Puntuazio gehigarria hizkuntzak jakiteagatik.

c.1) Merezimenduen baremo guztietan baloratu beharreko merezimendu gisa gehituko da frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira. Bakoitzarengatik gehienez ere 2 puntu emango dira.

c.2) Baremoetan baloratu beharreko merezimendu gisa gehituko da euskara jakitea. Gainerako merezimenduen baremoari esleitutako puntuazioaren % 6 izango da gehieneko balorazioa.

Oharrak c) atal osoari buruz:

1.–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2.–Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emango zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

III. ERANSKINA

Lanpostu hutsak: artxibo eta liburutegietako teknikari laguntzaileak

LANP.

NON

CAMPUSA

LANALDIA

189

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Arratsaldez

211

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Goizez

222

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Goizez

223

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Arratsaldez

235

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Arratsaldez

239

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Goizez

240

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Arratsaldez

402

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Arratsaldez

459

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Goizez

507

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Goizez

591

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Arratsaldez

612

LIBURUTEGI ZERBITZUA

Iruñea

Arratsaldez

Iragarkiaren kodea: F1901039