237. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 2a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA
ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALA

528/2017 prozedura arrunta

Virginia Arias López de Lacalle, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den 528/2017 prozedura arrunteko administrazioarekiko auzi-errekurtsoan 216/2019 epaia eman da 2019ko irailaren 27an eta irmo geratu da. Hona hemen haren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

“216/2019 epaia. Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja jauna. - Magistratuak: - María Jesús Azcona Labiano andrea. - Raquel H. Reyes Martínez andrea. - Antonio Sánchez Ibáñez jauna. - Ana Irurita Díez de Ulzurrún andrea.

Iruñean, 2019ko irailaren hogeita zazpian.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatu magistratu jaun-andreek eratuak, 528/2017 administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren autoak aztertu ditu. Errekurtsoa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren aurka jarri zen (2017ko azaroaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), zeinaren bidez euskararen erabilera arautu baitzen Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan. Auto horietan, Unión General de Trabajadores de Navarra eta Sindicato del Personal Administrativo sindikatuak izan dira demandatzaileak, Arancha Pérez Ruiz prokuradore andreak ordezkatuak eta Juan José Lizarbe Baztán abokatu jaunak defendatuak, eta Nafarroako Gobernua demandatua, bere aholkulari juridikoak ordezkatua eta defendatua. Honako aurrekari eta zuzenbideko oinarri hauek kontuan hartuta erabaki du Salak.

Epaitza:

1.–Partez baiesten dugu Unión General de Trabajadores de Navarra eta Sindicato del Personal Administrativo sindikatuek azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Foru dekretu hori 2017ko azaroaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta euskararen erabilera arautu zuen Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan. Arancha Pérez Ruiz prokuradore andreak ordezkatzen ditu demandatzaileak, eta Juan José Lizarbe Baztán abokatu jaunak defendatzen ditu. Horrenbestez,

a) 103/2017 Foru Dekretua deuseztatzen dugu zuzenbidearen araberakoa ez izateagatik, bakarrik 20.1, 20.2, 21.2, 21.3, 21.4, 31., 35. eta 39. artikuluei dagokienez eta laugarren xedapen iragankorreko hitz hauek: “Zerbitzu zentralak identifikatu bitartean, eta...” eta “... 31.2 eta 39.2”, hori guztia zuzenbideko seigarren eta zortzigarren oinarrietan ezarritakoarekin bat.

eta b) Ezesten ditugu auzi-jartzailearen gainerako uziak.

2.–Ez dugu erabaki berezirik hartzen kostuei buruz.

Epai hau irmoa denean, argitara bitez Foru Komunitateko Aldizkari Ofizialean, aldizkari horretan argitaratu baitzen aipatu foru dekretua.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu.”

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Iruñean, 2019ko azaroaren 18an.–Salako Justizia Administrazioaren letradua, Virginia Arias López de Lacalle.

Iragarkiaren kodea: J1914783