236. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Eskumenak Gobernu Batzorde Iraunkorraren eta Lehendakariaren esku uztea

Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak erabaki hau hartu zuen 2019ko urriaren 28an egindako saioan:

1) Batzar Nagusiarenak diren eskumen hauek Gobernu Batzorde Iraunkorraren esku uztea:

a) Ondasunak bereganatzea, salbu eta bi ekitalditako edo gehiagotako aurrekontuak baliatu behar badira edo eskumena Mankomunitateko lehendakariari badagokio.

b) Ondasunak besterentzea, salbu eta eskumena Mankomunitateko lehendakariari badagokio edo ondasunaren balioa aurrekontuko ohiko baliabideen ehuneko hogei baino handiagoa bada.

c) Ondasunak halako erabilpen edo zerbitzu publiko bati atxikitzea, bai eta kudeaketa elkarteei ere, Garraio Zerbitzuari atxikitako ondasun higigarriak izan ezik.

d) Ondasunak eta zerbitzuak ematea, salbu eta Mankomunitateko lehendakariaren eskumena bada, edo 5 urterako baino gehiagorako eman bada eta balioa aurrekontuko ohiko baliabideen %20 baino handiagoa bada.

e) Obra eta zerbitzuen proiektuak kontratatzea eta onestea, salbu eta Mankomunitateko lehendakariaren eskumena bada.

f) Beste administrazio publiko batzuekin protokoloak, koordinazio edo lankidetza hitzarmenak onartzea, baldin eta hitzarmenek ez badakarte eskumenak delegatzea edo transferitzea.

g) Finantza edo kreditu eragiketak eta kitapen edo itxarote emakidak onartzea, baldin eta haien zenbatekoak ez badu gainditzen aurrekontuko ohiko baliabideen %10.

h) Delegatutako eskumenak gauzatzeari dagozkion gastuak egitea.

i) Plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda onestea, bai eta lansari osagarrien zenbatekoa eta aldi baterako langileen kopurua eta ezaugarriak finkatzea ere.

j) Mankomunitatearen eta SCPSAren zerbitzuko langileen bateragarritasuna baimentzea edo ukatzea, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko 53/1984 Legean ezarritakoaren arabera.

k) Batzar Nagusiak bere eskumenak erabiliz gauzatutako egintzen aurka jar daitezkeen berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.

l) Batzar Nagusiaren eskumeneko erabakiak hartzea, baldin eta Nafarroako Gobernuaren obra eta azpiegiturei buruzko planak osatzen badituzte.

m) Ur horniduraren eta/edo saneamenduaren zerbitzuak ematea baimentzea, Iruñerriko Mankomunitatean sartu gabeko toki erakundeetako lurralde eremuetan uraren ziklo integrala kudeatzeko.

n) Ordenantzak edo erregelamenduak aldatzeko zeinahi proiektu egin aurretik herri-kontsultaren edukia onartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluari jarraituta.

o) Aurrekontu Egonkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 29. artikuluak aipatzen duen “Epe ertainerako aurrekontu-plana” onartzea.

Gobernu Batzorde Iraunkorrak eskumen guztiak baliatuko ditu, haiei berez dagozkien ahalmen guztiekin, agindutako egintzen aurka jar daitezkeen errekurtsoak ebaztea barne hartuta, bai eta Nafarroako Auzitegi Administratiboan edo justizia auzitegietan egintza horien defentsa egitea ere.

2) Eskumen hauek Mankomunitateko lehendakariaren esku uztea:

a) Egintza judizial eta administratiboak gauzatzea, eta Mankomunitatearen defentsan aritzea eta alegazioak aurkeztea Mankomunitatearen intereseko gaien gaineko prozedura administratiboei dagozkien jendaurreko epeetan.

b) Mankomunitatearen egintzen defentsan txostenak egitea, Nafarroako Auzitegi Administratiboan errekurritzen badira.

c) Hiri garraioaren zerbitzuaren gaineko hainbat alderdi aldatzeko eskumena, hala nola ordutegiak, maiztasunak, geralekuak..., baldin eta aldaketa horiek ez badute ukitzen zerbitzuaren egituraketa nagusia. Erabakitako aldaketaren berri eman beharko zaio Batzorde Iraunkorrari, hark egiten duen aurreneko saioan.

d) Garraio zerbitzuari dagozkion ondasun higigarriak atxikitzea.

e) Ondasunen doako eskuratzea.

f) Zergak eratzea Mankomunitatearen ondasunen gainean, baldin eta ez badu eskatzen gehiengo osoa.

Mankomunitateko lehendakariak eskumen guztiak baliatuko ditu, haiei berez dagozkien ahalmen guztiekin, agindutako egintzen aurka jar daitezkeen errekurtsoak ebaztea barne hartuta, bai eta Nafarroako Auzitegi Administratiboan edo justizia auzitegietan egintza horien defentsa egitea ere.

Iruñean, 2019ko urriaren 29an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

Iragarkiaren kodea: L1913993