236. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

213E/2019 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Arguedasko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Arguedasko Udala da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio estrategikoaren menpe jarri behar dira administrazio publikoek onetsitako planak, eta horien ingurumen adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onestearekin batera edo lehenago.

Arguedasko Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruz Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2015eko irailaren 29an egindako txostenarekin hasi zen Arguedasko Udal Plan Orokorraren ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura. Txosten horretan adierazi zen zeintzuk ziren hirigintzako udal plana eta ingurumen ondorioen azterketa prestatzerakoan kontuan hartu beharreko ingurumen arloko alderdi garrantzitsuenak. Bereziki azpimarratu ziren Ebro ibaiaren uholde arriskua eta horrek duen eragina etxebizitzak eta industrialdeak egiteko proposamenetan. Halaber, Biodibertsitatearen Zerbitzuak abelbideei buruz emandako txostena eta Uraren Zerbitzuak emandako txostena jaso dira.

Hirigintzako udal plana 2016ko azaroaren 30ean hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean jarri zen bi hilabeteko epean, iragarkia argitaraturik 2016ko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 23koan; ondoren, epea luzatu egin zen, 2017ko otsailaren 22an eta apirilaren 6an egin osoko bilkuretan hala onetsirik (2017ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 9koa).

2017ko martxoaren 16an sartu zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan hasiera batean onetsitako Arguedasko Udal Planaren dokumentazio osoa. Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, 2018ko otsailaren 23an Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txosten bat eman zuen, hartan azpimarratuz uholde arriskuak ukitutako sektoreetan sartu beharreko prebentzio neurriak, ingurumen eta paisaia aldetik balioa duten eremuen mugaketa eta landa-lurzoruaren antolamendua.

Jendaurreko epeak bukaturik eta aurkezturiko alegazioak ebatzirik (horien artean ez dago ingurumen alderdiei buruzko berariazko erreferentziarik), hirigintza plana aldatu zen, eta jendaurrean egoteko epe berria ireki zen, 2018ko abenduaren 21ean harturiko erabakiaren bidez (2019ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 14koa).

2019ko otsailaren 13an Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan aurkezturiko dokumentaziotik abiatuta, Arguedasko Udalak ingurumen adierazpen estrategikoa eskatu zuen.

Arguedasko Plan Orokorrak 1991n onetsi ziren arau subsidiarioak ordezten ditu, eta lurraldearen antolamenduaren arloan indarra duen araudira egokitzen ditu. Planaren aplikazio esparruak eta, hortaz, egin diren analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udalerri osoan dute eragina, 66,43 km²-ko azaleran alegia.

Hirigintzako udal planaren eta ingurumen ondorioen azterketaren deskribapena I. eranskinean dago.

Arguedasko lurraldea okupatzeko eredua honako hau da: bi plataforma dituen udalerria, bata Ebro ibaiaren lautadan, eta bestea, malkartsuagoa, aurrekoa baino altuago; bi plataformen arteko mugatik hurbil, laua den aldean, komunikazio bide garrantzitsuenak daude (NA-134 Ebroko ardatza, NA-8712 eta NA-8705), eta horien inguruan ezarri da etxebizitzen eta industrialdeen gunea. Udalaren gainerako lurrak laborantzara bideraturik daude nagusiki: Ebroren ertzetan ureztaketa tradizionala egiten da, eta altuago dagoen zatian ureztalur gehiago izanen direla aurreikusten da, Nafarroako Ubideari loturik. Ereduan jasota daude, halaber, Limas eta Barrancofondo erreka-zuloak, malkarrak eta zenbait jarduera isolatu, lurzoru urbanizaezinean (Senda Viva parkea, eguzki-energiaren ustiategiak, etab.).

Hirigintzako proposamenak bi alde bereizten ditu, independenteak eta elkarrengandik bereiziak: bizitegi-eremua batetik, eta industrialdeen eremua bestetik. Bizitegi-eremura bideraturiko garapenei dagokienez, proposatzen da egungo hiri-bilbea osatzea, orube hutsak okupatzea (lehendik dauden industria-jarduerak beste eremu batzuetara eramateagatik ere eskuragarri daude) eta egungo hirigunearen hego-mendebaldeko eta hegoaldeko ertzak lurzoru urbanizagarri gisa sartzea.

Industria lurzoruari dagokionez, ez da proposamenik zehaztu, nahikotzat jotzen baita udalerriaren mugan dagoen lurzoru urbanizagarria (Valtierrako industrialdearekin jarraituta) eta Floristango instalazio zaharren eremua. Hala ere, etorkizunerako erreserba proposatzen da ondoko lurretan, garapen eredua babesteko lurzoru gisa.

Arguedasko Udal Plana prestatzeko prozesuan alternatiben azterketa bat egin da, bai bizitegi eredurako eta bai industriarako, eta ekarpenak jaso dira parte-hartze prozesuan eta Tokiko Agenda 21ean.

Hirigintzako proposamenak nekazaritza lurren, lur lauen eta egungo hirigunearen mugakide diren lurren gainean garatzen dira. Lur horietan ez da identifikatu ingurumen intereseko eremurik, eta, hortaz, erabilera aldatzea eta horren ondorioz nekazaritzako lurzorua galtzea dira ingurumen ukipen handienak.

Arguedasko hirigunean zenbait abelbide, adar eta iraganbide elkartzen dira, eta, horien bitartez, Tauste-Andiako errege altxonbideak eta Ebroko iraganbide nagusia konektatzen dira. Horiek planean jaso dira. 8. iraganbidearen kasuan soilik, hirigunearen hegoaldeko mugan, abelbideak bat egiten du lurzoru urbanizaezinean erreserbaturiko bide batekin; hortaz, organo eskudunak txostena eman beharko du tarte horretan jarduketarik egin nahi bada.

Udalerrian identifikaturiko arrisku nagusiek zerikusia dute uholde arriskuarekin eta igeltsuzko malkarren inguruan gerta daitezkeen masako mugimenduekin. Ebroko uholde-lautadaren eta malkarren artean dago Arguedas, eta horrek kalteberatasun handiagoa dakarkie hirigunean eragiten duten arriskuei. Ildo horretan, plangintzan hartutako neurriak plana tramitatzeko prozesuan zehaztu dira, erantzuna emanez arroko erakundearen, Babes Zibilerako Zerbitzuaren eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenei. Uholde arriskuko Eremuen Kartografia Sistema Nazionaletik (SNCZI) lorturiko informazioa oinarri hartuta, ohiko ubidearen eremua eta Ebro ibaiaren uholde arriskuko eremuak (T = 500) gehitu dira; bizitegi-eremura bideraturiko garapen plan partzialak (SP 01, 02, 03, 04, 06 eta 07 sektoreak) azterlan hidrologiko eta hidraulikoak egiteari lotuta geratu dira, eta debekatu egin dira sotoak eta sestra azpiko solairuak. SP 05 izeneko eremuaren kasuan (hilerriaren eta kooperatibaren inguruan), garapenak kontuan hartuko du Bordón erreka-zuloaren desbideratzea –zeina Bordón pasealekutik igarotzen baita eremua zeharkatuz–, baita ibilgu horren desbideratzea zein baldintzatan baimendu zen ere.

Malkarretatik heldu diren zenbait erreka-zulok hirigunearekin eta industrialdearekin muga egiten dute edo bertara isurtzen dira. Hortaz, prebentzio neurriak sartu dira, esaterako, Barrancofondo erreka-zuloaren kasuan, zeinak industrialdea (APR-06) zeharkatzen baitu eta Tutera erretenera isurtzen baita, eta Molinaztik heldu den erreka-zuloaren kasuan ere bai, haren ibilbidean AR-U02 unitatea baitago.

Masako mugimenduek eragindako arriskuak prebenitzeko, hiriguneak malkarrekin muga egiten duen tokian segurtasun lerro bat sartu da, “Ezponda harritsuetan egonkortzeko obrak egiteko eta neurri zuzentzaileak ezartzeko proiektu teknikoaren” araberakoa, baita 50 metroko babes zerrenda bat ere. Eremu horretan daude Arguedasko kobazuloak, balio etnografiko nabarmena dutenak. Hortaz, haiek ikustea eragozten duen eraikinik ezin izanen da egon haien aurrean.

Ukipen akustikoei dagokienez, dokumentazioan zaratari buruzko azterlana dago, eta udalerriaren zonakatze akustikoa barne hartzen du, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala.

Landa-lurzorua antolatzeko proposamenari heltzeko, lurzoru horri babestu eta zaindu beharreko lurzoru urbanizaezin kategoria ematen zaio. Plana tramitatzean zenbait aldaketa sartu dira. Horietako batean, lurzoru urbaenizaezinaren azpikategoria batzuk ezabatu dira; zehazki, honela deiturikoak: energia berriztagarriak garatzea, nekazaritza ekologikoa garatzea, eta turismoa garatzea eta hari laguntza ematea. Azkenean, eremu horiei lehentasunezko erabilera batzuk esleitu zaizkie, udalerriko beste eremu batzuek ez dituztenak, hala nola energia berriztagarriak ezartzea eta turismo jarduerak ezartzea. Virgen del Yugoko aldeko energia berriztagarrien eremuaren kasuan, adierazi behar da hartan ingurumen arloko mugak daudela dagoeneko. Nolanahi ere, eremu horietan ezartzen diren jarduerek ingurumen arloan dagokien tramitea bete beharko dute.

Dokumentazio osoa azterturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu zela, eta aldeko txostena eman dio Arguedasko Hirigintzako Udal Planari.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Arguedasko Udal Plan Orokorrari buruz. Arguedasko Udala da planaren sustatzailea.

2. Plana garatu beharko da ingurumen azterketa estrategikoan dauden ingurumena babesteko irizpideei jarraituta eta hartan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuta.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arguedasko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 11n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Hirigintzako udal planaren eta ingurumen ondorioen azterketaren laburpena

Analisia, diagnostikoa eta proposamenak udal-mugarte osoari buruzkoak dira, zeinak 66,43 km²-ko azalera baitu.

Hirigintza planaren funtsezko helburuak dira hiri garapen ordenatuari eta jasangarriari buruz determinazioak ezartzea, eta, horrela, konponbidea ematea bizitegietarako, zuzkiduretarako nahiz jarduera ekonomikoetarako lurzoru beharrei. Gainera, planak erantzuten die egungo hiri sarea mantentzeko eta hedadura berriekin behar bezala lotzeko helburuei, Arguedasen mugikortasun modu iraunkorragoak bultzatuz.

Lurraldearen testuinguruan, planteatutako helburu nagusia da, 5. LAPeko irizpideei jarraituz, Arguedasko balio naturalen, biodibertsitatearen eta paisaiaren kontserbazioa eta leheneratzea ziurtatzea, udalerriaren garapen endogenorako eta jasangarrirako baliabide nagusiak baitira, eta, bereziki, nekazaritza, abeltzaintza eta turismo jardueren garapen jasangarrirako.

Hirigintzako udal planean proposatu da hiri barnean bi eremu ezberdintzea: bizitegi-eremua batetik, eta industrialdeen eremua bestetik. Bi eremuetan, okupazio eredua da eremu horiek finkatzea eta hazkunde kontrolatua aurreikustea, etorkizuneko garapena ingurune hurbilean izan dadin; horrela, mugikortasuna eta barne irisgarritasuna hobetzen lagunduko da. Bizitegi-eremurako, gainera, egungo sarearen kualifikazioa eta haren leheneratze funtzionala eta morfologikoa planteatu dira, bizitegi erabilerak ezarriz orube hutsetan, ertzetan eta gaur egun industriek eta biltegiek okupatzen dituzten lurzatietan.

Irizpide horri jarraikiz, hirigintzako udal planean plangintza berriko 7 sektore mugatu dira: SP01etik SP04ra arteko sektoreak hego-mendebalderanzko hazkundeari dagozkio; SP05 eta 06 sektoreek hirigunearen hegoaldeko muga eratzen dute, eta SP07ak, mendebaldekoa. Bizitegirako eginiko aurreikuspen horiek guztira 183.605 m²-ko azalera hartzen dute.

Industria lurzoruaren premiei dagokienez, lehendik dagoen lurzoru urbanizagarri industriala nahikotzat jo da, nahiz eta Valtierra-Arguedas industrialdearen ondoko lurzoruak etorkizuneko erreserba gisa definitu behar diren.

Lurzoru urbanizaezinarekin loturik, eta kontuan harturik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean ezarritako azpikategoriak eta 5. LAPeko irizpideak, lurzoruaren sailkapena eta jarduerak eta erabilerak erregulatzeko arauak ezarri dira.

Ingurumen aldetik balioa duen lurzoruaren barnean, naturagune babestuak (“Ebro ibaia” KBEa eta “Errege Bardea” KBEa) eta ur-ibilguak jaso dira. Ingurumen aldetik balioa duten eremu horiekin batera, honako hauek daude: pinudiak eta abarizti eskasak, ingurumen balioa duten zuhaiztiak baitira, zuhaixka eta belar formazioak (erromerodiak, ezkaidiak, elorri-triska sastrakadiak, larreak eta are artemisia belarzuriak eta beira-belarrak eraturiko sastrakadiak), eta Eguaras-Peñarroyako intereseko estepa eremua, El Yugoko baselizaren iparraldean.

Paisaia aldetik balioa duten lekuneen artean daude El Yugoko mendilerroa paisaia berezia, ondare-balio eta balio etnografiko handikoa eta Erriberako paisaiaren adibidea dena, eta igeltsuzko malkarretako paisaia naturala.

Natur ustiapenera bideraturiko lurzoruen artean daude Ureztalurren Foru Planean sarturiko ureztalurrak eta gaitasun agrologiko handiko lurzoruak. Halaber, laboreak eta ureztalurrak sartzen dira hemen; azken horien artean hiru mota daude: 1 motako ureztalurrek kalitate eta produktibitate handia dute; 2 motakoak oso bereziak dira, gazitasun handiagoa baitute; eta 3 motakoak aldizka ureztatzen dira.

Azpiegituretarako lurzoruen barnean, berriz, tokiko errepide hauek daude: NA-8705, Arguedaserako sarbidea; NA-7564, NA-134rako eta NA-8712rako sarbidea, eta NA-8712, Arguedastik Valtierrara doan zeharbidea. Horiez gain, NA-134 errepidea dago, Ebroko ardatza, Foru Komunitatearen interesekoa. Bestalde, proposatu da azpiegituretarako gorde beharreko lurzoru izatea hirigunea hego-ekialdetik mugatzen duen landabidea, 8. iraganbidearen tarte batekin bat egiten duena.

Honako hauek kultur balioa dute udalerrian: Nuestra Señora del Yugo basilikak eta arkeologia aztarnategiek; azken horien artean, Castejón (I eta II) izeneko aztarnategia eta nekropolia nabarmentzen da. Orobat, Arguedastik pasatzen diren abelbideek ere kultur balioa dute, baita tokiko interesa duten bide tradizionalek ere, herriko bide sarea eratzen dutenek.

Garapen eredua zaintzeko lurzorua gorde da Mirasnel eta La Palomillako alderdietan, Sopeñako zati batean eta La Albercako alderdia zeharkatzen duen bidetik iparraldera dagoen zati batean. Lurzoru hori erabiltzen ahalko da hirigunea etorkizunean handitzen bada.

Ingurumen azterketa estrategikoaren laburpena

Ingurumen azterketa estrategikoak planaren helburuak identifikatzen ditu. Proposamen bakoitzerako baloratu diren aukera guztien analisi osoa barne hartzen du, eta hartu den konponbidea justifikatzen du.

Azterketan udalerriaren analisia eta diagnostikoa egin da, eta hor sartu dira ingurune fisikoari eta biotikoari buruzko datuak, klimatologiari, geologiari eta geomorfologiari, klase agrologikoei, higadurari eta hidrologiari dagozkienak. Landaredia, habitatak, fauna, paisaia, arrisku naturalak eta ingurumen unitateak deskribatu dira. Inguru sozioekonomikoaren analisian, lurzoruaren erabilera, naturagune babestuak eta lurralde intereseko elementuak aztertu dira. Ingurumen bektoreen azterketan sartu dira atmosferarako isuriak, zarata, hondakinen kudeaketa, uraren zikloa eta energia.

Lurralde eredua eta hiri eredua identifikatzen da planaren proposamenetan eta landa-lurzoruan egiten diren erabileretan; horren bidez, ingurumena babesteko eta zaintzeko helburuak eta lehentasunak ezartzen dira.

Ingurumen azterketa estrategikoaren 9. kapituluan, planak ingurune naturalean eta sozialean izanen dituen inpaktuak identifikatu eta baloratu dira. Ondorio gisa, iritzi da Arguedasko Udal Planak lurraldearen identitatea errespetatzen duela, egungo erabilerak mantentzea baimentzen duela, sektore ekonomiko emergenteak garatzea faboratzen duela eta oraingo baldintzak arautu eta hobetzen dituela.

Ingurumen azterketa estrategikoak eta udal planak hasieratik txertatu dute ingurumen aldagaia haien garapenean. Hori dela eta, lehenagoko faseetan atzemandako inpaktu nagusiak gutxitu dira, eta are desagerrarazi ere egin dira, eta inpaktu orokorrak soilik gelditu dira.

Ingurumen azterketa estrategikoaren 10. kapituluan babes eta prebentzio neurrien proposamen bat garatu da. Neurri horiek helburu dute proposaturiko okupazio ereduak sor litzakeen inpaktuak saihestea edo gutxitzea.

Ingurumena zaintzeko plana ingurumen azterketa estrategikoaren 11. kapituluan sartu da, eta haren helburua da udal plana garatzean kontuan hartu beharreko kautela-neurriak eta kontrol-irizpideak azaltzea, ukipenak murrizte aldera.

Iragarkiaren kodea: F1914431