235. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

49/2019 FORU AGINDUA, azaroaren 12koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez kanpoko lankidetzarako hitzarmena onesten baita software-hornitzaile diren entitateekin, hirugarrenen izenean zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak elektronikoki aurkez ditzaten, Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 90. artikuluak ezartzen duenez, lankidetza soziala izan dadin zergen kudeaketan, Zerga Administrazioak hitzarmenak sinatuko ditu gizarteko, laneko, enpresetako edo lanbideetako sektoreen edo interesen ordezkari diren entitate, instituzio eta erakundeekin. Lankidetza horrek uki dezake, besteak beste, telematika bidez aurkeztea zerga arloko aitorpen, jakinarazpen eta beste agiri batzuk.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduaren bidez, kanpoko lankidetzarako hitzarmena onetsi zen hirugarrenen izenean zerga arloko aitorpen, jakinarazpen eta beste agiri batzuk telematika bidez aurkezteko eta zerga-zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko.

Berriki, uztailaren 7ko 1512/2018 Errege Dekretuaren bitartez, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamendua aldatu zen.

Erregelamenduaren 50. artikuluaren aldaketa garrantzitsuenetakoa da. Artikulu horretan ezarritakoaren arabera, zerga berezien araudiak ukitutako establezimenduek zerga horien xedeko produktuen kontabilitatea eraman beharko dute, bai eta, halakorik bada, produktu horien lehengaienak ere.

Kontabilitatea eramateko betebeharra kontabilitate-liburuen bidez beteko da, arauek ezartzen dituzten epe eta edukiaren arabera.

Artikuluan ezarritakoarekin bat, fabriketan, gordailu fiskaletan, harrera biltegietan, biltegi fiskaletan eta ozpin fabriketan, zerga berezien kontabilitatea eramateko betebeharra euskarri informatikoko kontabilitate-sistema baten bitartez beteko da, Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez.

Hala ere, interesdunek Nafarroako Foru Ogasunean elektronikoki eskatu ondoren, ardo eta edari hartzituen egileei (bere titulartasuneko establezimenduen urteko produkzio bolumena, guztira, 100.000 litrokoa edo txikiagoa bada) eta artisau-destilatzaileei baimena ematen ahalko zaie kontabilitatea paperezko liburu zenbakituetan betetzeko.

Zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak berehala aurkezteko sistema (SILICIE) abian jarri dela-eta, komenigarritzat jo da kanpoko lankidetza bultzatzea aitorpenak egiteko eta informazioa emateko. Horretarako, kanpoko lankidetzarako berariazko hitzarmena onesten da enpresa-kudeaketarako softwarearen hornitzaile diren entitateekin, zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak berehala aurkezteko, hirugarrenen izenean, Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez. Sistemaren berezitasuna eta hark zergapekoei eskatzen dien beharrezko egokitzapen teknologikoa kontuan harturik, oso komenigarritzat jo da software enpresei edo antzekoei beren bezeroen izenean informazioa emateko aukera eskaintzea.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Kanpoko lankidetzarako hitzarmena onestea software-hornitzaile diren entitateekin, hirugarrenen izenean zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak elektronikoki aurkez ditzaten.

Software-hornitzaile diren entitateekin kanpoko lankidetzarako hitzarmena onesten da, foru agindu honen I. eranskin gisa, hirugarrenen izenean zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak elektronikoki aurkez ditzaten, Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez.

Lankidetza hitzarmen horri atxikitzeko banakako agiria eta borondatez baja emateko agiria onesten dira, II. eta III. eranskin gisa hurrenez hurren.

2. artikulua. Zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak elektronikoki aurkeztea hirugarrenen izenean.

Aurreko artikuluan aurreikusitako kanpoko lankidetzarako hitzarmenari atxikitzeko banakako agiria sinatzen duten pertsonek nahiz entitateek, zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak hirugarrenen izenean aurkezten badituzte, elektronikoki eginen dute nahitaez.

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iruñean, 2019ko azaroaren 12an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

I. ERANSKINA

Kanpoko lankidetzarako hitzarmena software-hornitzaile diren entitateekin, hirugarrenen izenean zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak elektronikoki aurkez ditzaten, Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez

Zerga arloko eskumena duen departamentuak bere eginkizunen artean du zergapekoei informazioa ematea eta laguntzea, zerga betebeharrak borondatez betetzea errazteko, eta ahal den neurrian murrizteko betetze horrek dakartzan zeharkako kostuak, tributu sistema aplikatzeko printzipio orokorrekin bat. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 3. artikuluan arautzen dira printzipio horiek.

Ildo horretan, aipatu foru legearen 90. artikuluan ezartzen denez, tributuak kudeatzeko lankidetza soziala bi hauen artean hitzarmenak eginez gauza daiteke: batetik Zerga Administrazioa, eta bestetik gizarteko, laneko, enpresako nahiz lanbideetako sektoreak nahiz interesak ordezkatzen dituzten instituzio eta erakundeak.

Hori helburu, eta tributuen kudeaketan lankidetza sozial eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da prozedura arin, erraz eta erabilgarriak ezartzea hauen artean: Nafarroako Foru Ogasuna, zergapekoak eta haien ordezkariak. Horretarako komeni da, interes publikoaren mesedetan, egoki diren hitzarmenak egitea aipatutako ordezkariekin.

13/2000 Foru Legearen 90.1 artikuluak, d) eta f) letretan, ezartzen du ezen, tributuak kudeatzeko, lankidetza soziala bideratzen ahalko dela aitorpenak egiten laguntzera, eta baita zerga arloko aitorpen, jakinarazpen eta beste agiri batzuk telematika bidez aurkeztera ere.

Zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak berehala aurkezteko sistema (SILICIE) abian jarri dela-eta, berariazko lankidetza hitzarmen honek enpresa-kudeaketarako softwarearen hornitzaile diren entitateei aukera emanen die zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak elektronikoki aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 50.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak elektronikoki aurkezteko sistemaren berezitasuna eta hark zergapekoei eskatzen dien beharrezko egokitzapen teknologikoa kontuan harturik, oso komenigarritzat jo da softwarea garatzen duten enpresei edo antzekoei beren bezeroen izenean informazioa emateko aukera eskaintzea:

Lehena.–Hitzarmenaren edukia.

1.–Zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak elektronikoki aurkezteko kudeaketa informatizatua.

a) Atxikitzeko banakako agiria (II. eranskinean dago) sinatzen duten pertsonak nahiz entitateak elkarlanean arituko dira zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak elektronikoki aurkezteko sisteman bakarrik, ordezkariari ez baitzaio ematen hirugarrenen izenean zerga arloko jakinarazpen eta beste agiri batzuk (hau da, zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuez bestelakoak) aurkezteko aukera, ez eta zerga-zorren ordainketa telematika bidez tramitatzekoa ere, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduaren bidez onetsitako kanpoko lankidetzarako hitzarmenaren arabera.

b) Nafarroako Foru Ogasunak konpromisoa hartzen du beharrezko diren sistema informatikoak hitzarmena izenpetu dutenen esku uzteko eta horrek eskatzen duen laguntza teknikoa emateko.

2.–Lankidetza hitzarmenaren sinatzaileen beharkizunak.

Hitzarmenari atxikitzeko banakako agiriaren sinatzaileek, hitzarmenak irauten duen bitartean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Nafarroako Foru Ogasunak aitortutako ziurtagiri elektroniko bat izatea, arloan indarrean dagoen legerian ezarri bezala.

2. Zein zergapekoen izenean diharduten, haien behar adinako ordezkaritza izatea, 13/2000 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Nafarroako Foru Ogasunak edozein momentutan eskatzen ahalko die sinatzaileei ordezkaritza hori frogatzeko.

3. Pertsonen datuen tratamendu automatizaturako indarreko araudian eskatzen diren beharkizunak betetzea eta, bereziki, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eskatutakoak.

4. Zerga betebeharrak (bai formalak bai materialak) egunean izatea.

Nafarroako Foru Komunitatearen Zerga Administrazioak ez badu eskumenik sinatzaile horiekin egiaztapen eta ikerketa jarduketak egiteko, sinatzaile horiek urte bakoitzeko azaroan ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, zerga arloko betebeharrak egunean dituztela frogatzen duena.

5. Atxikitzeko banakako agiria sinatzen duen pertsona nahiz entitatea enpresa-kudeaketarako softwarea garatzeko eta mantentzeko lanean maiztasunez aritzea. Zehazki, izena emanda egon beharko du Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen I. eranskineko lehen ataleko 845. multzoan edo 769.9 epigrafean, edo bigarren ataleko 763. multzoan.

6. Zerga berezien kontabilitate-liburuak eramateari buruzko araudian ezarritako gainerako baldintzak eta prozedura betetzea.

7. Berariaz onartzea Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoak bere eskumenak erabiliz bidaltzen dituen jakinarazpen administratiboak bide elektronikoen bidez jasotzea. Horrela, ulertuko da hitzarmenaren sinatzaileak adierazi duela aipatu erakunde autonomoaren jakinarazpen elektronikoak jaso nahi dituela.

3.–Kanpoko lankidetzarako hitzarmenari atxikitzeko banakako agiriaren aurkezpen elektronikoa.

Hitzarmenaren sinatzaileek jakinarazpen bat bidali beharko diote, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Laguntza Teknikoaren eta Entitate Laguntzaileen Atalari, eta hitzarmen honen edukiari atxikitzeko banakako agiria erantsi beharko diote, behar bezala beterik. Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian aurkitzen ahal da agiria, hementxe: http://www.hacienda.navarra.es. Agiri hori aurkezteak hitzarmen honen edukia goitik behera onartzen dela esan nahi du. Gainera, behar diren agiriak erantsiko dira, frogatzeko 2. puntu honetako beharkizunak betetzen direla hitzarmen hau sinatzen den unean.

Pertsona juridiko batek sinatzen badu hitzarmena, bere erantzukizuna izanen da bere izenean diharduenak horretarako aski ahalmen izan dezan.

Nortasun juridikorik gabeko erakundea bada hitzarmena sinatzen duena, bazkideetako batek aurkeztuko du atxikitzeko banako agiria entitatearen izenean, galarazi gabe entitateak berak bete behar izatea 2. puntuak ezartzen dituen beharkizunak. Agiriak aurkezteko, bazkideak bere izenean luzatutako ziurtagiri digital bat erabiliko du.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Ogasunaren eta atxikitzeko banakako agiria izenpetzen duenaren betebeharrak.

1.–Hitzarmen honek Nafarroako Foru Ogasuna eta atxikitzeko banakako agiria izenpetua duena elkarri laguntzera behartzen ditu, lortu nahi diren helburuak eskuratzearren.

Orobat, hitzarmenaren sinatzailea behartzen du Nafarroako Foru Ogasunari jakinaraztera hitzarmenaren edukiari eragiten ahal dion edozein aldaketa nabarmen, eta, bereziki, posta elektronikoko kontuaren aldaketa.

3.–Hitzarmen hau izenpetua duen ordezkariak hitzarmen honetan aipatutako betebeharrak betetzen ez baditu, ordezkaritza sistematik baztertuta geldituko da, eta ez du zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak ematerik izanen hirugarrenen izenean. Nafarroako Foru Ogasunak bazterketa horren berri emanen du, idatziz edo elektronikoki, interesdunari entzunaldia eman ondoren, eta ezertan galarazi gabe haren ahalmena, jurisdikzio eskudunaren aurrean bidezko diren erreklamazioak egiteko.

Halaber, zergapekoen izenean zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak eman badira haien ordezkaritza aski izan gabe, behar diren erantzukizunak eskatzen ahalko dira, baita zigor arlokoak ere. Hori guztia, 13/2000 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.

Hirugarrena.–Ordezkaritzaren irismena.

Zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak hirugarrenen izenean ematen badira, hitzarmen honetan xedatutakoari jarraituz, ordezkariek ez dute erantzukizunik izanen ordezkatuen izenean aurkeztutako informazioaren edukiaren gainean, ulertuko baita aipatu liburuak aurkeztu baino ez dutela egin.

Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez ditu galarazten zerga arloko araudian ezartzen diren beste erantzukizun batzuk.

Laugarrena.–Borondatezko baja.

Sinatzaileak zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak aurkezteko lankidetza hitzarmenean borondatezko baja hartzea eskatu ahalko du. Horretarako, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Laguntza Teknikoaren eta Entitate Laguntzaileen Atalari jakinarazpen bat bidali beharko dio, eta hari erantsi beharko zaio lankidetzarako hitzarmenean borondatezko baja emateko agiria (III. eranskina). Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ere aurkitzen ahal da agiria, hementxe: http://www.hacienda.navarra.es.

Bosgarrena.–Hitzarmenaren jarraipena.

Nafarroako Foru Ogasunak konpromisoa hartzen du aldian behin hitzarmen honi atxiki zaizkion pertsonekin bilerak egiteko, haien arteko harremanak eta lankidetza errazteko, hitzarmen hau gauzatzean sortzen ahal diren arazoak konpontzeko eta edukia egiazki gauzatu dadin bultzatzeko.

Seigarrena.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

13/2000 Foru Legearen 36. eta 90. artikuluek xedatutakoak arautuko du lankidetza hitzarmen hau, baita uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 50. artikuluak ere.

Bestalde, gai hau arautzen duten foru aginduetan ezarri dira zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura.

II. ERANSKINA

Honako hitzarmen honi atxikitzeko banakako agiria: Software-hornitzaile diren entitateekin kanpoko lankidetzarako hitzarmena, hirugarrenen izenean zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak elektronikoki aurkez ditzaten Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez (PDFa).

III. ERANSKINA

Honako hitzarmen honetan borondatezko baja emateko agiria: Software-hornitzaile diren entitateekin kanpoko lankidetzarako hitzarmena, hirugarrenen izenean zerga berezien xedeko produktuen kontabilitate-liburuak elektronikoki aurkez ditzaten Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1914454