234. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRAGA

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduen erabileraren gaineko ordenantzan. Behin betiko onespena

Lizarragako Kontzejuak, 2019ko irailaren 29an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Kontzejuko herri-lurretako aprobetxamenduen erabilera arautzen duen ordenantzaren aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 17an.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da ondoren ematen den ordenantza; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman zaion idazketaren arabera.

Lizarragan, 2019ko azaroaren 18an.–Kontzejuko burua, Unai Navarro Aristorena.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lizarragako Kontzejuaren herri-lurretako ondasunen administrazioa eta erabilera, zainketa, berreskurapen eta aprobetxamendu egintzak erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Lizarragako Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Lizarragako Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Lizarragako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Lizarragako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-lurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Lizarragako Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari.

8. artikulua. Lizarragako Kontzejuak noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Ekintza zibilak sustatuko dira, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Lizarragako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Lizarragako Kontzejuak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Lizarragako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Lizarragako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubide konstituzionalak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Lizarragako Kontzejuak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Lizarragako Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Lizarragako Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua.

Herri-larreen aprobetxamendua.

Etxerako egurren aprobetxamendua.

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Lizarragako Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duen izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. 1. Orokorrean, Lizarragako Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaitutako adin txikikoa izatea.

b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 5 urteko antzinatasunarekin.

c) Lizarragan urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Kontzeju honekiko betebeharra eta ordainketa guztiak egunean izatea.

16. artikulua. 2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Dena den, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, nahiz eta familikoekin bizi, baldin eta beraien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino txikiagoak baldin badira.

16. artikulua. 3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Lizarragako Kontzejuak osoko bilkuran batzarturik, Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

17. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modu ezberdinetan eginen dira eta lehentasun ordena honi jarraituz:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Kontzejuaren zuzeneko ustiapena.

Kontzejuak modu horiek aipatu ordena berean aplikatuz eginen du laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko prozesua.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

18. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen diru-sarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

18. artikulua. 2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

18. artikulua. 3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zerg aren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen beste edozein datu ere.

19. artikulua. 1. Ereduko lotearen azalera, mota honetan honako hau da:

–Sekain-lurretan: 5 hektareak.

19. artikulua. 2. Aurreko 18. artikuluan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz onuradun suertatzen direnei entregatuko zaizkien loteak aterako dira ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuz:

a) Hiru kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea, hots, sekain-lurretako erreguak.

b) Lau kidetik seira bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea, hots, sekain-lurretako erreguak.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea, hots, sekain-lurretako erreguak.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea, hots, sekain-lurretako erreguak.

20. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten famili unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Lizarragako Kontzejuak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 18. eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Kasu honetan, Kontzejuak bere herri-lurren % 50 erabiliko du, gutxienez, banatzeko era honetarako.

21. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea gutxienez ere 8 urtekoa izanen da. Labore urteanitzak badira, eta Kontzejuak baimendu ondoren, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatuko da.

22. artikulua. Aprobetxamendu honetan, herri-lurren onuradunek hurrengo lur-sariak ordainduko dituzte:

–Sekain-lurretan: 140 euro/hektarea/urtea.

Zenbateko hauek urtero eguneratu beharko dira, gehienez ere KPI orokorraren arabera. Edonola ere, lur-sariak Lizarragako Kontzejuak ordaindu beharreko kostuak estaliko ditu gutxienez ere.

23. artikulua. Herri-lurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

24. artikulua. Erregelamendu honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikazio-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoi batengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Lizarragako Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 25. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzgatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Lur banaketa edo lagapena egiten dituzten onuradunei herri-lurrak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek lur banaketa edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte udal gordailuzaintzan.

26. artikulua. Lizarragako Kontzejuak egoki juzgatzen dituen egiaztaketak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez direla kontsideratuko da:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatu herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen ustetan, adjudikatu herri-lurretako lurzatiak, ordenantza honetako 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzen eta pertsonalki lantzen ez dituenean.

c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondoren, agindu epean aurkezten ez dituenean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak, frogatzeko agiriak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikatutako lurzatiaren % 80, gutxienez, lantzen ez duenean.

f) Landalurren jabea izanik, hirugarrenei errentan emanak dituenean.

2. ATALA

Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak

27. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

28. artikulua. Herritarren artean zuzenean adjudikatuko diren loteen azalera Lizarragako Kontzejuak zehaztuko du, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondoren. Adjudikazioa gelditu diren lurren azalera eta sarturiko eskabideen arabera eginen da, famili unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien proportzio alderantzizkoan.

29. artikulua. Adjudikazio epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.

30. artikulua. Herri-lurretako lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu beharreko lur-saria honako hau izanen da:

–Sekain-lurretan: 150 euro/hektarea/urtea.

Zenbateko hau orain proposatutako lur-sariari dagokio, eta eguneratuko da urtero, KPI orokorraren muga gainditu gabe.

31. artikulua. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du adjudikazio-hartzaileak. Horretarako, 23., 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Famili unitateen errenta mailak zehazteko, 18.3) artikuluan ezarritako irizpide berberei jarraituko zaie.

3. ATALA

Kontzejuak egindako ustiapen zuzena edo enkante publikoa

33. artikulua. Lizarragako Kontzejuak laborantzarako lurra sobran baldin badago, lehenengo eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, enkante publikoan adjudikatuko du zehaztuko den eperako, betiere adjudikazioa banaketa berria egitean bukatzeko.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Kontzejuak finkatuko du eta eskualde horretan antzeko lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Zenbateko hauek, KPI orokorraren arabera nola aldatzen den, halaxe eguneratuko dira urtero.

Enkantea egin ondoren laborantzarako lurra sobran geratzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikazioaren prozedura

34. artikulua. Kontzejuak osoko bilkuran erabakia hartu ondotik, 15 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten, ediktua Kontzejuaren iragarki oholean argitara eman ondoren.

35. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, honako hauen gainean:

a) Herriko bizilaguna dela, gutxienez ere azkeneko bost urteetan, eta urtero bederatzi hilabete ematen dituela, bederen, herrian.

b) Kontzeju honekin zerga arloko eginbeharrak bete direla.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Famili unitatea osatzen duten kideek Kontzeju honetan eta besteetan beren jabetzakoak dituzten erreguak, baita errentan hartuta edo beste modu batez lantzen dituztenak ere.

e) Famili unitatea osatzen duten kideetako bakoitzak errentan harturik edo jabetzatik aparteko bestelako moduren batean lantzen dituen lurrak, udalerri honetan eta beste batzuetan, sekain-lurrak eta ureztalurrak bereizita.

f) Famili unitateko kide bakoitzak hirilur aberastasunaren zergapean duen kapitala, norberaren etxebizitzarena salbu, bai honen mugapean bai beste batzuetan.

g) Nekazaritzatik, industriatik edo zerbitzuetatik famili unitateko kide bakoitzak dituen diru-sarrerak, baita Gizarte Segurantzako pentsiodunenak edo beste errentak ere.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Lizarragako Kontzejuak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3) artikuluan zehazten den bezala.

36. artikulua. Herri-lurren Batzordeak proposaturik, Kontzejuak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikazio era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

37. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrendak Kontzeju honen iragarki oholean paratuko dira 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betikoak bihurtuko dira.

38. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horiei buruzko ebazpena emanen du eta mota bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

39. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten famili unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, loteak adjudikatuko dira, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 19. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzarako herri-lurren gainontzeko azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzarako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren modalitatean behin betiko zerrendan dauden famili unitatearen titularrei, eta loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatia adjudikatuta, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunetan, iragarki oholean. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

40. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-lurretako larreen aprobetxamendua

41. artikulua. Lizarragako Kontzejuaren herri-lurretako larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da eta lehentasun ordena honi jarraituz:

a) Herritarrendako adjudikazio zuzena eginez.

b) Usadioaren ariora.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.

42. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako tilularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

43. artikulua. Larreak zuzenean aprobetxatuko dira eta ez da zilegi izanen haien azpierrentamendua edo lagapena.

44. artikulua. Adjudikazio epea zortzi urtekoa izanen da.

45. artikulua. Lizarragako Kontzejuak honela kalkulatu du hektareako jasan daitekeen abelburuen kopurua:

a) Ardi aziendako 20 buru.

Horretarako, Lizarragako Kontzejuak baliokidetasun hauek ezartzen ditu:

Zaldi aziendako buru bat ardi aziendako bost bururen pare.

Behi aziendako buru bat ardi aziendako bost bururen pare.

46. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak (KPI orokorra) onartzen dituen indizeak kontuan hartuz.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

47. artikulua. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Lizarragako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

48. artikulua. Lizarragako Kontzejuak urtero finkatuko du famili unitateei adjudikatzeko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

49. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

50. artikulua. Egurra banatzerakoan Lizarragako Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, diru aldetik apalenak diren famili unitateei lehentasuna emanen dielarik.

51. artikulua. Aurreko artikuluak famili unitateei buruz aipatzen dituen maila ekonomikoak zehazteko, Lizarragako Kontzejua irizpide objetiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 18. artikuluan islatzen den bezala.

52. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Kontzejuak aurrekontu arruntean.

53. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondoren hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Kontzejuko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, etxerako egur aprobetxamenduaren adjudikazioa ukatuko zaie.

54. artikulua. Adjudikazio prozedurarako, ordenantza honetan xedatutakoari segituko zaio.

V. KAPITULUA

Herri-ondasunen beste aprobetxamendu batzuk

55. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, Nafarroako Parlamentuaren 1981-3-17ko Arauan eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

56. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Lizarragako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

VI. KAPITULUA

Herri-ondasunen hobekuntzak

57. artikulua. 1. Lizarragako Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herri-lurren gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

57. artikulua. 2. Proiektu hauek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

57. artikulua. 3. Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, behar izanez gero, Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

57. artikulua. 4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

58. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

59. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Kontzejuak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herri-lurrari adjudikazioko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuri-landareak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Adjudikazioetan aipatutako epeak ez errespetatzea.

h) Herri-lurretan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Hildako animaliak lurperatu gabe abandonatzea.

j) Artzaintzarako aldeak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

60. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galarazten Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

–g) Arau-haustearengatik lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainontzeko arau-hausteengatik, eragindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordainaraztea. Balioa zehazterik ez badago, 200 eurotik 3.000 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenarekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera, eta ondorio juridiko osoak eraginen ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua argitara ematen den unetik aitzinera.

Bigarrena.–Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Argitara ematen da, denek jakin dezaten.

Lizarragan, 2019ko azaroaren 18an.–Kontzejuko burua, Unai Navarro Aristorena.

Iragarkiaren kodea: L1914722