234. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LATASA

Herri-ondasunen aprobetxamenduaren ordenantza. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, argitara ematen da Herri-ondasunen aprobetxamenduaren ordenantzaren testu osoa. Hasierako onespena 2019ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 7an, argitaratu ondoren, haren kontrako erreklamazio edo alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi da, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legea aldatu zuen apirilaren 21eko 11/1999 Legearen 49. artikuluan agindutakoarekin bat.

Latasan (Odieta ibarra), 2019ko urriaren 1ean.–Kontzejuburua, Juan Ignacio Elizondo Osinaga.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Latasako Kontzejuko herri-ondasunen administrazioa, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua eta haien gaineko xedapen egintzak erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran edo tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-ondasunen ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuko arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz, Latasako Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Latasako Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri-lurrei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Latasako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Latasako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedura erabiliko da.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Latasako Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzari.

8. artikulua. Latasako Kontzejuak edozein unetan berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzun eta gero. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Latasako Kontzejuak lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela-eta Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Gobernuari. Kontzejuak jakinarazpen horien inguruko erabakia hartu beharko du.

10. artikulua. Latasako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Latasako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, esleipen edo bertze zerbaiten kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Latasako Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Latasako Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak baliatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Latasako Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egur edo epaitzen aprobetxamendua.

c) Herri-ondasunen bertzelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Latasako Kontzejuak zainduko du herri-ondasunak produkzioan jartzen direla, hobetzen direla eta egoki aprobetxatzen direla, betiere haien erabilera soziala kontuan hartuz.

16. artikulua. 1. Orokorrean, Latasako herri-ondasunen aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua izatea.

b) Latasako Kontzejuko bizilagun gisa inskribatua egotea Odietako Udal Biztanleen Erroldan lau urteko antzinatasunez.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Kontzeju honekin inolako zor fiskalik ez izatea.

e) Larreetarako herri-lurrak eta herri-ondasunak aprobetxatzeko lehentasuna izanen dute Kontzejuan hiru urtetik gorako antzinatasuna duten abeltzaintzako ustiategi bat edo batzuk dituzten familia unitateek.

2. Artikulu hau interpretatzean zalantzarik sortuz gero, Latasako Kontzejuko osoko bilkurak ebatziko ditu kasuan kasu, hango Herri-lurren Batzordearen aldez aurreko txostena kontuan hartuta, hala dagokionean.

17. artikulua. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira.

II. KAPITULUA

Herri-lurren aprobetxamendua

18. artikulua. Larreetarako herri-lurreko belardien aprobetxamendua Ordenantza honetako 16. artikuluko baldintzak betetzen dituen familia unitateko bizilagun titularrari adjudikatuko zaio zuzenean.

19. artikulua. Herri-lurreko belardiaren onuradunek ordaindu beharreko kanona izanen da Kontzejuak onesten duena belardi horren kategoriarako.

Kanona ez da izango antzeko lurrak errentan emateko eskualdeko prezioen % 90 baino txikiagoa.

20. artikulua. Urte bakoitzari dagokion kanona edo adjudikazioaren zenbatekoa epe bakar batean ordaindu behar da abenduaren 25a baino lehen.

21. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduez baliatzeko epea zortzi urtekoa da.

22. artikulua. Latasako Kontzejuak finkatuko du onuradun bakoitzari adjudikatzen zaion larrearen zabalera, horretarako zenbaterainoko herri-lur dagoen kontuan harturik.

23. artikulua. Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe, onuradunek ezin izango dituzte herri-lurrak esleitu zirenez bestelako aprobetxamenduetara bideratu (artoa, soja, berotegiak eta abar).

24. artikulua. Herri-lur adjudikatuetan itxiturak paratzeko, Latasako Kontzejuaren baimena beharko da, eta debeku dira fabrikako obrazkoak, adreiluzkoak edo hormigoizko blokekoak.

Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ez dira batera hesitzen ahal.

25. artikulua. Ez da herri-lur aprobetxamenduaren trukerik baimenduko onuradunen artean, interesdunek aitzinetik eskatzen ez badute eta Kontzejuak horretarako baimenik ematen ez badu.

26. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo bertze batzuei lagatzeko.

27. artikulua. Urtean behin, bederen, belarra moztu eta ongarritu beharko da. Mozketarako baliabide mekanikoak erabili behar dira, aziendak bertan bazkatuagatik ere.

III. KAPITULUA

Larreen aprobetxamendua, oihanean

28. artikulua. Oihaneko eta partzeletako herri-larreen aprobetxamendua Ordenantza honetako 16. artikuluko baldintzak betetzen dituen familia unitateko bizilagun titularrari adjudikatuko zaio zuzenean.

29. artikulua. Herri-lurretako larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eduki beharko du herri-larreak erabiltzen dituen aziendak. Orobat, lege horretan eta haren erregelamenduan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

30. artikulua. Debekatua dago azienda beltza larratzea.

31. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendu mota honen onuradunek ordaindu beharreko kanona izanen da Kontzejuak onesten duena aipatu larreen kategoriarako.

Kanona ez da izango antzeko lurrak errentan emateko eskualdeko prezioen % 90 baino txikiagoa.

32. artikulua. Urte bakoitzari dagokion kanona edo adjudikazioaren zenbatekoa epe bakar batean ordaindu behar da abenduaren 25a baino lehen.

33. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduez baliatzeko epea zortzi urtekoa da.

34. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen hirugarrenei azpierrentamendua egiteko edo lagatzeko.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

35. artikulua. Oihanean aski izan eta Nafarroako Gobernuak baimendu ondotik, Latasako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

36. artikulua. Latasako Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatzeko epaitzen bolumena, oihanean dagoen egurraren ariora. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

37. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

38. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Kontzejuak aurrekontu arruntean.

39. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoan hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, etxerako egur aprobetxamenduaren adjudikazioa bi urtez ukatuko zaie.

V. TITULUA

Herri-ondasunen bertze aprobetxamendu batzuk

40. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, gai horren gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

41. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, Latasako Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza agirien arabera bideratuko da. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

VI. TITULUA

Adjudikazio prozedura

42. artikulua. Aitzinetik Kontzejuak erabakia harturik eta iragarki-taulan paratutako ediktuen bitartez, hamabortz eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste duten lagunek herri-lurretan nahi dituzten aprobetxamenduak eska ditzaten.

43. artikulua. Aprobetxamendu eskaerekin batera, zinpeko aitorpen hauek eginen dira:

a) Kontzejuko bizilaguna izatea lau urte lehenagotik eta urtean bederatzi hilabetez bederen Kontzejuan bizitzea.

b) Familia unitateko kideena, familia liburuaren fotokopiarekin batera.

c) Kontzeju honekiko zerga betebeharrak eguneratuak izatearena.

Zinpeko aitorpen horren frogagarri, Latasako Kontzejuak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko.

44. artikulua. Eskaerak ikusi ondoren, Latasako Kontzejuak behin-behinekoz onetsiko du onartuen zerrenda aprobetxamendu bakoitzean, aprobetxamenduaren lekua edo lotea ere adieraziz.

45. artikulua. Behin-behineko zerrenda Kontzeju honetako iragarki-taulan paratuko da hamabortz egun baliodunean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betikoak bilakatuko dira.

46. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Kontzejuak horiei buruzko erabakia hartuko du, eta herritarren behin betiko zerrendak onetsiko ditu aprobetxamendu bakoitzerako, bai eta aprobetxamenduen lekua edo lotea ere.

VII. TITULUA

Kontzejuak zuzenean ustiatzea edo enkante publikoan adjudikatzea

47. artikulua. Latasako Kontzejuak, baldin eta herri-lurrak edo larre soberakinak badaude, VI. Tituluan ezarritako prozedura aplikatu ondoren, enkante publikoan adjudikatuko ditu. Hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arte iraungo du adjudikazioak.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Kontzejuak finkatuko du eta eskualde horretan gisako lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Zenbateko hauek, nekazaritzako KPI nola aldatzen den, halaxe eguneratuko dira urtero.

Enkantea egin ondotik larreetarako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatu ahalko du.

VIII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

48. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Herri-lurretako larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko Foru Legean eta haren Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

c) Aprobetxamenduaren kanonak ez ordaintzea Kontzejuak finkatzen dituen epeen barruan.

d) Herri-lurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez aprobetxatzea.

e) Herri-lurrari adjudikazioko erabilpena ez dena ematea.

f) Finketan belar moztea eta ongarritzea bederen urtean behin ez egitea.

g) Azienda hilak lurperatu gabe uztea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoaren kontrakoa den bertze edozein gertaera edo egintza.

49. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), e) eta f) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, hargatik eragotzi gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioaren halako bortz eta hamar bitartean ordainaraziko da.

Iragarkiaren kodea: L1914680