234. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

324/2019 FORU DEKRETUA, azaroaren 13koa, Alberto Undiano Mallenco jaunari Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren 2019ko Urrezko Domina ematen diona.

Abenduaren 21eko 363/1998 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Kirolaren Goresmen Sariak sortu ziren.

Apirilaren 5eko 42/2001 Foru Aginduak kirolaren goresmen sari horiek nola eman arautzen du. Besteak beste, eranskinaren 1. puntuan, Urrezko Domina arautzen da.

Sari hori Alberto Undiano Mallenco jaunari ematen zaio, gure komunitateko arbitrajearen erreferente gorena eta estatuan eta nazioartean adierazgarririk handienetako bat baita. Hainbat merezimendu lortu ditu hutsik gabeko bere ibilbide eredugarrian, eta honako hauek dira nabarmentzekoak bere curriculum luzean:

–Futboleko arbitro izan da 30 urtez, 1989-1990 denboralditik aurtengora arte. Horietatik, 19 urte eman ditu lehen mailan, eta 2004tik FIFAko arbitroa da.

–Espainiako futboleko lehen mailan arbitraturiko partiden errekorra du: 348 partida.

–Lehen mailara igo diren arbitroen artean gazteena izatearen errekorra du, 26 urterekin lortu baitzuen.

–Real Madrid-FC Barcelona klasikoa gehien arbitratu duen arbitroa ere bada, 10 aldiz aritu baita zeregin horretan.

–Hegoafrikako 2010eko Munduko Kopan Espainiako ordezkari izan zen, eta hiru partida arbitratu zituen lehiaketa horretako azken fasean.

–Finalaurrekoak eta finalak zuzendu ditu Europako eta munduko zenbait lehiaketatan, beheragoko kategorietan.

–Champions League, UEFAren kopa eta Intertottoko partidak ere zuzendu ditu.

–Erregearen kopako 3 final, 2008an, 2011n eta 2019an.

–Espainiako superkopak, 2005ean, 2007an eta 2013an.

–Arbitro berriak prestatzen eta haiekin elkarlanean aritu da.

–Nafarroako Kirolaren Kontseiluko kidea.

–Zenbait sari lortu ditu:

1.–“Don Balón” saria: 2005ean eta 2007an.

2.–Urrezko txilibitua lehen mailan: 2006an.

3.–Guruceta garaikurra: 2007an eta 2010ean.

4.–Vicente Acebedo garaikurra: 2009an eta 2010ean.

Horrenbestez, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko azaroaren hamahiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren 2019ko Urrezko Domina Alberto Undiano Mallenco jaunari ematea.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F1914540