234. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko azaroaren 13an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko 2019-2023 Baso Agenda onesten duena.

Nafarroaren berezko ezaugarria da hango paisaien aniztasuna, zeina ondare naturalaren eta kulturalaren adierazpen gorena baita; hortaz, hura babesteko erantzukizuna hartzen du, biodibertsitatea gal ez dadin, baita baliabide naturalak kudeatzekoa ere, horien balioa agerrarazteko, modu eraginkorrean erabil daitezen sustatzeko, eta haien funtzio aniztasuna bermatze aldera, modu jasangarrian, eta ingurumenaren kalitatea mantentzeko eta hobetzeko helburuarekin. Hori guztia, etengabe aldatzen ari den testuinguru globala kontuan harturik, non erronka berriak ageri baitira, honako hauei loturikoak, besteak beste: klima aldaketa, teknologiaren arloko aldaketak, ekoizpen eta kontsumo ereduak aldatzea, eta ingurumenaren eta gizartearen arazoei ikuspegi integratuago batekin heltzea, arazo globalak baitira. Horregatik, Nafarroako ingurumen politika guztiak esparru ildo edo estrategia orokor batzuen barnean sartzen dira.

Nafarroako baso politika eta haren plangintzarako tresnak estrategikoki eguneratu beharrari erantzuna emateko sortu da Nafarroako Baso Agenda. 20 urte baino gehiago pasatu dira 1998an Nafarroako Oihan Plana onetsi zenetik, eta urte horietan aldaketa sakonak izan dira gizartean eta ingurumenean, erronka berriak eta arazo globalak agertu dira, baita kontzeptu eta ezaupide berriak ere.

Baso Agendak beste politika estrategiko batzuekin bat egin behar du, eta politika horiek osatu:

–Lotura estua dago Garapen Jasangarriaren Helburuen eta baso kudeaketa jasangarriaren artean. Esate baterako, 15. helburuak honela dio: “Lurreko ekosistemen erabilera jasangarria babestea, lehengoratzea eta sustatzea, oihanak jasangarritasunez kudeatzea, desertifikazioari aurre egitea; lurren degradazioa galaraztea eta itzulikatzea eta biodibertsitatearen galbidea geraraztea”.

–Klima aldaketari dagokionez, baso kudeaketak eredu sozioekonomiko eta energia eredu berri baten alde egin behar du, karbono gutxiko eta klimaren eraginei egokituriko ekonomia lortzeko, garapen jasangarrian erreferente izateko –ingurumen gaietan arduraz jokatuz, lurralde osoan, eta baliabideak modu eraginkorrean erabiliz–, eta oreka mantentzeko pertsonen, jardueren eta horien oinarrian dagoen ingurunearen artean.

–Kontserbazioaren arloan, baso kudeaketak sinergiak ditu kontserbazio bereziko eremuen (KBE) kudeaketa planetako neurriekin.

–Jasangarritasunaren eremuan, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S3) helburuetako bat da baliabide naturalak babestea eta horiek modu eraginkorrean erabil daitezen sustatzea, ingurumenaren kalitatea mantentzeko eta hobetzeko; hori, berriz ere, bat dator baso kudeaketa jasangarriaren printzipioekin.

–Nafarroan Ekonomia Zirkularra garatzeko 2030erako Agendaren 1. helburua da baliabide naturalak modu jasangarrian eta eraginkorrean kudeatzea, eta, 2030erako Nafarroako Plan Estrategikoarekin loturik, 2. helburuan sustatzen da energia fosilak energia berriztagarriekin ordeztea, besteak beste, baso biomasa erabiliz horretarako.

Azken finean, Nafarroako Baso Agenda estrategia bat da, eta bat egiten du, ezinbestean, beste estrategia batzuekin. Haren helburua da jarduketa eremu nagusiak zehaztea, eta lanerako programa bat ezartzea lehenbiziko 5 urteetarako (2019tik 2023ra), eta, esparru horretan, programazio eta jardute mailak garatzea baso ekintzarako plan batean eta proiektu zehatzetan, datozen 20 urteetarako.

Erreferentziazko eta diagnostikorako agiri sorta bat oinarri hartuta hasi zen agenda prestatzen, 2017 eta 2018 bitartean. 9 agiri dira osotara, Nafarroako zenbait agentek prestaturikoak, Nafarroako Gobernuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren koordinaziopean, Nafarroako basogintza sektorearen abiapuntuko egoera aztertzeko.

Agiri horiek prestaturik, parte hartzeko prozesu bat antolatu zen proposamenak eta ekarpenak aurkez zitezen, Nafarroako Baso Agendaren behin betiko agiria idazteko.

Baso Agendako proposamenak 5 ardatz estrategikotan antolatu dira:

–1. ardatza: Baso arloko gobernantza.

–2. ardatza: Klima aldaketa eta arrisku naturalak.

–3. ardatza: Basogintza sektorea sustatzea.

–4. ardatza: Biodibertsitatearen kontserbazioa.

–5. ardatza: Berrikuntza eta ezagutza.

Horietako ardatz bakoitza programatan garatuko da, eta helburu eta neurri batzuk izanen dira programa horiek betetzeko.

Baso Agendaren edukia taula honetan ageri da, zenbakitan:

ARDATZA

PROGRAMAK

HELBURUAK

NEURRIAK

BASO ARLOKO GOBERNANTZA

9

25

54

KLIMA ALDAKETA ETA ARRISKU NATURALAK

4

4

23

BASOGINTZA SEKTOREA SUSTATZEA

7

35

70

BIODIBERTSITATEAREN KONTSERBAZIOA

5

7

16

BERRIKUNTZA ETA EZAGUTZA

6

15

40

GUZTIRA

31

86

203

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Baso Agenda onestea, 2019-2023 aldian garatzeko. Erabaki honen eranskinean ageri da.

2. Erabaki hau igortzea Nafarroako Gobernuko departamentu guztietara eta Nafarroako Parlamentura, haren berri izan dezaten eta behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Onetsitako eranskina Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea.

Iruñean, 2019ko azaroaren 13an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1914543