233. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALTSASUKO, OLAZTIKO ETA ZIORDIKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, administrari laguntzaile lanpostua betetzeko izangaien zerrenda bat eratzeko

Altsasuko, Olaztiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2019ko urriaren 31n egin bilkuran, Mankomunitaterako administrari laguntzailearen lanpostuan ordezkapenak egiteko izangaien zerrenda bat eratzeko deialdiaren oinarriak onetsi zituen.

Altsasun, 2019ko azaroaren 15ean.–Mankomunitateko burua, Francisco Javier Paz Miño.

DEIALDIAREN OINARRIAK, ALTSASUKO, OLAZTIKO ETA ZIORDIKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATERAKO ADMINISTRARI LAGUNTZAILEAREN LANPOSTUAN ORDEZKAPENAK EGITEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT ERATZEKO

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Altsasuko, Olaztiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitaterako administrari laguntzailearen lanpostuan ordezkapenak egiteko izangaien zerrenda bat eratzea oposizio-lehiaketa bidez. Zerrenda indarrean izango da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.

1.2. Hautapen probak 6. oinarrian ezarritakoak izango dira. Lehiaketaldia, berriz, baldintza hauen 7. oinarrian ezarritako moduan baloratuko da.

1.3. Kontratua iraungi eginen da hura egitea ekarri zuten arrazoiak desagertuz gero, eta betiere iraungiko da honako arrazoi hauetakoren bat denean:

–Arauzko probaldian betebeharren bat ez-betetzeagatik edo egokitzapen faltagatik.

–Aldi baterako bete nahi den lanpostua behin betiko betetzeagatik.

–Lanpostua amortizatzeagatik.

–Lanpostu horri atxikitzea langile funtzionario edo lan-kontratudun finko bat.

–Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan jasotako beste zenbait.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Lanpostuak D mailari dagokion oinarrizko lansaria izango du, Ordainsarien behin-behineko erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, eta onesten diren osagarriak, eta halakorik ezean, administrazio dei-egilearen plantilla organikoan ezarritakoak.

1.6. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, aurkezten diren izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Europar Batasuneko estatu bateko nazionalitatea izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Eskola-graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko maneran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez egotea.

f) Euskaraz jakitea, C1 mailaren titulua, EGA edo baliokidea den Hizkuntza Eskola Ofizialeko Gaitasun Agiria aurkeztuz egiaztatua, edo eskatutako hizkuntza eskakizuna duela egiaztatzen duen berariazko probaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea:

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (jatorrizkoa eta kopia) aurkeztu beharko da Altsasuko, Olaztiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Erregistro Orokorrean (Garcia Ximénez kalea, 42, 31800 Altsasu), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, 20 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Agiriak aurkezten badira Administrazio Prozeduraren Legeak baimendutako gainerako bideren bat erabiliz, eskatzaileak eskabidea igorri dela jakinaraziko dio administrazio kontratatzaileari posta elektronikoz (ssbaltsasu@ssbaltsasu.eus), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

Bi baldintza horiek bete ezean, ez da dokumentazioa onartuko baldin eta kontratazio-organoak oinarri hauetan adierazitako epea amaitu ondoren jasotzen badu.

Dena den, aipatutako epea iragan eta bost (5) egunera dokumentazioa jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.

3.2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

c) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen ziurtagirien kopiak; eskabidean lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Francisco Javier Paz Miño, Altsasuko, Olaztiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Naroa Gurmindo Vicente, Altsasuko, Olaztiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruordea.

Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkari bat.

Mahaikidea:

Ordezkoa:

Mahaikidea: Mankomunitateko langileak ordezkatzen dituen organoak izendatutako kide bat.

Ordezkoa: Mankomunitateko langileak ordezkatzen dituen organoak izendatutako kide bat.

Idazkaria: Altsasuko, Olaztiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria edo haren legezko ordezkoa.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko idazkariak behar diren aktak egingo ditu eta horietako bakoitza sinatu beharko dute mahaikide guztiek.

5.3. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izango da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa bertan izatea.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak eta, berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

6. oinarria.–Probak.

6.1. Oposizioaldia hasi baino lehen euskara proba egingo dute deialdi honen 2.1.E oinarrian eskatutako ezagutza agirien bidez egiaztatu ez eta proba egiteko nahia adierazten dutenek. Proba horretan bi ariketa egingo dira, idatzizkoa eta ahozkoa, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den edo ez, C1 hizkuntza mailari, EGAri edo baliokidea den tituluari dagokionez. Proba horiek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko langileek egingo dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak. Garaiz jakinaraziko da probak egiteko eguna.

6.2. Oposizioa bi zatiko proba bat izanen da:

6.2.1. Proba teoriko-praktikoa: bertan galdera teoriko-praktiko batzuk idatziz erantzun beharko dira; horietatik hiru laurdenak, gutxienez, I. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira eta gainerakoak, berriz, Word, Excel, Access 2010 eta Outlook programei buruzkoak. Galdera guztiendako lau erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galdera guztiek balio bera izango dute. Erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren laurden bateko zigorra izango dute. Ariketa hau egiteko denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen. Ariketan 40 puntu lor daitezke, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

6.2.2. Oposiziogileei eskaintzen zaizkien datuak erabiliz agiri ofizial bat prestatzeko proba. Ariketa horrek, gehienez ere, 30 puntu izanen ditu. Bazterturik geldituko dira 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak (7,5 puntu agiri bakoitzean).

6.3. Probak egiteko dei bakarra egingo da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea aldean dutela agertu beharko dute, eta baztertuak geldituko dira, edozein arrazoia dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunean agertzen ez diren izangaiak.

6.4. Hautaproban, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izango dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

6.5. Ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.6. Ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emango du izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin, Udalaren iragarki oholean. Zerrenda Internet bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.alsasua.net helbidean.

7. oinarria.–Lehiaketaldiaren balorazioa.

Lehiaketaldia oposizioa gainditu duten izangaiei soilik baloratuko zaie, eta 30 puntu izango ditu gehienez, baremo honen arabera:

A) Esperientzia.

A.1.) Nafarroako toki entitate batean zerbitzu emateagatik administrari laguntzailearen lanpostuan: 1,5 puntu, urte bakoitzeko.

A.2.) Nafarroako toki entitate batean zerbitzu emateagatik administrari-ofizialaren lanpostuan: puntu 1, urte bakoitzeko.

A.3.) Bestelako administrazio publikoetan zerbitzu emateagatik administrari laguntzailearen lanpostuan: 0,5 puntu, urte bakoitzeko.

A.4.) Bestelako administrazio publikoetan zerbitzu emateagatik administrari-ofizialaren lanpostuan: 0,25 puntu, urte bakoitzeko.

Aurreko apartatuetan aurreikusi merezimenduak lehiatzaileak lan egin duen administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira eta horiek zenbatzeko kontuan hartuko dira bai lan araubidean (finkoan edo aldi baterakoan), bai administrazio araubidean (bitarteko gisa edo jabetzapeko lanpostuan) egindako zerbitzuak, baina atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretan.

Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urteroko osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hileroko osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, hileroko oso bat beharko da gutxienez.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.

Zerbitzuak bete izana frogatzen duten dokumentuetan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ote ziren, eta lanaldi murritza bazen, zenbatekoa.

Aurreko apartatuen batura ez da 20 puntu baino handiagoa izango.

B) Prestakuntza ikastaroak.

Kontuan hartuko dira lanpostuarekin zerikusia duten gaien gaineko prestakuntza ikastaroak, hala nola informatikakoak (2000. urtearen ondoren egindakoak): Office paketea, sare sozialak, Internet, posta elektronikoa, Windows ingurunea, web-orriak sortzea, ordenagailu bidezko edizioa eta diseinua; administrazio prozedurari buruzkoak eta bestelakoak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, eta behar bezala frogatuak jatorrizko tituluaren edo fotokopia konpultsatuaren bidez. Puntuazioa honela emango da:

–10 orduko edo gehiagoko baina 20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,10 puntu.

–20 ordu baino gehiagoko eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,30 puntu.

–50 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 0,40 puntu.

Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak.

Ikastaro guztien batura ez da 10 puntu baino handiagoa izango.

8. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Azken proba bukatuta, epaimahaiak proposamena egingo dio administrazio dei-egileari puntu gehien lortu dituen izangaia kontratatzeko.

8.2. Proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen administrazioarendako.

8.3. Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen administrazioaren proposamena onartzen denetik eta jakinarazpena egiten zaionetik aitzina. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, deialdia egiten duen administrazioaren organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei kontratua egiten ahalko die hurrenez hurren, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz, eta horrela, behar den guztietan.

9. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

9.1. Kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

9.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik egingo da.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa (Administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

Lanerako kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari hiru dei, bederen, egingo zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra egingo da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Deitutako izangaiarekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, izangai bat, aldi baterako kontratu bat dela bide, lanean ari edo aritu denean eta, kontratua bukatu eta hurrengo 12 hilabetean, udalean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaionean zerrendan libre baldin badago.

Lan-kontratudun batek muzin egiten ahalko dio kontratuari iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egitea:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran badago edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia badu.

c) 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena.

e) Izangaia ezkondu berria bada edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabortz egun naturaletan uko eginez gero lanpostuari.

Aitzineko apartatuan adierazitako egoeretako batean edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan daudenek hilabeteko epea izango dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala eginez gero, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehenengo apartatuan aipatutako kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egiten badiote.

b) Sinatutako kontratuari uko egiten badiote.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua sinatzen ez badute.

9.3. Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko da; beraz, haren kontu izanen da dagokion kuota eta PFEZaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

10.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA - GAI ZERRENDA

1.–Administrazio agiriak. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, erabakien igorpena, jakinarazpenak.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua. Udalerria. V. titulua: Toki entitateen funtzionamenduaren araubidea.

4.–6/1990 Foru Legea, ekainaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: udalerria, Nafarroako toki entitate gisa. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IX. titulua. Nafarroako toki entitateen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola. Zehazki, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

5.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duena. I. titulua. Udalbatzetako kideen estatutua. II. titulua: lurralde mailako toki entitateen beharrezko antolaketa. III. titulua: lurralde mailako toki entitateen beharrezko organoen funtzionamendua. IV. titulua: lurralde mailako toki entitateen antolaketa osagarria. VI. titulua: prozedura eta araubide juridikoa.

6.–Altsasuko, Olaztiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Estatutuak.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.

II. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1914617