233. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OIEREGI

Ordenantza fiskala, arautzen dituena ur horniduraren eta saneamenduaren tasak. Behin betiko onespena

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 193. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 3an. Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik egin; hortaz, aipatutako ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da, eta argitara ematen da haren testua.

Oieregin, 2019ko urriaren 8an.–Alkatea, José Javier Nosellas Zabalegui.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA
OIEREGIKO KONTZEJUKO UR HORNIDURAREN ETA SANEAMENDUAREN TASAK

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin; foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa.

2. artikulua. Zerga-egitatea dira edateko uraren hornidura zerbitzua erabilgarri izatea eta benetan erabiltzea.

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

4. artikulua. Zergadunak diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta hornidura zerbitzua eskatu badute edo hartaz baliatzen badira.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

5. artikulua. Ordenantza honen xede den tasaren zenbatekoa da 60,25 euro familiako, urtero ordainduko da, eta Bertizko Jaurerriari tasa berezia aplikatuko zaio.

6. artikulua. Tasa ordaintzeko betebeharra kontzeptu hauengatik sortzen da:

a) Zerbitzua eskura izateagatik eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotura ezartzen denetik hasita.

b) Kontsumoagatik, ura erabiltzen hasten denetik.

c) Harguneagatik, kontzeptua sortuko eta ordainaraziko da haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denean.

7. artikulua. Prebentziozko neurri moduan, ur hornidura mozten ahalko zaio instalazio barrenean matxurak dituen hargunearen titularrari, baldin haien ondorioz ur-galerarik badago.

8. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da erantzule bakarra.

9. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude Kontzejuari lehenbailehen jakinaraztera ura banatzeko sare nagusiko aberia baten ondorioz gertatutakoak.

10. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

Kudeaketa arauak

11. artikulua. Higiezin batean hargunea paratu nahi duten sustatzaileek, eraikitzaileek, pertsona juridikoek edo fisikoek, eskabidea aurkeztu beharko diote Oieregiko Kontzejuari. Sarera lotzeko tasa, hazbete bateraino, 180 eurokoa izanen da.

12. artikulua. Kontzejuak ardura handiz zainduko du ur horniduraren zerbitzua, ahal diren baldintza hoberenetan emateko lanak eta antzeko zerbitzuak, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, baldin presio gutxiegi badago, ur hornidura eteten bada edo zerbitzuan beste edozein gorabehera gertatzen bada. Kontzejuak bando bidez ohartaraziko du etenaldi luzeak izaten direnean, salbu eta aparteko presako kasuak badira. Prebentziozko neurri moduan, ur hornidura mozten ahalko zaio instalazio barrenean matxurak dituen hargunearen titularrari, haien ondorioz ur-galera badago.

AZKEN XEDAPENA

Testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta izanen ditu ondorio juridikoak ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1913158