233. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2306/2019 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko kontratuen 2020. urterako deialdia onetsi eta gastua baimentzen da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak, 2019ko irailaren 18an egindako bileran, erabaki zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko kontratuen 2020. urterako deialdia onestea.

Ikusirik 103/2019 Errege Dekretua, martxoaren 1ekoa, Prestakuntzan dauden Doktoretza Aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duena.

Ikusirik Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.

Ikusirik Unibertsitateko Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren egiaztagiria.

Ikusirik Ikerketako errektoreordeak Ikertzaileak Prestatzeko Laguntzen Programarako egin duen deialdiaren proposamena.

Ikusirik Gobernu Kontseiluaren 2019ko urriaren 23ko Erabakia, zenbait urterako gastua baimentzen duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Banco de Santander SA enpresaren arteko lankidetza hitzarmen berri bat sinatzen bada, hitzarmen horren kontura finantzatuko da programa.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskudantziak betez,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko kontratuen 2020. urterako deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean azaltzen diren oinarriekin bat etorriz. Deialdian esleipen berriko doktoretza aurreko 8 kontratu jasotzen dira, eta kontratu bakoitzak 1.270,25 euroko 14 lansari izanen ditu. Aurreikusten da 2020ko apirilaren 1ean hasiko direla kontratuak.

Bigarrena.–Deialdi honek sorrarazitako gastua 533.590,35 eurokoa izanen da gehienez, eta 2020ko, 2021eko, 2022ko eta 2023ko aurrekontuetan xede horretarako aurreikusita dauden partidei egotziko zaie:

–2020:

  • 32300013110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 106.701 euro.
  • 32300016000 Gizarte Segurantza: 26.696,59 euro.

–2021:

  • 32300013110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 142.268 euro.
  • 32300016000 Gizarte Segurantza: 35.595,45 euro.

–2022:

  • 32300013110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 142.268 euro.
  • 32300016000 Gizarte Segurantza: 35.595,45 euro.

–2023:

  • 32300013110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 35.567 euro.
  • 32300016000 Gizarte Segurantza: 8.898,86 euro.

Hirugarrena.–Aukera egonen da laguntzen zenbatekoa eta kopurua handiagotzeko, deialdia finantzatzeko aurrekontu handiagoa baldin badago.

Laugarrena.–Ebazpen hau Ikerketako errektoreordeari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Irakaskuntza Zerbitzuari eta Kontu Hartzailetzari jakinaraztea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen webgunean argitara dadila agintzea. Halaber, Unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez ahalik eta hedapen handiena izan dezan arduratuko da Ikerketa Zerbitzua.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du, eta, bere aurka eta bere oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko azaroaren 8an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko kontratuetarako laguntzen deialdia 2020. urterako

2306/2019 Ebazpena

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikerketa bultzatu eta sustatzeko politikaren barruan, Ikerketa Batzordeak lehentasunezkotzat jo du beti ikertzaile gazteen prestakuntza. Horretarako orain arte erabilitako tresna eraginkorrena, zalantzarik gabe, 1999az geroztik urtero egiten den deialdia da, ikertzaileak prestatzeko laguntzak ematen dituena. Gainera, deialdiak bateragarria izan behar du prestakuntza-aldian dauden ikertzaileek beren lana garatzeko baldintza duinak izatearekin, jaso behar dituzten ordain ekonomiko eta onura sozialei dagokienez, eta aintzat hartu behar ditu ikertzaileei eragiten dieten goragoko lege esparruak ere.

Martxoaren 1ean, 103/2019 Errege Dekretuak Ikertzaileen Estatutua onetsi zuen.

Hori guztia kontuan hartuz, doktoretza aurreko ikertzaileak prestatzeko laguntzen deialdi hau onestea proposatu du Ikerketa Batzordeak.

1.–Deialdiaren xedea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko ikertzaileak prestatzeko eskaera berriko laguntzen deialdia, 2020. urterako dena, deialdian dauden xedapenek arautuko dute, eta laguntzak emateko behar adinako aurrekontua behar da.

Lehen eskaerako 8 laguntza emateko deialdia egin da doktoretza aurreko ikertzaileen prestakuntzarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza-tesia egiteko. Aurrekontuko baliabideen arabera, baliteke deialdiko laguntza gehiago ematea.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek bete beharrekoak.

Laguntza eskatzen dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoko arduraldi osoko doktoretza-programa batean onartuta egon beharko dute laguntza eskatzeko epearen barruan, edo egiaztatu beharko dute doktoretza-programa batean onartuak izatea eskatu dutela eskabideak aurkezteko epe horretan.

Laguntza jasotzeko hautatuak izan eta eskabideak aurkezteko epean doktoretza-programa batean onartuta ez daudenek doktoretza-programa batean matrikulatuta egon beharko dute laguntzak behin betiko emateko ebazpenean adierazten den epean.

Deialdi honetan ezin izanen dute parte hartu deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea amaitu aurreko hamabi hilabeteetan doktoretza-tesia egiteko beste laguntza baliokideren bat izan dutenek. Laguntza ez badute hamabi hilabete osoetan jaso, laguntza emateko hautatzen badituzte, laguntza jaso duten denbora deskontatuko zaie.

2.2. Betekizun gehigarriak:

a) Doktoretza-tesia ikerketa proiektu baten barnean kokatu behar da, zeina finantzaturik egonen baita 2019ko abenduaren 30a baino lehen bukatuko ez den deialdi publiko baten bidez edo hitzarmen edo kontratu espezifiko baten bidez, eta horretarako beharrezkoa izanen da proiektuaren arduradunaren oniritzia.

b) Aipaturiko ikerketa-proiektua Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatu beharko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2019ko katalogoan erroldatuta dagoen ikerketa-talde batek. Proiektuaren ikertzaile nagusia doktorea izanen da, eta onuradunaren proiektua zer ikerketa-talderi atxikitzen zaion, talde horretako partaidea. Unibertsitateko talde batek baino gehiagok parte hartzen dutenean proiektuetan, Ikerketa Batzordeari eskatzen ahalko zaio onuraduna atxiki dakion proiektuan parte hartzen duten taldeetako bati, proiektuaren arduradunaren taldekoa ez bada.

c) Aurreko bi betekizunak betetzen ez badira, ikerketa-talde bateko arduradun batek babestutako izangaien eskabideak onartuko dira, baldin eta talde hori 2019ko Taldeen Sustapen Planaren onuradun izan bada.

d) Eskatzaileak bere gain hartuko du eskaeran aurkeztutako ikerketa proiektuak 2.2 oinarriaren a) eta b) apartatuetan ezarritako betekizunak betetzen dituela egiaztatzeko ardura. Izan ere, hala ez bada, ezin izanen du proiektua aldatu akatsak zuzentzeko epean.

e) Laguntzaren zuzendaria doktoregaiaren tesiaren zuzendaria izanen da, eta 2019ko katalogoan erroldatutako ikerketa-talde batekoa izan behar du. Halaber, NavarraBiomedeko ikertzaile bat ere izan daiteke laguntzaren zuzendaria, Unibertsitateko langileen baldintza beretan.

f) Oro har, ezin izanen dira aldatu ez zuzendaria, ez proiektua, ez eta laguntza eskaera hasieran bermatu zuen ikerketa-taldea ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik. Ikerketa Batzordeak aldaketa eskaera aztertuko du eta behar den proposamena igorriko dio Ikerketako errektoreordeari, zeinak dagokion ebazpena emanen baitu.

g) Laguntzen zuzendari bakoitzak ezin izanen du ez babestu ez zuzendu deialdi honen babesean emandako esleipen berriko laguntzaren onuradun bat baino gehiago, ezta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren deialdi honetako eta aurreko deialdietako doktoretza aurreko laguntzaren bi onuradun baino gehiago ere.

h) Ezin izanen dira laguntzaren zuzendari izan eskabideak aurkezteko epea amaitu aurreko 3 urteetan Unibertsitateko Ikertzaileak Prestatzeko Laguntzen Programaren barruan tesi baten zuzendari izan diren ikertzaileak, baldin eta lau urteko kontratua amaituta eta justifikatutako arrazoirik gabe doktoregaiak ez badu bere doktoretza-tesia gordailutu.

3.–Laguntzen araubide juridikoa.

3.1. Laguntzen onuradunen eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezartzen direnak izanen dira, eta Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Estatutuetan ezartzen den beste edozein (martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsitako estatutuak).

3.2. Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu doktoretza aurreko kontratuak.

3.3. Kontratatuari bere zuzendariak duen ikerketa-talde bera esleituko zaio, eta bere zuzendaria zer sail eta/edo instituturi dagoen atxikita, horri atxikiko zaio kontratatua ere.

3.4. Deialdi honetan jasotzen diren laguntzek ez dute inolaz ere konpromisorik ezartzen onuradunak gerora Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.

3.5. Deialdi honen babesean laguntza bat jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza edo beka batzuekin, bai eta laguntzaren onuradunari kontratu edo estatutu bidezko lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:

–Ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, zuzenki loturik daudenak prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin eta beste hauetatik datozen osagarriekin: I+G proiektuetako parte-hartze baimenduak eta abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa, apirilaren 14ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuena, aplikatuz egindako kontratuak.

–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.

–Noizean behin jasotako laguntzak, Ikerketako errektoreordearen arabera emandako laguntzaren xedea garatzeari traba egiten ez dioten jarduerengatik kobratzen direnak.

4.–Eskaeren aurkezpena.

Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea/Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, autonomia erkidegoetako administrazioetako erregistroetan, toki administrazioa osatzen duten erakundeetako erregistroetan, posta-bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, posta zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan, ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora bidali baino lehen.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdia NAOn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskatzen diren baldintzak, oro har, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

5.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.

a) Eskaera orri normalizatua, zeina helbide honetan baitago jaisteko: http://www.unavarra.es/investigacion/laguntzak-eta-deialdiak/ikertzaileak. Eskaera orria bete eta gero, izenpeturiko ale bat aurkeztu behar du eskatzaileak Erregistro Orokorrean, kasu bakoitzean eskatzen diren dokumentuekin batera. Eskaera-inprimaki honetan jasotzen den laguntzari zuzendariak ematen dion oniritziarekin, ulertuko da izenpetzailea tutoretzat onartzen dela, Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Estatutuak eta Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak ezartzen dituzten ondorioetarako, eta deialdi honetan ezarritako oinarriak onartzen direla.

b) Merezimenduen zerrendaren inprimakia, helbide berean dagoena:

http://www.unavarra.es/investigacion/laguntzak-eta-deialdiak/ikertzaileak. Alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkeztuko dira inprimaki horrekin batera. Agiriz egiaztatutako merezimenduak balioetsiko dira bakarrik. Merezimenduak aurkeztu eta frogatzea ez denez baldintza baztertzailea deialdian, eskatzaileak ez badu dokumentazio hori aurkezten, Unibertsitateak ez ditu merezimendu horiek balioetsiko eta ez du eskatuko haiek egiaztatzea.

Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.

c) Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia.

d) Izandako kalifikazioak eta horiek zein egunetan eman ziren adierazten duen ikasketa-ziurtagiriaren fotokopia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

e) Promozioko batez besteko notaren ziurtagiria.

f) Doktoretza-ikasketak egiteko sarbidea ematen duen tituluaren fotokopia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Deialdi honen oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egonen, baina zirkunstantzia hori idatzita jaso beharko dute idazki batean. Idazki horretan identifikatu behar dute zer dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen.

Atzerriko ikastegiek ematen dituzten kalifikazioen ziurtagirietan, dagokion ebaluazio sistemaren barruan kalifikaziorik handiena eta txikiena zein izan diren agertuko da, baita gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere.

Eskatzaileek ikasketak atzerrian egin badituzte, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak egindako noten baliokidetasuna aurkeztu beharko dute gainera. Baliokidetasun hori hemen eska daiteke:

http://www.educacionyfp.gob.es/servicios-al-ciudadano/catalogo/gestion-titulos/estudios-universitarios/titulos-extranjeros/equivalencia-notas-medias.html

Ziurtagiri horiek ez badira aipatutako edukiarekin eta adierazitako epean aurkezten, kalifikazioak ez dira kontuan hartuko. 0 punturekin baloratuko dira.

g) Laguntzaren zuzendariaren curriculum laburtua, 2014tik 2018ra bitartekoa, eta bere merezimenduen puntuazioen inprimakia (www.unavarra.es/investigacion/laguntzak-eta-deialdiak/ikertzaileak). Deialdi honen II. eranskinean jasotakoaren arabera puntua daitezkeen merezimenduak soilik jasoko dira. Bestelako formatu batean aurkeztuz gero, 0 punturekin baloratuko dira.

Agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpen soila erantsi beharko da, eta Ikerketa Batzordearen esku utziko da zinpeko itzulpena eskatzea, beharrezkoa izanez gero.

6.–Izangaiak hautatzea.

6.1. Laguntzak 2019ko ikerketa-taldeen katalogoan ezarritako Arloko taldeen arabera (A, B, C, D) banatuko dira, talde horietako bakoitzean tramitera onartutako eskaerei D’Hont sistema aplikatuz eta baldintza hau errespetatuz: gutxienez laguntza bat aipatutako Arloko talde bakoitzeko, eta beste laguntza bat eskaera guztien artean espediente ponderatu onena duenarentzat.

6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak eginen du izangaien aukeraketa, honako hauek kontuan hartuz:

a) Izangaiak doktoretza-programan sartzeko aurkeztu duen titulazioaren espedientearen batezbestekoa: 4,5 puntu.

Batez besteko nota ponderatua honela kalkulatuko da:

Nota ponderatua =

IN + 5 + DN

2

Non IN ikaslearen batez besteko nota den eta DN, berriz, INaren desbideratze normalizatua promozioaren batez besteko notarekiko (NT). Izangai bakoitzaren DNaren balioa lortzeko, bere IN-NT desbideratzea zati bere arloan onartutako izangaien IN-NT desbideratzerik altuena (Dmax) bider 5 egin behar da, hots:

DN = 5 (IN-NT)/Dmax

Aurkeztutako espediente onena zein den kalkulatzeko prozedura bera jarraitu behar da, baina kasu horretan Dmax arlo guztietan onartutako izangai guztien IN-NT desbideratzerik altuena izanen da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek ez dute aurkeztu beharko informazio hau, Irakaskuntza Laguntzeko eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuak emanen baitu. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztiei aplikatuko zaie ezarri den ponderazio formula.

Beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleen kasuan, haien ardura izanen da behar den dokumentazioa aurkeztea aipatutako ponderazio formula aplikatzeko. Promozioko batez besteko notaren (NT) ziurtagiririk aurkezten ez duten eskatzaileei deialdi honetako gainerako izangaiei A, B, C edo D arloko beren taldean aplikatutako notarik altuena aplikatuko zaie promozioko batez besteko nota gisa.

Masterreko ikasketen kasuan, doktoretza-programan sartzeko erabiltzen den masterraren eta master horren aurreko ikasketen batezbesteko ponderatua kalkulatuko da, titulazio bakoitzari dagozkion kredituen arabera.

Aurreko batezbestekoa kalkulatu eta gero, espediente guztiak normalizatuko dira Arloko Talde bakoitzean. 4,5 puntu emanen zaizkio espediente onenari, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.

Normalizazio hori espediente onenari ematen zaion laguntza eskatu duten guztien artean eginen da (tramitera onartutako eskaera guztien artean).

b) Izangaiaren merezimenduak 0,5 puntu gehienez:

–Ikerketa: 0,3.

–Ikastaroak: 0,1.

–Mugikortasuna: 0,1.

–Deialdiaren I. eranskinak ezartzen duenaren arabera.

c) Zuzendariaren balioespena 2 puntu gehienez.

(Arloko Talde bakoitzari dagokiona).

d) Ikerketa proiektu edo hitzarmenak 1 puntu gehienez:

–Esparru Programa (EB) edo antzeko ezaugarriak dituztenak eskakizunei eta lehiari dagokienez: 1.

–Plan Nazionala: 0,8.

–Nafarroako Gobernua: 0,5.

Beste proiektu batzuk (83. artikuluaren araberako kontratuak edo hitzarmenak) 0,3 puntu gehienez.

6.3. Laguntza eskatzeko inprimakian adieraziko da doktoretza ikasketetara zein titulazioren bidez sartzen den, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da ikasketa espedientearen batezbestekoa. Master baten bidez sartzen bada, masterra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere hartuko da kontuan.

Ikasketa espedientearen batez besteko nota 0tik 10era bitarteko eskalan kalkulatuko da, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

∑ (irakasgaiaren kreditu kopurua × nota)

Titulazioaren kreditu kopurua guztira

1044/2003 Errege Dekretua ere aplikatuko da, abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena.

Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei “nahikoa” kalifikazioa emanen zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emanen zaie, eta, kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzean.

Espedientean kalifikazio kualitatiboa baizik jaso ez bada, baliokidetasun hau aplikatuko zaio:

–Ohorezko matrikula: 10.

–Bikain: 9,25.

–Oso ongi: 7,75.

–Nahikoa: 5,75.

6.4. Eskatzaileek beren ikasketa espedientearen batez besteko nota adierazi behar dute, beren jatorrizko erakundeak informazio hori ez badu espedientean sartzen. Kalkuluan akats esanguratsuren bat detektatuz gero, hura egiaztatzeko edo argitzeko eskatuko zaie. Garaiz eta forman egiaztatzen ez bada, laguntza ukatzeko arrazoi nahikoa izan daiteke.

7.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, gehienez ere hilabeteko epean onetsiko da tramitera onartutako eskatzaileen eta, eskatutako laguntzarako ezarritako eskakizunen bat ez egiaztatzeagatik edo eskatutako dokumentazioa ez aurkezteagatik, baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda, Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da. Ebazpen horretan 5 egun balioduneko epea emanen zaie eskatzaileei, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hautemandako akatsak zuzendu edo erreklamazioa aurkez dezaten. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ez da tramitera onartuko.

7.2. Ikerketa Batzordeak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu, eta Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio tramitera onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko proposamena.

Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onetsiko da. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da, eta, bere aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.3. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratzen denetik gehienez ere bi hilabeteko epean, Ikerketa Batzordeak proposatuta eta Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez, puntuazioak eta laguntzen behin-behineko esleipen proposamena onartuko dira. Ebazpena Unibertsitatearen webgunean argitaratuko da, eta, bertan, gehienez ere 5 egun balioduneko epea emanen zaie interesdunei erreklamazioak aurkezteko, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.4. Ikerketa Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu, eta puntuazioak eta behin betiko esleipen proposamenak onetsiko ditu, eta behar den proposamena bidaliko dio Ikerketako errektoreordeari.

Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez, deialdi honetako laguntzen behin betiko puntuazioak eta esleipenak onetsiko dira. Ebazpen hori Unibertsitatearen webgunean argitaratuko da, eta, bere aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.5. Argitaratzeko webgunea: Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoa:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa?opcion=2&languageId=100001

Webgunean argitaratzea da Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra. Hala ere, interesdunei posta elektronikoz jakinarazi ahal izanen zaie, modu osagarrian eta ez-ofizialean.

8.–Doktoretza aurreko kontratuaren helburua eta baldintzak.

8.1. Laguntzaren xedea izanen da doktoretza aurreko kontratu bat gauzatzea, doktoretza-tesi bat egiteko. Ezin izanen da kontratua sinatu tesia gordailutu edo defendatu duten eskatzaileekin, eta, horrenbestez, horrek ekarriko du deialdi honetatik kanpo uztea edo, hala badagokio, laguntza ukatzea.

8.2. Kontratuaren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programa batean onartuak izateko aukera ematen dien titulua dutenek ikerketa-lanak egitea proiektu espezifiko eta berritzaile baten barruan. Kontratudun horiek prestakuntzan dauden doktoretza aurreko ikertzaileak izanen dira.

Prestakuntzan dagoen doktoretza aurreko ikertzaileak, langilea den aldetik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, lana ematen duena den aldetik, gauzatuko dute kontratua. Kontratuari doktoretza-programan onartu dutela adierazten duen agiria erantsiko zaio, programaren arduradunak emana, edo doktoretza edo graduondoko eskolak, hala badagokio. Kontratuek eta luzapenek lau urte iraunen dute gehienez.

Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta, hasiera batean, hiru urteko iraupena izanen du gehienez. Beharrezko izanen da urtero doktoretza-programako Irakaskuntza Batzordeak aldeko txostena egitea, edo, bestela, doktoretza-eskolak, programan irauten duen bitartean. Hiru urteko iraupen hori laburragoa izanen da aurretik doktoretza aurreko laguntza paretsuko bat izan duten onuradunen kasuan, baldin eta laguntza hori kontratatuak egon diren bitartean jaso baldin badute. Doktoretza-tesia arduraldi osoan eginen da.

Kontratuko hirugarren urtea bukatzean doktoretza-tesia defenditu ez duten kontratatuek zilegi izanen dute doktoretza aurreko kontratuaren berriztapena eskatzea, urtebeterako gehienez, Unibertsitateak horretarako ezartzen dituen epeetan.

Laugarren urtea hasi baino lehen beren doktoretza-tesia nazioarteko aipamenarekin defenditu duten kontratatuek zilegi izanen dute Doktoretza Ondoko Orientazio Aldirako lan kontratua egin diezaietela eskatzea, Unibertsitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztutako eskabidearen bidez, doktoretza-tesia defendatu eta onartu ondoko bost egun baliodunetan. Kontratu hori arautzeko, 9. oinarrian xedatutakoa hartuko da kontuan.

8.3. Laguntza emateko aldia honako kasu hauetan amaituko da:

–Dagokion laguntza emateko gehieneko epea betetzea, luzapen guztiak barne.

–Doktoretza-programan egoteko aldia bukatzea edo doktoretza-programan matrikulatuta ez egotea.

–Doktoregaiak doktoretza-programako Irakaskuntza Batzordearen aurkako txostena jasotzen duenean.

–Doktoregaiak doktoretza-tesia defendatzen duenean.

8.4. Laguntzen zenbatekoa 1.270,25 euroko 14 lansari izanen da hasieran. Hileroko kopuru horretatik nahitaezko kotizazioari dagokion kuota kenduko da, eta Unibertsitateak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzako enpresa-kuotak, lege indardunetan ezarritako moduan.

8.5. Doktoretza aurreko kontratuak 4 urteko iraupena du gehienez ere, eta bitarte horretan laguntzen zenbatekoak ez du gaindituko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa.

8.6. Lansarietan egon litezkeen aldaketak errektorearen ebazpen bidez onetsi beharko dira.

9.–Doktoretza Ondoko Orientazio Aldirako kontratuaren baldintzak.

9.1. Doktoretza Ondoko Orientazio Aldirako kontratuak arduraldi osoko behin-behineko lan kontratuak izanen dira, urtebeteko iraupena izanen dute gehienez eta ezin izanen dira luzatu. Laguntza hori aurrekontuak ezarritako mugen arabera emanen da, betiere aldi horretarako lan programa bat eta eginen diren jarduerak aurkezten badira eta doktore titulua emateko tasak ordaindu badira.

Doktoretza Ondoko Orientazio Aldirako kontratatuek aukera izanen dute sail baten irakasle aritzeko, urtean 80 orduz gehienez, betiere laguntzaren zuzendaria eta sailaren zuzendaria ados badaude.

9.2. Doktoretza Ondoko Orientazio Aldirako doktoretza ondoko kontratuen urteko zuzkidura 1.600 euroko 14 lansari izanen da. Hileroko kopuru horretatik onuradunek kotizatu behar duten kuota kenduko da, eta Unibertsitateak Gizarte Segurantzako dagozkion enpresa kuotak bere gain hartuko ditu, lege indardunetan ezarritako moduan.

9.3. Lansarietan egon litezkeen aldaketak errektorearen ebazpen bidez onetsi beharko dira.

10.–Onuradunen betebeharrak.

10.1. Onuradunak laguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arauak onartzea, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntzen jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.

10.2. Onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntzaren helburuko ikerketa-lana egiteko xedez, laguntza emateko ebazpenean edo kontratuan adierazten den egunean bertan sartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, orduan sartzen ez badira, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da. Halaber, laguntzari uko egiten zaiola ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik kontratua sinatzeko jakinarazpena jasotzen den egunaren hurrengo 5 egunetako batean sinatzen ez bada.

Ikerketako errektoreordeak, interesdunak eskatuta, laguntzaren zuzendariaren oniritziarekin, sarrera atzeratzeko baimena eman dezake, horretarako larritasun handiko arrazoiak daudenean. Bateraezintasun egoerak ez dira ezinbesteko kausatzat jotzen lanean hasteko eguna atzeratzeko.

b) Esleituriko ikerketa-taldean beren lana aprobetxamenduz egitea.

c) Laguntzarekin lotutako lana garatzean lortu dituzten informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, laguntzaren zuzendariaren baimenik ez badute.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari igortzea egindako lanari buruz eskatzen dizkioten txostenak, laguntzaren zuzendariak eta lana burutzen ari den ikerketa-taldeko arduradunak ontzat emanak.

e) Doktoretza-programako Irakaskuntza Batzordearen urteroko aldeko txostena edukitzea. Ebaluazioa aldekoa ez bada, kontratua deuseztatu eginen da, 15 egun lehenago jakinarazita.

f) Laguntzak iraun duen aldian egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa-jardueretatik eratorritako beste emaitza guztietan agerraraztea Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako finantzaketa izan dutela.

g) Laguntza aldia behin betiko bukatu ondoren, egindako lanaren azken oroitidazkia aurkeztu beharko da, laguntzaren zuzendariak ontzat emana eta lan bizitzaren ziurtagiriarekin batera.

h) Doktoretza-tesia defenditzea eta gainditzea gehienez ere doktoretza aurreko kontratuaren hasiera egunetik hiru urteko epean.

Ikerketarako errektoreordeak betebehar hori betetzeko epea luzatuko du, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, laguntzaren zuzendariak ontzat emana eta NADOEren aldeko txostenarekin.

10.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak emandako laguntza ukatzea eta baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru-kopuruak itzuli behar izatea, hala badagokio, dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

10.4. Erdietsitako laguntzari uko egiten diotenek laguntzaren zuzendariaren sinadura daukan idazkia bidaliko diote Ikerketako errektoreordeari, eta, bertan, horretarako arrazoiak eman. Laguntzari uko egiteko eskaerak ondorio-eguna baino 7 egun lehenago aurkeztu behar dira beranduenez.

Deialdi honetako gainerako eskatzaileek beteko dituzte kontratua hasi eta hurrengo 3 hilabeteetan gertatzen diren bajak eta uko egiteak, laguntzak emateko behin betiko ebazpenean onetsitako balioespenean ezarritako ordenaren arabera betiere.

10.5. Laguntza hauen onuradunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkiote laguntzaren helburu den ikerketa-jardueraren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak laguntzen onuradunei egile eskubideak aitortuko dizkie lortzen lagundu duten emaitzen gainean, Unibertsitateko kontratupeko ikertzaileei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza berdinetan.

11.–Onura sozialak.

Sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko dituzte laguntzen onuradunek.

12.–Laguntzak etetea.

Laguntza hauen onuradunek eskubidea edukiko dute Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, deialdian azaltzen den moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen ekainaren 20ko 1/1994 Errege Dekretuan ezarritakoekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.

Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21 c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako egoeretan eten eginen da kontratuaren denboraren konputua: aldi baterako ezgaitasuna, arriskua haurdunaldian, amatasuna, adopzio edo harrera, arriskua bularra ematean eta aitatasuna.

13.–Irakaslanetako lankidetzak.

13.1. Laguntza hauen onuradunek zilegi dute baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean prestakuntza xedez irakaskuntza lanetan laguntzeko, betiere laguntzaren zuzendaria eta ukitutako saileko zuzendaria ados badaude. Urtean gehienez ere 60 ordu har ditzake lankidetza horrek, eta gehienez ere 180 ordu kontratuak gehienez iraun dezakeen lau urteetan.

13.2. 2018ko maiatzaren 30eko Gobernu Kontseiluak onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da Administrazio Laguntzako Unitatean, aipatu prozeduran ezarritakoaren arabera.

14.–Datuak babestea.

Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Tratamendu honen xedea ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta bere oinarri juridikoa, botere publikoa baliatzea eta interes publikoa betetzea, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduko 6. artikuluaren arabera.

Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da, eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 11. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera.

15.–Argitalpena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta Unibertsitatearen baliabide elektronikoen bidez zabalduko da.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA

Eskatzailearen Merezimenduen Baremoa

–Izangaiaren merezimenduak: 0,5 puntu gehienez ere:

Ikerketa-jarduera

0,3

Ikastaroak

0,1

Mugikortasuna

0,1

–Ikerketa-jarduera:

IKERKETA-JARDUERAREN KATEGORIAK

Argitalpenak

0,3

Biltzarrak

0,2

Proiektuetan parte hartzea

0,2

EKARPENA

PUNTUAK

KATEGORIA

1

Nazioarteko aldizkarietako artikuluak

1,6

Argitalpenak

Gehieneko normalizatua

0,3

2

Nazioarteko liburuak, osorik

1,6

3

Liburu nazionalak, osorik, edo nazioarteko liburuetako kapituluak

0,8

4

Nazioko aldizkarietako artikuluak edo nazioarteko liburuetako kapituluak

0,4

5

Beste argitalpen batzuk

0,2

6

Komunikazioak edo posterrak nazioarteko biltzarretan

0,5

Biltzarrak

Gehieneko normalizatua

0,2

7

Nazioko biltzarretako komunikazioak edo posterrak

0,3

8

Europako Batasuneko proiektuetan parte hartzea

1,0

Proiektuak

Gehieneko normalizatua

0,2

9

Plan Nazionaleko edo asimilatuetako proiektuetan parte hartzea

0,75

10

Esparru autonomikoko proiektuetan parte hartzea

0,5

11

LOUren 83. artikuluak aipatzen dituen kontratuetan parte hartzea

0,1

12

Ikastaroak

Puntuazioa, gehienez:

0,1

13

Mugikortasuna

Puntuazioa, gehienez ere:

0,1

–Argitalpenak eta komunikazioak: onartu direla edo argitaratu direla egiaztatzea. Biltzarretako akta liburuak ez dira argitalpen gisa puntuatuko, nahiz eta ISBNa eduki.

Biltzarretara joatea baina bertan parte ez hartzea ikastaroen atalean hartuko da kontuan.

–Proiektuak: beharrezkoa da eskatzailea ofizialki proiektuaren ikerketa-taldekoa dela egiaztatzea, proiektuaren erakunde arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa ez bada; kasu horretan, proiektuaren eta deialdiaren datuak adieraziko dira, dokumentazioa errazago topatu ahal izateko. Ez dira baliozkoak izanen proiektuaren ikertzaile arduradunak emandako ziurtagiriak.

–Kontratuak: LOUren 83. artikuluaren arabera egindako kontratuetarako atxikipenak balioetsiko dira soilik, betiere taldekide gisa agertzen badira kontratuaren testuan edo beka edo lan kontratu bat izan baldin badute.

Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezinen da merezimendu bera bi ataletan aurkeztu.

Merezimenduen kalkuluaren xehetasunak.

Kasu guztietan, onetsitako edo argitaratutako ekarpenak hartuko dira aintzat. Proiektu, ikastaro eta abarretako parte-hartzea behar bezala dokumentatu behar da.

Agiriz egiaztatutako merezimenduak bakarrik balioetsiko dira.

Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.

–Ikerkuntza jarduera, 0,3 puntu gehienez. Hauek hartuko dira kontuan: biltzarretako argitalpenak, komunikazioak edo posterrak, eta finantzaturiko ikerketa-proiektuetako parte-hartzea. Ekarpen bakoitza honela balioetsiko da: nazioarteko aldizkarietako artikuluak, 1,6 puntu; nazioarteko liburuak osorik, 1,6 puntu; nazioko liburuak osorik, 0,8 puntu; nazioko aldizkarietako artikuluak edo nazioko liburuetako kapituluak, 0,4 puntu; beste argitalpen batzuk, 0,2 puntu; nazioarteko biltzarretarako komunikazioak edo posterrak, 0,5 puntu; nazioko biltzarretarako komunikazioak edo posterrak, 0,3 puntu; Europar Batasuneko proiektuetan parte hartzea, 1 puntu; Plan Nazionaleko proiektuetan edo parekatuetan parte hartzea, 0,75 puntu; esparru autonomikoko proiektuetan parte hartzea, 0,5 puntu; esparru autonomikoko proiektuetan parte hartzea, 0,5 puntu; LOUren 83. artikuluaren araberako kontratuetan parte hartzea, 0,1 puntu. Argitalpenen atalean hobekien balioesten den eskatzaileari 0,3 puntu emanen zaizkio, 0,2 biltzarren atalean hobekien balioesten denari, eta 0,2 proiektuen parte hartzeagatiko atalean hobekien balioesten denari. Azkenik, ekarpen mota bakoitzari dagozkion balio partzialak batuko dira.

–Ikerketarako interesekoak diren prestakuntzako zenbait ikastaro: 0,1 puntu gehienez.

  • 0,01 puntu, ikastaroko 10 orduko.
  • Egiaztatzen diren ikastaroak balioetsiko dira, 100 ordu gehienez, eta jardunaldi eta biltzarretara joatea barne. Jardunaldi eta biltzarretako egun bakoitzeko, 5 ordu zenbatuko dira. Zehazten ez bada, 10 ordu balioetsiko dira.

–Mugikortasuna: 10 hilabeteko egonaldia zenbatuko da gehienez jatorrizko erakundea ez den beste batean egindako egonaldiagatik (egonaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duten ikasleei ere zenbatuko zaie). 0,01 puntu emanen dira egonaldiaren hilabete bakoitzeko. Puntuazioa gehienez: 0,1 puntu.

II. ERANSKINA

Zuzendariaren merezimenduen baremoa

2014tik 2018ra bitarteko merezimenduak balioetsiko dira, biak barne.

Zuzendariaren merezimenduen puntuazio inprimakia osatu beharko da.

KATEGORIAK

Zuzendutako tesiak

Gehieneko normalizatua: 10 puntu

Kudeaketa akademikoa

Gehieneko normalizatua: 15 puntu

Argitalpenak

Gehieneko normalizatua: 37,5 puntu

Ikerketa proiektuak

Gehieneko normalizatua: 37,5 puntu

Merezimenduen kalkuluaren xehetasunak.

Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezin izanen da merezimendu bera bi ataletan aurkeztu.

–Zuzendutako tesiak: 1 puntu zuzendu eta defendatutako tesi bakoitzeko, eta 0,5 puntu beste batzuekin batera zuzendutako eta defendatutako tesi bakoitzeko.

–Kudeaketa akademikoa:

  • 1 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, lagun bakarreko kargu hauetako bakoitzagatik: errektorea, errektoreordea, dekanoa, eskolako zuzendaria, idazkari nagusia, saileko zuzendaria.
  • 0,5 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, lagun bakarreko kargu hauetako bakoitzagatik: arloko zuzendaria, ikerketa institutuko zuzendaria, saileko zuzendariordea, saileko, eskolako edo fakultateko idazkaria, eskolako edo fakultateko zuzendariordea, NADOEko zuzendaria.

–Argitalpenak:

  • 1 puntu JCRko (Q1 edo Q2) argitalpenagatik, Gizarte Zientzietako nazioarteko aldizkari espezializatuetan, monografia juridikoa, liburua entzute handiko argitaletxe batean.
  • JCRko argitalpena: eragin-faktorea kontsultatzeko FECYTen tresna erabiliko da.
  • Gizarte Zientzietako nazioarteko aldizkaria espezializatuak: Dialneten A sailkapena dutenak (aldizkari zientifikoen sailkapen integratua) edo CARHUSen A edo B sailkapena dutenak.
  • Monografia juridikoa, CNEAIk ezarritako irizpideak betez.
  • Izen handiko argitaletxea:
  • Giza eta Gizarte Zientziak: SPI rankingak (http://ilia.cchs.csic.es/SPI/index.html). Nazioarteko sailkapeneko lehenbiziko 10ak eta nazionaleko lehenbiziko 7ak dagozkion arlo edo diziplinetarako (16).
  • Ingeniaritza eta Teknologia eta Zientziak: Bipublishers rankinga (http://bipublishers.es). Lehenbiziko 10en zerrenda dagozkion diziplinetarako (ingeniaritza eta teknologiako 4 eta zientzietako 12). PBK adierazlearen arabera ordenatutako rankingak.
  • 0,5 puntu JCRko (Q3 edo Q4) argitalpenagatik, eragin-adierazlea duten Gizarte Zientzietako aldizkari nazionaletan, datu-base ezagunetan (CINDOC, INREC, DIRSEC...) jasotako aldizkari nazionaletan, liburuetako kapituluak entzute handiko argitaletxe batean, eragin-adierazlerik ez duten Ekonomia eta Enpresa Zientzietako nazioarteko aldizkarietan.
  • JCRko argitalpena: eragin-faktorea kontsultatzeko FECYTen tresna erabiliko da.
  • Eragin-adierazlea duten Gizarte Zientzietako aldizkari nazionalak: Dialneten B sailkapena dutenak (aldizkari zientifikoen sailkapen integratua) edo Latindexen jasota dauden eta baldintza hauek betetzen dituztenak: argitalpen kontseiluko 14 kide, kanpoko 21 ebaluatzaile eta 23 argitalpen irekiera.
  • Izen handiko argitaletxeetako liburuetako kapituluak: liburuetarako irizpide berberak.
  • Eragin-adierazlerik ez duten Ekonomia eta Enpresa Zientzietako nazioarteko aldizkariak: Ekonomia eta Enpresa Zientzietako atzerriko aldizkariak (Espainiatik kanpokoak).
  • 0,2 puntu gainerako argitalpenengatik.

–Ikerketa-proiektuak:

  • 1 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, europar proiektuko IN izanez gero.
  • 0,75 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, europar proiektuko ikertzailea izanez gero.
  • 0,8 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, proiektu nazionaleko ikertzailea izanez gero.
  • 0,5 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, proiektu nazionaleko ikertzailea izanez gero.
  • 0,4 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, beste proiektu batzuk IN gisa (eskualdekoak) edo 83. artikuluko kontratuak (sinatutako kontratuan jasotako iraupena hartuko da kontuan).
  • 0,2 puntu urte bakoitzeko, edo parte proportzionala, beste proiektu batzuk ikertzaile lanetan (eskualdekoak).

Azkenik, atal bakoitzean lortutako puntuazioak batuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1914597