232. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

127/2019 EBAZPENA, azaroaren 18koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, “Ikastetxe publikoentzako laguntzak, egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko 2019-2020 ikasturtean” deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 482440.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. eta 81. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza arloan bidezkoak diren neurriak hartu behar ditu egoera ahulean dauden ikasleei behar duten arreta emateko, hezkuntza sisteman ezarritako hezkuntza eta prestakuntza arloko xedeak lor ditzaten.

93/2008 Foru Aginduak, Nafarroako ikastetxeetan aniztasunari erantzuteko modua arautzen duenak, 36. artikuluan dio Hezkuntza Departamentuak behar diren baliabideak eta laguntzak jarriko dituela Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan eskolaturik dauden egoera sozioekonomiko ahuleko ikasleen desorekak konpentsatzeko eta berdintasuna bermatzeko.

Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publikoetan matrikulatutako ikasle horiei laguntza ematen die hainbat baliabide materialen bitartez, hala nola eskola materialerako laguntza ekonomikoa eta ikasgelatik kanpoko eskola jardueretarako eta Gorputz Hezkuntzako ekipamendurako laguntza.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du deialdi publiko bat onesteko, ikastetxe publikoetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko behar diren baliabideak aztertu eta esleitu daitezen 2019-2020 ikasturterako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen honen 1. eranskinean jaso diren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko behar diren baliabideak onartu eta esleitu ahal izateko deialdi publikoari dagozkio.

2. 2019-2020 ikasturtean deialdi honen xedeko baliabide ekonomikoak finantzatzeko kreditua 750.600 eurokoa izanen da gehienez ere, 2019ko aurrekontuko “(E) Aniztasunari Erantzuteko Plana. Ikastetxe publikoetan hezkuntza-konpentsazioko ekintzak egitea egoera ahulean dauden ikasleentzat” izeneko 420002-42190-2269-322400 partidaren kargura.

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

750.600,00 euro

420002 42190 2269 322400 (E)

“Aniztasunari Erantzuteko Plana. Ikastetxe publikoetan hezkuntza-konpentsazioko ekintzak egitea egoera ahulean dauden ikasleentzat”

2019

3. Ebazpen hau eta beronen eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Inklusio Atalari, Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko urriaren 14an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko behar diren baliabide materialak onartu eta esleitzeko deialdi publikoari dagozkionak

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe publikoei dirulaguntza bat ematea, haien eskolatzea errazteko eta behar duten materiala faltako ez zaiela bermatzeko.

Ebazpen honen bidez ematen diren baliabideak oso-osorik bideratuko dira, desabantailazko egoera ekonomikoa izanik, hezkuntza sisteman sartzeko, irauteko edo aurrera egiteko zailtasunak dituzten ikasleentzat.

2. Eskaerak egiteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Zuzendaritza taldeak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik jasotako informazioarekin eta ikastetxean bertan eskura duenarekin, eskaeraren xedeko ikasleak baloratuko ditu eta horren gaineko txostena emanen dio eskola kontseiluari (ikastetxean eskura dagoen informazioa EDUCA kudeaketa sisteman dago, egoera sozioekonomiko ahulean eta/edo gizarte laguntzen menpe dauden familiako kideen atalean). Gero, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogei egun naturaleko epean, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari igorriko dio 2019-2020 ikasturterako laguntza eskaera.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak ikastetxeek igorritako informazioa EDUCA kudeaketa sisteman jasotakoarekin bat datorrela egiaztatuko du.

Eskaerak deialdi honen 2. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).

3. Diru zuzkidura.

2019-2020 ikasturterako deialdiaren xedeko baliabide ekonomikoak finantzatuko dituen kreditua 750.600 eurokoa izanen da gehienez ere, 2019ko aurrekontuko “(E) Aniztasunari Erantzuteko Plana. Ikastetxe publikoetan hezkuntza-konpentsazioko ekintzak egitea egoera ahulean dauden ikasleentzat” izeneko 420002-42190-2269-322400 partidaren kargura.

Modulu ekonomikoak ikastetxeei emanen zaizkie goian aipatutako jardueretan eta xedeetarako erabil ditzaten, baina aurreko puntuan aipatutako partidaren zenbatekoak horiek baldintzatuko ditu, hartutako datuak egiaztatzeko asmoz EDUCA programa kontsultatu ondoren.

Ikastetxe bakoitzari dagozkion diru kopuruak ebazpen bakar baten bidez ordainduko dira, eta familiei ez zaie zuzeneko diru ekarpenik emanen inoiz ere.

Ikasle bakoitzari esleituko zaion modulua zehazteko, partidaren guztirakoa, ikastetxe eskatzaileen kopurua eta laguntza jasotzen duten ikasleen kopurua hartuko dira kontuan.

Orobat, datu horiek guztiak EDUCA programan jasotakoekin alderatuko dira.

4. Deialdiaren prozedura eta ebazpena.

Deialdi hau Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebatziko du, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak proposatuta.

Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie.

5. Deialdi honen ebazpenean ematen diren baliabideen kudeaketa eta ordainketa.

Egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko deialdi honen bidez esleitzen diren baliabide ekonomikoak honako hauetarako izanen dira:

Eskolako materiala erostea: liburuak, material osagarria (hiztegiak, atlasak, karpetak eta abar), eta eskolako materiala (koadernoak, pinturak eta abar).

Ikasleen banakako ekipoa (arropa, oinetakoak, Gorputz Hezkuntzako materiala eta abar).

Ikaslearen diru-ekarpena behar duten gelatik kanpoko eskola jardueretarako laguntza ekonomikoa (kultur bisitak, txangoak, ikasturtearen bukaerako ateraldiak eta abar).

Ikasleen oinarrizko premiei erantzutea (hamaiketakoak, gosariak eta abar).

Dirua ez da behin ere erabiliko eskolako jantokiko edo eskola garraioko zorrak ordaintzeko, zerbitzu horrek berariazko laguntzak ditu eta.

Laguntza hau jasotzen duten ikastetxe guztiek laguntzaren bidez finantzatutako materialen, erositako ekipamenduen eta jarduera osagarrien gastuen justifikazio-memoria bat aurkeztuko dute Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuan, 2020ko ekainaren 30ean, beranduenez. Memoria horrek barnean hartuko du 3. eranskina, Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko diren eta ikastetxe bakoitzera posta elektronikoz igorriko diren jarraibideetan xedatutakoaren arabera bete ondoren.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak egiaztatuko du deialdi honen xede diren laguntzak horren helburuetarako erabili direla. Horretarako, gastuen justifikazio-eskabidea bete, eta bai dokumentuak bai laguntza ematea eta erabiltzea zehazten duen helburua betetzen dela egiaztatuko da.

Halaber, laguntzaren xede ez den gasturako erabili diren diru kopuruak edo aplikatu ez diren laguntzaren gerakinak antzemanez gero, diru hori itzuliko da laguntza horiek baldin badaude hurrengo ikasturtean.

2. ERANSKINA

Dirulaguntza eskaera (PDFa).

3. ERANSKINA

Gastuen zerrenda (XLSa).

Iragarkiaren kodea: F1914694