231. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

166/2019 FORU AGINDUA, azaroaren 4koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremuko lanpostuetan desgaitasuna duten pertsonen sarrera sustatzeko batzorde mistoko kideak izendatzen dituena.

Uztailaren 31ko 53/2006 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremuko lanpostuetan desgaitasuna duten pertsonen sarrera sustatzeko batzorde mistoa sortu zen.

Foru dekretu horren 2.2 artikuluak ezartzen du batzordea kide hauek osatuko dutela:

“Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan ezintasunak dituzten pertsonen sarrera sustatzeko batzorde mistoa ondoko kideek osatuko dute. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru agindu bidez izendatuko dira, ondotik zehazten diren unitate organikoetako edo entitateetako arduradunek proposaturik:

a) Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko hiru ordezkari; haietako bat lehendakari arituko da eta bestea idazkari.

b) Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko hiru ordezkari.

c) Hezkuntza Departamentuko ordezkari bat.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ordezkari bat.

e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko ordezkari bat.

f) Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariak hautatutako hiru ordezkari, ezintasunak dituzten pertsonen Nafarroako erakundeek edo entitateek proposaturik.

g) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen negoziazio mahai orokorrean parte hartzen duten sindikatuek proposatutako bi ordezkari.”

Aipatutako unitate organiko edo entitate horietako arduradunek beren proposamenak egin dituztenez, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremuko lanpostuetan desgaitasuna duten pertsonen sarrera sustatzeko batzorde mistoko kideak izendatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan ezintasunak dituzten pertsonen sarrera sustatzeko batzorde mistoa sortu zuen uztailaren 31ko 53/2006 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan desgaitasuna duten pertsonen sarrera sustatzeko batzorde mistoko kide izendatzea honako hauek:

a) Amaia Goñi Lacabe andrea, Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, batzordeko burua izanen baita; María Pilar Goñi Muro andrea, Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuko zuzendaria; eta María Josefa Vidal de Grado andrea, Lan Harremanen Ataleko burua, batzordeko idazkari izanen baita.

b) Inés Francés Román andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea; Carlos Arana Aicua jauna, Agentziako Kudeaketaren eta Baliabideen zuzendariordea; eta Olga Sala López andrea, Agentziako Balorazioaren eta Zerbitzuen zuzendariordea, Eskubide Sozialetako Departamentua ordezkatuz.

c) Juan Antonio Sola Ibarra jauna, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

d) Esther Eraso Goñi andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileria eta Lan Harremanetako zuzendariordea.

e) Eva Ontoria Del Cura andrea, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.

f) Ikerne Arizcuren Beriain andrea, José Antonio Delgado López jauna eta María José Leoz Tellería andrea, Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen erakunde edo entitateak ordezkatuz.

g) Isabel Artieda Urrestarazu andrea eta Eva Mier Mendiguchía andrea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen negoziazio mahai orokorrean parte hartzen duten sindikatuak ordezkatuz.

2. Foru agindu hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari eta batzorderako izendatutako kideei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 4an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1914060