231. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Aldaketa Lizarrako Udalaren eta Jurramendiko Mankomunitatearen arteko administrazioarteko lankidetza-hitzarmenean. Helburua: “Lizarrako Rua karrikan zoladura jartzea eta sareak berritzea” deritzon obra-kontratu administratiboaren lizitazioa eta exekuzioa

Lizarrako Udalak, 2019ko azaroaren 7an egin osoko bilkuran, jarraian, hitzez hitz, jasotzen den erabaki hau hartu zuen:

“Ikusi da Lizarrako Udalaren eta Jurramendiko Mankomunitatearen arteko administrazioarteko lankidetza-hitzarmena, udal honetako osoko bilkurak onetsia 2018ko urriaren 4an, eta helburu duena “Lizarrako Rua karrikan zoladura jartzea eta sareak berritzea” deritzon obra-kontratu administratiboaren lizitazioa eta exekuzioa.

Ikusi dira egun horretatik aitzina kontratua lizitatzeko egin diren jarduketak eta kontuan hartu da 2018an hasitako lizitazioa esleitu gabe geratu zela, lizitatzailerik aurkeztu ez zelako. Orobat, kontuan hartu dira espedientean sartu diren aldaketak hura hobeki exekutatu ahal izateko. Aldaketa horien artean dago, besteak beste, sareak berritzeko proiektuan egindakoa, Jurramendiko Mankomunitateak izapidetua, eta 93.891,12 euroko exekuzio aurrekontua daukana orain (BEZik gabe).

Kontuan hartu da entitate honek irizpide berria duela zoladura jartzeko eta sareak berritzeko obrak batera lizitatzeari eta exekutatzeari dagokionez. Izan ere, aurreko eredua eskumenen eskuordetzean oinarritzen zen, baina orain kudeaketa-esleipen baten bidez izapidetuko da. Horren arabera, bi administrazioek eusten diote kontratua adjudikatzeko eta obrak exekutatzeko eskumenari, eta kasu honetan, baita dagozkion dirulaguntzak kudeatzeko eskumenari ere, hitzarmenaren xedea lizitazioaren espedientea dela.

Egiaztatu da hitzarmenean honako eginbehar hau jaso dela: urak Ega ibaira isurtzen dituzten saneamenduko hargune guztietan esku hartzea, harguneok proiektua exekutatzen ari denean edo horren aurretik hautematen direnean.

Ikusi da, batetik, Udalak eta Mankomunitateak, bakoitzak dauzkan eskumenak baliatuta, idatzi dituzten proiektuak zoladura jartzeko eta sareak berritzeko, eta, bestetik, hitzarmena aldatzeko proposamena, Jurramendiko Mankomunitateak 2019ko urrian onetsia. Aldaketa horren arabera, Lizarrako Udalak bere egiten du espedientearen baterako lizitazioa eta bi entitateei dagokie, bakoitzaren kontratazio organoen bitartez, egin beharreko kontratuen adjudikazioa eta exekuzioa.

Kontuan hartuta Udal Idazkaritzaren txostenean jasotakoa eta Kontuen eta Ogasunaren Informazio Batzorde Bereziak 2019ko azaroaren 4an emandako irizpena eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 47.2.h artikuluan ezarritako quoruma (gehiengo osoarena, alegia) dagoela ikusita, ERABAKI DA:

1. Hitzarmen honen aldaketa onestea: Lizarrako Udalaren eta Jurramendiko Mankomunitatearen arteko administrazioarteko lankidetza-hitzarmena, udal honetako osoko bilkurak onetsia 2018ko urriaren 4an, eta helburu duena “Lizarrako Rua karrikan zoladura jartzea eta sareak berritzea” deritzon obra-kontratu administratiboaren lizitazioa eta exekuzioa. Eta, orobat, ahalmena ematea Lizarrako Udaleko alkateari hura sinatzeko.

2. Formulatutako kudeaketa-esleipena onartzea. Haren arabera, Lizarrako Udalaren esku geratuko da idatzitako eta onetsitako bi proiektuen baterako lizitazioaren espedientea onesteko eta izapidetzeko ardura eta administrazio bakoitzaren kontratazio organo eskudunak, aldiz, eskumena izango du dagozkion kontratuak adjudikatzeko eta espediente bakoitza kudeatzeko erabakiak hartzeko.

3. Erabaki hau jakinaraztea Jurramendiko Mankomunitateari eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta erabakia argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Orobat, dagokion espedientean sartzea agintzen da”.

Lizarran, 2019ko azaroaren 11n.–Alkatea, Gonzalo Fuentes Urriza.

Iragarkiaren kodea: L1914467